Motorzaleek ondo hartu dute udalak aparkalekuak zabaltzea Amaran »

Motorzaleek begi onez ikusten dute Donostiako Udalak Amara auzoan motorrak aparkatzeko dauden tokiak zabaltzeko hartutako erabakia. Dena den, “are gehiago” behar direla uste dute, azkeneko urteetan ibilgailu horien kopuruak “ikaragarri” egin duelako g…

Aldundiak Jaizkibel pareko itsasoa babesteko eskatu du »

Ulia eta Jaizkibel pareko itsaso eremuko 13.000 hektarea Natura 2000 sarean sartzeko eskatuko die aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari, hango bioaniztasuna babeste aldera. Babes horrekin, zailagoa litzat…

Norvegiako enpresa batek egingo ditu metro sarbideak »

Norvegiako Snohetta enpresa arduratuko da Donostialdeko metroaren sarrerak diseinatzeaz. ETS Euskal Trenbide Sareko ordezkariek adierazi dutenez, metroa hartuko duten pertsonak harekin “identifikatuta” sentiaraziko dituzten elementuak izango dituzte; …

Bihar, azpiegitura handien aurkako manifestazioa »

Bihar amaituko da Azpiegitura Erraldoien Aurkako Plataformak azken asteotan antolatutako ekitaldi sorta, azpiegitura handien aurkako manifestazio batekin. Hainbat talde ekologista, sindikatu eta gizarte mugimendu elkartuko ditu protesta horrek; bihar …

Urteroko bertso festa »

Bertso Eguna

Donostia

Urteroko ekitaldi handia dute bertsozaleek bihar Donostian, Kursaalean: Bertso Eguna. Aurten, gainera, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen 25. urteurrena dela eta, ospakizun berezia egingo dute, eta urteurrena bera izango da jaialdiaren ardatza ere.

43. Bertso Eguna izango da biharkoa, eta domino jokoa irudikatu nahi izan dute egunaren karietara egindako kartelean, bertsozaleen bilguneak “piezaz pieza” egin baitu bidea. Hala, 25 zenbakia eta domino jokoa bera izango dira Bertso Eguneko gaien abiapuntu ere.

Egitarauari dagokionez, 18:00etan izango da ekitaldi nagusia, Kursaaleko areto nagusian, eta Jon Azpillagak emango dio hasiera. Orotara, 25 lagun arituko dira kantuan arratsaldeko ekitaldian. Besteak beste, Azpillaga bera, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Odei Barroso, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Oihana Bartra eta Nerea Elustondo. Gaiak jartzeko ardura, bestalde, Laxaro Azkune, Joana Itzaina eta Unai Elizasuren gain egongo da.

Lehenago, ordea, 12:00etatik aurrera, kalez kale Donostian zehar ibiliko dira hainbat bertsolari; Arrate Illaro, Xebastian Lizaso, Maddi Ane Txoperena, Xabier Sukia, Eneko Abasolo Abarkas, Alaia Martin eta Eneko Lazkoz, hain zuzen. Eta, besteren artean, Viktoria Eugeniako balkoitik, Bretxako merkatuan eta Konstituzio plazan arituko dira kantuan.

Ekitaldiaren ostean ere izango da bertsoaz gozatzen jarraitzeko aukerarik, 21:00etatik aurrera afaria eta festa izango baitira Kursaaleko NiNeu jatetxean. Bertan, bat-bateko bertsoez gain, bertso musikatuak ere kantatuko dituzte Ander Lizarralde eta Unai Muñoak. Eñaut Agirrek, bestalde, bertso historikoak abestuko ditu. Gainera, Bertsolari filmean oinarrituta egindako antzerkia eskainiko dute Zarauzko Bertso Eskolako kideek.

Emanaldira joaterik ez dutenek edo sarrerarik gabe geratu direnek www.bertsoa.com webgunean ekitaldi nagusia zuzenean ikusteko aukera izango dute.

Ibiur: nahiak bete ezinean »

Gipuzkoako Ur Partzuergoaren webgunean begiratu besterik ez dago ikusteko asko falta zaiola Baliarraingo Ibiur urtegiari beteta egoteko. Betetzen hasi ziren unetik bertatik izan dira edukierari buruzko kezkak, eta ur gehiago jasotzeko beharra ikusten …

Palista bizitza laburra, betiko papereratua »

Azkar gertatu zen dena: palan jokatzen hasi eta oso gutxira heldu zen punta-puntara Joxe Mari Iturzaeta (Andoain, 1964-1994), eta are denbora gutxiagoan eten zen haren ibilbide profesionala, gaitz batek jota. Haren heriotzak pala mundua hunkitu zuen, baina handik denbora gutxira gelditu zen hura ere ahanzturan; hala uste dute Joxe Mari Iturzaeta Batzordeko kideek. Iaz “palaren erregea” izandakoa omendu zuten, profesionaletan debutatu zueneko 25. urteurrena baliatuz; orain, haren bizitzaren nondik norakoak, lorpenak eta Iturzaeta ezagutzen zutenek esandakoak biltzen dituen liburu mardula argitaratu dute. Joxe Mari Iturzaeta. Pala belaunaldi bat Andoaingo liburu dendetan dago salgai.

Sorabilla auzoan jaio zen Iturzaeta, 1964an; aste honetan bertan beteko zituzkeen 48 urte. Etxe ondoko frontoia izan zen haren lehen pala eskola; hamabost urterekin jokatu zuen lehen partida. Ez zuen denbora asko behar izan afizionatuetan puntara iristeko, eta 23 urterekin egin zuen goi mailako debuta. Hiru aldiz irabazi zuen Euskadiko txapelketa, eta behin, bakarkakoa —urte haietan jokatutako bakarra—.

Xabier Lasa (Andoain, 1966) eta Mateo Ponce (Andoain, 1968) aritu dira liburuaren erredakzio lanetan; guztira, 611 orrialdeko lana osatu dute. Liburuaren atal handi bat palari gisa egindako ibilbideari buruzkoa da, eta beste batean, Iturzaeta ezagutzen zuten 67 pertsona elkarrizketatu dituzte. Ponceren ustetan, “beharrezkoa” zen Iturzaetaren bizitza papereratzea: “Orain, hogei urte eta gero, antolatzen baduzu pala txapelketa bat Joxe Mariren oroimenez, belaunaldi berriek ez dakite Joxe Mari Iturzaeta palista, harakina edo gozogilea zen. Tristea da, baina jendeak ez daki; liburuak oinarri hori ematen du”.

Laudorio asko jaso arren, bere garaian behar bezainbesteko aitortzarik ere ez zitzaion egin, egileen arabera. Izan ere, “palaren hamarkada dekadentea” egokitu zitzaion Iturzaetari. Lasaren hitzetan, “pala gainbehera zetorren” Iturzaetak debuta egin zuenerako: “Garai hartako onentsuenak ere zahartuz zihoazen, eta Joxe Mari bezalako pilotari gehiago ez zeuden; horrek ez zituen frontoiak betetzen. Hura bezalako beste dozena erdi bat egon izan balira, desberdina izango zen”.

Baldintzak, pilotalekuak, soldatak… Denak ziren palaren aurkakoak. Lasak azaldu duenez, pilotaleku gehienak eskupilotarako diseinatuta zeuden, eta Bilboko Deportivo pilotalekua zen palarako erabiltzen zen bakarra. Goi mailan aritu arren, soldata nekez ateratzen zuten, gainera, palariek: “Partida bakoitzeko lau mila pezeta irabazten zituzten, eta horiek gasolinan eta bidesarietan gastatzen zituzten”.

Gazteek, oro har, ez zioten etorkizunik ikusten palari. Iturzaeta salbuespena zen: Poncek adierazi du Reala ere aritu zela haren atzetik, futbolerako ere gaitasun handia zeukalako, baina hark nahiago izan zuela pala. “Ikusgarriak” izaten ziren haren partidak, Ponceren hitzetan. Ezkerreko eskua baino ez zuen erabiltzen pilotari ematerakoan: “Lehen, ezkerrak gaizki ikusita zeuden. Frontoiak eskuin jokalarientzat daude diseinatuta; horregatik daukate ezker pareta hori. Ezker bat pala luzean ikustea eromena zen; ezinezkotzat zeukaten. Baina Joxe Marik molde guztiak hautsi zituen”.

Ponceren hitzetan, “onena” zen, eta bigarrenari alde handia ateratzen zion, gainera. Horregatik, joko zailagoak jartzen zizkioten batzutan: “Pilota arinxeagoa, sakea atzetik, lesio batetik atera berri zen atzelaria jarri Joxe Mariri zuku gehiago ateratzeko…”. Behin txapelketa batetik kanpo ere utzi zuten, lehiakideen artean parekotasun handiagoa egon zedin.

Prentsan ere sarri nabarmentzen zuten Iturzaetaren berezko gaitasuna. “Pala luzeak kilo bat pisatzen du, eta pilota harrizkoa bezala da”, azaldu du Lasak. “Joxe Mariren kasuan, esaten zuten ping-pongeko pala hartuko balu bezala erabiltzen zuela pala; naturak oso gutxitan ematen duen indarra zeukan besoetan”.

Horren gazte hil izan ez balitz, “lasai asko” egingo zituzkeen beste hamar edo hamabost urte pilotalekuan, Ponce eta Lasaren iritziz. Hartara, Iturzaetaren itzala ere luzeagoa zatekeela uste dute. Pertsonalki gehiegi ezagutu ez arren, Poncek ongi oroitzen du Iturzaeta lehenengoz jokatzen ikusi zuen aldia, artean afizionatu mailan jokatzen zuela: “Joxe Mari hasiberria zen pala luzearekin; gu hura ikustera joan ginen, eta harrituta gelditu ginen zeukan erraztasunarekin. Partida ofizialetako presiorik gabe jokatzen zuen; haiek errebesak, zartakoak eta boteprontoak! Txundituta gelditu ginen; ostiral gauero joaten ginen haren entrenamenduak ikustera, eta pentsatzen genuen: ‘Hau horrela bada, nolakoa izango ote da profesional baten entrenamendua ikustea?'”.

Bultzada behar duen kirola

Onena izan arren, Iturzaetak ere ez zion loraldirik ekarri palari. Aitzitik, gaurdaino maldan behera joan den kirola da pilota; horretan bat datoz Lasa eta Ponce. Eskola mailan, kosta egiten zaio futbolarekin edo beste kirol batzuekin lehiatzea, eta pilota aukeratzen duten gehienek eskupilotara jotzen dute. “Hamar urterekin uste dute [Juan Martinez de] Irujo izango direla, baina hogei urtetik aurrera oso gutxik jarraitzen dute”. Goi mailan jarduteko aukerak are eskasagoak dira palan, eta horrek askori atzera eragiten die. Desinformazioari ere bota dio errua Lasak: “Umeei erakutsi behar zaie mundua ez dela bukatzen eskupilotarekin”.

Enpresek eta komunikabideek ere palari arreta gehiago eman behar lioketela uste du Poncek: “Inon ateratzen ez bada, nork ezagutuko du?”. Nahi izanez gero, eskupilotaren maila berean egon zitekeen pala, Lasaren ustez: “Irujo eta Olaizola idoloak diren bezala, Joxe Mari ere izan zitekeen. Eskupilota dagoen lekuan dago, EITBk haren aldeko apustua egin duelako”.

Goierriri begiratzeko modu berri bat »

Garai berriek erronka berriak eskatzen dituztela esaten da askotan. Euskarazko tokiko prentsak ere, aurrera egin badu, garai bakoitzeko beharretara moldatzen jakin duelako egin du. Goierrik eskualde osora begira egindako komunikazio proiektu berri bat…

“Saltzeko, jendeak jakin behar du munduan zaudela; bestela, nork erosiko dizu!” »

Iaz ibiltokietan erakutsitako lana etxean, bere herrian erakusteko parada izan du Roberto Lopez Etxeberria moda diseinatzaileak (Eibar, 1976), urtarrilaren 13tik otsailaren 5era haren lanak ikusgai baitaude Eibarko Portalean. Pozik dago erakusketa jar…

LIPUS ETA EGAÑA, LEHIAN »

Erregea eta bufoia ikuskizuna emango dute astelehenean Ander Lipus aktoreak eta Andoni Egaña bertsolariak. Unai Elizasu ariko da gai-jartzaile lanetan. Floreaga eskolako aretoan izango da emanaldia, 15:30ean. Protagonistek bertsoa eta antzerkia, antzezlea eta bertsolaria uztartzen dituzte oholtzan. Norgehiagoka horretan, ordea, nor izango ote da nagusi? Tokian tokiko egoeretara egokituta, bat-batekotasunetik ere badu emanaldiak.