Edangarri bihurtzeko prozesu konplexu bat egin beharra »

Kanilatik irteten den ura edateko ona izan dadin, prozesu konplexu bat egiten zaio. Lehenik eta behin, burdina, manganesoa eta beste mineral batzuk herdoiltzeko, ozonoa eransten zaio. Aurreko oxidazioak sorturiko partikulak biltzea eta handitzea helbu…

24 ORDUAN, BI PARADA DANTZARAKO »

Rocka, reggaea eta ska. Hiru musika estilo horiek eta hamar musikariren lana uztartuz, dantzarako eta festarako aukera ederra eman ohi du Ze Esatek! taldeak. 2009tik, sortu zenetik, bi disko kaleratu ditu taldeak; 2010eko martxoan lehena eta 2011ko az…

Urteroko bertso festa »

Bertso Eguna

Donostia

Urteroko ekitaldi handia dute bertsozaleek bihar Donostian, Kursaalean: Bertso Eguna. Aurten, gainera, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen 25. urteurrena dela eta, ospakizun berezia egingo dute, eta urteurrena bera izango da jaialdiaren ardatza ere.

43. Bertso Eguna izango da biharkoa, eta domino jokoa irudikatu nahi izan dute egunaren karietara egindako kartelean, bertsozaleen bilguneak “piezaz pieza” egin baitu bidea. Hala, 25 zenbakia eta domino jokoa bera izango dira Bertso Eguneko gaien abiapuntu ere.

Egitarauari dagokionez, 18:00etan izango da ekitaldi nagusia, Kursaaleko areto nagusian, eta Jon Azpillagak emango dio hasiera. Orotara, 25 lagun arituko dira kantuan arratsaldeko ekitaldian. Besteak beste, Azpillaga bera, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Odei Barroso, Maialen Lujanbio, Julio Soto, Oihana Bartra eta Nerea Elustondo. Gaiak jartzeko ardura, bestalde, Laxaro Azkune, Joana Itzaina eta Unai Elizasuren gain egongo da.

Lehenago, ordea, 12:00etatik aurrera, kalez kale Donostian zehar ibiliko dira hainbat bertsolari; Arrate Illaro, Xebastian Lizaso, Maddi Ane Txoperena, Xabier Sukia, Eneko Abasolo Abarkas, Alaia Martin eta Eneko Lazkoz, hain zuzen. Eta, besteren artean, Viktoria Eugeniako balkoitik, Bretxako merkatuan eta Konstituzio plazan arituko dira kantuan.

Ekitaldiaren ostean ere izango da bertsoaz gozatzen jarraitzeko aukerarik, 21:00etatik aurrera afaria eta festa izango baitira Kursaaleko NiNeu jatetxean. Bertan, bat-bateko bertsoez gain, bertso musikatuak ere kantatuko dituzte Ander Lizarralde eta Unai Muñoak. Eñaut Agirrek, bestalde, bertso historikoak abestuko ditu. Gainera, Bertsolari filmean oinarrituta egindako antzerkia eskainiko dute Zarauzko Bertso Eskolako kideek.

Emanaldira joaterik ez dutenek edo sarrerarik gabe geratu direnek www.bertsoa.com webgunean ekitaldi nagusia zuzenean ikusteko aukera izango dute.

Ibiur: nahiak bete ezinean »

Gipuzkoako Ur Partzuergoaren webgunean begiratu besterik ez dago ikusteko asko falta zaiola Baliarraingo Ibiur urtegiari beteta egoteko. Betetzen hasi ziren unetik bertatik izan dira edukierari buruzko kezkak, eta ur gehiago jasotzeko beharra ikusten …

Palista bizitza laburra, betiko papereratua »

Azkar gertatu zen dena: palan jokatzen hasi eta oso gutxira heldu zen punta-puntara Joxe Mari Iturzaeta (Andoain, 1964-1994), eta are denbora gutxiagoan eten zen haren ibilbide profesionala, gaitz batek jota. Haren heriotzak pala mundua hunkitu zuen, baina handik denbora gutxira gelditu zen hura ere ahanzturan; hala uste dute Joxe Mari Iturzaeta Batzordeko kideek. Iaz “palaren erregea” izandakoa omendu zuten, profesionaletan debutatu zueneko 25. urteurrena baliatuz; orain, haren bizitzaren nondik norakoak, lorpenak eta Iturzaeta ezagutzen zutenek esandakoak biltzen dituen liburu mardula argitaratu dute. Joxe Mari Iturzaeta. Pala belaunaldi bat Andoaingo liburu dendetan dago salgai.

Sorabilla auzoan jaio zen Iturzaeta, 1964an; aste honetan bertan beteko zituzkeen 48 urte. Etxe ondoko frontoia izan zen haren lehen pala eskola; hamabost urterekin jokatu zuen lehen partida. Ez zuen denbora asko behar izan afizionatuetan puntara iristeko, eta 23 urterekin egin zuen goi mailako debuta. Hiru aldiz irabazi zuen Euskadiko txapelketa, eta behin, bakarkakoa —urte haietan jokatutako bakarra—.

Xabier Lasa (Andoain, 1966) eta Mateo Ponce (Andoain, 1968) aritu dira liburuaren erredakzio lanetan; guztira, 611 orrialdeko lana osatu dute. Liburuaren atal handi bat palari gisa egindako ibilbideari buruzkoa da, eta beste batean, Iturzaeta ezagutzen zuten 67 pertsona elkarrizketatu dituzte. Ponceren ustetan, “beharrezkoa” zen Iturzaetaren bizitza papereratzea: “Orain, hogei urte eta gero, antolatzen baduzu pala txapelketa bat Joxe Mariren oroimenez, belaunaldi berriek ez dakite Joxe Mari Iturzaeta palista, harakina edo gozogilea zen. Tristea da, baina jendeak ez daki; liburuak oinarri hori ematen du”.

Laudorio asko jaso arren, bere garaian behar bezainbesteko aitortzarik ere ez zitzaion egin, egileen arabera. Izan ere, “palaren hamarkada dekadentea” egokitu zitzaion Iturzaetari. Lasaren hitzetan, “pala gainbehera zetorren” Iturzaetak debuta egin zuenerako: “Garai hartako onentsuenak ere zahartuz zihoazen, eta Joxe Mari bezalako pilotari gehiago ez zeuden; horrek ez zituen frontoiak betetzen. Hura bezalako beste dozena erdi bat egon izan balira, desberdina izango zen”.

Baldintzak, pilotalekuak, soldatak… Denak ziren palaren aurkakoak. Lasak azaldu duenez, pilotaleku gehienak eskupilotarako diseinatuta zeuden, eta Bilboko Deportivo pilotalekua zen palarako erabiltzen zen bakarra. Goi mailan aritu arren, soldata nekez ateratzen zuten, gainera, palariek: “Partida bakoitzeko lau mila pezeta irabazten zituzten, eta horiek gasolinan eta bidesarietan gastatzen zituzten”.

Gazteek, oro har, ez zioten etorkizunik ikusten palari. Iturzaeta salbuespena zen: Poncek adierazi du Reala ere aritu zela haren atzetik, futbolerako ere gaitasun handia zeukalako, baina hark nahiago izan zuela pala. “Ikusgarriak” izaten ziren haren partidak, Ponceren hitzetan. Ezkerreko eskua baino ez zuen erabiltzen pilotari ematerakoan: “Lehen, ezkerrak gaizki ikusita zeuden. Frontoiak eskuin jokalarientzat daude diseinatuta; horregatik daukate ezker pareta hori. Ezker bat pala luzean ikustea eromena zen; ezinezkotzat zeukaten. Baina Joxe Marik molde guztiak hautsi zituen”.

Ponceren hitzetan, “onena” zen, eta bigarrenari alde handia ateratzen zion, gainera. Horregatik, joko zailagoak jartzen zizkioten batzutan: “Pilota arinxeagoa, sakea atzetik, lesio batetik atera berri zen atzelaria jarri Joxe Mariri zuku gehiago ateratzeko…”. Behin txapelketa batetik kanpo ere utzi zuten, lehiakideen artean parekotasun handiagoa egon zedin.

Prentsan ere sarri nabarmentzen zuten Iturzaetaren berezko gaitasuna. “Pala luzeak kilo bat pisatzen du, eta pilota harrizkoa bezala da”, azaldu du Lasak. “Joxe Mariren kasuan, esaten zuten ping-pongeko pala hartuko balu bezala erabiltzen zuela pala; naturak oso gutxitan ematen duen indarra zeukan besoetan”.

Horren gazte hil izan ez balitz, “lasai asko” egingo zituzkeen beste hamar edo hamabost urte pilotalekuan, Ponce eta Lasaren iritziz. Hartara, Iturzaetaren itzala ere luzeagoa zatekeela uste dute. Pertsonalki gehiegi ezagutu ez arren, Poncek ongi oroitzen du Iturzaeta lehenengoz jokatzen ikusi zuen aldia, artean afizionatu mailan jokatzen zuela: “Joxe Mari hasiberria zen pala luzearekin; gu hura ikustera joan ginen, eta harrituta gelditu ginen zeukan erraztasunarekin. Partida ofizialetako presiorik gabe jokatzen zuen; haiek errebesak, zartakoak eta boteprontoak! Txundituta gelditu ginen; ostiral gauero joaten ginen haren entrenamenduak ikustera, eta pentsatzen genuen: ‘Hau horrela bada, nolakoa izango ote da profesional baten entrenamendua ikustea?'”.

Bultzada behar duen kirola

Onena izan arren, Iturzaetak ere ez zion loraldirik ekarri palari. Aitzitik, gaurdaino maldan behera joan den kirola da pilota; horretan bat datoz Lasa eta Ponce. Eskola mailan, kosta egiten zaio futbolarekin edo beste kirol batzuekin lehiatzea, eta pilota aukeratzen duten gehienek eskupilotara jotzen dute. “Hamar urterekin uste dute [Juan Martinez de] Irujo izango direla, baina hogei urtetik aurrera oso gutxik jarraitzen dute”. Goi mailan jarduteko aukerak are eskasagoak dira palan, eta horrek askori atzera eragiten die. Desinformazioari ere bota dio errua Lasak: “Umeei erakutsi behar zaie mundua ez dela bukatzen eskupilotarekin”.

Enpresek eta komunikabideek ere palari arreta gehiago eman behar lioketela uste du Poncek: “Inon ateratzen ez bada, nork ezagutuko du?”. Nahi izanez gero, eskupilotaren maila berean egon zitekeen pala, Lasaren ustez: “Irujo eta Olaizola idoloak diren bezala, Joxe Mari ere izan zitekeen. Eskupilota dagoen lekuan dago, EITBk haren aldeko apustua egin duelako”.

Goierriri begiratzeko modu berri bat »

Garai berriek erronka berriak eskatzen dituztela esaten da askotan. Euskarazko tokiko prentsak ere, aurrera egin badu, garai bakoitzeko beharretara moldatzen jakin duelako egin du. Goierrik eskualde osora begira egindako komunikazio proiektu berri bat…

Zer da gizentasun morbidoa? »

Gizentasunaren aldaera larriena da. Gizentasun morbidoa duten pertsonen koipe maila normala baino askoz handiagoa da: %150 eta %200 artean, hain zuzen ere. Horrek asko handitzen du gaixotasun kronikoak eta arazo kardiobaskularrak izateko aukera. Gipu…

“Hilabetetako lana dago jokoan, eta gauzak ondo egin nahi ditut” »

Laugarren aldiz hartuko du parte Munduko neguko Triatloi Txapelketan Jon Erguinek (Beasain, 1980), eta bigarren aldiz Europako Txapelketan. Bi probak martxoan dira, baina aurretik, bihar, Espainiako Txapelketan parte hartuko du. Iraupen eskia, mendiko…

Ikastolaren harrera, festaz »

2010ean Kilometroak jaialdian erein zuten haziak jada eman du fruitua. Pasaia-Lezo Lizeoak Lezon eraikina egin du, eta eskolak hilaren 9an hasi bazituzten ere, etzi egingo dute inaugurazio ekitaldia. Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Leh…

Aldaketarako entseguak oholtzan »

Antzerkira doazenen beldur handiena izaten da aktoreren bat hurbiltzea eta oholtzara ateratzeko agintzea. Horregatik egoten dira hutsik antzokietako lehen ilarak: ikusleak ikusle izan nahi du, eta ez besterik. Gasteizko Yokerendan antzerki taldeak, ordea, irauli egiten ditu oholtzaren alde bateko zein besteko rolak Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundearekin batera antolatzen dituen antzerki foroetan; aurreko ostiralean Tolosako kultur etxean izan ziren.

Ikusleak dardarka jartzen dituen esaldi batekin hasi du emanaldia Blanka Ruiz Arrugaeta begiraleak (Gasteiz, 1980): “Orain, egunerokoan gertatzen diren hainbat egoera erakutsiko dizkizuegu, eta laguntza eskatuko dizuegu horiek aldatzeko”.

Hasteko, pertsonaiek euren burua aurkeztu dute. Ohiko pertsonak dira, ohiko arazoak dituztenak: batek arratsaldez egiten du lan; besteak Tolosan bizi nahi du; eta beste batek EGA gainditu nahi du behingoz. “Ea pertsonaia hauen desio eta zailtasunekin bat egiten dugun, gero lagundu nahi izango diegu eta”, zehaztu du Ruiz Arrugaetaren lankide Oihan Martirenak (Tenerife, Kanaria uharteak, 1983).

Pertsonaia horien artean daude Mari eta Iñaki bikotea; neska dantzaria da lanbidez, baina lan eskaintza bati uko egingo dio Iñakirekiko erru sentimenduek bultzatuta. Antzerkian zehar xantaia emozionala, sexu jazarpena, beldurra eta kontrola ikus daitezke pertsonaien arteko harremanetan. Amaieran, galdera argia egin die Ruiz Arrugaetak ikusleei: “Horrelako egoerak gertatzen dira?”. Publikoaren erantzuna baiezko borobila da.

Orain ikusleen txanda da: antzerkitik zer aldatuko luketen galdetuta, orotariko erantzunak eman dituzte publikotik. Proposamen bakoitzaren ostean, galdera berbera: “Nahi duzu zuk zeuk probatu?”. Gehienek nahi dute: emakume batek Mariren rola hartu du, eta argi eta garbi esan dio Iñakiri nahiago duela lanean segitu; gizon batek, berriz, lagunei kontra egin die, sexu jazarpen kasu bat saihesteko.

Antzerki foroak, funtsean, Zapalduen Antzerkia deritzon metodo batean du oinarria. “Antzerkia egiteko daukagun gaitasun natural hori gizarte aldaketarako berreskuratzea da helburua”, azaldu du Martirenak.

Gipuzkoan egin duten hirugarren saioa da Tolosakoa: aurretik Zarautzen eta Arrasaten egon dira. “Hemen ez badugu aldatzen, bizitza errealean ere ez dugu aldatuko”, esan zien Ruiz Arrugaetak Zarauzko saioan zeudenei. Hain zuzen, hori da Zapalduen Antzerkiaren funtsa: egunerokotasunean gertatzen diren egoera bidegabeak aldatzen ikastea. Oholtza segurtasun esparru egokia izan liteke errealitatean kosta egiten diren jarreren entseguak egiteko.

Publikoko norbait bere proposamena antzeztera ateratzen denero, bide berritik egiten du aurrera antzerkiak, istorioa noraino hel daitekeen ikusteko. Hala adierazi du Martirenak: “Beti jokatzen duzun bezala jokatu ordez, saia zaitez zerbait desberdina egiten, eta ikusi zein ondorio izan ditzakeen. Hori da ideia”. Ruiz Arrugaetarentzat, norbere botereaz jabetzea da asmoa: “Denok gara aktoreak, akzioaz jabetzen garelako, eta hortik errealitatean eragiteko gai garelako”.

Zapalketak atzematen

Berez, Hego Amerikatik datorren korronte bat da Zapalduen Antzerkia; Augusto Boal antzerkigileak sistematizatu zuen, 1960ko hamarkadan. Ruiz Arrugaetak azaldu duenez, antzerki soziala egiten zuen aurretik Boalek: “Behin, langileen matxinada bat antzeztu zuen Brasilgo MST Lurrik Gabekoen Mugimenduko kideen aurrean. Nekazariei ederra iruditu zitzaien, eta aktoreei proposatu zieten benetan armak hartzeko eta matxinada gidatzeko”. Aktoreak zer erantzun jakin ezinik gelditu ziren, eta hura antzerkia baino ez zela azaldu behar izan zieten nekazariei: “Orduan, nekazari batek esan zuen: ‘Beraz, antzezlanean aipatzen duzuen isuritako odol hori geurea izatea nahi duzue, eta ez zuena’. Hor aldatu zen Boalen pentsaera, eta erabaki zuen ez zuela ezer antzeztuko bere kontura egingo ez zukeena”.

Ruiz Arrugaetak eta Martirenak Bartzelonan izan zuten korronte horren berri, eta “apurka” ari da Euskal Herrian zabaltzen. Mugarik Gabe GKEaren eskariari jarraiki prestatu dute Yokerendan taldearekin genero indarkeriari buruzko foroa, baina edozein zapalketa egoera lantzeko balio du haien dinamikak.

Zapalketa, ordea, ez da berdina leku guztietan, eta Hego Amerikako metodo guztiek ez dute balio Euskal Herrian, Ruiz Arrugaetaren hitzetan: “Europan, zapaltzaile eta zapalduen arteko bereizketa ez da horren argia, eta askotan barneratu egiten dugu zapaltzailea. Horregatik lantzen dira barruko zapaltzaileak bilatzeko teknikak”.

Martirenak azaldu duenez, oso aberasgarriak izan dira orain arteko saioak. Publikoak azkar ahazten ditu lotsak, eta ekarpen asko egiten ditu: “Gertutik ukitzen gaituzten gaiak dira; gure inguruan ikusten ditugu egoera horiek, eta, askotan, aldatu nahi izaten ditugu. Jendeari horiek aldatzeko aukera ematen diogunean, eskertzen du, eszenan bada ere”.

Bi sentsazio nagusirekin amaitzen dute ikusleek saioa: alde batetik, pertsonalak zirela uste zuten arazoak benetan arazo kolektiboak direla eta, bestetik, “gauzak alda daitezkeela”. Hori uste du Ruiz Arrugaetak. Aretoan nahikoa entsegu egindakoan bizitza errealean berdin jokatzeko gai izatea nahi lukete bi begiraleek. “Proposamena hori da: errealitate zati bat ekartzea, denon artean manipulatzeko, eztabaidatzeko eta bueltak emateko. Baina, noski, errealitaterako balio behar du. Gure ekintza pertsonal eta sozialetarako baliagarri izan behar du; horrek ematen dio zentzua”.