“Bertsolariek fama ona baino txarra gehiago zuten” »

Bertsolaritzagatik da bereziki ezaguna Txomin Garmendia. Bertsolaritzan ez ezik, ordea, beste arlo askotan ere ibilia da: nekazari, arotz, taxi gidari, liburu saltzaile eta idazle, besteak beste. Horrez gain, Berrobiko alkate ere izana da hamabi urtean.

1934. urtean jaio zen, Berrobiko Tontola Behekoa baserrian. Paulino eta Bittori izan zituen guraso, eta lau anaietan zaharrena da. Arreba ere izan zuten, baina jaio eta berehala hil zen. Maiorazkoa izatearekin, lehenik baserrian hasi zen lanean. Gero, tailerrean aritu zen, taxia gidatzen, Sendoa argitaletxearekin liburuak saltzen… “Ofizio asko eta pobre seguru”, adierazi du lanbideei begiratu bat ematearekin batera.

Baserrian irabaziak gutxi baina lana soberan izaten zela dio. Hala ere, eskolara joateko aukera izan zuen Garmendiak. Etxean lana falta ez izanagatik, gurasoek beraiek izan ez zuten aukera semeei eman zieten. Berrobin hasi zen eskolan, baina Elduako [Berastegi] irakaslea hobea zela eta, Elduako eskolara joan ziren. 13 urte izan arte joan zen eskolara. Tartean, Ibarrara ere joan izan zen arratsaldean bi orduko klase partikularrak hartzera. Garai hartako eskola guztietan bezala, Berrobin eta Elduan ere ezin izaten zuten euskaraz hitz egin. Ibarrako Zume andereñoarekin ere klaseak gazteleraz izaten zituzten. Hark euskaraz hitz egiten uzten ziela gogoratu du, ordea. “Gazteleraz ezer ez genekiela hasi ginen gu eskolara. Dotrina izaten genuen euskaraz, horretarako ez zuten eragozpenik jarri”.

Aitak Tolosako azokatik ekarritako bertsopaperak izaten zituen etxean, eta ia bertatik ikasi zuen irakurtzen: “Begiak argitu nituenez geroztik bertsopaperak irakurtzen hasi nintzen. Behiak jezten ere aritua naiz, esku batean titia eta bestean bertsopaperak hartuta. Nik orduan bertsopaperak irakurri ez, jan egiten nituen”. Bertsolari izatea berezkoa izan du, baina bertsozaletasuna aitarengandik datorkio: “Ama zena ez zen bertsozalea, baina aita zena itsu-itsua zen, eta bertso zahar asko zekizkien. Ahotsa ere ederra zuen, eta behiak biltzera edo jeztera joatean askotan bertso zaharrak kantatzen zituen”.

Lagun artean eta ezkutuan, bertsotan

15 bat urte zituela lagun artean hasi zen lehen aldiz bertsotan. “Tabernara sartzeko gazteegi, eta mendiko txabolaren batean gaztaina erreak janez, sagardo berriarekin umore ederrean jartzen ginen. Bertsotan edo elkarri bertsoen antzeko zerbait boteaz aritzen ginen. Herrian udaletxe azpian ere elkartzen ginen”. Herritarrak gazteak bertsotan aritzen zirela konturatu ziren, eta baita aitari esan ere bateren batek. “Familian isilean ibiltzen nintzen, eta etxekoek ez zekiten ezer. Orduan bertsolariek fama ona baino txarra gehiago izaten zuten. Mozkorrak edo alferrak zirela… mila aitzakia izaten zituzten”.

Errezilgo bi anaia, Sebastian eta Bitoriano Loidisaletxe, bata Berrobira joan zen apopilo, eta bestea, Belauntzara. Haien laguntza izan zuen Garmendiak, eta Berrobiko tabernan bertsotan eurekin hasi zela dio. Herri askotan bezala, Berrobin ere, Luistarren festa izaten zen urtero, ekainaren 21ean. Behin komunio handia eginez gero, ezkondu bitartean mutilak Luistarrak izaten zirela azaldu du, eta neskak Maria Alabak.

Herrian bertan egin zuen lehen plaza 18 urte zituela. Alboan, Sebastian Loidisaletxe eta Jose Joakin Mitxelena izan zituen: “Garai hartan izan nuen gauzarik ederrena eskatu gabeko bost duroko soldata izan zen. Garai hartan bost duro asko zen”.

Gaur 18 urteko gazteak plazaz plaza dabiltzala gogorarazi du. Garaiak ezberdinak ziren. Behin lehen plaza eginda, herriko tabernan edo Tolosara jaitsitakoan egiten zuen bertsotan. Herritik kanpora egin zuen lehenengoetako plaza, Loidisaletxerekin batera, Urkizun [Tolosa] izan zen, San Pedroetan. “Oilaskoak biltzen aritu ginen lehenengo, eta Kaxiano eta anaia soinua joaz lagun izan genituen. Ondoren, plazan aritu ginen bertsotan”.

Gipuzkoako txapelduna, 1967. urtean

1959. urtean hartu zuen parte lehen aldiz txapelketa batean. Luistarrek antolatu zuten Aginagan, eta txapeldunorde geratu zen. “Txapelketa frankotan parte hartu dut. Azkena 1999. urtean izan zen, Gipuzkoako herri artekoan. Ez nuen joan nahi, baina joateko eta joateko animatu ninduten, eta nahiko ondo ibili ginela esango nuke”, erantsi du. Erniope taldean parte hartu zuen Jexux Mari Irazu eta Amaia Agirrerekin. Ordezko moduan Aitor Usandizaga izan zuten. 32 urte lehenago, 1967ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa irabazi zuen Txomin Garmendiak: “Edozein garaitan txapeldun izatea handia da, baina gaur gauza horiek indar handiagoa dute. Telebistak, irratiak, hainbesteko antolakuntza, hainbeste bertsolari, hainbeste bertso eskola… eta txapelketek izen handiagoa dute”. Eta garaiak alderatzen jarraitu du: “Gure garaian gazte jende gutxi izaten zen. Gure kidekoa eta baserritarra zen entzulea. Gaur, ordea, gazte asko biltzen da, eta batez ere emakumea da. Aldaketa hau bertso eskolek ekarri dute”. Bere garaian emakumeek dantzan egin nahi izaten zutela dio, eta musika isilarazi eta bertsolariak hastea ez zitzaiela gustatzen. Eta gaurko neskek, berriz, orokorrean ez dutela dantzarik egiten.

Istripuaren ostean, aldaketa

1980an istripu bat izan zuen, eta bizitza aldatu zitzaion. Hiru urte pasa behar izan zituen makuluekin, eta liburuekiko zaletasuna umetatik badatorkio ere, orduan hasi zen irakurtzen eta idazten. Ordura bitarte, gustatu bai, baina ez zuen denborarik izaten. Behin, Auspoa argitaletxeko Aita Zabala zuzendariarekin topo egin zuen Berrobin bertan. Ordura arte idatzitakoak erakutsi zizkion, eta Denbora pasa liburua izan zen argitaratu zuen lehena. Harrezkero, asko idatzi du.

Ezkondu zenetik, Villabonan bizi da. Goizean goiz jaikitzen da, eta kafesne bat hartu ostean, egunkaria irakurtzea du gustuko. Etxean bada, bazkalostean siesta egiten du. Urtarrilean belaunean ebakuntza egin zioten, eta poliki-poliki ari da osatzen. Ostegunero Arrate irratian hitz egiten du, eta idazteari ere ez dio utzi. Telebistan, berriz, pilota partidak ditu gustuko. Hilaren 18an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean izango da, baina ez da ausartu esaten txapela nork jantziko duen. Bertso mundua ez du ahazteko. Hargatik, oraindik, herriren batetik bertso saioren batera joateko deitzen diotenean ez du ezezkorik esaten. Jaioterria ere ez du ahazteko, eta hara joatea gustuko du.

Azokan, etxekoen omenaldia »

Kontzezio Azoka bizi-bizi dator aurten Mendarora. Biharko azokaren egitarauan, omenaldi bat egingo du udalak, eta apustu bitxi baten lekuko izango dira bertan biltzen direnak. Omenduak Esteban Elorza Kortaberri eta Agustin Larrañaga Agarretxiki izango dira. 74 urte ditu aurrenak, eta 59 bigarrenak. Hainbat trontza txapelketa irabaziak dira elkarrekin, 1980eko hamarkadan hasita.

Trontzalariei ezin omenaldirik egin herri kirol jaialdirik egin gabe, eta horixe antolatu du Mendaroko Udalak: aizkolariak, harri-jasotzaileak, lokotx biltzaileak eta trontzalariak ariko dira lanean, nor baino nor hobeto. Ekitaldiko saiorik deigarriena, ordea, apustua da. Izan ere, trontzan lehian aritu beharko dute bi bertsolarik, jatetxe bateko arduradunak eta politikari batek. Izenak jakinda, bat baino gehiago zur eta lur geldituko da: Andoni Egaña bertsolariak eta Nerea Arebalo Mendaroko Toki-alai jatetxeko arduradunak osatuko dute bikoteetako bat; aurrez aurre izango dituzte Sebastian Lizaso bertsolaria eta Sonia Garcia Mendaroko alkatea. Jokoan, bazkari bat. Irabazi nahiz galdu, Arebalori egokituko zaio otordua prestatzea.

Badirudi balantza Lizaso-Garcia bikotearen alde dagoela. Izan ere, alkatea trontzan ibilia da lehen ere, eta Lizasok ere gertuagotik ezagutzen omen du lan hori beste bikoteak baino. Hala ere, Arebalok serio heldu dio lanari; izan ere, bi hilabete daramatza ahal duenetan Agustin Larrañagaren baserrira igotzen, entrenatzeko. Elorzari eta Larrañagari galdetuta, haiek ere Lizasoren eta Garciaren alde egingo lukete, bietako baten alde apustu egitekotan.

Kontuak kontu, zaleen arreta erakarri du apustuak, eta “jende asko joatea” espero du Garciak: “Omenduek merezi dute”.

Euskadiko txapeldun

Elorza eta Larrañaga “hunkituta” daude omenaldiaren aurreko egunetan. Hitzik ere ez zaie ateratzen ia, udalaren omenaldiari buruz galdetutakoan: “Ez dut uste merezi dugunik halako omenaldirik, baina egingo digutenez, gustura gaude, noski”, dio Larrañagak.

Udalak, berriz, argi du merezi dutena: 1982. urtean lortu zuen bikoteak lehen txapela, Gipuzkoako txapeldun izan baitziren; urte hartan bertan hasiak ziren lehiatzen. Hurrengo urtean Euskadiko txapela irabazi zuten, eta 1984an, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa, biak. Ordutik, hainbat urtez aritu dira plazaz plaza, zaleen begiradak eta txaloak jasotzen.

Gaur egun, txapelketetatik erretiratuta egon arren, ikusle gisa alde batetik bestera ibiltzen dira herri kirolez eta apustuez gozatzen. Eta, oraindik ere, ez dute arazorik noizbehinka trontzan aritzeko: baten bati irakasteko, argazkietan azaltzeko… Edozein aitzakia nahikoa da, kirol horrek erakarri egiten baititu biak. Orain, omenaldirako prestatzen dabiltza. “Geure omenaldian trontzan aritu beharko dugu, denbora gutxian bada ere”, dio Elorzak. Bertsolariak trontzan jarrita, norbaitek esan du larunbatean haiek ere bertsoren bat bota beharko dutela: “Ideia ona litzateke hori!”, dio Arebalok. Baina trontzalariek ezetz, buruarekin, ziur.

URTEROKO SANTA LUZIA »

Urtero legez, Euskal Herriko nekazari eta ganadu azoka garrantzitsuenetariko bat izango da asteartean, Santa Luzia egunean, Urretxu eta Zumarragan. Bildutakoek baserriko produktuak ikusi eta dastatzeko aukera izango dute, baita animaliak bertatik bert…

Eibar Berri orubea ez erosteko eskatu dio Bilduk udalari »

Eibarren egin nahi duten ospitale berriko orubea erosi aurretik beste aukera batzuk aztertzeko eskatu dio Bilduk Eibarko Udalari. Udalak lur zatia Eibar Berri enpresari erosteko asmoa dauka, 5,5 milioi euro ordainduta. Gero, lur zatia Eusko Jaurlaritz…