Gozamena, lehiaren aurretik

Eider Goenaga Lizaso
Gaur iluntzean abiatuko da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa, Zarautz, Lasarte-Oria eta Azkoitian egingo diren hiru bertso saioekin. Hiri, herri eta auzoetako bertso eskoletan eta bertso taldeetan egiten duten lanaren emaitz…

otsailak 03
Maiatzetik jositako txapela, Beñat Gaztelumendiren burura

Hirugarrengoan bai. Bitan txapeldunorde izan ondoren, Gipuzkoako txapela jantzi zuen Beñat Gaztelumendik joan den larunbatean. Bertso eskoletan aritzen direnak aipatuz egin zuen txapeldunaren agurra, Illunben jokatutako finalean: “Bertso eskolaz bertso eskola/ belaunaldiz belaunaldi/ hau zuentzat da/ zeratelako ahots bat ematen ari/ isilik egon behar zuela/ esaten ziotenari”. Belaunaldi bereko bi bertsolarik jokatu zuten buruz burukoa, 1987an jaiotakoak biak: Gaztelumendik eta Alaia Martinek. Aurtengo txapelketan, hain justu, behin baino gehiagotan aipatu da belaunaldi aldaketa, bertsolari gazteen parte hartzea, eta baita haien maila ere.

Hari “luze, fin baina sendo batekin” lotuta egin du zortzi hilabeteko bidea Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Finalaren atarian, hala deskribatu zuen hilabeteotako jarduna Saroi Jauregik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak: “Urrun samar gelditzen da, baina maiatzean Gipuzkoa Bertsotan jarri genuen martxan. Orduan 74 bertsolarik hasi zuten bide hori finalaren beste hari muturra da”. Maiatzaren 9an hasi zen lehia, Astigarragan, txapelketarako sailkapen fasearekin. Jendetsu bezain bizi hasi zen: hilabeteko epean, 24 saio izan ziren Gipuzkoako hamabi herritan; herri bakoitzean bi saio egun berean, goizez eta arratsaldez. Bertsolariekin batera, martxan jarri ziren gainerako taldeak ere: gai-jartzaileak, epaileak, idazkariak, laguntzaileak, bertsozaleak…

74 bertsolaritik, lehenengo 30ek lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Jon Maia izan zen lehen sailkatua, 583 punturekin, eta haren atzetik geratu ziren Ander Lizarralde (580,5) eta Mikel Artola (577). Maiak lehen fasetik finalera arteko bidea egin zuen; beste biek, berriz, finalaurrekoetaraino iristea lortu zuten. Antton Fernandez izan zen udaberriko fase hartako azken sailkatua, 529,5 punturekin.

Txapelketa bera irailaren 20an abiatu zen, Beasainen, 43 bertsolarirekin, baina Aitor Sarriegi gabe. 2011ko txapeldunak aurten ez parte hartzea erabaki zuen. Gipuzkoako Hitza-ri urrian emandako elkarrizketan adierazi zuenez, erabakia ez zen erraza izan, beti gustatu izan zaiolako aukera daukana txapelketara aurkeztea: “Hori defendatu izan dut nik. Baina egia da nekatuta nengoela; eten bat behar nuen”.

Gipuzkoa Bertsotan fasetik sailkatutako 30 bertsolariei beste hamahiru gehitu zitzaizkien, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zutenak, zehazki. Hamahiru horietatik sei final-zortzirenetan sartu ziren lehian, 2011ko txapelketan finalaurrekoetara sailkatu ziren baina finaletik kanpo geratu ziren seiak: Iñigo Mantzizidor Mantxi, Nerea Elustondo, Beñat Lizaso, Iban Urdangarin, Felix Zubia eta Jokin Uranga. Gainerako zazpiak finalaurrekoetan sartu ziren: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Kanporaketak, hiru hilez

Hiru hilabeteko tartean, sei final-zortziren, bost final-laurden, eta hiru finalaurreko jokatu zituzten. 36 bertsolari aritu ziren final-zortzirenetan, eta horietatik 23 bertsolari sailkatu ziren final-laurdenetarako, sei beren saioak irabazita, eta gainerakoak puntuazioaren arabera. Puntuaziorik altuenarekin aurrera egin zuen Jokin Urangak (457,5 puntu); Jon Maia (456,5) eta Ane Labaka (444) sailkatu ziren jarraian. Final-laurdenetan, 23 bertsolari horiei gehitu zitzaizkien aurrez sailkatuta zeuden zazpi bertsolariak. Final-laurdenetatik finalaurrekoetara hemezortzi bertsolari pasatu ziren.

Txapelketa hasi aurreko pronostikoen aurka, finalaurrekoetatik kanpo geratu ziren Jokin Uranga, Mantxi eta Jexux Mari Irazu. Mantxik Gipuzkoako Hitza-ri aitortu zion ez dagoela gustura egindakoarekin: “Txapelketak harrapatu nau trenak harrapatu banindu bezala. Ez dut hartu denborarik prestatzeko. Gustura ezin naiz egon, berez gehixeago egiteko gai banaizelako”. Irazu 1995. urtetik izan da finalista Gipuzkoakoan, eta txapeldunorde bitan, 1995ean eta 1999an. Gainera, Euskal Herriko txapelketan 1997tik etenik gabe aritu da; aurten, ordea, ez du lortu txapelketa nagusirako sailkatzea.

Beterano eta gazte

Esperientziadunak eta finaletan hasiberriak zirenak bildu ziren Illunben. Hirugarren finala zen Gaztelumendi, Maia eta Agirrerentzat; bigarrena Martin, Apalategi eta Labururentzat; eta, lehenengoa, Iguaran eta Xamoarentzat. Datu bat: ia hogei urteren aldea zegoen Maia beteranoaren eta Iguaran gazteenaren artean.

Bertsotan gainontzekoen gainetik aritu ziren Gaztelumendi eta Martin; Laburu ere fin ibili zen ofiziotan, eta buruz burukora sailkatzeko bikotean egon zen une batez, Gaztelumendirekin batera. Lehen zatiko kartzelan, arreta eman zuen txapeldunak eta txapeldunordeak nola heldu zioten kartzelakoari, ideia oso antzekoa aukeratu baitzuten. Buruz burukoa jokatu eta gero, 19 punturen aldea atera zion Gaztelumendik Martini.

“Luze” egin zitzaion saioa Gaztelumendiri, sufritu zuen, eta bertso bakoitzaren puntu bakoitza bereganatzeko borrokatu zen. Hala adierazi zion finalaren biharamunean BERRIAri: “Finala xake partida bat bezalakoa da: tentsioari gehien eusten dionak irabazten du detaile horietan”.

Inaxi Etxaberen eskutik jaso zuen txapela Gaztelumendik, “plaza ukatu zitzaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa”. 1955ean idatzi zituen Etxabek lehen bertsoak, eta, harrezkeroztik, ez da geratu. Gordeta ditu bizitzan idatzitako bertso guztiak. Etxaberen jardunari eta beste zenbaitenari kantatu zion Iguaranek azken agurrean: “Bereziki miresmenez/ ahotsa altxatzen lehenak/ lehen bidezidor hoiek dira/ irekitzeko zailenak/ gaur nolabait Inaxirekin/ igoko zaizkigu denak/ gu hona iritsi gintezen/ bidea egin zutenak”.

abenduak 23
“Aurten nire ahotsa hobeto topatu izanak betetzen nau”

"Nekatuta" sentitzen zen Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela jantzi biharamunean. Larunbateko finalean bertso bakoitzaren puntu bakoitza borrokatu zuen.

abenduak 21
Aurrez ezin txapela inori jantzi

Beñat Zamalloa Akizu (Berria)

Txapeldunorde birritan izan delako, Beñat Gaztelumendi izan liteke txapelerako hautagai nagusi. Edo, ibilbideagatik, izan liteke Jon Maia. Azken

abenduak 19
Finalaren atarikoen begirada

Azkenera iritsi da Gipuzkoako bertso txapelketa. Parte hartu duten 87 bertsolarietatik zortzik soilik dute biharko Donostiako final handiko oholtzan lekua. Gainerakoek, beheko lerrotik ikusiko dute finala. Finalaren atarian geratu diren hainbat begirada jaso ditu ‘Hitza’-k.

abenduak 18
Zehaztu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala

Jon Maia eta Arkaitz Oiartzabal sailkatu dira azken finalaurrekotik finalera. Finalistak: Alaia Martin, Unai Agirre, Jon Maia, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Oihana Iguaran eta Arkaitz Oiartzabal 'Xamoa'.

abenduak 07
Final-zortzirenak bukatuta, hilaren 24an ekingo diote berriro lehiari

Asteburuan atseden hartuko du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Dagoeneko osatuta dago final-laurdenetan ariko diren bertsolarien zerrenda, eta hilaren 24an hasiko dute hurrengo fasea, Urretxu-Zumarragan. Guztira, bost saio jokatuko dituzte fase horretan; azaroaren 8an izango da azkena.

Final-zortzirenen ondoren, 23 bertsolarik lortu dute final-laurdenetara sailkatzea, horietako seik saioa irabazita: Jon Maiak, Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k, Beñat Lizasok, Manu Goioganak, Felix Zubiak eta Jokin Urangak —hura da, gainera, fase guztian puntuazio altuena lortu duena, 457,5 punturekin—. Puntuazioaren arabera pasatu direnen artean, berriz, Ane Labaka izan da onena: bigarrena izan zen bere saioan, Beasainen, eta hirugarrena da sailkapen orokorrean (444 puntu). Azken sailkatuak, Mikel Artolak, 415 punturekin egin du aurrera.

Faseko 23 sailkatuei beste zazpi bertsolari batuko zaizkie final-laurdenetan. Horiek zuzenean sartuko dira datorren fasean, 2011ko Gipuzkoako txapelketan lortu zuten postuari esker: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean igaroko da finalaurrekoetara, eta puntu gehien biltzen duten hamahiru bertsolariekin osatuko da lehia.

Finalaurrekoak

Final-laurdenak azaroaren 8an bukatuko dira, eta azaroaren 22an hasiko dira finalaurrekoak. Hiru saio izango dira: Zarautzen, lehena; Tolosan, azaroaren 29an; eta Eibarren, abenduaren 6an. Aurreko fasetik sailkatzen diren hemezortzi bertsolariak ariko dira: sei bertsolariz osatutako hiru talde egingo dituzte, eta saio bakarrera lehiatuko dira.

Aurreko faseetan bezala, finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta puntu gehien batzen duten bost bertsolariekin osatuko da finaleko zortzikotea.

Abenduaren 20an izango da finala, Donostian, Illunben, 17:00etan. Aitor Sarriegi egungo txapelduna ez da lehiara aurkeztu; beraz, buruz aldatuko da txapela.

urriak 16

Usurbe antzokian (Beasain) du abiapuntua, eta Illunben (Donostia) helmuga. Igandean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, 17:30ean. Hortik aurrera, eta abendura bitartean, ia astebururo izango dira kanporaketak. Hala, bertsolariak forma onean iritsi diren neurtuko dute igandetik aurrera. Lau urtez behin jokatzen da txapelketa, eta 43 bertsolari elkartuko ditu aurten. Maiatz-ekainean abiatu zen, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearekin. 30 bertsolarik lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Gainerako hamahiruak 2011ko txapelketan finalaurrekoetara edo finalera heldutakoak dira.

Igandean, Ane Labaka, Beñat Iguaran, Elixabet Pagola, Haritz Mujika, Iñigo Manzisidor Mantxi eta Jon Maia ariko dira bertsotan Usurbe antzokian. Haiena izango da bertsolari txapelketari lehen puntua jartzeko ardura.

Azpeitian eta Lasarte-Orian jarraituko du txapelketak. Irailaren 26an, 17:30ean, Azpeitiko Soreasu antzokian, Amaia Iturriotz, Ander Lizarralde, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Nahikari Gabilondo, Nerea Elustondo eta Unai Mendizabal irtengo dira oholtza gainera, final-laurdenetara igarotzeko txartelaren bila. Hilaren 27an, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean izango da bertso saioa, 17:30ean. Aitor Irastorza, Beñat Lizaso, Gorka Azkarate, Maider Arregi, Mikel Artola eta Xabier Sukia ariko dira gai-jartzaileak jarritako lanak betetzen.

Urriaren 3an, Elgoibarren, Herri Antzokian izango da saioa, aurrekoen ordu berean. Lehian Iban Urdangarin, Iñigo Gorostarzu, Manex Mujika, Manu Goigana, Oihana Iguaran eta Unai Muñoa ariko dira. Arrasaten jokatuko da hurrengo final-zortzirena, urriaren 4an, Amaia antzokian. Aratz Igartzabal, Egoitz Eizagirre, Eneritz Artetxe, Felix Zubia, Haritz Casabal eta Iñaki Gurrutxaga izango dira oholtza gainean. Final-zortzirenetan azkena, urriaren 11n jokatuko da, Andoaingo Basteron. Antton Fernandez, Asier Azpiroz, Gemma Urteaga, Ibai Esoain, Jokin Uranga eta Unai Gaztelumendi irtengo dira hurrengo faserako txartela eskuratzera.

Final-laurdenak

Urriaren 20an hasiko dira final-laurdenak. Aurreko fasea gainditu duten bertsolariekin, 2011n finalera sailkatutakoak ere izango dira horietan: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Igandetik aurrera joango da argitzen Aitor Sarriegik orain lau urte eskuratutako txapela noren buruan eroriko den.

irailak 18
“Inoizko esperientziarik politenetakoa izango da”

Xabier Gaztelumendik jarriko dio txapela bihar Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari. Hamasei urtez borondatezko lanean aritu da Euskal Herriko Bertsozale Elkartean, diruzain eta idazkari karguan. Aitortu du bihar «sentimendu asko» pilatuko zaizkiola, «bertsozale, aita eta txapel jartzaile gisa».

13 abendua
Adarren ordez, txapela

Beñat Gaztelumendik jantzi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela. Alaia Martinekin buruz burukoa jokatu eta gero. Lehen zatiko kartzelan atera dio aldea Gaztelumendik Martini.

21 abendua
Hogei urteren aldeaz, zortzi

Ia hogei urteren aldea dago Jon Maia finalista beteranoenaren eta Oihana Iguaran gazteenaren artean. Adin, eskarmentu eta ezaugarri askotako bertsolariak batuko ditu Gipuzkoako Txapelketako finalak abenduaren 19an. Iñaxi Etxabek jantziko dio txapela aurtengo garaileari.

11 abendua
Iñaxi Etxabe: “Maialenek txapela irabazi zuenean salto egin nuen etxean”

Bertsolari emakumea izatea ia ezinezkoa zen garaian munduratu zen. Bertsoak jarri eta kantatu egin ditu gaztetatik, geratu gabe. Etxabek jarriko dio txapela Gipuzkoako txapeldun berriari, larunbatean.

abenduak 18
“Nahaste haiek belaunaldien artean joko polita sortu zuten”

Orain arteko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketen artean, bada bat oso berezia: 1999ko Herri Artekoa. Bertsolariak, buruz buru aritu beharrean, herriz herri osatutako taldeetan lehiatu ziren.

abenduak 04
“Hasiberriak bertsotan bakarrik egin behar du; beteranoak, saioa”

Bertsoaren jiran bizi da Aitor Mendiluze. Hogeitik gora urte daramatza plazaz plaza eta gaztetxoei bertsolaritza irakasten jarduten da eskolaz eskola. Txapelketak gustuko ditu; askotan parte hartu izan du, emaitza txukunekin, gainera.

azaroak 27
“Oraindik 85 plaza egitea da eskupekorik handienetakoa”

Makina bat euri egin du Anjel Mari Peñagarikanokaurreneko aldiz jendaurrean kantatu zuenetik. Baina urteek ez diote plazaz plaza segitzeko ilusiorik itzali. Erretiroaz galdetze hutsak barregura eragiten dio.

azaroak 20
“Gaur, eskola umeek ere badakite bederatzi puntukoa botatzen”

Gordea du Txomin Garmendiak 1967an Tolosako Leidorren jantzi zuen txapela. Memorian iltzatuta geratu zaizkio plazaz plaza entzundako eta botatako bertso asko. Txapeldun geratu zeneko arratsalde hartakorik ez du, ordea, gogoan.

azaroak 13
“Inbidia pasatuko dut, baina ni orain ez nago txapelketako txipean”

1995az geroztik, Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertsolari txapelketa guztietan parte hartu du Aitor Sarriegik, baina duela urtebete erabaki zuen aurtengo Gipuzkoako txapelketan ez parte hartzea.

urriak 02