gipuzkoa

“Oso txarra naiz lan eskaintzei ezetz esaten; ez dut ikasten”

“Oso txarra naiz lan eskaintzei ezetz esaten; ez dut ikasten”

Unai Zubeldia

Garaiz iritsi da hitzordura. Ane Gabarainek (Donostia, 1963) kafesne beroa eskuetan duela egin dio ongietorria kazetariari, eta eroso gainditu du argazkilariaren azterketa. "Hiru egunez grabaketak dauzkagu orain Donostian". Allí Abajo Espainiako Antena3 telebista kateko telesailari buruz ari da hizketan. Hiru urte egin ditu jada bertan. Bi eta bat ETB1eko telesailak eman zion sona, eta antzerkia, telebista, zinea eta bizkoizketa, denetik probatutakoa da ordutik.

Nomada samarrak zarete aktoreak, baina etxe zalea al zara zu?

Ez bereziki. Egia da kanpoan ibiliz gero gustura itzultzen naizela etxera, baina niretzat etxetik kanpo hasten da mundua.

Anai-arrebetan zaharrena zara. Helduena ere bai?

Hiru anai-arreba gara orain; duela lau urte hil zitzaigun anaia zaharrena, ni baino lau urte zaharragoa, bihotzekoak jota. Orain zaharrena naiz, eta helduena ere baietz uste dut; rol hori egokitu zait. Eurek ez dute hori esango, agian, baina baietz uste dut.

"Aita, ama; aktorea izan nahi dut". Noiz hartu zenuen erabakia?

Modu naturalean suertatu zen, eta normal-normal hartu zuten etxean. Gure etxean ero sena eduki izan dugu beti, eta eurentzat enpresaritza ikasketak egin nahi nituela esatea izango zen arraroa. Amak sarritan esan izan dit beste gurasoek aipatzen ziotela nolatan utziko zidaten bide hori hartzen; hortik etorkizunik ez nuela izango... Etxekoei eskerrak eman beharrean nago.

Antzerti izan zen zure sentimenduen benetako fabrika?

UBI ikasketak amaitu, eta orduantxe sortu zuten Antzerti Eusko Jaurlaritzaren antzerki eskola. Izugarrizko zortea izan genuen, oso irakasle onak eduki genituelako: Juan Pastor, Paca Ojea, Jose Pedro Carrion... Madrilgo Leyton eskolakoak ziren. Gorputzaren espresioa ere lantzen genuen. Bizpahiru urtera bertan behera gelditu zen dena, baina pentsa zenbat aktore atera garen handik: Elena Irureta, Aizpea Goenaga, Eneko Olasagasti, Carlos Zabala...

Bi eta bat ez al dira sekula hiru izaten?

[Barrez] Sekula ere ez!

Zer izan zen hura?

Oso telesail kuttuna izan zen, eta, denbora pasatu ahala, are kuttunagoa dut. Guretzat oso garrantzitsua izan zen Bi eta bat; oso entrenamendu sendoa izan zen. ETBn euskarazko lehen sitcom-a izan zen; formatu horretan bai, behintzat. 26 atal egin genituen, gehiago ez; dirua eta denbora geneuzkan telesaila egiteko. Astebete izaten genuen ordu erdiko atalak grabatzeko, eta asko zaintzen zuten dena: gidoiak, errealizazioa... Dena. Orain pentsaezina da hori. Orain horren laukoitza egiten dugu astebetean.

Euskaraz zein gaztelaniaz aritzen zara lanean. Bi erregistroetan sentitzen zara eroso?

Bai... Nahiko natural aritzen naiz bietan. Antzerkian ohituta gaude bi bertsioak egitera, eta egia da batzuetan, agian, euskaraz sortzen dela antzezlana, eta gero itzultzen dela gaztelaniara. Normalean, hasierako formatuan sentitzen gara erosoen, baina ez dugu izaten arazorik. Garai batean, Donostiako Principal antzokian, egun berean euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen zen emanaldia, eta eromena izaten zen hura.

Bi eta bat, Jaun ta Jabe, Goenkale... Sona handiko telesailak izan ditu ETBk, baina beste bide bat hartuta dabil azkenaldian...

ETB indartzen dugu edo pikutara doa hau. Ez dakit zertan ari diren ETBn; ez dut ulertzen. Ezin dut ulertu. Ez dakit zergatik daukagun hain telebista pobrea. Ez dakit. Hain gizarte pobrea osatzen al dugu? Ezin dut ulertu ETBren gaitza zein den.

Galdutako borroka da ETB1 eta produkzio propioarena?

Nik, jada, ez dakit zer pentsatu. Oso frustrantea da. ETBrekin ezin dut ezer espero langile gisa. Eta herritar gisa ikusi ere ez dut egiten jada. Ez dakit non dagoen ETBren botoia. Tristea da, eta min ematen dit. Fase guztiak pasatu ditugu: amorrua, pena, frustrazioa...

Aktoreak ez al zarete bizi beti korrika?

Ez. Batzuetan oso korrika bizi gara, bai, baina beste batzuetan oso mantso. Ikusleek ez dute ikusten aktorea etxean dagoen momentu hori. Dena batera iristen da batzuetan, eta, adibide gisa, a zer bidaia egin nuen orain dela bizpahiru aste! Emanaldia neukan Uharten, eta hurrengo egunean Sevillan egon beharra neukan, 08:00etan. Hegaldirik ez neukan, eta autoz eraman ninduten Zaragozako tren geltokira. Berandu zetorren trena; nahastu eta beste tren batean atera ezinik gelditu nintzen gero... A zer abentura! Horrela ibiltzen gara batzuetan, baina langabezia tokatzen da beste batzuetan, eta, langabezia eskubidea edukiz gero, gaitz erdi!

Miseria handia dago, beraz, aktoreen artean?

Bai. Boladak izaten ditugu. Dagoeneko ikasi dut lanik ez daukadanean telefonoari begira ez erotzen. Zerbait asmatu behar da lanik ez daukazunean. Lankideekin elkartu, gauzak sortu, idatzi, bakarrizketak prestatu... Ikasi egin behar da momentu horiek kudeatzen, nahiz eta antsietate hori ez den desagertzen.

Emanaldi batetik ia-ia korrika alde egindakoa ere ba ote zaren... Gotzone Kolumbusen istorioa, prexko-prexkoa aipatuz gero?

[Barrez] Esan berri dizut batzuetan asmatu egin behar izaten dela lana, eta duela hogei bat urte bolada txarra pasatzen ari ginen Elena [Irureta], Aizpea [Goenaga] eta hirurok. Zerbait sortzea erabaki genuen, eta euskaltegietako istorio bat asmatu genuen. Donostiako Altza auzoko euskaltegi batera joan ginen proba moduan, baina izugarrizko porrota izan zen hura. Korrika atera ginen handik, eta kobratu ere ez genuela egingo esanez hasi ginen autoan sartzean. Baina, "ez, ez; itxoin", esan nien nik. Autotik irten, txekea jaso, eta etxera. Halako lotsa pasatuta, kobratu ere ez?

Eskaintza askori esan al diozu ezetz?

Ez... Batzuei bai, baina ez dira asko izan. Nahiago dut baietz esatea, nahiz eta batzuetan damutu egiten naizen gero. Oso txarra naiz eskaintzei ezetz esaten, ez dut ikasten, eta neure buruarekin haserretuta ibiltzen naiz gero.

Telesail bateko zazpi atal koman igarotzea, hori izan al da orain arte egin duzun lanik errazena? —Hala egon zen Allí Abajo-ko lehen denboraldian—.

Ez zen izan batere erraza; gaizki pasatzen nuen, banekielako piztu ondoren trama polita izango nuela parean. Hasieran oso ondo pasatu nuen, baina pisutsu eta frustragarri egin zitzaidan gerora. Momentu txarrak pasatu nituen; izugarrizko hotza egiten zuen, eta manta elektrikoarekin egoten nintzen. Manta azpian neukan dena: liburua, sakelakoa Candy Crush jolasarekin... Manta altxatu eta den-denak harrituta gelditzen ziren han neukan guztiarekin.

Hiru urte pasatxo egin dituzu Allí Abajo telesailean. Egonkortasuna ematen al du horrek?

Bai... Baina bost atal lotu genituen hasieran; zortzi gero; hamahiru ondoren... Arrakasta izan zuenez, beste denboraldi bat hurrengo urtean; hirugarrena ere bai... Hasieran ez geneukan hiru urteko egonkortasunik, egun telebistan ez delako arriskatzen batere.

"Oso aktore ona da, onena. Oso serioa da lanean, eta erraztu egiten du ingurukoen lana. Teknikoki perfektua da, eta, horrez gain, den-dena ematen du". Elena Iruretari kafetxoren bat ateratzeko moduan zaude...

Hain da maja Elena... Mundiala da! Izugarri eskertzen dizkiot hitz horiek. Zortea dauka Elenak, ez daukalako bokaziorik, eta askoz gehiago disfrutatzen du horri esker. Talentu handia dauka, eta oso lagungarria da bera ondoan edukitzea, desmitifikatu egiten duelako gure ofizioa. Oso praktikoa da. Bokazioak gehiago disfrutatzen laguntzen du batzuetan, baina gehiago sufritzen da beste batzuetan; hori gertatzen zait niri.

"Emakume gogor eta isilaren itxura dauka Anek, baina horixe da: itxura. Alde xamurra ere badauka. Alaia, arduratsua, leiala eta fundamentu handikoa da. Zoragarria da bere umore beltz hori". Klara Badiola ere ez da motz gelditu.

Betidanik esan izan didate gogor itxura daukadala, eta pertsonaia horiekin lotu izan naute gehienetan: izaera gogorrekoa, lehorra... Baina ez naiz horrelakoa. Tira, banaiz, baina azaletik bakarrik. Adjektibo on asko sartu ditu Klarak, baina hainbesterako ere ez da! Umore beltzari dagokionez, berriz, niri tragikomedia gustatzen zait gehien; genero zaila da, baina ikaragarri gustatzen zait. Gauza tragiko edo dramatiko bat umorearekin puskatzea, edo istorio komiko batean tragedia sartzea. Ederra da hori.

Zeure buruari eskatzen diozun neurri bereko seriotasuna eskatzen al diezu ingurukoei ere?

Aurpegi asko ditu seriotasunak. Bestearentzat, agian, ez da hain arduratsua edo serioa niretzat badena. Bere gaitasunak eta hutsuneak izaten ditu bakoitzak. Batzuk, agian, testuak gehiegi landu gabe joaten dira grabaketetara, baina artista hutsak izaten dira gero. Ez naiz ausartzen inor epaitzen, nahiz eta badauden ofizioaren funtsezko gauza batzuk.

Posible al da aktore bat Euskal Herrian lan eginez bizitzea?

Badira batzuk, baina oso zaila da. Aktoreen %8 bakarrik ari dira lanean, eta horietatik gutxik lortzen dute euren lanbidetik bizitzea.

Erakundeei begiratu behar zaie? Herritarrei? Aktoreei?

Denona da ardura. La Farandula Donostiako mikroantzerki tabernan, adibidez, izaten dira euskarazko emanaldiak, baina inor ez da joaten. Erraza da errua erakundeei eta konpainiei botatzea, baina gaixo dago kultura, arte edo antzerkirik ez daukan gizartea.

%10, %15, %20... Ikusle datuei begiratu zalea zara?

Bidali egiten dizkigute, eta zer erremedio! Garai batean gogoratu ere ez nintzen egiten horrekin, baina beste kontu bat da oraingoa, 09:00etarako hor izaten dugulako datua, eta horren arabera hartzen dituztelako erabakiak.

Zer daukazu egiteko?

Gauza asko. Arlo profesionalean ez naiz batere handinahia, baina artistikoki, bai. Orokorrean, oso gaizki kudeatu dut nire ibilbidea. Neure burua saldu; Madrilera joan eta ordezkariak bilatu; produktoreen bulegoetara joan... Ez dut egin halakorik, eta aktore batek zaindu egin behar du hori ere. Ikaragarri gustatuko litzaidake klasiko bat egitea; bertsoan, adibidez. Calderon de la Barca, Lope de Vega...

Sintomak

Afagi-ren arabera, ondoren azaltzen diren sintomak itxurazko kausa fisikorik gabe jarraian azaltzen badira, medikuarenera jo behar da. Memoria arazoak. Hitzorduak, elkarrizketak, gertaera berriak eta gauzen kokapena gogoratzeko memoria arazoak. Nolabaiteko garrantzia duten ahanzturak, errepikakorrak, eguneroko ekintzak egiteko ahalmena galarazten dutenak. Nahasmena. Ohiko lekuetan nahastea. Eta, adibidez, egoera normal batean gidatzeko arazoak edukitzea. Denboran desorientazioa. Oro...

Ahanztura, zaintzaileen beldurra

Ahanztura, zaintzaileen beldurra

Eider Goenaga Lizaso
Hamabi urtez alzheimerrarekin gaixo izan ostean, duela bi urte hil zitzaion senarra Izaskun Martinez Albenizi; Floren Altunaren bikotekidea, berriz, duela bi urte hasi zen sintomekin, eta orain sei hilabete diagnostikatu zioten gaitza.

Pasaiako portua, egokitzen

Pasaiako portua, egokitzen

Olatz Mitxelena
Ez dira betiko garai onenak, horretan zalantzarik ez da. Eta 2017ko datuak dira baieztapenaren erakusgarri. Merkantzien trafikoak %13,9 egin zuen behera iaz, Pasaiako portuan.

Felix Gartziandiak hartuko du Ricardo Peñaren lekukoa

Karguan bost urte igaro eta gero, Pasaiako Portu Agintaritzaren buru izateari utzi dio Ricardo Peñak. Eusko Jaurlaritzak Felix Gartziandia Telleria izendatu du bere ordezko, eta egunotan hartuko du kargua, izendapena Espainiako Aldizkari Ofizialean argiratuta. Gartziandia pasaitarra da jaiotzez, eta Sprilurreko zerbitzuen buru izan da orain arte. Pasaiako badiaren biziberritzea zuzentzea helburu zuen Badia Berri elkartearen...

Hiru, bi, bat… grabatzen

Hiru, bi, bat… grabatzen

Unai Zubeldia

Kameraren poltsa? Bai. Kamera? Bai. Memoria txartela? Bai. Optika garbitzeko traputxoa? Ez, hori ez digute erosi oraindik"... Lasarte-Oriako Oriarte BHI institutuko DBH 1eko ikasleak grabaketari ekin aurretik egin beharreko ezinbesteko lanean ari dira: grabaketarako materiala errepasatzen, alegia. Tripodea bere lekuan jarrita, kamera prest, modelo lanetan ari den klasekidea zintzo bere lekuan... 08:15 dira, eta ikasleak lanean hastekotan dira. Ikasle bat argazkilari lanetan, bizpahiru kamerari helduta, ondokoa koadernoan dena apuntatzen... Neska-mutikoak talde lanaren eredu dira goizean goizetik.

Agurtzane Garmendia: “Emakumea ausarta dela sinisten dut; hala jokatu nahi dut nik ere”

Agurtzane Garmendia: “Emakumea ausarta dela sinisten dut; hala jokatu nahi dut nik ere”

Eider Goenaga Lizaso

Baliarraingo Lopetedi baserriak magia du. Hamaika aukera ematen dute harrizko horma lodiek, egurrezko habeek, leihoetatik sartzen den argitasunak eta baserri barruko espazio irekiek. XVI. mendeko baserria da. 2005ean, Eusko Jaurlaritzak kultur ondasun izendatu eta monumentu gisa katalogatu zuen. Baserria eskuz aldatu eta berritua zegoen, Agurtzane Garmendia Zubeldia (Anoeta, 1972), kasualitatez-edo, bertara sartu zenean. Bere ametsa betetzeko tokia topatu zuen. Orain, ezkontzak eta enpresa ekitaldiak antolatzen ditu bertan; baita kultur jarduerak ere. Martxoaren 8aren harira, esaterako, Sakatu Power izenburuko jarduera antolatu du, martxoaren 10erako.

Tradizio baten azken joskura

Tradizio baten azken joskura

Beñat Alberdi

Alderik alde apalak dira nagusi jostundegian, garai batean telaz lepo zeudenak. Egun kutxek hartu diete tokia. Hala ere, apal bakoitzak ezohiko zabalera dauka. Liburu edo apaingarri bilduma andana beharko litzateke betetzeko. "Telen neurrira eginak daude apalak", argitu du Maria Jesus Otaegik. Dendaren egungo jabea eta saltzailea da. "Kartoi batean biribilkatuta izaten genituen telak. Justu-justu sartzen ziren apalean, eta apal bakoitza goraino betetzen genuen". Izan ere, zabalak izateaz gain, altuera ere ez dute makala. Jostundegia, ordea, ez dago apalekin bakarrik betea: mahai luze bat dute erdialdean, bezeroak zerbitzatzeko; esekitokiak daude beste aldean, arropak eskegitzeko; apalak dituzte haien gainean; baita bi sarrera ere: bat arropak probatzeko txokora sartzeko, eta bestea lantokia izan zenera sartzeko. "Garairik onenetan, hamar edo hamabi pertsona ibiliko ginen hemen lanean". Orain biltoki bilakatu dute lantoki izan zena, nahiz eta oraindik lanak bertan egiten dituzten. Otaegik adierazi du dendak lehengo garaiak gogoratzen dituen itxura "klasikoa" mantendu duela. "Orain ere egiten dituzte garai bateko lan asko, baina ez guk egiten genituen moduan".

Artzeren lagun gazteak

Artzeren lagun gazteak

Asier Zaldua

Iragana eta etorkizuna ehundu zituen Joxean Artze poeta eta musikari usurbildarrak. Txalaparta bezalako instrumentu tradizional bat berreskuratzeaz gain, belaunaldi berriekin lan egin zuen. Urretxu eta Zumarragako Hits&Fits bandako kideekin, adibidez. Mundua gizonarentzat egina da, baina ez gizona munduarentzat ikuskizuna prestatu zuen gazte haiekin. 1994ko abenduaren 13an estreinatu zuten, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Orain, ikuskizun hartan parte hartu zutenetako batzuek Artze omenduko dute, otsailaren 24an, Beasainen.

Atez ate, kopla kantuan

Atez ate, kopla kantuan

Ane Olaizola
Hilaren 2an Kandelario, 5ean Santa Ageda, usadioa galdu ez dadin etorri gera eskera". Hala dio Santa Ageda egunaren bezperan kantatzen den koplaren zatiak. Ohiturari jarraituz, makila eskuan, Gipuzkoako herri eta txoko askotan aterako dira, beste urte batez, santa eskean, baserriz baserri koplak abestu eta bazterrak girotuz.