Sailkatugabeak

Espeziearen onerako

Espeziearen mesedetan...", zeinen esaldi polita. Ziurrenik animalien dokumentaletako esatarien esaldirik gogokoena. Rodrigeztar Felixek eta National Geographic-eko dokumentalek ekarri zuten gure etxeetara esaldi berri hau, eta zenbait bio-filosofok ed...

Animaliarik gabe elikatu eta gozatu

Azokan 120 tomate eta hogei dozena piper eskatu nizkion baserritarrari; harritu egin zen, baina ez zidan ezer galdetu", gogorarazi du Mikel Larrañagak. Zarauzko Putzuzulo gaztetxeko bilera gelan dago, Alberto Blazquezekin, Patxi Rodriguezekin eta Erik Juezekin. Hurrengo afaria antolatzeko bilduta daude. Laurei erreparatuta, ez dute lehen begiratuan sukaldari itxura handirik. Eskaintzen duten menuez hizketan hasten direnean, berriz, zein osagai erabiltzen dituzten eta menuak nola egiten dituzten azaltzen, orduan erraza da haiek aurreko mantalarekin sukalde txokoan irudikatzea. Ez dituzte nolanahiko otorduak prestatzen; afari beganoak eskaintzen dituzte gaztetxean, hileko lehen ostegunetan. Maiatzean egin zuten lehen afaria, eta ordutik ez dute hutsik egin.

Jantokira gerturatzen denak osasuntsu eta goxo jan dezan saiatzen dira. Eta horretaz gain jendeak "animalia gutxiago" jan dezan lortzen badute, helburua beteta. Jantoki beganoen berezitasuna horixe baita: ez haragirik, ez arrainik, ezta haiengandik eratorritako ezer ere; arrautzarik, esnerik edo gaztarik ez, esaterako. Egunerokoan, Juez bakarrik da beganoa; gainerakoak begetarianoak dira. Animalietatik eratorritako elikagaiak jan ditzakete.

"Bateren batek pentsatuko du entsaladak eta pasta bakarrik eskaintzen ditugula jantokian, baina errealitatea oso desberdina da", diote denek. Hain zuzen, maiatzetik hona eskaini duten jaki eta menuen zerrendak gosea piztu diezaioke edonori: txokolate bizkotxoak, bananaz eta kokoz egindako izozkiak, azenario tartak, enpanadak, oliba gibel-oreak, barazki kremak eta hanburgesak, entsaladak... Bospasei plater eskaintzen dituzte aldi bakoitzean. Trukean, ezer gutxi eskatzen dute: borondatea.

Egitasmoak izan duen harrerarekin pozik daude, aulki asko bete direlako lau hilabete hauetako saioetan. "Maiatzean, lehen afarian, 60 lagun inguru izan ziren. Ekainean 80-90, eta uztailean eta abuztuan ehundik gora etorri dira", azaldu du Bazquezek. Gorakada uda giroak bultzatutakoa izan daitekeela esan dute, apal.

Hala ere, gaur egun gisa honetako zerbitzuak falta direla uste dute. "Zarautzen, esaterako, ez dago jatetxe beganorik". Rodriguezen ustez, herriko jatetxeetan begetarianoei ematen zaien informazioa eskasa da gainera, eta sukaldariei "imajinazioa falta" zaiela uste du: "Begetarianoentzako eta beganoentzako egokiak diren platerak zein diren ez dute azaltzen inon. Eta jakiak eskaintzerakoan ere, ez dute irudimen askorik erabiltzen". Aukerak badaude, ordea: "Ez dakit zenbat hilabete goazen, baina ez dugu menurik errepikatu oraindik. Eta ez dugu plater bat eskaintzen; bospasei izaten dira aukeran", azaldu du Juezek.

Elikatzeko moduei dagokienez beste herrialde batzuetan aurreratuago daudela uste du Bazquezek: "Alemaniara edo Ingalaterrara joan, eta supermerkatuetan elikagai guztiak ondo sailkatuta eta informazio egokiarekin aurkitzen dituzu. Hori pixkanaka ikusten da hemen, baina oraindik falta da", dio. Etxetik kanpo jateko orduan, Juezek du zailen: "Lagunek kanpoan jaten dutenetan, etxetik afalduta ateratzen naiz normalean". Besteak nola edo hala moldatzen dira, Blazquezek azaldu duenez: "Guk patata tortilla pintxoa har dezakegu, edo pasta; nahiz eta gazta eduki, jaten dugu. Erikek du zailen, gogorren". Herrian ez dagoen eskaintza hori bere gain hartu du talde honek. Eskariari dagokionez, gero eta jende gehiagoren aukera dela uste dute denek: "Orain urte batzuk begetarianoren bat bazegoen gaztetxean; gaur egun zabalduz doa aukera hori, eta gero eta gehiago dira".

Zarauztik kanpoko panoramari dagokionez, Gipuzkoa mailan pixkanaka aurrera egiten ari dela uste dute: "Gero eta gaztetxe gehiagotan ari dira honelako ekimenak egiten", azaldu du Larrañagak. "Gero eta mugimendu gehiago dago. Ea gaztetxe gehiago animatzen diren pixkanaka", gaineratu du.

Afariaren ondoren, kontzertua

Zarauzko gaztetxekoek prestatzen dituzten menu beganoez gozatu nahi dutenek, datorren ostegunean izango dute hurrengo aukera. Oraingo honetan, afariaz gozatzeaz gain, zuzeneko musika entzuteko aukera ere izango dute. Gaztetxeak bakarlari baten emanaldia lotu berri duela jakinarazi du Larrañagak bileran: "Kanadako bakarlari batek kontzertua emango du 23:00etan. Old Seed du izena". Ez da izango hurrengo osteguneko plus bakarra. Izan ere, hemendik aurrera afari bakoitzeko menuko errezetak eskuragarri jarriko dituzte gaztetxean bertan. "Afaria izan den bakoitzean informazioa eskatu izan digute askok eta askok; menuko jaki bakoitza nola egiten dugun, zer osagai erabiltzen dugun... informazioa eskatzen dute", azaldu du Rodriguezek. Hemendik aurrera, beraz, zerbitzu hori ere eskainiko dute. Blazquezek azaldu duenez, Facebookeko beraien orrian gaiari lotutako hainbat informazio, errezeta eta dokumental dago. Larrañagak segituan baliatu du aukera bi proposamen egiteko: "Jendeari gomendatzen diot ikus ditzala A carne é fraca (Haragia ahula da) eta El emotivo mundo de los animales de granja (Etxaldeko animalien mundu sentibera) dokumentalak". Animaliarik gabeko elikadura defendatzen dute.

Osteguneko afariari dagokionez, bertaratzera animatzen direnentzat aholkatu bakarra dute: garaiz ibiltzea. Izan ere, "bigarren afarian hamabost lagun berandu agertu ziren eta tokirik eta janaririk gabe gelditu ziren", Rodriguezek gogorarazi duenez. Antolatzaileen arabera, afari beganoetara "mota guztietako jendea" gerturatzen da, gaztetxean ibili ohi direnetatik hasi eta haur txikiak dituzten gurasoetaraino. Herrikoak izaten dira gehienak, baina kanpotik ere hurbiltzen direla azaldu dute: "Donostiatik, Usurbildik eta Ipar Euskal Herritik ere etorri izan zaigu jendea".

Afariak prestatzeko hainbat bilera egiten dituzte, baina lan gehiena bezperan egiten dute. Hurrengo asteazkenean, beraz, erosketak egin eta janaria prestatzen arituko dira. Errezetak Internetetik ateratzen dituzte normalean, eta haietako batzuk aurrez nork bere etxean egiten ditu, proba gisara. Errezetekin arazo handirik ez dutela izan adierazi dute: "Kantitateek ematen dute burukomin gehiago". Hala ere, barrez gogoratzen dute txokolate moussea egin beharrean nola atera zitzaien irabiakia, eta nola ausartu ziren gazta beganoa egitera: "Trinkotasuna falta zitzaion, baina gazta zaporea bazuen".

Gizakia Helburu, beste erreferentzia ezinbestekoa

Gipuzkoan drogekiko menpekotasunak jotako pertsonak artatzeko beste egitasmo ezinbesteko bat bada AGIPAD erakundeaz gain: Gizakia Helburu. 1985. urtetik dihardu, eta Izan fundazioaren barruan dago egun. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: mendekotasunak...

Barrura begiratzen ikasteko

Familia baten antz handia du. "Oiartzungo kiroldegian, familia txartela eta dena dugu", azaldu du, irribarrez, Haize-Gain komunitate terapeutikoko zuzendariak, Amalia Urkiolak (Irun, 1961). Oiartzungo herriko kaskotik aski urrun dute egoitza, Artikutzarako bidean, basoan gora, errepide sigi-sagatsu baten alboan; han, drogekin lotutako mendekotasunei aurrea hartu ezinik dabiltzan gizon eta emakumeak artatzen dituzte 1982tik. Joan den larunbatean 30 urte bete zituzten. AGIPAD Drogen Abusuak Ikertzeko eta Prebenitzeko Gipuzkoako elkarteak kudeatzen du hasieratik komunitatea, aitzindari. Taldeko kideek diotenez, proiektua abiatu zutenean, Euskal Herrian ez zen parekorik; atzerrira jo zuten erreferentzia bila: Ingalaterrara, Ameriketako Estatu Batuetara. "Haize-Gain izaera profesionala zuen lehendabiziko komunitate terapeutikoa izan zen estatuan", gogoratu du Urkiolak. "Bizirik jarraitzen duen zaharrena da egun". Eskari anitz dituzte oraindik: "%100ean eman dugu urtea". Baso hertsiak, isiltasunak, barrura begiratzen laguntzen dute. "Bizitzan geraldi bat egiteko toki aproposa da hau".

1980ko hamarkada hasieran heroinaren kontsumoak gordin erasan zion gizarteari, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz ekin zioten lanari. Egun harremanetan jarraitzen dute diputazioarekin, baina 1990. urtetik Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin duten hitzarmen baten ekimenez dihardute jardunean. 1986tik ari da lanean Haize-Gain komunitatean Urkiola. Ez orduko gisan: "Esperientziak erruz erakutsi digu". Garai hartan, Artikutzarako bidean zegoen baserri zahar bat zuten egoitza bakar. "Animaliak eta dena genituen; behiak eta antzarak; benetako etxalde bat zen hura". Oraindik ere komunitatearen parte da eraikin hori, baina beste berriago bat ere badute, oraingo premietarako egokiagoa. Muinean hasierako printzipioei eusten dietela dio: profesionalek lan egiten dute komunitatean, akonfesionala da, eta taldeko bizitzari garrantzi handia ematen diote. "Psikiatriaren beste eredu pasiboago batzuen aldean, hemen egoiliarra eragile da bere prozesuan; haren parte hartze aktiboa sustatzen dugu, eta gizarteko parte izatea nahi dugu, baztertu gabe". 22 pertsonarentzako tokia dute egun. Oro har, joaten zaizkien %80 gizonezkoak izaten dira, "25 urtetik 50 urtera artekoak".

Hamahiru profesional taldean

Urkiolak dio prozesuan "giltzarri" dela komunitate terapeutikoan lanean diharduen profesional taldearen lan ona. "Etengabeko trebakuntza ezinbestekoa da", azaldu du, "eta lantaldea zaintzea ere bai". Emozioek bor-bor egiten dute sarri etxean, gainezka egiteraino, eta etxeko profesionalek ere arreta psikologiko berezia jasotzen dute. "Taldeak urte askoan irauteko era bakarra da hori". Hamahiru lagun dira: zazpi hezitzaile, hiru psikologo, bi gizarte hezitzaile eta administrazioko arduradun bat. Denen artean, koordinazio estuan, etxeko eguneroko martxa antolatzen dute: sukaldeko lanak, garbiketa, baratzeko eginbeharrak, aisia, eta abar. Hala ere, lan horien ardura egoiliarrek beren gain hartzea nahi dute. Antolaketa sistema "hierarkiko" hertsia eta arau ugari dituztela aitortzen du zuzendariak, eta horien arabera doazela erabiltzaileak etxe barruko lanen ardurak hartzen, autonomia irabazten eta gizarteratzeko bidean aurrerapausoak egiten.

1980ko hamarkadatik erruz aldatu da testuingurua. Heroinaren kontsumoak behera egin ahala, aldaketa agerikoa izan da. "Egun, droga klase bat baino gehiago hartzen duten pertsonak datoz sarri: kokaina, alkohola, anfetaminak...". Itxuraz gizartean errotuago dauden gizon eta emakumeak dira, ez hain hautsiak. Baina min handia ikusten dute usu artatzen dituztenen izaeraren muinean: esaterako, gero eta patologia psikiatriko gehiago atzematen dituzte. "Kontsumoaren atzean sarri nortasun egitura zehatz bat agertzen da, patologia psikiatriko batzuei lotua, eta pertsona horiek drogekin arazoak izateko joera izatea dakar horrek", esplikatu du Urkiolak. "Badira psikologikoki zaurgarriagoak diren pertsonak".

Hor ikusten du urteotako eboluzioaren mamia. "Ulertu dugu kausa ugari daudela drogen kontsumoaren atzean —biologikoak, sozialak eta psikologikoak— eta, ondorioz, tratamendu integral bat eskaini behar dugula", azaldu du. Usu menpekotasun arazoak "sintoma" bat direla ikusi dute, pertsonaren nortasunean dauden hainbat "zauriren" ondorioa. "Horrek, tratamenduak eskaintzean malguagoak izatera eraman gaitu. Pertsona bakoitzaren araberako tratamendua eman nahi dugu; orain 30 urte askoz ere uniformeagoa zen dena". Eboluzio positiboa izan dela uste du Urkiolak. Baina, bere gordinean, onartzen zaila. Abstinentzia hutsak beti ez dakarrela sendabide osoa ikusi dute, sarri agertzen dela min sakonago bat, arazoaren muin barnekoago bat. "Drogaren arazoa desagertzean hor buruko gaitz bat geratzen da, edota nolabaiteko elbarritasun bat, eta hori onartzea zaila da", esplikatu du. Denborarekin ikusi dute, halaber, beste hainbat mendekotasun badirela,"substantziarik gabeak": ludopatia eta sexuarekiko menpekotasuna, esaterako.

Alde "osasuntsua" lantzen

Maiz bizi-esperientzia aski gogorrak pasatutako gizon eta emakumeak dira drogekin menpekotasun arazoak izaten dituztenak. Zauri horiek orbaintzeko giltzak ematen saiatzen dira Haize-Gainen; beren alde "osasuntsua" garatzera bultzatzen dituzte. Horretara bideratzen dituzte komunitate barruan banaka zein taldeka egiten dituzten terapiak. Eta esperientzia baikor asko dituzte. "Oraintxe bertan, Behobia-Donostia lasterketa prestatzen ari dira komunitateko hainbat lagun", azaldu du Urkiolak, harro. Komunitateko hainbat kide ohik ere asmatu dute drogen zurrunbilotik at bizitza eraikitzen. "Noizean behin bisitan etortzen dira; badira, esaterako, ezkondu direnak, eta bikotekidearekin eta umeekin bisitan datozenak".

Bizipen zinez sakonak izaten dira Haize-Gainen, barrura oso sakon begiratzean sortzen diren horietakoak. Baina drogak utzi ostean berriro kontsumitzen hasten direnen aurrean "dramarik" ez dutela egin nahi izaten dio Urkiolak. "Normalizatzea da gakoa", borrokak etenik ez duela izan behar ulertaraztea.

30. urtemuga nola ospatuko duten ez dute guztiz argi; ia pentsatzeko astirik ere ez, Urkiolaren arabera. Jardunaldi batzuk antolatzen ari dira, eta badute Haize-Gainen bertan ekitaldiren bat egiteko asmoa ere, etxeko ateak parez pare zabalduta. 30 urteotan lagun izan dituztenak gonbidatuko dituzte, eta, bereziki, Oiartzungo agintari eta herritarrak. "Beti jokatu dute bikain gurekin".

“Dendetara joatea paseatzea bezala da New Yorken”

Jende ugari eta kontsumismo handia ikusi zituen Ibon Iraolak (Itsasondo, 1980) New Yorkera (AEB) joan zen lehen aldian; astebete pasatzera joan zen, baina hiri hark erakarri egin zuen: "Beti izan dut buruan New Yorkera lanera joatea". Gaur egun han bi...

FILMAREKIN BATERA, KONTZERTU BIRA

Aurreko larunbatean estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian Zuloak, Fermin Muguruzak ekoitzitako dokumentala. Neskaz osatutako rock talde baten istorioa kontatzen du; haien entseguak eta kontzertuak. Hasieran Zuloak benetako talde gisa aurkeztu zuten ...

Haize-Gainen artatutako pertsonak.

1982ko irailetik, abian jarri zutenetik, Haize-Gain komunitate terapeutikoan 2.000 pertsona inguru artatu dituzte. Erabiltzaile gehienak —%80 inguru— gizonezkoak izaten dira, eta 25-50 urte artean izaten dituzte.

KULEROAK BURUAN, MUNILLAREN ZAIN

Zarauzko parrokiako gau adorazioaren ehungarren urteurrena ospatu zuten larunbatean; mezara Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina joatekoa zen. Haren aurka protesta egiteko, kontzentrazio koloretsua antolatu zuen Pottorbero mugimenduak, sexu askata...

Iaz AGIPADek artatutako pertsonak.

Iaz, 821 erabiltzaileri eman zien tratamendua AGIPAD elkarteak, eta horien senideentzako zerbitzuetan, berriz, 1.491 lagunek hartu zuten parte. Denera 2.312 pertsona artatu zituzten. Prebentzioaren bidez 8.361 lagunengana iritsi ziren.

SIERRA LEONATIK AGURTZERA ETORRIAK

Larunbatean hilobiratu zuten Moses Kargboren gorpua; Kargbo duela hiru hilabete hil zuen etxekideak, Andoainen, baina, orain arte, haren familia Sierra Leonatik ekarri ezinda ibili da Arrats elkartea, eta gorpua sorterrira itzultzea garestiegia zen. A...