Sailkatugabeak

“Londresen ez dago ia bizitza sozialik”

Agurtzane Larrañaga (Tolosa, 1982) gaztea da, baina urte asko daramatza kanpoan bizitzen. Lehenengo irteera Belfastera (Ipar Irlanda) egin zuen, eta, gaur egun, Londresen bizi da, Hackney auzoan.

2001. urtean atera zen Tolosatik, eta Belfastera egin zuen bidaia. Hiru urtez luzatu zuen bertako egonaldia, eta garai horrek, besteak beste, ingelesa ikasteko balio izan zion. Hiru urteren ostean, etxera itzuli zen, eta urtebete Tolosan egon zen bizitzen. 2005eko udan hartu zuen Londresera joateko hegazkina. Han bizitzeko hautua egin zuen Larrañagak; makrobiotika munduan sartua zegoen, eta, janari makrobiotikoarekin elikatzen denez, han egin zituen horretarako ikasketak. Argi zeukan hortik bizi nahi zuela, eta Londresen, "beste hainbat gauzarekin gertatzen den moduan, ikasteko aukera zabalagoa zegoen", azaldu du. Hiruzpalau urtez egin zituen makrobiotikako ikasketak, eta enpresa txiki bat ireki zuen. Bizitzeko adina ematen dio, eta pozik dago egindako apustuarekin.

Eskaintza zabala du Larrañagak: "Familiekin lan egiten dut gehienetan, eta hainbat arlotako gomendioak ematen ditut. Ikastaroak ere eskaintzen ditut, eta janari prestatuaren zerbitzua ere badut". "Londres da, eta edozer gauza egin dezakezu", gaineratu du. "Sukaldaria naiz, eta niretzat janaria mundu bat da. Londresen elikagai asko eta asko oso eskura ditut". Bere lanbidea Euskal Herrian aurrera ateratzea, ordea, zaila izango litzatekeela iruditzen zaio, nahiz eta gero eta jende gehiago den makrobiotikoa.

Londresko bizitzari buruz galdetzean,"ona bezain txarra" dela kontatu du. Ama Tolosako Bedaio auzokoa duela ekarri du gogora, eta "mendi artean galduta" pasatu zuela haurtzaroa. Aldaketa erabatekoa da: "Londresen, alde batetik, kutsadura, estresa, jendea, kaosa, zikina... daude. Bestetik, ordea, ikasteko, lanerako, aisiarako hiriak eskaintzen dituen aukerak asko dira", adierazi du Larrañagak.

Familia osatu du Londresen, eta azken hiru urteetan bizitza aldatu zaio tolosarrari. Semeak 2 urte eta erdi ditu, eta alabak hilabete eta erdi baino ez. Londresen ama izateari alde ona bilatu dio: "Bai amatasun baimenaren aldetik, baita erditzeko aukerengatik ere. Haurdun zauden momentutik haurra etxean ala ospitalean izan nahi duzun galdetzen dizute, eta nik erditze naturala izan nahi nuen. Emaginak etxean bisitatzen ninduen, eta ospitalera ekografiak egitera baino ez naiz joan".

Gizarte ereduari dagokionez, Euskal Herrian jendea kexuka sumatzen du euskaldunak ere indibidualismorantz doazela eta: "Londresen bizitzen egonda eta behin familia osatuta, Euskal Herrikoa luxu bat iruditzen zait. Beti daukazu eskua emango dizun norbait, eta Londresen ez dago horrelakorik. Ez dago ia bizitza sozialik, eta bakoitzak bere bizitza egiten du. Gogorra da".

Familia giroa Euskal Etxean sentitzen du. Izan ere, bertan elkartzen dira Londresko euskal herritarrak: "Euskal Etxeak lan polita egiten du, eta bertan elkartzen gara. Kultura lanak eta horien zabaltzea egiten da bertatik. Londresen gauden euskaldun guztiak ez gara biltzen, baina taldetxo ederra gaude. Esaterako, Ken Zazpi eta Berri Txarrak taldeen kontzertuak antolatu zituzten, eta ehun pertsonatik gora elkartu ginen; normalean ez gara hainbeste lagun elkartzen", adierazi du.

Euskaraz eta Euskal Herriaz hitz egiteko aukera ematen die Euskal Etxeak. "Gure semeak euskaraz eta ingelesez hitz egiten du, eta hori inguru euskaldun batean bizi delako da. Gaztelaniarik ez daki", argitu du.

Ez dago urruti Londres, baina, lehen, urtean behin baino ez zuen egiten Euskal Herrirako bidea. Semea izan zuenetik, ordea, maiztasuna ugaritu egin du, eta denbora gehiago egoten saiatzen da.

Londrestarrak definitzerakoan identifikatuta sentitu da: "Mundu guztiko jendea bizi da, eta joan-etorri handia dago. Ez dira irekitzen jendearengana, zeren zertarako ireki? Lagunak egin ostean jendea badoa, eta ez du merezi. Ondorioz, atzerritarren aurrean itxi egiten dira". Hasieran, jarrera hori "oso zatarra" iruditzen zitzaion, baina, orain, ulertu egiten ditu: "Niri ere gertatu zait. Lagun onak egin ditut; euskaldunak izan dira, edota alemaniar bat, esaterako, baina bi urte pasatu eta jada badoaz, eta ez daude. Orduan, poliki-poliki, itxi egiten zara".

Londrestarrek, oro har, Euskal Herriaren eta euskaldunen berri badutela dio, eta berri gehienak politikarekin lotuak izan ohi direla ekarri du gogora: "Atentatuek eta su-etenek izaten dute oihartzuna".

Nahiz eta egunerokotasunean ez igarri, bizi diren auzoa, Hackney, ingurune gatazkatsua dela aitortu du. Baina, era berean, bizi izan den beste auzo batzuetan beldur handiagoa sentitu izan duela azaldu du. Dena den, erabakita dauka ez dituela haurrak bertan hezi nahi, eta begirada Euskal Herrian jarria du: "Euskalduna naiz, eta nire seme-alabek derrigorrezko ikasketak ikastola batean egitea gustatuko litzaidake. Izugarrizko gogoa dut etxera bueltatzeko, baina oraingo egoera ekonomikoak beldur handia ematen du".

“Gure garapen sistemak ez du balio; jasangaitza da, eta ez da solidarioa”

Krisi garaian, norbere etxea salbatzeko joera nagusitzen da, ohartu gabe besteak salbatu ezean norbera ere galbidera kondenatuta dagoela. Hala ulertzen dute garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE); horietako 46 elkarte biltzen ditu Gipuzkoako GGKEen Koordinakundeak. Hauteskundeak bertan direla baliatu dute alderdi politiko bakoitzari galdera egiteko: zein leku izan behar du garapenerako lankidetzak agenda politikoan? Asteartean mahai ingurua antolatu zuten Donostiako San Telmo museoan; Iñaki Orube (Donostia, 1971) koordinakundeko lehendakaria aritu zen aurkezle lanetan.

Zer moduz joan zen astearteko mahai ingurua?

Nahiko ondo. PPko ordezkaria ez zen agertu, azken unean abisatu zutelako Mariano Raxoi Bilbon zegoela eta ezin zela etorri. Baina etorri ziren PSE-EEtik Susana Garcia Chueca, EAJtik Iñaki Gurrutxaga eta Bildutik Jon Albizu.

Gipuzkoa solidarioaren erronkak zen gaia. Zein erronka zenituzten buruan?

Alde batetik, lankidetza mantentzea eta, gure kasuan, lankidetza deszentralizatua. Bestetik, alderdi politiko guztiek sinatutako aurrekontuen %0,7 lankidetzarako erabiltzea; eta, gainera, gizarteari ulertaraztea ez dugula zertan hemengo eta hango pertsonen artean aukeratu, baizik eta pertsona oro, hango eta hemengo, garela eztabaidagai nagusi eta, ondorioz, gobernuen politiken oinarri izan behar dugula.

Lankidetza deszentralizatua diozunean, zer esan nahi duzu?

Batez ere, udalek, foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak egiten dutena. Badago zurrumurru bat estatu mailan: Espainiako Gobernuak bakarrik nahi duela kudeatu lankidetza, eta guk laguntzak erakunde gehiagok bideratzea nahi dugu. Horrek oso alde positiboak ditu; harreman gehiago sortzen da gizartearekin, eta, gainera, udalek eta aldundiek badute esperientzia halako arloetan. Instituzio horiek dira herritarrengandik gertuen daudenak.

Krisiak nola eragin du?

Gaur egun hartzen ari diren erabaki politikoek ondorio larriak izango dituzte kolektibo ahulenengan. Hori ez da bidezkoa, eta, gainera, kaltegarria da, pobrezia gehiago sorrarazten baitu; bazterketa, emigrazio behartuak... Gure ustez, murrizketek ez dituzte gizarte politikaren arloak ukitu behar, eta hor sartzen ditugu lankidetzarako politikak.

Momentu egokia aukeratu duzue politikarien hitza hartzeko.

Orain arte ez da gai hauen inguruko eztabaidarik bideratu alderdi politikoen artean. Batzuek uste dute eskainitako laguntza hobetu behar dela, bai kalitate aldetik, baita kopuru aldetik ere; eta batzuek diote hau ez dela ezer hitzemateko garaia. Eta badira beste batzuk euren ekintza eta jokamoldeekin lankidetza bazter batean galduta uzten ari direnak. Hori nahi genuen mahai gainean jarri.

Asteartean zein jarrera erakutsi zuen alderdi bakoitzak?

Diskurtso politikoki oso zuzena eduki zuten. Ia denak agertu ziren garapenerako lankidetzaren alde eta politika sozialetako murrizketen aurka.

Kanpainaurrea da. Garapenerako lankidetza gero benetan agenda politikoan sartuko dutela uste duzu?

Garapenerako lankidetza eta hezkuntza normalean ez dira agertzen agenda politikoetan, baina sartzen dituzte politika sozialetan. Asteartean behintzat esan zuten politika sozialek lehentasuna dutela eta uste dutela murrizketak beste arloetan egin behar direla.

Dena den, egoera dagoen bezala, pentsatzekoa da gehiago joko dutela laguntzak tokiko arazoetara bideratzera, kanpoko lankidetza harremanetara baino.

Gure ustez, ez dago aukeratu beharrik hemengo edo hango jendearen artean; guretzat, murrizketak egin daitezke beste arloetan. Egin dezakete beste politika fiskal bat; beste zerga batzuk jarri, finantza merkatuak erregulatu... Asteartean jarri genuen adibide bat ematearren: Espainiako Gobernuak gastu militarrak soilik %8 murriztu ditu, baina hezkuntzan eta kulturan %22, eta garapenerako lankidetzan, %70. Eta hori borondate politiko kontua baino ez da.

46 elkarte Gipuzkoan; ez da gutxi.

Garapenerako laguntza bidegabekerien ondorio da; pobreziaren eta bazterkeriaren aurrean zerbait egin behar dela uste duen gizartearen eskaera bat besterik ez da. GGKEok eskaera hori gauzatzen dugu: bideratzen ditugun proiektuek txirotutako herrialdeetako milaka pertsonak euren oinarrizko eskubideak lortzea ahalbidetzen dute; hor sartzen dira hezkuntza, osasuna, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, elikagai subiranotasuna, azpiegiturak...

Proiektu guztiak beste herrialdeetan gauzatzen dituzue.

Garapenera bideratutakoak, bai; hemen, garapenerako hezkuntza eta sentsibilizazioa egiten dugu, eta hori guretzat ere garrantzitsua da. Guretzat, gizartean oraindik ez dago nahikoa sentsibilizazio gai honi dagokionez; horregatik, lankidetzan dihardugunon lan ildo nagusienetako bat hezkuntza da. Baita eraginkortasun politiko eta soziala ere; jakin badakigu hemengo gizartea ere aldatu behar dela. Gure garapen sistemak ez du balio; jasangaitza da, eta ez da solidarioa. Horregatik lantzen dugu gai hau; gizartea aldatu behar dugu, mundua aldatzeko.

Solidaritatea hazten ala txikitzen doa?

Txikitzen. Ikusten duguna da gizartean ari dela diskurtso bat zabaltzen, lehentasuna hemengo jendearekin dagoela, eta alderdi batzuk ere ari dira hori sustatzen. Hori aldatzean datza gure lana: hezkuntzaren bidez sentsibilizatzen. Erakutsi nahi dugu ez dela aukeratu behar; pertsona guztiek izan behar dutela lehentasun politikoa, eta murrizketak egin behar badira, ez daitezela egin pertsonei kalte egiteko.

PUNK DOINUAK DOKAN

Crucificados por el antisistema diskoa aurkezteko bira egiten dabil Lendakaris Muertos, eta Donostian joko du bihar, Doka kafe antzokian, 21:00etan. Betiko estiloarekin jarraitu dute azken diskoan ere; ironia eta kritika sozial eta politikoz betetako hamazazpi abesti prestatu dituzte. Maldito Recordsekin kaleratu du Iruñeko punk taldeak seigarren diskoa. Euskal Herrian eta Espainian joko dute hurrengo asteetan.

Esnatzean

Batzuetan badirudi egun denak berdinak direla… Lanean gaudenean oporretan gaudenean baino gehiago, baina udako egun euritsu edo tristeetan ere izan ohi dugu halako sentsaziorik, batez ere gurearen moduko herrietan, hondartzarik gabekoetan, arratsaldez ia dena itxita egon ohi den horietakoetan.

Era batera edo bestera, ez gara geldirik egoteko jaio; patxada eta lasaitasuna bolada batez onartuko baditugu ere, gizakia mugimendua da, eta bizitza, etengabeko dantza bat.

Norberaren gelditasunetik ere, aise ikus daiteke dantza hori, behatuz gero. Askotan, ordea, denbora falta horretarako, begiratu hutserako ere! Mantsoago joan behar zerbait ikusiko badugu, eta gaur egungo gizartea ez dago horretara ohitua, arauak errespetatzea ezinbestekoa zaigulako, batzuen batzuek hala agindu digutelako.

Hara ene proposamena: behatu patxadaz herri bat nola esnatzen den goizero. Minuturo kamera batekin argazki mordo bat aterako bazenitu bezala, gero abiadura azkartu eta denak batera segidan ikusteko.

Herrian, gurearen moduko batean, bostak alderako etxetik entzun daiteke motorren baten zarata. "Badoa hori lanera". Goiz sartuko da, bai, baina eguerdirako etxean da bazkaltzen. Oraindik gera zintezke pixka batean ohean. Edo puska batean! Zazpietan autoak hasi dira hara eta hona, zortzietan lantegietako sirenek egunaren hasiera markatzen dute…

Belarritik sartzen denak ere badakar informazio mordo bat. Ikusten ez den horrekin, irudimena lantzeko jarduera aproposa izan daiteke bide batez.

Behaketari eskainiko dizkiogu minutu batzuk jarraian. Jarri helmuga bat: zure lantegia izan daiteke, autobus geltokia edo kafetegia. Goizeko zazpietan ez dira asko egongo irekita, baina bakarren bat seguru baietz, edo okindegia bestela.

Aspaldi ez nuela gaurkoaren moduko sentsaziorik izaten! Eder bezain xelebrerik. Poliki noa kalean, autorik gabe bazoaz poliki zoazela esan daitekeelako. Ilun dago dena, inor ez da inon ageri. Belarriak goizero esan didan moduan, autoak bai, hara eta hona, baina gehiegi ere ez. Euria iragarri dute irratian, baina oraingoz bazterrak lehorrak daude, hezetasuna da nagusi. Usainak ere desberdinak direla, ba, herriaren esnaeran! Logelak goizero aireztatzen ditugun bezala, herriak gaua erabili behar horretarako, egunez berriro ere guztiongandik zerbait jasotzeko. Hamar minutu oinez ibili eta gero, bi lagun gurutzatu ditut. Bueno, lagunak ez dira, ulertzen didazue. Lanera doazen bi emakume, edo hori agindu dit barrenak. Baina batek daki! Lorezain moduan lanean aritu nintzen urte haietan, goizean goiz hasten ginen gu ere hemengo eta hango belarrak txukuntzen. Egunsenti eder askoak ikusitakoa naiz orduan, alajaina… Baita zimel askoak ere! Euria goian eta behean, eta lanak ez du etenik… Bueno, ba hori, goizeko zortzietarako ikusten genituen taldetxoak pasieran, erritmo bizian, berriketa alaian, emakumeak batez ere. Orduan ezin ulertu goizean goizeko paseo galdu ezina, baina orain, orain beste kontu bat da. Baina hori beste baterako utziko dugu.

Helmugara iritsi aurretik ikusi duzu kafetegi bat zabalik, bake ederrean. Kafe usaina izkinatik nabari daiteke. Goizeko kafe usaina baino aroma gozoagorik!

Okindegia ere martxan da. Ummm… Labetik atera berri den ogiaren usain ederra urrundik antzeman daiteke…

Autobus geltokira iristean, herria esnatzen ari dela konturatu zara. Ez dago algararik, apenas hitzik, baina hor hasten da taupada. Bihotzaren aurreneko taupadak, egunaren bukaeran berriro lokartuko direnak.

Begiratuta bakarrik ez da ikusten. Ikustea lortzen dugun horietan, ordea, egun denak desberdinak izan daitezkeela sinesteko gai naiz.

“Bihar gauzak aldatuko diren itxaropenarekin bizi naiz”

Ezpainek noizbehinka amorrazioz dardara egiten diotela kontatu du Felix Lakpak bere historia, gaztelania garbian, eta kazetariari kosta egin zaio une batzuetan negarrari eustea. Nigeriatik Euskal Herrira etorri zen Lakpa, orain dela hamahiru urte, han hiru seme eta emaztea utzita. Geroztik, bi aldiz bakarrik bisitatu ahal izan ditu. Duela lau urtetik lanik gabe dago, eta apenas duen diru laguntzarik; beraz, bere ondasunak saltzen pasatu du uda, jan ahal izateko. Egoeraren gordintasunaren gainetik, ordea, izugarrizko indarra eta borrokatzeko nahia transmititzen ditu. Baikorra da.

Nola erabaki zenuen hona etortzea?

Nigerian Gorputz Hezkuntzako irakasle gisa urte askoz lan egindakoa naiz, eta petrolio enpresa batean lanean nenbilen hona etorri baino lehen. Mundua ikusi nahi nuen; nire herrialdetik irten gabe nengoen. Medikuntza edo Zuzenbidea ikastea izan da nire desioa betidanik. Lana banuen; ez nintzen etorri gose nintzelako.

Zer espero zenuen hemen aurkitzea?

Bizitza duinago bat, baina iritsi eta ohartu nintzen nire planek ez zutela ezertarako balio. Galduta, nora jo jakin ezinda geratu nintzen: "Zer da hau? Non nago?"

Nora iritsi zinen?

Madrilera. Maparen aurrean jarri, eta Donostiara etortzea erabaki nuen. Ez nuen inor ezagutzen. Amerikako misiolariekin egon nintzen bi hilabetez lehendabiziko lana aurkitu arte, eta Errenterian gela bat alokairuan hartzeko aukera suertatu zitzaidan.

Etorkina izateagatik bazterketarik izan al duzu lanean?

Bai, askotan. Bizileku baimena berritzeko lan kontratua duzula frogatu behar izaten da, eta nagusiak sinatzen du. Behin, sinadura eskatzera joan nintzaion bati, eta egun horretan bertan arduradunak kalera bota ninduen ezer esan gabe.

Zein lanetan aritu zara?

Zurgin, errepideak eta zubiak konpontzen... Denetik egindakoa naiz. Itziar inguruko harrobi baterako kontratu mugagabea sinatu nuen, 2005ean. 2007ko urtarrilean, oporrak hartu eta Nigeriara joan nintzen familia bisitatzera, eta itzulitakoan lanik gabe utzi ninduten. Harrobiaz arduratzen zen enpresa aldatu egin zuten, eta ez zuten nahi izan nirekin hitz egin ere. Azken kitatzerik gabe, kale gorrian utzi ninduten.

Irunen etxe bat erosi ere egin zenuen.

Bai, baina lanik gabe geratu nintzenean ezin izan nuen ordaindu, eta etxea enkantean jarri zuen banketxeak. Familia hona ekartzea zen asmoa.

Geroztik lanik aurkitu al duzu?

2008tik hona, oso aldian behin bakarrik. Zortzi hilabeteko langabezia amaitu, eta aldundiaren diru laguntzei esker iraun dut apirilera arte. 850 euro hilabetean. Laguntzak ez zizkidaten berritu, berez gizon ezkondu gisa agertzen nintzelako, eta hemen familiarik ez nuelako.

Zer egin duzu?

Helegite bat jarri diet Adiskidetuak elkartearen laguntzarekin.

Apiriletik aldundiaren laguntzarik gabe. Nola moldatu zara?

Jakin nuen diru laguntza bat zegoela 45 urtetik gorakoentzat, eta horrekin moldatu naiz, baina ez dut aurkitu lanik. Ondasunak saltzen ibili naiz udan, jan ahal izateko gutxienez. Erlojua; sakelakoa, 20 euroan; janaria prestatzeko labea, 80 euroan… Izugarri gaizki pasatu dut, egia esan. Hiru hilabetez ez nuen modurik izan alokairua ordaintzeko. Eskerrak jabea gizon jatorra den, eta lasai egoteko esaten zidan. Laguntza hau hilabete honetan bukatzen zait; aurrerantzean ez dakit nola ordainduko dudan alokairua.

Nondik ateratzen duzu indarra?

Nola azalduko nizuke? Izugarri baikorra naiz, eta ez nau ezerk gogogabetzen. Bihar gauzak aldatuko diren itxaropenarekin bizi naiz; bizitzan beti borrokan jarraitu behar dela uste dut, eta ez dut amore emango. Egoera honek ez nau bultzatuko nahi ez ditudan gauzak egitera. Batzuk drogak saltzen hasten dira nire egoeran, edo lapurtzen. Nik ez dut sekula horrelakorik egingo. Nire borondatez etorri naiz hona; Jainkoak bidali nau, eta hark ni kalean bizitzea nahi badu, bada, kalean biziko naiz.

Familia han izanda, hemengo norbaiten babesik ba al duzu?

Hemen ez daukat lagunik; ezagunak bakarrik dauzkat. Ezin naiz inorekin fidatu. Familiarekin telefonoz hitz egiten dut noizbehinka. Garai batean, dirua bidaltzen nien haiek hona etortzeko, baina orain, jateko dirurik ere gabe...

Ikasteko duzun grina izugarria da.

2002an unibertsitatera sartzeko azterketa egin nuen, baina ez nuen lortu. Autoen mekaniko eta xaflen pintore titulua aterata dauzkat, baina ez dit ezertarako balio izan. Informatikako goi mailako ziklo bat ikasten hasi nintzen gero. Urtebete falta zait.

Nigeriara itzultzea pentsatu al duzu noizbait?

Itzuli? Horrela? Ez, ez. Ez naiz horrelakoa. Bakoitzak bere nahiak ditu bizitzan, eta desio horiek lortzeko bide egokia hartu behar da. Bide egokian nagoela sentitzen dut, eta ongi sentitzen naiz neure buruarekin. Gose izan edo ez. Jainkoari borrokatzeko indarra eskatzen diot. Ezer ez da betiko; bizitza zirkulu baten gisakoa da: ez da inoiz geratzen. Egoerak aldatu egiten dira.

Epilepsiak markatutako istorioak

Zentzua 24 orduz galdu nuen. Eskolan nengoen. Ez dut ezer ere gogoratzen, baina badakit irakasleak zerbait arraroa sumatu zidala eta nire atzetik irten zela gelatik. Zubi bateraino joan omen nintzen, eta zapata handik behera bota". Virginia Cepedari ...

1936KO GERRAKO HAURREN ISTORIOAK

1937an Euskal Herritik erbesteratu zituzten zazpi haurren istorioa kontatzen dute Kukai eta Tanttaka taldeek 1937, gogoaren bidezidorretatik dantza ikuskizunean. 2002. urtean estreinatu zuten obra, eta harrezkero, arrakasta handia izan du; V. Donostia...

Etorkinen amets galduak

Krisiak gehien zigortzen dituen sektoreetako bat da etorkinena. Lan merkatuko egoera ilunak —kanpotarren langabezia tasa bertakoena halako hiru da: %30etik gora—, eta diru laguntzen eskasiak eta osasun arloko murrizketek ataka zailean utzi dituzte Gipuzkoako etorkin asko.

Garaiotako etorkinen soslaiaren berri ematen du Zarauzko Udalak kaleratu berri duen Migrazioak eta aniztasuna txostenak. Immigrazioa bultzatzen duten bi arrazoi nagusi aipatzen dira ikerketan. Batetik, jende askorentzat erretiroa hartzeko herria da Zarautz, eta horrek zainketa beharrak ugaritu ditu; bestetik, herriko ekonomian ostalaritzak pisu handia du, eta eskulan premia dago. Zarautzen erroldatzen diren atzerritarren erdiek dagoeneko ibilbide bat egina daukate aurretik, baina alokairuak inguruko herrietan baino garestiago daudenez, familia batzeko orduan askok herritik alde egin behar izaten du. Herri baten adibidea da, baina egoera ez da oso desberdina lurraldeko beste lekuetan.

Gipuzkoan, etorkin guztien %39 Hego Amerikakoak dira. "Eskualdeko etorkinak emakume latinoamerikarraren aurpegia du, batez ere. Etxeak garbitzen eta pertsonak zaintzen aritzen da, lan horietan kulturalki eta hizkuntzaren aldetik hobekien egokitzen direnak direlako"; interpretazio hori egin du Gorka Morenok, Ikuspegi Gizarte Gaien Behatokiko zuzendariak. Gipuzkoan 45.913 etorkin bizi dira gaur egun; biztanle guztien%6,5 dira.

Hain justu, emakume etorkinen eskubideen alde lan egiten du Zumaiako Malen Etxea elkarteak, eta etxerik gabe geratzen direnei ostatua eta otorduak eskaintzen dizkiete. Silvia Carrizo lehendakariaren arabera, krisiaren aurretik zituzten lan baldintzak "ia esklabotzaren parekoak" ziren. Orain, esklabotzara iritsi dira, eta okerragoa dena, gizartearentzat ikusezinak dira: "Adiskideak baditut, ia soldatarik jaso gabe, ostatuaren eta otorduen truke soilik aritzen direnak etxeko lanak egiten. Pertsona bat zaintzen gaua pasatu, eta lo egiteko lekua uzten diete, baina ez diete ezer ordaintzen".

Etorkinen zapalkuntza areagotu egin du krisiak, eta paperik gabe daudenak dira kaltetuenak. Lan merkatuan zeuden hutsuneak betetzen zituzten garai batean, bertakoek nahi ez zituzten lanbideak. Baina orain? "Lehen, iritsi eta berehala aurkitzen zuten lana; gaur egun, ez". Izaskun Etxeberriaren hitzak dira; Irungo Adiskidetuak elkarteko teknikaria da. Aholkularitza juridikoa eta tailerrez gain, elikadura eta arropak ematen dizkiete han biltzen direnei. "Bertakoentzat lanik ez badago, nola egongo da guretzat? Egoera oso zailean gaude", kexu da Mario Miranda, Estrella Radiante elkarteko lehendakaria. Hego Amerikako sei herrialdetako etorkinak biltzen dira bertan. Etxeko lanen kasuan, orain bertako emakume gehiago daude lan horiek egiteko prest. "Orduka etxeak garbitzera itzuli dira, eta familia askotan etxeko emakumeak hartu du aitona-amonak zaintzeko ardura, berriz ere".

Bizilekua izateko baimena duten etorkinak lanik gabe geratzen direnean, gizarte segurantzan kotizatzeari uzten diote, eta baimena berritzeko arazoak sortzen zaizkie, lan kontratuaz gain kotizazio kopuru batera iristea eskatzen baitzaie. Eta bizitzeko baimenik gabe, hasierako egoerara itzultzen dira; iritsi ziren egunera.

Osasuna ere, kolokan

Lan munduko zailtasunei babes falta gehitu behar zaie. Gertuko jendearen babes sarerik gabe, laguntza eskatzeko inor gabe geratzen dira. Elkarteek funtzio garrantzitsua jokatzen dute hor.

Guztiak kezkatuta daude Espainiako Gobernuak paperik gabe dauden etorkinei osasun txartela kentzeko hartutako neurriarekin. Eusko Jaurlaritzak erabakiari muzin egiteko asmoa agertu duen arren, ziurgabetasuna da nagusi. "Teorian, osasun arreta eskubide unibertsala da, baina praktikan, ez. Dagoeneko existitzen dira hainbeste eragin duten murrizketak: larrialdietara joaten diren etorkinei kobratu egiten zaie", adierazi du Carrizok.

Diru laguntzetan ere murrizketak nabaritu dituzte. Baldintzak gogortu egin dira eskariak egiteko orduan; autobuseko txartelak ateratzeko, esaterako, pasaportea nahikoa zen lehen; orain, bizitzeko baimena ere eskatzen dute.

Egoera ikusita, lanik gabe geratzen diren batzuk euren herrialdera itzultzen ari dira. Malen Etxeko bi emakumek alde egin dute orain gutxi. "Urte asko pasatu eta gero, izugarri gogorra egiten zaie, baina jendeak jateko dirurik ere ez du. Duela lau urte, hamar familia etortzen ziren janari bila elkarteko egoitzara; gaur egun, berrogeita hamar", deitoratu du Etxeberriak.

Morenok adierazi duenez, hala ere, etorkin gehiago iristen dira alde egiten dutenak baino, oraindik behintzat. Krisiak inguruan baino gutxiago eragin du Euskal Herrian, eta horregatik, iaz estatuko immigrazio tasarik handiena izan zuen EAEk. Espainian, sektorerik kaltetuenak eraikuntza eta turismoa izan dira; hemen indar txikiagoa dute.

Herrialdeen rolak aldatzen ari direla uste du Mirandak, eta Hego Amerika aipatu du. Haren ustetan, egoera asko hobetu da han azken urteetan, politika neoliberalak albo batera utzi zituztenetik. "Europatik ikasi zuten, eta orain begira zer gertatzen ari den hemen".

Pi-pi… kutara

Whatsappik ba al duzu?". "Ez". Hori da azkenaldian gehien erantzun dudan galdera. Eta ezezkoa ahoskatzen dudan bakoitzean erabateko atzeratua sentitzen naiz. Ez da teknologiaren kontrako jarrera dudalako, ezta burugogorkeria ere. Eta jakin badakit aur...