Sailkatugabeak

1936KO GERRAKO HAURREN ISTORIOAK

1937an Euskal Herritik erbesteratu zituzten zazpi haurren istorioa kontatzen dute Kukai eta Tanttaka taldeek 1937, gogoaren bidezidorretatik dantza ikuskizunean. 2002. urtean estreinatu zuten obra, eta harrezkero, arrakasta handia izan du; V. Donostia...

Etorkinen amets galduak

Krisiak gehien zigortzen dituen sektoreetako bat da etorkinena. Lan merkatuko egoera ilunak —kanpotarren langabezia tasa bertakoena halako hiru da: %30etik gora—, eta diru laguntzen eskasiak eta osasun arloko murrizketek ataka zailean utzi dituzte Gipuzkoako etorkin asko.

Garaiotako etorkinen soslaiaren berri ematen du Zarauzko Udalak kaleratu berri duen Migrazioak eta aniztasuna txostenak. Immigrazioa bultzatzen duten bi arrazoi nagusi aipatzen dira ikerketan. Batetik, jende askorentzat erretiroa hartzeko herria da Zarautz, eta horrek zainketa beharrak ugaritu ditu; bestetik, herriko ekonomian ostalaritzak pisu handia du, eta eskulan premia dago. Zarautzen erroldatzen diren atzerritarren erdiek dagoeneko ibilbide bat egina daukate aurretik, baina alokairuak inguruko herrietan baino garestiago daudenez, familia batzeko orduan askok herritik alde egin behar izaten du. Herri baten adibidea da, baina egoera ez da oso desberdina lurraldeko beste lekuetan.

Gipuzkoan, etorkin guztien %39 Hego Amerikakoak dira. "Eskualdeko etorkinak emakume latinoamerikarraren aurpegia du, batez ere. Etxeak garbitzen eta pertsonak zaintzen aritzen da, lan horietan kulturalki eta hizkuntzaren aldetik hobekien egokitzen direnak direlako"; interpretazio hori egin du Gorka Morenok, Ikuspegi Gizarte Gaien Behatokiko zuzendariak. Gipuzkoan 45.913 etorkin bizi dira gaur egun; biztanle guztien%6,5 dira.

Hain justu, emakume etorkinen eskubideen alde lan egiten du Zumaiako Malen Etxea elkarteak, eta etxerik gabe geratzen direnei ostatua eta otorduak eskaintzen dizkiete. Silvia Carrizo lehendakariaren arabera, krisiaren aurretik zituzten lan baldintzak "ia esklabotzaren parekoak" ziren. Orain, esklabotzara iritsi dira, eta okerragoa dena, gizartearentzat ikusezinak dira: "Adiskideak baditut, ia soldatarik jaso gabe, ostatuaren eta otorduen truke soilik aritzen direnak etxeko lanak egiten. Pertsona bat zaintzen gaua pasatu, eta lo egiteko lekua uzten diete, baina ez diete ezer ordaintzen".

Etorkinen zapalkuntza areagotu egin du krisiak, eta paperik gabe daudenak dira kaltetuenak. Lan merkatuan zeuden hutsuneak betetzen zituzten garai batean, bertakoek nahi ez zituzten lanbideak. Baina orain? "Lehen, iritsi eta berehala aurkitzen zuten lana; gaur egun, ez". Izaskun Etxeberriaren hitzak dira; Irungo Adiskidetuak elkarteko teknikaria da. Aholkularitza juridikoa eta tailerrez gain, elikadura eta arropak ematen dizkiete han biltzen direnei. "Bertakoentzat lanik ez badago, nola egongo da guretzat? Egoera oso zailean gaude", kexu da Mario Miranda, Estrella Radiante elkarteko lehendakaria. Hego Amerikako sei herrialdetako etorkinak biltzen dira bertan. Etxeko lanen kasuan, orain bertako emakume gehiago daude lan horiek egiteko prest. "Orduka etxeak garbitzera itzuli dira, eta familia askotan etxeko emakumeak hartu du aitona-amonak zaintzeko ardura, berriz ere".

Bizilekua izateko baimena duten etorkinak lanik gabe geratzen direnean, gizarte segurantzan kotizatzeari uzten diote, eta baimena berritzeko arazoak sortzen zaizkie, lan kontratuaz gain kotizazio kopuru batera iristea eskatzen baitzaie. Eta bizitzeko baimenik gabe, hasierako egoerara itzultzen dira; iritsi ziren egunera.

Osasuna ere, kolokan

Lan munduko zailtasunei babes falta gehitu behar zaie. Gertuko jendearen babes sarerik gabe, laguntza eskatzeko inor gabe geratzen dira. Elkarteek funtzio garrantzitsua jokatzen dute hor.

Guztiak kezkatuta daude Espainiako Gobernuak paperik gabe dauden etorkinei osasun txartela kentzeko hartutako neurriarekin. Eusko Jaurlaritzak erabakiari muzin egiteko asmoa agertu duen arren, ziurgabetasuna da nagusi. "Teorian, osasun arreta eskubide unibertsala da, baina praktikan, ez. Dagoeneko existitzen dira hainbeste eragin duten murrizketak: larrialdietara joaten diren etorkinei kobratu egiten zaie", adierazi du Carrizok.

Diru laguntzetan ere murrizketak nabaritu dituzte. Baldintzak gogortu egin dira eskariak egiteko orduan; autobuseko txartelak ateratzeko, esaterako, pasaportea nahikoa zen lehen; orain, bizitzeko baimena ere eskatzen dute.

Egoera ikusita, lanik gabe geratzen diren batzuk euren herrialdera itzultzen ari dira. Malen Etxeko bi emakumek alde egin dute orain gutxi. "Urte asko pasatu eta gero, izugarri gogorra egiten zaie, baina jendeak jateko dirurik ere ez du. Duela lau urte, hamar familia etortzen ziren janari bila elkarteko egoitzara; gaur egun, berrogeita hamar", deitoratu du Etxeberriak.

Morenok adierazi duenez, hala ere, etorkin gehiago iristen dira alde egiten dutenak baino, oraindik behintzat. Krisiak inguruan baino gutxiago eragin du Euskal Herrian, eta horregatik, iaz estatuko immigrazio tasarik handiena izan zuen EAEk. Espainian, sektorerik kaltetuenak eraikuntza eta turismoa izan dira; hemen indar txikiagoa dute.

Herrialdeen rolak aldatzen ari direla uste du Mirandak, eta Hego Amerika aipatu du. Haren ustetan, egoera asko hobetu da han azken urteetan, politika neoliberalak albo batera utzi zituztenetik. "Europatik ikasi zuten, eta orain begira zer gertatzen ari den hemen".

Pi-pi… kutara

Whatsappik ba al duzu?". "Ez". Hori da azkenaldian gehien erantzun dudan galdera. Eta ezezkoa ahoskatzen dudan bakoitzean erabateko atzeratua sentitzen naiz. Ez da teknologiaren kontrako jarrera dudalako, ezta burugogorkeria ere. Eta jakin badakit aur...

Distiraren alternatiba

Zinema alternatiboa

Donostia

Donostiako 60. Zinemaldiak hiria bederatzi egunez ponpoxten duen bitartean, "elitismo" horretatik aldendu nahi dute donostiar batzuek: Groseko Gazte Asanbladak hirugarren urtez antolatu du Zinemaldi Alternatiboa Kortxoenea gaztetxean. Astelehenean hasiko da, eta ostiralera bitartean, egunero, film bat emango dute, asteazkenean salbu: irailaren 26ko greba orokorrerako deialdiarekin bat egingo dute, eta egun horretan grebara joateko deia egin dute.

Gainontzeko egunetan, iluntzean, film bat emango dute. Astelehenean, Sua Lapurdiko sorgin ehizari buruzko film herrikoia —Euskal Herri osoko milatik gora estrarekin osatu dute—; amaieran, lantaldeko kide batek hitz egingo du. Asteartean, Ziztadak dokumentala emango dute; Euskal Herriko indarkeriarik gabeko erresistentzia erretratatzen du film horrek, eta pelikularen sortzaileetako batek hitz egingo du, Sabino Ormazabalek. Ostegunean, Segoviako ihesa emango dute; Eneko Olasagasti aktore eta zuzendariaren eta preso ohi baten solasaldia izango da gero. Ostirala Piraten eguna izango da: Batalla Naval de Vallecas eta Piratek 10 urte dokumentalak emango dituzte, Donostiako Piraten urteurrenaren harira.

Larunbatean amaituko da zinemaldia, baina egun horretan ez dute filmik emango. Aitzitik, parte hartzaileek egingo dituzte gero ikusi beharreko lanak. Film laburren rallya antolatu dute egun osorako; taldeek goizeko bederatzietan jasoko dute lehiaketarako baldintzen berri, eta egun osoa izango dute filmak grabatu eta editatzeko; 20:00etarako entregatu eta 21:00etan proiektatuko dituzte guztiak. Bestalde, martxan da hogei segundoko film laburren txapelketa; dagoeneko bidal daitezke lanak, YouTuben jarrita edo Groseko Gazte Asanbladari posta elektronikoa igorrita: grosekogazteasanblada@gmail.com.

EGITARAUA

Irailak 24. Sua.

Irailak 25. Ziztadak.

Irailak 27. Segoviako ihesa.

Irailak 28. Piraten eguna: Batalla Naval de Vallecas eta Piratek 10 urte dokumentalak.

Irailak 29. Film laburren rallya, ekitaldia eta kontzertuak.

Gipuzkoako etorkinak.

Krisiak krisi, areagotzen segitu du azken urteetan etorkin kopuruak Gipuzkoan. Gaur egun, biztanleen %6,5 etorkinak dira: denera, 45.913 pertsona, eta azken urteetan joera gorakoa izan da. 2008an, 35.935 etorkin zeuden, eta 2010ean, 42.449.

Zor bizia, kontrolpean

Krisi garaiak gogorrak izaten dira herritarrentzat. Erakundeek ere nozitzen dute lehortea. Herritarrengandik gertuen dauden instituzioak dira udalak, eta haietako batean baino gehiagotan ahal den moduan onartu dituzte 2012 urte honetako aurrekontuak. Mutrikun eta Errezilen, esaterako, eguneroko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituzte. Mutrikuk 5.100 biztanle ditu, eta 5 milioi euroko zorra. Errezilek 611 biztanle ditu, eta bere zorra 769.000 eurokoa da. Bi udalek ez dute nahiko diru sarrerarik gastuei aurre egiteko. Horrelakoetan, mailegu gehiago eskatzea izaten da aukeretako bat. Baina hortxe gehitzen dira bi herri horien arazoak. Izan ere, iaz onartutako foru arauak mugatu egiten du udalek mailegua eskatzeko duten askatasuna. Zein kasutan? Bada, udalen zor bizia —bankuekin duten zorra— %100 baino handiagoa denetan. Mutrikuk %118koa zuen 2011 bukaeran, eta Errezilek, %128,3koa. Kasu horietan, batzar nagusiek eman behar dute baimena, betiere udalek aldundiarekin hainbat baldintza adostuta.

Horixe egin du Mutrikuk. 450.000 euroko mailegua eskatzea adostu du Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun sailarekin, eta urriaren 3an bozkatuko dute alde edo kontra Batzar Nagusiek. Pauso hori "tramite hutsa" izango den itxaropena du Mutrikuko alkate Joseba Palenzuelak. Izan ere, egoeraren larria argi azaldu dio Gipuzkoako Hitza-ri: "Mailegua eskatuko dugu ez zorra handitzeko edo inbertsioak egiteko, aurrekontuari eusteko baizik". Trukean, "konpromiso batzuk" hartu ditu udalak, eta finantza plan batean bildu ditu : "Hurrengo urteetan baldintza jakin batzuen barruan landu beharko dugu aurrekontua; besteak beste, zergak eta sarrera propioak handitzeko neurriak hartu behar ditugu".

Aurten hartutako 450.000 euroko maileguaz gain, 250.000 euroko beste bat hartuko dute 2013an. Palenzuelaren ustez, aztertutako aukeren artean egokiena da hori: "Hasieran bankura jo genuen, maileguaren beste finantzaketa baten bila. Baina ikusi genuen birfinantzaketaren kostua milioi bat euro zela; herriaren zorra handitzea ekarriko luke horrek. Aldundiak beste aukera hau eskaini zigun, bankuen maileguei aurre egiten joateko". Izan ere, herriak "sarrera txikiak ditu, eta finantza zama, berriz, handia". Hau da, ez dauka nahikoa diru maileguen interesei eta egin beharreko diru itzulketei erantzuteko.

Aurreko astean hedabideetan zabaldu zenaz bestera, Errezilen, Maria Jesus Salsamendi alkateak ez du baieztatu aldundiarekin harremanetan ari direnik: "Oraingoz, Errezilgo Udalak ez du ezer hitzartu aldundiarekin, nahiz eta gauzak planteatzen ari garen". Beharko zerbait pentsatu, herrian jada hainbat murrizketa egin behar izan baitituzte. "Egoera ikusita, zenbait herritarrek Eskuz Esku Auzolana elkartea sortu dute zerbitzu batzuk herritarren artean aurrera eramateko", azaldu du Salsamendik. Udalak ere hartu ditu hainbat neurri: "Lehen murrizketa alkatearen soldatan egin zen. Aurreko alkatearen hileroko soldata 2.300 euro zen, eta orain 460 euro da —lanaldi murriztuarekin—. Herriko jaien aurrekontua ere erabat txikitu dugu, eta herriko lokalak garbitzeaz arduratzen den langilea bajan denez, haren ordezkoaren lanaldia erdira jaitsi dugu, gastuak murrizte aldera. Horiez gain, gastuak orokorrean jaisten ari gara". Herriko jaiei dagokienez, Salsamendik nabarmendu du herritarren parte hartzea dutela festak aurrera eraman ahal izateko.

Luze gabe eta luzera begira

Salsamendik aitortu du mailegua eskatzeko aukera aztertzen ari dela udala. Mailegu hori zertan erabiliko luketen ere azaldu du. Alde batetik, "uholdeen osteko lanak egitea kostatu dena ordaintzeko" izango litzateke, eta bestetik, "2009ko eta 2011ko foru funtsak itzultzeko eta 2011ko negatiboari aurre egiteko".

Errezil herri txikia izateak egoera larri horrekin loturarik baduen galdetuta, gogoeta egin du Salsamendik: "Landagune zabaleko eta biztanle gutxiko nekazari herria da Errezil. Nekazaritza lur jota dago, eta industrialderik ez dagoenez, udalak diru sarrera eskasak ditu. Ondorioz, sarrera horiek ondo kudeatzen ez badira, ez da zaila egun dugun egoera larri eta tristera heltzea". Hala, Salsamendik azaldu du 2006an zor bizia %48tik %104ra igo zela, eta hortik, gaur egungo mailaraino: %128. Palenzuelak ere antzeko datuak eman ditu: "Badirudi orain %118ko zor bizia izatea eskandalagarria dela, baina 2004tik ez da %100etik jaitsi; egiturazko arazoa da".

Palenzuelarentzat, "sozioekonomikoki gain behera etorritako herria" da Mutriku, eta haren ustez ere, herrian enpresa gutxi egotea da diru sarrerak txikiak izatearen arrazoia: "Azken hamabi urteetan enpresa asko itxi dituzte herrian, batzuk handiagoak, besteak txikiagoak, eta horien ordez ez da sortu enpresa berririk". Egoera horri buelta ematea da Palenzuelaren nahia, eta azaldu du udala "horretan lanean" ari dela.

"Eskualdeko garapen agentziarekin batera eta herriko agenteekin elkarlanean, 2020ko Mutrikura bideratutako prozesu bat egin dugu, Mutriku 2020 horizonte bati luzatzen izenekoa. Hainbat helburu jarri ditugu, eta ari gara zenbait proiektu planteatzen".

Egitasmo horiek gauzatzeko dirua behar da, ordea. Horretan ari direla argitu du Palenzuelak: "Herrian aktibitate ekonomiko berriak sortzeko proiektuak partez finantzatu nahian, ari gara hizketan Eusko Jaurlaritzarekin, aldundiarekin...". Hala ere, errealista izaten saiatzen da: "Gauza hauek ez dira egun batetik bestera loratzen; urteak beharko dira, baina hazia orain bota beharko dugu, eta horretan ari gara". Luzera begira jarrita dago Palenzuela. Azken urteetan, enpresak inguruko herrietan bildu dira. "Industrialdeak A-8 autobidearen ardatzaren bueltan daude, eta horrek, nahi edo ez, jarduera ekonomikoaren zirkuitutik kanpo uzten gaitu. Zerbait asmatzen ez badugu, zaila izango da enpresak hona erakartzea".

Immigrazio legeei buruzko hitzaldi sorta Zarautzen

Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendaritzak migrazioari dagozkien legeei buruzko hitzaldi sorta bat antolatu du Zarautzen, herri horretako udalarekin batera. Martxoaz geroztik, hiru saio egin dituzte; azkena asteazken honetan bertan izan da. Bilera h...