Sailkatugabeak

ArcelorMittal enpresak soldatak jaitsiko ditu

Arcelor Mittal multinazionalak iragarri du hainbat neurri hartuko dituela, eta Zumagarrako enpresari ere eragingo dio. Enpresaren igorpenak herriko aire kutsaduraren arrazoietako bat dira. Langileen soldatak jaitsi, eta urteko lanaldia 12 egunez luza...

HIP HOPA ETA POLEMIKA

Ikus-entzuleak eta hedabideak hip-hop, rap eta punkaren arteko nahasketara eta hitz polemikoetara ohitzea kostatu bazitzaien ere, dagoeneko hogei urtetik gora bete ditu Def Con Dos taldeak. 1990. urtean sortu zen, Vigo (Galizia) eta Madril artean, eta Alex de la Iglesiaren filmetako musikak eman zion fama. 20. urteurrena ospatzeko, disko berezia atera dute: La culpa de todo la tiene Def Con Dos. Bihar Oñatiko Gaztelekuan joko dute, 22:30ean.

Barreak

Badago barre bat, umearena, gardena eta freskagarria, bizipozaren eztanda gisa uler daitekeena. Frederic Beigbeder idazleak oroitzapen liburu batean esaten du mila bider damutu dela barre hori alabari umetan grabatu ez izanaz, egun hitsetan edo depr...

GARAGARDO BAT ‘BERRIA’-REN ALDE

Badira urte batzuk Lazkaoko plazan garagardo azoka antolatzen dutena; hiruzpalau egunez, askotariko garagardo bereziak edateko aukera egoten da, halakoetan ohikoak diren janariez gain. Aurten, Gerriko kultur elkarteak antolatu du, herriko beste zenbai...

525

Bihartean-en zerbitzuak baliatu dituzten enpresak. Bi urte igaro dira Bihartean sortu zenetik —Gipuzkoako eta Baionako merkataritza ganberek garapen ekonomikorako sortutako erakundea da—, eta, tarte horretan, 525 enpresak erabili dituzte haren zerbitzuak. Horietatik %51 Gipuzkoakoak ziren, eta %49 Ipar Euskal Herrikoak. Lurralde horietako enpresen arteko harreman ekonomikoak sustatzea du xede erakunde horrek.

Itzaltzen ez den sua

Tolosa suak hartuko du, eta musika izango da garra. Bi urtetik behin antolatzen dute Bonberenea Sutan jaialdia, eta bihar ospatuko dute aurtengoa, Bonberenea gaztetxeko zelaian. Mezu aldarrikatzailez iritsi da hirugarren jaialdi hau ere; garra den lek...

Kalea dantzak hartu du

Dantza Hirian

Donostia / Errenteria

Dantzariak ez du egurrezko oholtzarik behar oinak mugitzeko; eta ikusleek ere ez dute belusezko besaulki garestirik behar ikuskizun horretaz gozatzeko. Kale izkinak, plazetako bankuak eta errepide bazterretako espaloi ertzak; edozein leku da ona dantzan aritzeko. Donostian, Errenterian eta Irunen erakutsiko dute hori asteburu honetan.

Hain zuzen, dantza antzokietatik kalera ateratzea du xede Dantza Hirian egitasmoak; aurten zazpigarren aldia da Donostiako Iniciativas Danza eta Hendaiako (Lapurdi) Atelier elkarteek jaialdi hori antolatzen dutena; horregatik, bi lurraldeetako herrietan egingo dituzte ikuskizunak.

Gaur hasi, eta bi asteburu iraungo du jaialduak; egun horietan, hamabi dantza konpainia arituko dira hogei hiri paisaiari mugimendua ematen; besteak beste, Donostiako Anakrusa eta Frantziako Androphyne taldeak. Gaur Donostian arituko dira, Bulebarrean eta inguruko kaleetan; eta bihar, Irunen, Zabaltza plazan eta Justizia Jauregian. Datorren astean ere egingo dituzte emanaldiak; Errenterian arituko dira ostiralean.

Asmoa: dantza gizarteratzea

Emanaldi guztiak doan izango dira; formatu txikikoak eta hirietako elementuetara moldatutakoak izaten dira gehienak. Antolatzaileen arabera, helburua "dantza gizarteratzea" da; ikusleak dantzariarengana gerturatu ordez, ikuskizuna kalera, jendea dagoen lekura, ateratzea.

Dantza Hirian jaialdiari lotutako beste ekitaldi batzuk ere antolatu dituzte; besteak beste, film emanaldi bat —Dancing cities dokumentala—, argazki erakusketa bat eta mahai inguru bat.

DANTZA TALDEAK

Irailak 14, Donostia. Anakrusa; Androphyne; Manuel Rodriguez eta Elias Aguirre; Maura Morales; LaIntrusa Danza, Virginia Garcia eta Damian Muñoz.

Irailak 15, Irun. Manuel Rodriguez; Maura Morales; La Intrusa Danza, Virginia Garcia et a Damian Muñoz.

Irailak 21, Errenteria. Kukai; Candelaria Antelo eta Arthur Bernard Bazin; Olga Clavel eta Miryam Mariblanca; El Punto Danza Teatro.

GERO ETA GEHIAGO JAIZKIBELEN ALDEAN

Aspaldiko gizon eta emakume kopuru handienak hartu du parte Jaizkibel konpainiaren alardean aurtengo Hondarribiko jaietan. Denera, 350 pertsonak desfilatu zuten larunbatean alarde mistoan, haren aurkakoek urteroko plastiko beltz eta oihuen artean hart...

Itsasontzien erregaietako azufre kantitatea, behera

Europako Parlamentuko osoko bilkurak jaitsi egin du Europako uretan dabiltzan itsasontziei onartzen zaien erregaietako azufre kantitatea, %3,5etik %0,5era. Datorren urtean egingo dituzten airearen kalitate ikerketei begira, kostaldetik hurbil ibiltzen...

“Une politiko honetako onurek ez dute emango epai honetarako”

Hiru hilabete igaro dira Segi gazte erakundeak bere ordura arteko jarduna bukatutzat eman zuenetik; testuinguru politikoa ere desberdina dela iritzita, "helburuak fase berrira egokitzeko" beharra ikusi du. Hala ere, atxiloketa, epaiketa eta zigorren arrasto luze batek atzera begirarazten dio oraindik antolakundeari; 2007. urteaz geroztik, Gipuzkoan bertan, Segiren aurkako hiru polizia operazio egin dituzte. Sarekada horietan atxilotutako gazte gehienek erabaki judizialen baten zain jarraitzen dute.

Ekaitz Telleria (Hernani, 1985) eta Asier Olano (Hernani, 1986) gazteen kasua da; 2009ko martxo amaierako sarekadaz geroztik auzipetuta dauden hamar gazte hernaniarretako bi dira haiek. Hiru urte egin dituzte baldintzapean aske, eta orain iritsi zaie epaiketarako ordua: irailaren 18tik 28ra Madrilera joan beharko dute, Espainiako Auzitegi Nazionalera. Haietako zortzirentzat, zazpi urteko espetxe zigorra eskatu dute, Segiko kide izatea egotzita; biri erakundeko zuzendaritza ere egozten diete, eta bederatzi urtekoa eskatu dute haientzat.

Epaiketarako egun batzuk baino falta ez direla, salaketa kanpainan sartuta daude buru-belarri, herritarren babesa bilatzen. Aurreko asteburuan bertso saioa antolatu zuten Hernanin —sarrera guztiak saldu ziren—, eta aste-buru honetarako ere antolatu dute egitaraua: gaur pala eta pilota partidak izango dira Hernaniko kiroldegiko pilotalekuan, 22:00etan; biharko, berriz, manifestazio bat antolatu du Eleak mugimenduak. 19:00etan abiatuko da, herriko plazatik. "Herria portatzen ari da, baita inguruko herrietako jendea ere", esan du Telleriak, orain arte jasotako babesarekin pozik. Badaki zergatik: "Ez da bakarrik Hernaniri eragiten dion zerbait; herri guztietan dagoen errealitate bat da, eta jendea mugitzen da".

Hiru urte baino gehiago pasatu dira 2009ko martxoaren 31z geroztik. Nola oroitzen duzue sarekada hura?

Asier Olano. Ni ohean nengoen; goizeko ordu biak izango ziren. Etxera sartu aurretik esnatu ninduten; eskaileretatik entzuten zen zarata. Gurasoek ireki zuten atea, eta gelara sartu ziren pistolekin; lurrera bota ninduten, eskuburdinak jarri eta etxetik galtzontzilotan ibilarazi. Egia esan, tratua sartzean bortitza izan zen, baina gero etxe barruan lasaitu egin ziren. Etxeko uneez horixe gogoratzen dut: ama, egongelan, mantarekin dardarka. Etxekoa laburra izan zen; gero, Karbonera etxe okupatura eraman ninduten, eta hor hasi ziren bortitzago hitz egiten eta mehatxatzen. Hor eduki ninduten goizeko zortziak arte edo, eta handik, Donostiara; auzitegiko medikuarenetik pasa, eta bulego antzeko batean sartu ninduten, hiru txakurrekin; galderak; erantzuna ez bazitzaien gustatzen, kolpeak... Eta, tira, kolpeek izorratzen zuten, baina gero esan zidaten etxean berriz sartu zirela, amari nerbiotako batek eman ziola... hori izan zen gogorrena.

Ekaitz telleria. Ni ez ninduten atxilotu; aurkeztu egin nintzen 23 egunera. Oso lasai nengoen; banekien zein zen egoera eta onartuta neukan zein izan zitekeen ondorioa. Joan nintzen, eta deklaratu nuen. Daukaten odol hotzak harritu ninduen gehien: ni neure bizitza baldintzatzen ari nintzen, kartzelara joan edo ez, eta Garzon epaileak betaurrekoak kendu zituen, fiskalari begiratu zion eta galdetu zion: "Eta honekin zer egin behar dugu?". "Espetxera". Eta bidali ninduen. Nire bizitza pikutara doa, eta berak ez zuen zalantza izpirik eduki: "Espetxera? Bale, ba. Espetxera".

Orain, atzera begira, desberdin ikusten duzue?

E.T. Egia esan, ez ginen lehenbizikoak izan; Donostiako eta Errenteriako sarekadak gertatu ziren. Horrek laguntzen du. Azkenean, nahi edo ez, beti daukazu ezagunen bat; ez bada unibertsitatekoa, izango da lantokikoa edo futbol taldekoa edo dena delakoa. Gutxi gorabehera, badaukazu ideia bat egiteko beste informazio. Gero momentua iristen denean bizi egin behar da, ordea.

Epaiketari begira, zer espero duzue? Nola zoazte Madrilera?

E.T. Epaiketa hauek politikoak dira, eta interes politikoen arabera mugitzen dira; sententziak beti daude egoera politikoak baldintzatuta. Eta zein da gaur egungo egoera politikoa? Euskal Herrian aldaketa bat sumatzen da; prozesu demokratiko batean murgilduta gaude. Hori, gaur egun. Hemendik epaia atera bitartean zein izango den egoera, zaila egiten zait esatea. Egoera politikoak esango du.

A.O. Ez da gure esku dagoen zerbait. Egokitu zaigun tramite bat gehiago balitz bezala ikusten dut nik epaiketa. Badirudi bide honek aldaketak ekarriko dituela, baina ez nago oso itxaropentsu epaiketa honekin. Bide luzea dauka oraindik egiteko, eta une politiko honetako onurek ez dute emango epaiketa honetarako.

Urte hasieran izan zenuten eskaeren berri. Kolpe gogorra izan zen?

E.T. Espero genuen. Hala ere, gutxi iruditu zaigu; izan ere, Hernaniko sarekadako atxilotuon kasuan, kale borrokako ekintza dezente daude tartean; sumarioan daude, eta akusazio gisa zeuden hasiera batean. Orain, ez digute leporatzen kale borrokako ekintzarik; Segikoak izatea bakarrik egozten digute, nahiz eta epaiketan kale borrokako ekintza horiek froga gisa erabili eta epaituko diren. Bakarrak gara orain arte horrelako prozedura izan dutenak.

Orain epaiketari so zaudete, baina azken hiru urteak kalean pasatu dituzue, bizitza normala egin nahian. Nola baldintzatu zaituzte auzipetuta egoteak?

A.O. Astero aurkeztu behar dugu epaitegira. Eta zertan egiten dugun lan, oztopo handia da: epaitegia goizez irekitzen dute soilik. Horrez gain, hamabost egunetik behin ertzainetara joan behar dugu; estatuko mugetatik ere ezin gara atera... Ez dugu ahazten hor dagoela. Ni ahalegintzen naiz askorik ez pentsatzen, baina askotan hasten naiz buruari bueltaka. Gu espetxetik atera eta gutxira beste sarekada bat izan zen. Halakoetan berriz etortzen zaizu dena: inkomunikazioa... Inor atxilotzen dutenean, asko pentsarazten dit. Lehen, torturari buruzkoak entzuten genituen. Bagenekien atxiloketetan tratu txarrak izaten zirela, baina bizitzen duzunean beste modu batera ikusten duzu.

E.T. Batzuek isun ekonomiko bat ere badugu; 250.000 euro, bakoitzak. Epaitegian kaudimengabeak ginela adierazi genuen; horrek esan nahi du orain ezin dugula kontu korronterik eduki gure izenean. Horrek lan bila goazenean ere baldintzatzen du.

A.O. Luzerako planik ezin dugu egin. Familia sortzea pentsatzen badugu, ezin dugu. Guri epaiketa jada iritsi zaigu, baina gero sententzia ematen duten arte, denbora pila bat pasatuko da; beti ibili behar dugu adi. Hasieran, noiz datorren epaiketa; hiru urtera etorri da. Gero, ea noiz datorren epaia; epaiaren arabera, helegitea. Eta, azkenean, kartzelan sartzeko unea... tira, nahiago horretan ez pentsatu.

E.T. Azkenean, bost edo sei urteko kontua izango da; onenean jarrita, baldin eta libratzen bagara.