Unai Zubeldia
Batuketan dago oinarria. Desberdinetik berdinerako pausoan. Ez dago beste sekreturik. Eta, hain zuzen ere, hausnarketa horri tiraka sortu zen Iparra Hegoa egitasmoa, 1993an, Elizondon (Nafarroa). Desio baten jiran elkartu ziren Urruñako eta Segurako bi kide: Beñat Elizondo eta Xabier Albizu. Musikak batu zituen biak, kantuak, Baztandarren Biltzarraren jiran, eta desio horri segika jarraitzen dute oraindik ere, fruituak jasoz. Muga gainetik Euskal Herria lelopean, aurten ere, prest daukate aste osoko kultur ekitaldia. Hitzaldiak, dantza, musika emanaldiak, bertsolariak, gastronomia, jolasak, mendi irteerak... Ahalik eta zubirik sendoena eraikitzen saiatu dira, beste behin ere, mugek sortutako paretak eraisten jarraitzeko.