“Eskola da herri txikien bizkarrezurra”

Duela 27 urte, orduko Bidanian ospatu zen eskola txikien lehen festa antolatzen ibili zen buru-belarri Antton Beloki. Garai hartan gurasoa zen, eta orain Bidania-Goiazko Txinkorta eskolan ikasten dute haren bilobek.Eskola Txikien Festaren sortzaileeta...

Patana Fest 2014, Zestoan

Bigarren urtez jarraian, Patana Fest musika jaialdia antolatu dute Zestoan. Bihar egingo dute, herriko plazan, 17:00etatik aurrera. Parte hartuko duten sei taldeetatik lau eskualdeko taldeak dira: Human eta Grises zestoarrak, Ezinean azpeitiarrak eta ...

Apo lasterkariari eragindako kaltea arinduko dute Bidaso aldean

Bidaso aldeko ospitalearen inguruan biribilgunea egiten ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. Bertatik ibilgailuarekin pasatzen denak ondo daki hori, goizeko lehen orduetan eta arratsaldean auto ilara handiak sortzen baitira —nahiz eta ez diren obraren aurrekoak baino askoz luzeagoak—. Izan ere, Hondarribira sartzeko edo Hendaia alderantz jarraitzeko inbutua sortzen da eremu horretan, eta arazo horiek arindu nahi dituzte biribilgune horrekin, egungo trabak lausoagoak izan daitezen etorkizunean.

Baina gizakiari eragiten diona baino larriagoa izan daiteke Gipuzkoan eskualde horretan soilik bizi den animalia espezie bati sortutako kaltea: apo lasterkariari. Horregatik, konpentsazio neurriak hartu dituzte, errepidea berritzeko lanek espezie horren habitatean eragin ditzaketen kalteak zuzentzeko. Gipuzkoako Aldundiko Berrikuntzako nahiz Landa Garapeneko eta Turismo departamentuko Basa Animalien Zerbitzuak proposatu ditu neurri horiek, eta lanen ardura duten beste bi departamentuekin —Errepideak eta Ingurumena— adostu dituzte.

Basa Animalien Zerbitzuak mehatxuan dauden espezieak babesteko neurriak hartzen ditu: "Urte dezente daramagu apo lasterkariarekin lanean, espeziearen azterketa egiteko eta berreskuratzea lortzeko. Kudeaketa plan bat idatzi genuen, eta nahiz eta onartuta ez egon, prozedura konplikatua daramalako, plan hori aurrera eramaten ari gara", azaldu du zerbitzuko buru Iñigo Mendiolak.

Jaitzubian, apoaren ugalketarako hainbat putzu prestatuko dituzte, errepidearen handitzeak ugalketarako egokiak diren eremu batzuk okupatuko dituelako. Lehen aldia da azpiegitura baten eraikitze lanetan apoaren aldeko neurriak hartzen direna, baina aurretik badute eskarmentua espeziea bizi den beste eremu batean: Irungo Osinbiribilen. Duela bi urte hasi ziren bertan lanean, eta Izaskun Alsa zerbitzuko teknikariak aztertu du: "Osinbiribilen sortzen diren putzuen ezaugarriak aztertzen hasi ginen, batez ere gazitasuna, apoa ugaltzeko egokiak ote ziren zehazteko. Erabaki genuen putzu berriak egitea, euri urarekin soilik mantenduko zirenak, beste ur emaririk gabe. Joan den urtean lau putzu egin genituen, eta aurten ikusi dugu lau putzuetan larbak azaldu direla eta errunaldiak ere bai".

Emaitza ona ikusita, putzu horien gisakoak egingo dituzte Jaitzubian ere: ez oso sakonak, euri garaian soilik betetzen direnak, bestelako anfibioek erabil ez ditzaten.

Diru gutxi, asko irabazteko

Neurri zuzentzaileak lanaren barruan kokatzen dira, eta, hortaz, Ingurumen eta Errepideetako departamentuen ardura dira, baina legeak dio mehatxatutako espezieen babeserako politika Basa Animalien zerbitzuaren eskumena dela, eta, hori horrela, lanetan aintzat hartzen direla adierazi du Mendiolak: "Saiatzen gara departamentuen artean elkarrekin lan egiten, eta haiek onartzen dituzte gure erabakiak". Gainera, mehatxatutako espezieen aldeko babes neurri zehatzen kostua oso txikia dela nabarmendu du: "Oso putzu xumeak dira, ikusten ari garenez oso eraginkorrak, baina obran ez dute kostu handirik eragiten". Kostu txikia, baina garrantzi handia. "Espeziearen araberakoa da, baina, normalean, batez ere galzorian dauden espezieak badira, horrelako neurriak hartzea oso inportantea da", gehitu du.

Osinbiribilen izan den emaitza ikusita, pentsa daiteke Jaitzubian hartuko dituzten neurriek balioko dutela apo lasterkariaren populazioari eusteko. Helburu hori du erakundeek onartu beharreko kudeaketa planak, eta bide horretan garrantzi handikoa izan daiteke espeziea presente den eremuen arteko lotura bermatzea. "Txingudi oso humanizatuta dago. Osinbiribil Plaiaundirekin lotzea ez da erraza, eta Plaiaundi Jaitzubiarekin ere ez, baina lotura hori lortzen saiatuko gara".

Ekintza zehatzez harago

Jaitzubian egiten ari direna, errepideko obran neurri zuzentzaileak hartzea, geroz eta gehiago egiten den zerbait dela deritzo Mendiolak: "Hemen hasten ari gara, baina, egia esan, gero eta gehiago zaintzen da, batez ere eragin ikerketen bitartez eta horien jarraipenen bitartez".

Esaterako, A-8 autobidea Donostia eta Orio artean zabaldu zutenean: "Hirugarren bidea egin zenean antzeko neurriak hartu ziren hegoaldeko zuhaitz igela babesteko, Igeldon bizi den igeltxo hori".

Azpiegitura zehatzez gainera, lurralde osoari eragingo dion plan bat abiatu du Gipuzkoako Diputazioak orain dela gutxi: korridore ekologikoena. Mendiolak azaldu duenez, azpiegiturek moztutakoa berriro lotzeko xedea du plan horrek: "Korridore ekologikoak dira habitat eta gune desberdinen artean egiten diren loturak, espezieak ez isolatzeko. Batetik, ikertu egiten da lotune natural horiek nolakoak diren eta ebakitzen dituzten azpiegiturak zeintzuk diren. Horren ostean, aztertu behar da zein izan daitekeen irtenbidea".

Herrialde osoa ikertzen ari dira, etorkizunean tokian tokiko neurriak abiatzeko, baina jada hasiak dira eremu zehatz batean lanean. Hala gaineratu du aldundiko Basa Animalien Zerbitzuko buruak: "Ikerketa teorikotik abiatuta, Etzegaraten hasi dira neurri praktikoak hartzen. Argi dago Etzegaratek pasabide natural garrantzitsu bat eteten duela, eta lotura egiteko zein neurri praktiko har daitezkeen aztertzen ari dira".

Herrixa Dantzan, Arrasaten

Herrixa Dantzan dantzaldi gidatua egingo dute gaur, 20:15ean, Uarkape pilotalekuko tabernan. Plazako dantza tradizional ludikoez osatutako dantzaldia izango da. Besteak beste, sokan, korroan, taldeka eta bikotean arituko dira. Helburua adin ezberdinet...

“Inoiz ez dut borra erabili jendea jotzeko, baina nire lana da”

Artean 25 urteko gaztea besterik ez zela hasi zen udaltzain lanean Sergio Rodriguez (Zarautz, 1977): "Ekainaren 1ean bete ziren hamabi urte lanbide honetan hasi nintzela". Gaur egun, Azpeitiko hamabost udaltzainetako bat da, baina aurretik beste hainbat herritan ere lan egin du. Jaioterrian hasi zen, eta bederatzi hilabete egin zituen han. "Gero, Arrasaten beste bederatzi; ondoren, Oñatin udaltzain postua atera nuen, eta han urte eta erdiz jardun nuen". 2005ean, berriz, lana uzteko baimena eskatu, eta Azpeitian hasi zen.

Nola erabaki zenuen udaltzain izan nahi zenuela?

Lagun baten osaba udaltzaina da Zarautzen, eta hark esan zidan udarako udaltzain lanerako jendea behar zutela. Halaxe hasi nintzen: aurkeztu, lanean hasi eta lana gustatu egin zitzaidan.

Udaltzainaren lanbideak zer dauka onetik?

Gauza asko, baina batik bat jendearekin tratua edukitzea. Jendearekin komunikatzea eskatzen du, eta hitz egitea asko gustatzen zait niri.

Baina txarretik ere izango du, ezta?

Jendearekin tratuan eztabaidak izatea, eta egunero gertatzen ez diren gauza txar horietako bat ikusi edo bizi beharra: istripu larri bat edo.

Etxera ailegatzean, laneko gauza asko ibiltzen dituzu buruan?

Batzuetan gertatzen da, baina urteekin lanetik irten eta laneko kontuak burutik kentzen ikasi egiten da. Gainera, ez naiz bizi lan egiten dudan herri berean, eta horrek deskonektatzen laguntzen du. Bizi naizen auzoan Sergio naiz. Azpeitian biziko banintz, bertatik bertara biziko nuke gertatzen den oro, nahiz eta lanetik kanpo egon. Norberaren herrian lan ez egiteak alde on hori dauka.

Bitxikeriarik gertatu al zaizu lanean ari zarela?

Telefonoz hizketan ari zen bitartean gidatzen ari zen pertsona bat ikusi nuen behin: esan nion halakorik ezin zuela egin. Hark erantzun zidan, bera ez, emaztea zela hizketan ari zena, eta hitzik ere ez ziola egiten lagatzen. Horixe da isuna ez jasotzeko jarri didaten aitzakiarik onena.

Ordutegi ona al daukazue?

Txandaka lan egiten dugu: goizez, arratsaldez edo gauez. Ohitu egiten da bat, eta niri denak gustatzen zaizkit lanerako, baita gaua ere. Ordutegi bakoitzak ditu bere alde onak eta txarrak. Goizekoak duen okerrena zera da, jaikitzea kostatzen zaidala; arratsaldez lan egiten dudanean, berriz, goiza ez dut aprobetxatzen. Txanda bakoitzak bere kontuak ditu.

Kalean jendeari konfiantza adierazi behar zaio edo ez?

Konfiantza eman behar da, baina bere neurrian. Ez gehiago. Batzuei konfiantza eman eta ez dira pasatzen, baina beste batzuk bai. Denetarik dago.

Jendeak zer errespetatzen du gutxien?

Autoa espaloian aparkatuta uzten dute maiz, eta ez dira konturatzen gurpil aulki batekin edo haurren aulki batekin pasatzeko tokirik ez dutela uzten. Ohitura handia dago toki guztietara autoarekin mugitzeko, eta jendeak uste du lau argi keinukariak jarrita bost minututan autoa aparkatuta utz dezakeela. Baina argi horiek larrialdikoak dira, ez dira bost minututan autoa aparkatuta uzteko.

Armatuta lan egiten al duzu?

Armak? Non?

Borra baduzue, behintzat.

Bai, borra bai, eskuburdinak, defentsa pertsonalerako esprai bat ere bai, eta labana bat gauzak mozteko eta. Baina beste armarik ez dugu, hemen udaltzainek armak eramateko ohiturarik ez dutelako. Gipuzkoako herri batzuetan armatuta egoten dira udaltzainak, baina Azpeitian eta beste zenbait herritan ez.

Inoiz erabili al duzu borra?

Bai, baina inoiz ez dut erabili jotzeko, egoera lasaitzeko bakarrik erabili dut. Hobe inor jotzeko erabili behar ez izatea, baina erabili beharko banu, nire lanaren barruan dago.

Udaltzain batek zer ezaugarri eduki behar ditu?

Bakoitzak bere ezaugarriak ditu: bat trebea izan daiteke gauza batzuetan, eta beste bat, bestelako kontuetan. Batzuk legea betearazten dira onak, eta beste batzuk, bulegoko lanetan. Azken batean, denetarik pixka bat jakitea garrantzitsua da.

Denetarik egin behar izaten al duzue?

Bai, batzuetan bulegoan egon behar dugu telefono deiak jasotzen, eta beste batzuetan zirkulazioa zuzentzen edo zaintza lanetan. Eta ezusteko bat gertatzen bada, hura konpontzera joan behar dugu.

Lanerako uniformea erabili behar duzue. Erosoa al da?

Bai, ni gustura nago uniformearekin, polita da. Uniformea ez dut traba bezala ikusten, ondo ikusten dut. Gainera, lanerako zer jantzi behar duzun pentsatu beharrik ere ez daukagu era horretan. Badu bere alde ona.

Eztabaidarako tartea, Donostian

Zerbeza eta patatak izenburupean, eztabaida sorta antolatu dute Añorga auzoko Jolas Etxean. Bihar egingo dute lehena, 17:30ean. Nola maitatu behar dugu feministok? izango da eztabaida gaia. Ainara Santamaria eta Amaia Zufia arituko dira hizlari. Hilabete bakoitzeko lehen larunbatean biltzea eta gai bati buruz eztabaidatzea da zikloaren xedea. Bi orduko eztabaida saioak izango dira: lehendabizi, sarrera bat egingo dute; segidan, aditu batek hitzaldia emango du; ondoren, taldeka banatuko dira parte hartzaileak, eztabaidan hasteko; eta, azkenik, talde bakoitzean ateratako ondorioak bateratuko dituzte.

'Nola maitatu behar dugu feministok?'

Bihar, 17:30ean, Jolas Etxean.

Eibarren bada ‘Kaleko Mobida’

Kontatu zidatenean, barre batean lehertu eta ia aulkitik erori nintzen. Aspaldi entzundako ateraldirik jatorrena iruditu zitzaidan, eta audioa topatu nahi izan nuen, hitzez hitz zuzen transkribatzeko. Punkaren meza nagusia den Info7 irratiko Kaleko Mobida irratsaioan oparitu zuen perla Oñatiko Sospechosos taldea zenaren baxu joleak, Txebik, duela urte batzuk. "Toki bat" aukeratzeko eskatu zioten galdetegi labur horietako batean. Osagarri bezala laguntzen duten elkarrizketa bera baino zuku gehiago izaten dute galdetegi laburrek gehienetan. Eta Txebiren erantzuna autentikoa izan zen.

"Ba, aurrekuan eon nintzan Eibarren eta nei holako gauzak me inspiran mogollón, tío. La suciedad, la fábrica, los bocinazos. Es que ni oain nao Oñatin y ese pueblo de Barbies me aburre, tío. Es que ahí no pasa nada, tío".

Idatzi gabeko dogma batek Eibar toki itsusien zerrenda beltzera kondenatu zuen behin. Galdetegi laburren —eta ustezko edertasunaren— kanonak aintzat hartzen dituenari ez zaio bururatu ere egiten Astelena eta lehen mailako futbol taldea dituen hiribildu hori Donostia, Hondarribia edo Urbiako landa xarmantak baino askoz erakargarriagoa izan daitekeenik inorentzat. Ni ez naiz batere fio, ordea, galdetegi laburretan erantzun estandarrak ematen dituztenez. Eta, beraz, galdetegi labur eskasen elkarrizketa inudeez ere paso egin ohi dut. Izan ere, lastoa bereizteko modurik onena da galdetegi laburra. Hor sustantziarik eta egiarik ez badago, zertarako galdu astirik itaunketaren zati trinkoenarekin.

Musika talde kuttunagatik galdetu eta Radiohead, Wilco edo Lisabö ihardesten duten topiko zaleak susmagarritzat ditut. Maskararik gabe, Julio Iglesias betidanik maite izan duela edo George Michaelekin aldaka zoratzen zaiola aitortzen duena askoz ere sinesgarriagoa iruditzen zait. Bikotekidea topatzeko arreta zertan ipintzen duten azaldu behar eta "barre eginaraz nazala" diotenak justu-justu barkatzen ditut. Ni hortzekin naiz oso maniatikoa; asko begiratzen dut nesken hortzeria.

Baina hori bai. Popatik hartzera bidaltzen dut, azkar, gehien gorrotatzen duen akatsa "hipokrisia" dela esaten duen oro. Horra hor adierazpen automatiko hutsal perfektua, ezer esan gabe batere ez bustitzeko botatakoa, futbol jokalarien tradizio eskasenari jarraiki. Gorroto dut hipokrisia erantzutearen hipokrisia.

Txebik ederki ulertu zuen galdetegi laburren funtsa. Dogmarik eta errazkeriarik gabe, ariketa modu zintzoan osatzeko punk samarra izan beharra dago. Eta punkaz eta Kaleko Mobidaz badakizki Txebik bizpahiru gauza, bistakoa denez. Ni ez naiz sekula Eibarren izan, baina desiratzen nago.

Festa usaina, Bergaran

Egitarau zabala prestatu dute gaur hasi eta asteartera bitartean Bergarako jaiak ospatzeko. Bitorianatxoren jaitsierak emango die jaiei hasiera, gaur. Udal bandaren kalejira, sokamuturrak, kontzertuak, txosnak, bakailao lehiaketa eta umore ona izango ...

Ordizia ere, lehen mailan

Eibar eta Reala, futbolean. Ampo Ordizia, errugbian. Baina horiek bakarrik ez. Areto futboleko maila gorenean ere talde bat izango du Gipuzkoak datorren sasoian, Estanda Ordizia taldeak Espainiako ligako lehen mailara igotzea lortu baitu estreinakoz. Mugarria jarri dute ordiziarrek futbol modalitate horretan, baita emakumezkoen kirolean ere.

Estanda Ordiziak hainbat urte daramatza lehiaketako lehen postuetan jokatzen. Espainiako ligako bigarren mailan sei urte egin dituzte, igoerako play off-ean hiru aldiz jokatu dute, eta aukera baliatu zuten duela bi aste, goraino iristeko. Bilbo FS talde bizkaitarra eta Gurpea-Orbina nafarra ere ordiziarrekin batera ariko dira maila gorenean.

Bartzelonako Rubi taldearen aurka jokatu zuten azken kanporaketa: etxeko Majori kiroldegian 3 eta 1 irabazi ostean joan ziren Kataluniara, baina partida bukatzeko lau minutu falta zirela, 5-0 galtzen ari ziren ordiziarrak. Hiru minutuan beste horrenbeste gol sartu zituzten, ordea, eta egundoko garaipena lortu.

"Lan handia dauka honek atzetik", aitortu du taldeko entrenatzaile Iñaki Herasek. Lana futbol aretoan, baina baita bulegoetan ere: "Lehenik eta behin, dirua bilatu beharra dago. Diru asko behar da, baina eskerrak laguntzak dauzkagun: Gipuzkoako Aldunditik, Beasaingo Estanda enpresatik...". Baina, diruaren gainetik, kirolarien sakrifizioa dago: "Neskek ez dute ezer kobratzen, konpromiso guztiarekin ari dira. Askotan, dirua galdu ere egiten dute, bidaietan edo entrenatzera etortzeko"

Areto futboleko nesken taldea 1988an sortu zuten. Emilio Ortiz izan zen bultzatzaile nagusia, eta oraindik ere bada, bigarren entrenatzaile lanetan baitabil. 2007-2008ko denboraldian hasi zen garapen ikusgarria: Gipuzkoako Txapelketa, Gipuzkoako Kopa eta Euskadiko Txapelketa irabazi zituzten. Euskadikoa irabazteak lehen mailara igotzeko kanporaketa jokatzeko aukera eman zien, Torre-Pachecon (Murtzia, Espainia). "Lineako autobusean joan ginen, dirurik ez genuen eta. Gure helburua ez zen igotzea, esperientziarekin gozatzea baizik. Euskadiko Txapelketa irabaztea jada ez genuen espero; egun-pasa joan ginen", azaldu du Ortizek. Aurtengo kanporaketa ezberdina izan da. Urte asko daramatzate jokalariek, eta kirol lorpen handi baten parte izateko irrikan zeuden. Hain zuzen, giltzarrietako bat jokalarien multzoa dela dio Herasek. Maite Gonzalez kapitainak, adibidez, hamasei urte daramatza taldean jokatzen, 14 urte zituenetik.

Oraindik "ametsetan" jarraitzen du Gonzalezek: "Urte asko daramatzagu bigarren mailan borrokan, eta igoera betiko ametsa da. Badakigu lortu dugula, baina partidak hasten diren arte, amestsetan arituko gara". Hamabi jokalari inguruk osatzen dute Estanda Ordizia, baina horietatik Gonzalez da ordiziar bakarra gaur egun. Gipuzkoa osoko jokalariak biltzen ditu taldeak: Lazkaoko bi jokalari, Beasaingo bat, Tolosako bi, Orendaingo bat, Donostiako bost eta Gasteizko bat. Entrenatzaile, berriz, Heras eta Ortiz; ezinbestekoak direnak, jokalariek sare sozial batean adierazi dutenez: "Haiek ez baleude ezingo genukeen aurrera egin. Kanpoko jendeak, agian, ez du ikusiko egiten duten lana, duten ilusioa eta gogoa. Guretzat, ordea, bi horiek dira zuzendaritza, talde teknikoa eta gainontzeko guztia. Eurak bakarrik. Aparteko bi pertsona dira, eta den-denaz arduratzen dira".

Igoera lortuta, Heras eta Ortiz hasiak dira dagoeneko datorren denboraldia antolatzen. "Jauzi handia da, eta aurrekontua ia hirukoiztu egingo zaigu. Askoz bidaia gehiago izango ditugu, eta urrunagora egin beharrekoak. Hamar bat partida gehiago jokatu beharko ditugu", azaldu du Herasek. Oinarrizko multzoak segituko duen arren, bizpahiru jokalari gehiago ekarri nahi dituzte taldera, indartzeko. Diruari dagokionez, 65.000 eta 75.000 euro artean bildu beharko dutela kalkulatu dute. Taldekideek sosik jaso gabe segituko dute, baina lehen mailan izanda, futbola diru iturri duten zenbait jokalariri aurre egin beharko diete.

Laguntza gehiago gizonei

Orain, enpresei eta erakundeei proiektua aurkezteko lanean dabiltza bi entrenatzaileak, babes ekonomikoa bermatze aldera. Heras kexu da mutilen kirolak laguntza gehiago jasotzen duelako: "Nesken kirolean, atzera egiten du jende askok. Badago matxismo pixka bat. Egia esan, gu ezin gara kexatu, laguntza jaso dugulako, baina mutilen kiroletan dirua lortzea errazagoa da".

Gonzalezek ere zailtasun hori ikusten du:"Betiko kontua da. Gainera, areto futbola bera jarraitzaile urriko kirola da. Hala ere, badirudi jendea konturatzen hasi dela non egon garen eta zer lortu dugun. Harrituta daude asko, noraino igo garen ikusita". Irailetik aurrera ere, kiroldegian sumatu nahi dute babesa: "Ea jendea animatzen diren partidak ikustera".

Kapitainaren hitzetan, lana ere ugarituko zaie jokalari eta entrenatzaileei: "Entrenamendu gehiago egin beharko ditugu, eta gogorragoak izango dira". Ilusioari dagokionez, ordea, lehen mailako onenen gainetik ibiliko dira, eta talde izaerari ere eusteko asmoa dute. "Garrantzitsuena azken urteotako multzoa mantendu izana da. Talde horrekin lehen mailara igotzea, nire ibilbide profesionalaren bukaeran eta ni gainera Ordiziakoa izanda, izugarria da".

Olatz Ibarguren, Ane Izagirre Intxausti, Ane Garmendia, Itsaso Galarraga, Maddi Izagirre, Irati Landa, Maite Gonzalez, Sarah Ugarte, Ainara Balerdi, Ane Izagirre Arruabarrena, Itziar Lopez eta Irati Esteban. Horiek dira, Heras eta Ortiz entrenatzaileekin batera, Ordizian, areto futbolean eta emakumezkoen kirolean historia egin dutenak. Eta balentria erdietsita, datorren sasoian ere gailurrean idatziko dute Estanda Ordizia taldekoek Gipuzkoako kirolaren historiarako hurrengo orrialdea.

Abesbatzen doinuak

Pasai Donibanen, XXIV. Musika Jardunaldietan murgilduta daude. Maiatzean hasitako egitasmo horrek aurrera egingo du asteburu honetan, eta hainbat abesbatza entzuteko aukera izango da gaur eta bihar, Itsas Mendi taldeak antolatuta.

Gaur, Miarritzeko (Lapurdi) Itsasoa abesbatzak emanaldia eskainiko du San Joan Bataiatzailearen elizan, 20:15ean —han egingo dituzten kontzertu guztiak ordu berean izango dira—. Itsasoa abesbatza 1990eko hamarkada hasieran sortu zen. Frederic Sorhaitz da abesbatzaren zuzendaria 2002az geroztik. Hirurogei bat kantarik osatzen dute taldea. Gozatzeko abestea beste helbururik ez dute. Beren errepertorioaren gehiena euskal kantuek osatzen dute, baina beste hizkuntza batzuetan ere kantatzen dute. Egiten dituzten bidaiak eta beste koroekin dituzten harremanak errepertorioa zabaldu eta aberasteko balio izan diela diote.

Gaurkoa, baina, ez da asteburuko kontzertu bakarra izango. Bihar, Donostiako Luberri abesbatza izango da San Joan Bataiatzailearen parrokian. Luberri abesbatza Donostiako Antigua-Luberri ikastetxeko guraso elkartearen ekimenez sortu zen, 2008an, bi helbururekin: alde batetik, musika eta kantua lantzea, eta, bestetik, guraso zein irakasleak bilduko zituen dinamika baliagarri bat eskaintzea. Junkal Guerrero Langara musikari andoaindarra da taldeko zuzendaria. Antiguako festetan parte hartzea, Eguberrietan kalez kale abestea eta ikasturte amaieran beste koruekin elkarlana sustatzea da Luberri abesbatzaren urteko egitaraua osatzen duten egitasmo nagusiak.

Hurrengo astean, gehiago

Asteburuan ez ezik, datozen egunetan ere izango da musika jardunaldiez gozatzeko aukera. Hilaren 14an, larunbatarekin, Orereta Gazte Abesbatzak emango du kontzertua San Joan Bataiatzailearen elizan. Orereta abesbatza Andra Mari abesbatzaren koru gaztea da. 1986an sortu zen. Jose Luis Ansorena Miranda izan zen sortzaileetako bat, eta hark zuzendu zuen taldea hasieran, baina, 1999az geroztik, Imanol Elizasuk zuzentzen du. Abesbatza gaztea izanagatik ere, eskarmentu handikoa ere bada: Euskal Herriko koruen zirkuituan ohikoa da Orereta Gazte Abesbatza ikustea; eta Sahaoxin (Txina) egin zen 2010eko World Choir Games nazioarteko txapelketan zilarrezko hiru sari irabazi zituen. Euskal Herrian, Donostiako Musika Hamabostaldian, Eliza-Musika Zikloan eta Aita Donostia musika jaialdietan abestu izan du, besteak beste.

Amaitzeko, hilaren 15ean, larunbatean, Errenteriako Musika Bandak eskainiko du kontzertua herriko plazan, 13:00etik aurrera. Errenteriako Musika Banda Euskal Herriko zaharrenetako bat da, 150 urte beteko baititu aurten. Musika elkarte horrek hainbat izen hartu ditu bere historia luzean zehar. Hasieran, Sociedad Filarmonica, eta gero, Udal Musika Banda (1923), 1948. urtean orain duen izena hartu zuen arte: Errenteriako Musika Banda. Talde horren ibilbidean aipamen garrantzitsuak aurki daitezke: Zaragozako Musika Banden Lehiaketan, adibidez, bigarren saria jaso zuten, eta Euskadiko Musika Banden Lehiaketan txapela jantzi zuten errenteriarrek, lehen postua erdietsita.

Musika jardunaldiak

Asteburu honetan eta datorren asteburuan, herriko plazan eta San Joan Bataiatzailearen Parrokian.