INGURUMENAREN ALDEKO KROSA

Bera Bera klubak hirugarren urtez jarraian Kros Berdea antolatu du Donostian. Ingurumenaren aldeko lasterketa igande honetan egingo dute; Saguesetik abiatuko da, goizeko hamarretan. Aurten ere bi ibilbide prestatu dituzte antolatzaileek: 15 kilometrok...

25

'Bidelaguna' programaren aurrekontua milioitan. Aldundiak enpresetako 342 arduradun informatu ditu egitasmo berrietarako eta lehiakortasunerako 22 programari buruz, Bidelaguna programaren barnean. Programa horien aurrekontua 25 milioi eurokoa da.

Meskitak gure hiriguneetan

Orain gutxi argitaratu du Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Ikuspegik, 2013ko urtekaria. Immigrazioari eginiko ohiko hurbilketa estatistikoaz gain, azken edizioetan urtekariak immigrazioaren hainbat alde aztertzen dituzten zenbait adituren artikuluak dakartza. Txosten mamitsua da, beraz, Ikuspegirena, patxadaz irakurtzea merezi duena. Aurtengoaren izenburuak edukiaren gako nagusia ematen digu: Immigrazioa eta krisiaren eragina. Krisiak etorkinengan duen eragina luze eta zabal jorratzen da txostenaren 550 orrialdeetan.

Nik, ordea, immigrazioarekin zeharkako lotura duen beste gai bati buruzko kapitulua ekarri nahi nuke hona: gurtza zentroen inguruan Bilbon sorturiko eztabaidari buruz Eduardo J. Ruiz Vieytez irakasleak idatzitakoa. Bilbon gurtza zentroen inguruan sorturiko eztabaida, segur aski, Euskadin aniztasuna ulertu eta kudeatzeko dugun ikuspegiari egin zaion test esanguratsuena izango da. Eta aitortu behar dugu test horretan nota kaxkarra lortu dugula.

Gogora dezagun gertaturikoa: irailean Bilboko Udalak erabaki zuen aurrerantzean etxebizitza eraikinetan ezingo zela otoizlekurik jarri. Hainbat eragilek salatu zuten —baita Bilboko alderdi sozialistak eta Bilduk ere— araudi berria baztertzailea zela, helburua meskitak hiriguneetan irekitzea galaraztea zelako. Iñaki Azkuna alkatearen curriculumean ez da gertaera loriatsuenen artean oroituko egun hartakoa: alkatea gaixo zegoenez, jeltzaleek eztabaida atzeratu zuten hilabeteetan; eta, azkenik, Azkuna gurpil aulkian ikusi genuen aretora sartzen, araudia aldatzeko ezinbestekoa zen bere botoa ematera.

Eztabaida horrek gizarte aniztasunak eremu publikoan izan behar dituen ondorioekin du zerikusia. Ruiz Vieytezen hitzetan, "gizarte baten aniztasuna nabarmena den heinean, gizarte horrek berregokitu egin behar ditu gune komunak edota horien erabilera". Erlijio musulmana gure gizartearen osagaia denez, gu guztion —musulmanak barne— espazio publikoaren erabilera ahalbidetu beharko zaio erlijio horri. Bestalde, eskubide kontuez harago, gai horren inguruan harturiko erabakiek eragina izango dute gizarteak zer den gurea edo zer den normala ulertzeko duen moduan ere.

Txostenak Bilbon gertaturikoa Suitzan 2009an minareteak galarazteko egin zen erreferendumarekin lotzen du. Sakon-sakonean, integrazioari edo bazterketari buruzkoa izan zen bozketa hura, eta bestea gure altzoan hartzeko ezartzen ditugun baldintzei buruzkoa. Bozketaren emaitzak, Suitzan eta Bilboko udalbatzan, aldaketa sozialaren aurrean dugun beldur sakonaren adierazpide izan ziren. Espazio berriak edo desberdinak —meskitak, adibidez— arrotzak begitantzen zaizkigu; ez da antza "naturala" aldi berean suitzarra eta musulmana izatea, edo euskalduna eta musulmana. "Gure" gizartean integratzekotan edo gurera moldatzekotan, ez dago asimilazioa beste biderik.

Bilbon gertaturikoa konpondu eta beste lekuetan berriz halakorik gertatzea galarazteko modua Eusko Legebiltzarraren lege baten bidez gurtza zentroen patata beroa udalei kentzea izango da. Hori da, gainera, naturalena, hiritar bezala dagozkigun eskubideei buruz ari garenez. Eusko Jaurlaritzak gai horri heltzeko asmoa erakutsi du. Aurreko legegintzaldian egin zen saio bat, baina lege aurreproiektua ez zen legebiltzarrera iritsi. Orain arte emandako irudia eta zabaldutako mezu kaltegarria zuzendu lezake lege horrek, baina Bilboko eztabaidak aniztasuna aitortu eta kudeatzeko gure gizarteak dituen zurruntasunak azaleratu ditu. Eta hori aldatzeko, legearekin batera, eztabaida publikoan parte hartzen duten eragile guztien konpromisoa beharko da.

Kultura aniztasunean sakonduz, etorkinak integratzea helburu

Haurrek eskolatik ekarritako ohar bat ezin interpretatzea, erroldatu beharrik duten jakitea, ertzainengana jotzeko beldurra izatea eta beste hainbat izan daitezke hainbat jatorritatik gurera etorri diren herritarrek egunero dituzten zalantzak. Horiek identifikatu eta konpontzeko, prozesu parte hartzaileak abian dira Arrasaten eta Urretxun, baina baita Gipuzkoako beste hainbat herritan ere. Iaz sortu zuten Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia Urretxun, eta, bertakoen artean herriko...

“Integratzea ez da bertakoen erakoa izatea”

30 urtetik gora daramatza Lalla Sakina Ouafak (Maroko, 1979) Urretxun, eta herritarrek ondo tratatzen dutela dio. Baina elkarbizitzarako "erabateko errespetua" ezinbestekotzat jotzen du.Noiztik bizi zara Urretxun?Jaio nintzen urtean, Marokotik Herbehe...

“Erronka polita izan da”

Maite Odriozola Garmendia Ordiziako IES Oianguren BHIko ikasleak urrezko domina irabazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako XXVII. Kimikako Olinpiadetan. Martxoaren 21ean jokatu ziren olinpiadak EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia F...

Arrasaten etorkinak diren herritarrak.

Egun, arrasatearren %6 dira etorkinak. Horien artean daude 1960ko eta 1970eko hamarkadetan industria garapenaren ondorioz Espainiatik etorriak eta geroago Europako Batasunetik zein munduko beste herri batzuetatik iritsiak.

Lurra errespetatuz loratutako landare berezien azoka Aian

Kontinente guztietako landareak ikusi eta erosteko aukera egongo da bihar eta igandean Aian. Iturrarango Lorategi Botanikoan, Landare Berezien XII. Azoka egingo dute. Urtez urte gehitu egin da azokara joaten den jende kopurua, eta geroz eta bisitari g...

Kulturen azoka antolatzeko bilera, asteazkenean Urretxun

Iaz lehen aldiz antolatutako kulturen azokak izan zuen arrakasta ikusita, aurten bigarren azoka egingo dute ekainaren 7an, Urretxun. Antolaketarako lehen bilera egin dute, baina, zenbait herrialdetako ordezkariek euren postuaren berri eman ez dutenez,...

Irungo jaiak Urdanibian nahi dituzte

Irundar zaharrenek betidanik gogoratzen dituzte herriko festak Urdanibia plazan. Ekainaren 23tik uztailaren 1era ospatzen dituzte Irungo San Pedro eta San Martzial jaiak, eta, urtetik urtera geroz eta ekintza gehiago Alde Zaharretik kanpora ateratzen dituzten arren, sanmartzialetako gune nagusia Urdanibia plaza izaten da; Moskun —hala deitzen diote irundarrek eremu horri— egoten dira txosnak, eta hor antolatzen dituzte ekitaldi kultural jendetsuenak, kontzertuak eta abar. Baina hori aurten alda daiteke, Jose Antonio Santano Irungo alkatearen asmoa betetzen bada.

Plaza berritzen ari dira, eta, lanak direla eta, txosnak eta kontzertuak Ficobara eramateko erabakia hartu du alkateak. Ez, ordea, ekainaren 30eko alardearen hasiera. Horretarako, plaza egokituko du udalak, segurtasuna bermatuz eta gertatu daitekeenaren ardura bere gain hartuz. Erabaki horrek hautsak harrotu ditu, eta asko izan dira jaietan Urdanibian antolatzen diren ekintza bertan egin behar direla aldarrikatu dutenak; horien artean kaltetuak daude, plazako eta inguruko ostalari eta merkatariak, eta txosnak jartzeko lehiaketara aurkezten diren elkarteak.

Datorren asteazkenean hasita, kontzertuak eta txosnak lekuz mugitzearen kontrako jardunaldia egingo dute San Joan plazan, 19:00etan. Modu horretan, salatu nahi dute udal gobernuak negoziatzeko borondaterik ez duela izan. Hilaren 7an ostalarien, merkatarien eta txosnak jartzeko eskaera egiten duten elkarteen ordezkaritza bat alkatearekin eta Belen Sierra eta Cristina Laborda zinegotziekin elkartu zen, baina hasi bezala bukatu zuten bilera: akordiorik gabe. Bileraren ondoren egindako agerraldian, Josu Cariñena ostalarien ordezkariak jakinarazi zuen "ezezko borobila" jaso zutela udalaren aldetik.

Jakinik ekainaren 30erako plaza prestatuko dutela, bileran udalari eskatu zioten "erantzukizun bera" izateko plazan egiten diren gainontzeko ekintzekin. Cariñenaren esanetan, bileraren lehen unetik argi geratu zitzaien udalak ez zuela aztertu nahi beste aukerarik txosnak jartzeko: "Behin ere ez dituzte kontuan hartu Urdanibia ondoko guneak aukera gisa". Urdanibiako tabernarientzat, plaza jaien bihotza da, eta aurten ere plazan edo inguruan nahi dituzte txosnak eta kultur ekintzak.

Kontrako erantzun zabala

Asko dira gobernuari Urdanibia plazan egiten diren ekintzak bertan edo ondoko kaleetan programatu ditzala eskatzen diotenak. Udalean, EH Bildu eta EAJ kritiko azaldu dira alkatearen asmoarekin , eta kaltetuekin negoziatzeko exijitu diote. Bilduko bozeramaile Oinatz Mitxelenarentzat, erabakiak "kalte handia" ekar lezake, eta orain arte Moskun egin izan diren ekitaldiak bertan egitea galdegin du, "nahiz eta eraldatuta egon plaza, eta orain arte ezagutu dugun bezala ez egon".

EAJko Iridoyren arabera, segurtasuna bermatu behar da, baina gauzak erraztu daitezkeela uste du: "Ahalegin guztiak egin behar dira erraztasunak emateko, txosnak, kontzertuak eta ekitaldi guztiak bertan egiteko. Ostalari eta merkatariek kalte handia izango dute, egun horietako diru sarreren zain baitaude krisiari aurre egiteko".

Baina erreakzio handiena kaletik eta sare sozialetatik jaso du jai eremu nagusia tokiz aldatzeko neurriak. Urdanibia eremuko tabernetan sinadurak biltzen ari dira, eta bezeroen parte hartzea ere eskatu dute, eskaera lantokietara, lagunartera eta abarrera zabal dezaten. Eta helburu berarekin sortutako Jaiak Herrian, Ez Ficoban Facebook komunitateak 2.400 atsegite lortu ditu martxoaren 31n abiatu zenetik. Dozenaka elkartasun mezu ari dira jasotzen Interneten, eta askotarikoak.

Irundar askok ez dituzte imajinatzen sanmartzialak Moskutik kanpora, eta hori nabarmena da kulturgintzan eta euskalgintzan lan egiten dutenen artean. Miren Gaztañaga aktorearentzat, erabakiak ez du ez hankarik ez bururik: "Zergatik urrundu jai giroa herritik, kaleetatik eta Ficoban sartu? Antinaturala iruditzen zait erabat, jaiak herri erdian egon behar du. Zergatik ez dira txosnak Dolores Salisen —Urdanibia ondoan— jartzen?". Gainera, udalaren beraren eskakizunez 2011. urtean emakumeentzako leku arriskutsuen hiriko mapa osatu zuten, eta Ficoba inguruko zenbait eremu mapa horretan agertzen direla gogorarazi du Gaztañagak: "Argitasunik gabeko ibilbideak ditu, eta erdialdetik urrun dago".

San Joan plaza egin zenetik, jaietan barraken eremua da Ficoba, eta ekitaldi handi bat ere antolatzen da erakustazokan: kuadrillen bazkaria. Betti Gotti Euskara Elkarteak antolatzen du, eta iaz 1.500 lagun elkartu zituen. Joxeja Zabalo elkarteko arduradunaren ustez, baina, bazkarirako balio duen bezala, Ficoba ez da egokia txosna eremurako: "Txosnak Ficobara eramatea ez da bideragarria, egun garrantzitsuenetan ez baikenuke diru sarrerarik izango eta diru hori behar izaten dugu udalak laguntzen ez dituen ekintzak aurrera ateratzeko; adibidez, udalekuak". Haren ustez, aukera badago obra moldatu eta jai ingurua prest izateko: "Alarde egunerako dena molda daitekeela jakinarazi du udalak, herritarren gehiengoa kontuan hartuz. Baina ez du gauza bera egingo aurreko egunetarako edo uztailaren 1eko baserritarren egunerako".

Telefono bidezko eskaintza

Auzia hasi zenetik txosnetarako hautagaien ordezkarietako bat izan da Garazi Lizarraga, eta hark salatu du hilaren 7ko bileraren biharamunean Belen Sierra zinegotziak elkarte batzuei diru laguntzak eskaini zizkiela Ficoban jartzearen truke: "Elkarte eta eragile batzuei laguntza ekonomikoak eskaini dizkigu banan-banan txosnak Ficoban jartzeko".

Txosnetarako hautagaien ordezkariak azaldu duenez, elkarte batzuei telefonoz egin zien eskaintza, eta beste batzuei biltzeko eskaini zien. Tartean, orain arte inoiz txosna jartzea eskatu ez duen zenbait elkarteri ere bai. Horrez gain, gerora jakin da herriko musika talde batzuei dirua eskaini diela Ficoban jo dezaten.

Txosna eskatzen duten elkarteek bat egin dute ostalariek asteazkenerako egin duten deialdiarekin, eta jaietan txosnak eta kontzertuak Urdanibia plazan edo inguruan nahi dituztela berretsi dute: "Jaiak plazan eta haren aldameneko kaleetan egin behar direla uste dugu, hori baita jaietan zehar irundarrontzat gune garrantzitsuena".

Hori aldarrikatuko dute asteazkenean San Joan plazan. Arratseko zazpietan hasiko da protesta. Oraindik ez dute ezagutarazi egitaraua, baina Cariñenak aurreratu du "jaia eta erreibindikazioa uztartuko dituen topaketa" izango dela San Joan plazakoa.