Bidaia batetik etorri berria naiz, Latveriatik, hain zuzen ere. Munduaren ertz batean dagoen estatu txiki bat da, gure Gipuzkoaren tamainakoa. Dagorlad da bere hiriburua, eta bertan, munduan dagoen konposta ikerketa zentrorik handiena dago: Compostech I+D.
Hantxe hitzartu nintzen Eduart Asimovekin, ikerketa zentroko buruarekin, eta aspaldian topatu naizen zientzialari interesgarrienarekin. Gizon sinplea da Eduart, arbaso gipuzkoarrak dituelako izango da; eta berebiziko interesa erakutsi zidan gure Gipuzkoa zaharrari buruz. Eduartek lan egiten duen ikerketa zentro horretan, gaur egun nazioarteko hogei ikertzaile daude lanean, euskaldunik ez.
Dagorlad hiriak azken hamar urte hauetan, konpostaje bidez kudeatzen du hondakin organikoaren %100a; ez da gutxi 50.000 biztanleko hiri industrializatu batentzako. Biztanleria hori, bi eremutan banatuta dago: landa eremua —populazioaren laurdena bizi dena— eta hirigunea. Landa eremuko populazioak, banakako konpostajeaz kudeatzen du organikoa, Eduarti horiek ez diote kezkarik ematen. "Guztiz autonomoak dira organikoaren kudeaketan, dena hala balitz", esaten dit bere hala nolako ingelesean.
Lana ematen dutenak, hiriguneko konpostatzaileak dira, izan ere, Dagorlad hiriburua ez da berde gune askoko hiria eta auzokonposta aurrera eramatea nahiko zaila da. Hirigunean auzokonposta burutzea erabaki zenean, aurreikuspen ugari egin behar izan omen ziren, eta horretarako sortu zen Compostech I+D zentroa. Zenbait egitasmo handik baino inbertsio publiko eskasagoarekin.
Konpostajearen ikerketaren katedral horretan, ekuazio matematiko bat garatu zuten: compo-algoritmoa. Algoritmo hori, hirigune bateko auzokonposta potentziala kalkulatzeaz gain, auzokonposta burutzeko beharrezko konpostagailu kopuruak eta kokapenak zehazteko gai da. Noski, ekuazio hori ezin da folio batean idatzi, ordenagailu batean integratua omen dago eta soilik programa berezi batekin erabil daiteke. Baina Dagorlad hiriguneko auzokonpostagailuak bitartekariak dira soilik. Auzokonpostagailu bat betetzen den heinean, bertako organikoa heltze gune batera eramaten dute eta bertan amaitzen da konpostatze prozesua. "Bestela, berebiziko konpostagailu kopurua beharko genuke hirigunean", esan zidan Eduartek.
Heltze gunea, Compostech I+D zentrotik bi pausotara dagoen zementuzko eremu zabala da, adin ezberdinetako hondakin organikoa tapatuta eta lerro luzeetan dago antolatuta bertan. Jakin-minak bultzatua, auzokonpostagailu batera inguratu nintzen, eta tamainaz gure auzokonpostagailuen erdia direla ohartu nintzen; baina gurean baino bi aldiz familia gehiagok konpostatzen dute bakoitzean.
Eduartek harriduratik atera ninduen: "Soldadu eta fruta eulien beldar bereziak daude barrenean, beldar arruntek baino hiru aldiz organiko gehiago prozesatzeko gai dira eta ez dira inoiz heldu bihurtzen. Konpostatze prozesua azkarragoa da eta ez dago euli hodeien arazorik, hori bai, urtero beldar populazioa berritu egiten dugu, antzuak baitira". Eduartek organiko balde bat hartu eta auzokonpostagailu batera bota zuen, mota guztietako hondakin organikoak zituen baldekada, hamar minuturen bueltan desagertu zen, kras-kras soinuen artean.
Erabiltzen duten egituratzaile motaz galdetu nion, "Compostech I+D zentroan sortzen dugu", alboko edukiontzi marroi batetik hartutako atzaparkada bat erakutsi zidan: "Hezetasun portzentaje zehatz bat duen birrindutako inausketa da. Behar ezberdinetarako egituratzaile ezberdina sortzen dugu, banakako konpostajerako, jatetxeetarako edo auzokonposterako. Biltzen dugun inausketa, bahetu eta lodiera ezberdinetan birrintzen dugu, ostean hezetasun finko batean mantentzen dugu eta astebeteren ostean prest dago erabiltzeko".
Egunaren amaieran, Eduartek Compostech barruko instalazioetara eraman ninduen, unibertsitate moduko eraikin hura, hiru ataletan banatzen da: egituratzaile atala, konpostagailuen hobekuntza atala eta konpostajearen ekologia atala. Konpostagailu modernoez gain, forma bereziko aireztagailuak eta konpostaren ikerkuntzarako ehunka gailu erakutsi zizkidan. Hala ere, gehien harritu ninduena, beldarren hazitegiak izan ziren, milioika beldar txikiz betetako kutxa erraldoiak, bi metrora jada kras-kras zarata entzuten zen.
"Beldar hauen litro bat, eta mikroorganismoez hornitutako ur honen beste litro batekin, bi egunean aktibatzen dira konpostagailuak". Konpostaje teknikari baten paradisua zen hura, konpostajearen arazoak gainditu zituen gizartea. Noizbait Dagorlad-era bisitan joan nahi baduzue, sar zaitezte konpostagailu baten barruan eta Dagorlad-eko plazan agertuko zarete. Bidaia on!!!