Ekimenak formazioa lagun

Erdigunea izan da herriko tailer eta enpresa askoren bilgune. Kaleak, berriz, langileen topaleku, arratsaldeko lanorduak bete ondoren: "Nire tailerrean hau egiten da, nire tailerrean beste hura…". Eurena izan ez arren, eurena balitz bezala sentitu dute enpresa. Orain dela dozenaka urte girotutako Elgoibarrez ari da Ignacio Mugerza. Aurten, hain justu, ehun urte bete dira industria hori herrian ezarri zenetik, eta, horren aitzakian, hasierako garaiak gogoan izan dituzte hainbat langile eta langile ohik. Mugerzak 50 bat urte eman ditu Estarta y Ecenarro enpresan, makina-erremintaren arloan lanean. Sektore horretan herrian izandako enpresa aipagarrienetako bat izan da, Elgoibarren lehen zutarriak jarri zituenetako bat.

Baserri giroa eta industria uztartzen zituen Elgoibarrek garai hartan; baserritarrek etxeko lanak tailerrekoekin bateratzen zituzten. 15 urte zituela hasi zen lanean Jesus Bilbao, gerora Maher Holding eta Goratuko zuzendaritzetan aritutakoa. Gogoan du nola esan zioten behin lankide bati: "Lan gogorra da hau, e". Eta hark erantzun: "Bai zera, hau baserrikoaren aldean ez da ezer!". Sektoreak aurrera egiteko "esfortzua eta lana" funtsezko elementutzat jo ditu Bilbaok, hain zuzen. Baita ekimena ere, Vicente Sasiain Etxe-Tar lantegiko zuzendari tekniko ohiaren hitzetan. Lasarte-Oriatik Elgoibarrera lekualdatu zenean, hala esan zioten: "Hemen lana izango duzu, enpresa asko daude…". Zetorren herritik etorrita —Michelinek 3.000 bat langile zituen orduan, eta beste hainbat enpresa zeuden—, ez zitzaion iruditu hasiera batean aldea halakoa izango zenik. "Baina ezberdintasun bat dago: Lasarten ez zegoen tailerren jaberik, eta Elgoibarren %100 ziren herrikoak. Han lana eman eta egiten zen, ez zen lana sortzean pentsatzen".

Aldaketa teknologikoak

Elgoibarko makina-erremintaren ekoizpenaren ezaugarrien artean, aldaketa teknologikoek izandako eragina aipatu du Carmelo Urdangarin ekonomialariak, baita makina-erremintarena unean uneko egoerari lotutako alorra izatea ere: "Produktu oso ziklikoa da; ondo joan daiteke orain, gero gaizki…". Gainera, Urdangarinek uste du armagintzak eskualdean zuen tokiak balio izan zuela makina-erremintaren garapenerako.

Horiez gain, langileria "oso kualifikatua" ere zerrendatu du ezaugarri gisa. Tailer eta lantegietakoek jasotako formazioa pieza garrantzitsua izan da sektorearen ibilbidean, bai eskola profesionalean jasotakoa, baita behin lanean hasita ikasitakoa ere. "Irakasleek zuzeneko ezagutza transmititzen ziguten, irakasleak enpresetako teknikoak ere bazirelako", gaineratu du Mugerzak. Behin enpresan hasitakoan, aprendiz bezala sartzen ziren, eta aldamenean norbait izaten zuten etengabe haiekin. Halako figura bat edukitzea oso baliagarria zitzaiela oroitu dute, eta gaur egunean ere beharrezkoa litzatekeela.

Formazio horretaz "inbidia" sentitzen du Joan Puigjanerrek, Bartzelonan sortutako Puigjaner enpresako ordezkariak. Elgoibarko enpresetako ordezkariekin batera, euren lantegiaren historiaren berri ematera gonbidatu dute, ibilbide luzea baitakar gainean: 1885. urtetik ari dira lanean, familia enpresa da, eta Joan Puigjanerrena laugarren belaunaldia da. Espezializazioan, esportazioan, langileen kualifikazioan eta ikerketa eta garapenean oinarritu dute euren jarduna.

Sasiainek dioenez, tailerrean hasten zirenetik konfiantza handia jarri ohi zuten nagusiek eurengan. "Helburua bezeroen satisfazioa zen, eta askotan prezisioa ez zen satisfazio hori". Lanak ondo egiteko ahaleginetan, bada Estarta y Ecenarron egin ezin zuten zerbait, Mugerzak azaldu duenez: "Ez ziguten uzten pilotan aritzen. Piezak ekoizteko planoak egin behar genituen, eta jolastuz gero eskua puztu eta dardara batean jartzen zen".

Emakumeen jarduna

Emakume gutxi izan dira makina-erremintaren alorrean; haien egitekoa, ordea, ezinbestekoa izaten zen kasu askotan. "Saltzera ateratzen ginen azoketara, ez genekien ingelesik, eta gurekin etortzen zen idazkariari esker ulertzen genuen elkar bezeroak eta biok. Neska gutxi ziren, baina oso garrantzitsua izaten zen egiten zutena", gogoratu du Bilbaok. Sektorean lanean aritu den emakumeetako bat da Garbiñe Uriguen. 14 urterekin hasi zen jardunean, "justu-justu biderkatzen eta zatitzen" zekiela. Sail ezberdinetatik igaro zen urteak aurrera joan ahala, eta lana ez ezik, bazen beste zerbait beti ezberdina zena: gizonekiko soldata. "Lana gizonek bezala egin bai, baina kobratzea beste kontu bat zen".

Hainbat mailatako langileen artean ere baziren desberdintasunak, ez soldatan bakarrik, baita ordutegietan ere. Langile eta enplegatu bereizi ditu Mugerzak. Azken horiek "pribilejio" batzuk zituzten; beranduago sartzen ziren lanera, eta gainerakoen ordu berean ateratzen ziren, adibidez. "Langileentzat erronka zen enplegatu izatera heltzea".

Lantegiek herriarekiko eta zehazki herritarrekiko zuten lotura ekarri dute gogora. Kasu batzuetan, alargun geratzen ziren emakumeak ere hartzen zituzten familia aurrera ateratzen laguntzeko, senarrak lan egiten zuen enpresan lana emanez. Enpresako langileen artean ere, egiten zituzten batzuek besteenganako ahaleginak. Mugerzak azaldu duenez, Elkar Laguntzeko Elkartea zuten, eta, horren bitartez, dirua jartzen joaten ziren, istripu edo gaixotasunagatik baja hartzen zuten lankideentzat.

Saltzeko, azokara

Ekoitzi ondoren, saldu beharra zegoen, eta, hasieran, bide bat besterik ez zuten horretarako: azoketara joatea. Saltzaileez gain, funtsezko ikusten du Bilbaok kanpora irteten ziren mekanikoen lana, produktua ezagutzera eman eta bezeroak erakartzeko: "Fidelizaziorako oso garrantzitsuak ziren; haien bitartez ikusten zen enpresaren lana nolakoa zen". Itsasoaren beste aldean ere aritzen ziren mekanikoak konponketetan. Honela oroitu du Urdangarinek Sao Paulon gertatutakoa: "Etxe batean euskaraz kantari ari zirela entzun nuen. Nongoak ziren galdetuta, Soraluzekoak zirela esan zidaten. Salmenta ondoreneko mekaniko aritzeko joanak ziren".

Saltzerakoan irudiak orain ere baduen balioaz hitz egin du Puigjanerrek: "Tamalez, Alemaniarekin konparatzen gaituzte, baina irudiak asko du esateko. Ona da zure bezeroek zure lantegia ezagutzea, zure langileak… Horrela lor daiteke ez edukitzea bezeroak, lagunak baizik".

Ehun urteko historia gogoratzen jarraituko dute abendura bitarte elgoibartarrek. Herenegundik, esaterako, makina-erremintari buruzko erakusketa batek hartu ditu herriko hainbat txoko; urte osoan ikusi ahal izango dira osagarrietako batzuk.

Lan arloko ezbeharrak erdira jaitsi dira hamar urtean

Adegi patronalak asteartean kaleratu zuen 2013ko lan istripuen txostena, eta, bertan jakinarazi duenez, azken hamar urteotan erdira jaitsi dira lan arloko ezbeharrak Gipuzkoan. Patronalaren arabera, beherakada "sektore guztietan" izan da, eta larritas...

Euskaraz jarduteko bide bat gehiago

Bidelagunen eta bidelarien arteko harremana da. Euskaraz ondo moldatzen direnak (bidelagunak) euskaraz gutxixeago dakitenekin, ikasten ari direnekin edota praktikatzeko gogoa dutenekin (bidelariak) jartzen dira harremanetan, Internetez, Mintzanet.net ...

40 URTE ATZERA ELGETAN

1937ko apirilean Intxortako frontean izandako gertaerak berregin zituzten bigarren urtez, joan den igandean, Elgetan. Milizianoen eta gudarien larruan sartutako 120 bat herritarrek parte hartu dute ikuskizunean, baita ehunka ikusle eta hainbat ordezka...

“Torturatu gintuztenen aurka egiteko arma bakarra dugu: egia”

Eli Nosellasek 17 urte zituen Guardia Zibilak Tolosan atxilotu zuenean. 1975. urteko urria zen, eta zortzi egun eta zortzi gau eman zituen kuartelean. Kolpeak eta irainak jaso zituen. Mendira eraman eta buruan tiro egingo ziotela ere mehatxatu zuten. Garai hartan, Jesus Muñecas zen Tolosako Guardia Zibileko kuarteleko burua. Frankismoko krimenen aurkako kereila aurkeztu eta Maria Servini epaile argentinarrak abiatutako auzian beste aurrerapauso bat emateko balioko du Nosellasen testigantzak.

Auzitegi Nazionalak Jesus Muñecas polizia ohia ez estraditatzea erabaki du. Nola hartu duzue erabakia?

Ez genuen gauza handirik espero. Aurreko astean jaso genuen ebazpena, eta guk dakigula, Maria Serviniren eskura ez da oraindik jakinarazpen ofiziala iritsi. Gure abokatuen esku geratuko da auzia. Hala ere, honekin aurrera jarraitu behar dugu; hasiera besterik ez da, eta ezin dugu etsi.

Harremanetan al zaudete Muñecasen eskutik pasatako herritarrak?

Hemen Euskal Herrian Goldatu elkartearen eskutik ari gara antolatzen pixkanaka. Tolosaldean asko dira Muñecasen garaian torturatutakoak. Helburua, orain, elkarrekin harremanak berreskuratu eta bilketa lana egitea da. Hala, kereila jarri ahal izango dugu, eta egin zigutena argitara atera.

Zergatik erabaki duzue orain gertatutakoa jakinaraztea?

Nire inguruko jende oso gutxik zekien zer gertatu zen, senitartekoek eta lagun gutxi batzuek. Guk duela 37 urte bizi izan genuena bigarren planoan geratu da, neurri handi batean, hurrengo urteetan salatzeko egoera bertsuak bizi izan ditugulako. Eta kalean segitu behar genuelako protestan. Gure herrian torturatu egiten da oraindik, eta gazte asko dauzkagu espetxean. Horregatik, hain justu, historia berriz ere errepika ez dadin beharrezkoa da gertatutakoa nola izan zen gogoratzea. Kontzientzia hori dugulako eman dugu aurrerapausoa.

Tolosan, kuarteleko buru zela, zer eragin zuen Muñecasek?

Kasu asko izan ziren hemen; jende asko pasatu zen haren atzaparretatik. Hemen astakeria izugarriak egin zituen. Muñecasen eskutik beste asko etorri ziren, eta guk haietako asko izenordez ezagutzen genituen: El Gitano, El Fofo, El Pelirrojo... Denetan okerrena da horietako askok denbora luzean hemen inguruan jarraitu zutela.

Gertatu zena gogoratzeak memoria ariketa egitea eskatzen du...

Bai. Eta kontuan hartu behar da klandestinitate garaiak genituela. Nire kasuan, zortzi egun haietan pasatu zena laino batean bezala gogoratzen dut. Anestesia batetik esnatzea bezala da. Gauza batzuekin ez zara akordatzen, akordatu nahi ez dituzulako. Baina zeure buruari gogor egin eta memoria ariketa hori egitea merezi duela pentsatu, eta aurrera egiten duzu.

Estatu mailan ere ari da lanketa hau egiten, ezta?

Prentsan oihartzun handia izan du kontu honek. Harrituta geratu naiz Euskal Herritik kanpora izan dudan tratuarekin. Nik uste baliagarria izaten ari dela kontraesan batzuk agerian geratu eta gure herriarekiko beste ikuspegi bat izateko.

Zein itxaropen duzue?

Espainiako Justizian batere ez. Zaila da, baina gure kontzientziak eta herri honetan gaur egun dugun egoerak aurrera egiteko eskatzen digu. Oraindik ere Espainiako Estatuak gertatutakoa tapatu eta ezkutatu egiten du. Kasu bakanak direla esango digute, preskribatuta daudela... Baina itxaropenik ez dugu galdu behar.

Jesus Muñecas ez dute Argentinara estraditatuko. Hala ere, ezertarako balio izan al dizue Auzitegi Nazionalean deklaratzen ikusteak?

Ez da kontsolamendu handia guretzat, baina behintzat guk ondo gogoan geneukan aurpegi hori argitara atera da, eta jendeak ikusi ahal izan du nor den Jesus Muñecas. Gainera, neurri batzuk ere hartu dituzte haren kontra. Pasaportea kendu diote, eta ezin da Espainiako Estatutik atera. Ez da asko, baina bada zer edo zer. Gauza txikiak dira, eta honi esker jendeak gertatu zena ezagutzeko aukera badu, irabazten ari garen seinale da. Hasiera da. Badakigu hauek babestuta daudela, baina torturatu gintuztenen aurka egiteko arma bakarra dugu: egia. Eta hori baliatu behar dugu krimen hauen aurka egiteko.

23.000

2016ko hiriburutza barneko jaialdi bateko musikariak. 2016ko maiatzean 23.000 musikari batuko dira Donostiako Anoeta estadioan. Kultur hiriburutzako egitarauan, Europa mailako musika jaialdia antolatu du Donostia 2016k Europako Musika Eskolekin elkarlanean.

“Oinetakoen kalitatean galera nabarmena izan da azken urteetan”

Mailua eta beharrezko tresnak eskuan hartu eta oinetakoak konpontzen eman du ia bizitza osoa Jesus Mari Martinez Txiki-k (Urretxu, 1963). 18 urte zituela hasi zen zapatari lanean, eta dagoeneko 33 urte daramatza ofizio horretan. 1981. urtean Urretxuko zapata konpontzaile bat erretiratzera zihoala eta, hari hartu zion erreleboa. "Hasieran, gauza gutxi nekien lanbide honen inguruan, baina, pixkanaka ikasten joan nintzen, eta gustatu egin zitzaidan ofizioa". Urteetako eskarmentuak mota guztietako oinetakoak konpontzeko aukera eman dio. "Gehienetan betiko konponketak egiten ditut: tapa berriak jarri, zolak aldatu...". Oraindik, ordea, joaten zaizkio inoiz egin ez dituen konponketak eskatzera: "Oinetako konpontzaile batek horrelakoetan erakutsi behar du bere trebezia eta artea".

Bere kabuz aritu zen hasieran, eta 1995. urtean lokal bat hartu zuen bere emazte Loli Arestizabalekin batera. Oinetakoak konpontzeaz gain, askotariko zapatak saltzen dituzte bertan. Oinetakoak konpontzen Martinez aritzen da; oinetakoak saltzen, berriz, Arestizabal. Gehien saltzen dituztenak egunerokoan ibiltzeko oinetakoak dira. Horiez gain, saltzen dituzte festetarako abarkak eta abarketak, etxeko zapatilak, mendiko botak eta katiuskak ere. Gainera, horiei lotutako hainbat osagarri ere badituzte: lokarriak, barne zolak, betunak, kolore guztietako tindagaiak...

Konponketei dagokienez, poltsak, gerrikoak, aterkiak, errematxeari dagozkion gauzak eta beste hainbat gauza ere konpontzen ditu Martinezek, baita larruzko berokietako kremailerak eta botetako kremailerak ere. Oinetakoen kasuan, zapatak josi, tapa berriak jarri, zola aldatu, oinetakoak tindatu… Ia-ia denetik egiten du. Eguraldi ona hasten denean edo beroa egiten hasten denean oina apur bat zabaltzen denez, ohikoa da bezeroek oinetakoen orkoiak konpontzeko eskatzea. Askotariko bezeroak igarotzen dira bikotearen dendatik, baina, azaldu dutenez, dendara batik bat emakumezkoak joaten dira.

Martinez jarduera horretan hasi zenetik, zapatak konpontzeko teknikak ez dira asko aldatu. Horretarako erremintak ere ez, baina bai erabiltzen dituzten produktuak. Kolak, betunak, barne zolak, larruak, plastikoak eta beste asko hobetu dira azken urteetan. Oinetakoak egiteko erabiltzen diren materialetan ere aldatu dira kontuak, baina txarrera: "Ofizio honetan hasi nintzenetik, oinetakoen kalitatean galera nabarmena izan da azken urteetan". Garai batean oinetakoak egiteko materiala orain baino hobea zela uste du Martinezek: "Kalitatearen galerak eragina dauka oinetakoetan; eskasagoak errazago apurtzen dira. Orain, segituan hausten dira oinetako gehienak, eta jendeak horiek konpondu nahi izaten ditu zakarretara bota beharrean". Zapatariaren esanetan, gaur egungo oinetakoak erabiltzen hasi eta egun gutxira pitzatzen hasten dira, edo zola altxatu egiten zaie gaizki itsatsia dagoelako. Oinetako konpontzailearen lanean eragin zuzena du oinetakoen kalitateak. Material onarekin egindako oinetakoak konpontzen dituenean, luzerako irauten dutela dio; aldiz, material eskasa duten oinetakoak konponduta ere, segituan apur daitezkeela.

Bezeroei, azalpenak argi

Bezeroek agindutako lanak "ahalik eta txukunen" egiten saiatzen da urretxuarra. Konpon daitezkeenak bai, behintzat. Zenbaitetan, ordea, bezeroek guztiz hondatuta dauden oinetakoak eramaten dizkiote. Konpontzerik merezi ez duela ikusiz gero, gauzak argi esatea gustatzen zaio: "Batzuetan, larrua erreta edo zolak erdi ustelduta edukitzen dituzte oinetakoek; horrelakoetan bezeroari aurrekontu bat egiten zaio, baina, hala ere, argi esaten diot agian ez duela merezi oinetako horiek konpontzea". Lan gehien neguan izaten du: "Eguraldi txarrarekin edo euriarekin gehiago hondatzen dira oinetakoak".

Oinetakoak erosterakoan kalitateari begiratzea gomendatzen du oinetako konpontzaileak. Horretaz gain, orpoa jartzeko zatia gogorra izatea, oin punta egonkorra izatea eta oinetakoaren estalkiari begiratzea ere garrantzitsua da haren ustez. "Gehiago balio dute, baina gehiago irauten dute".

Pepe Artola, XIX. mendeko saltseroa

Pepe Artola donostiarra (1864-1929) jaio zenetik 150 urte bete ziren urtarrilean. Idazlea izan zen. Antzerki obra batzuk idatzi zituen. Bertso asko ere bai. Horrez gain, aktorea ere bazen. Komediantea. Kantaria. Musikaria. Saltseroa, hitzaren zentzu onenean, saltsa askotan parte hartzen zuen pertsona baitzen. Donostian kultura ekintzarik antolatzen bazen, ez zen urruti ibiliko Artola. Haren jaiotzaren 150. urteurrena dela eta, Liburuaren Nazioarteko Egunean omenaldia egin zioten, lehengo astean.

Pepe Artola 150 urte. Donostiar xelebrea. Antzezlea, bertsolaria eta saltseroa deitu zuten ekitaldia. Artolaren testu batzuen irakurketa dramatizatua egin zuten Ramon Agirrek, Hasier Hernandezek, Jose Ignazio Ansorenak eta Eneko Olasagastik. Batez ere, "komediantearen alderdia" erakutsi zuten ikuskizunean.Olasagastiren esanetan, beste askoren artean hori baitzen donostiarraren alderdi "nabarmenetakoa". Antonio Zabalak Auspoa bilduman argitaratutako Ustez laguna detan ta beste bertso asko liburuko biografiaren zati batzuk irakurri zituzten lehenik, Artola nolako gizona zen erakusteko. Haren bi bakarrizketa antzeztu zituzten gero.

Olasagastiren arabera, Artolaren omenezko ekitaldiak bi helburu nagusi zituen. Batetik, artistaren irudia eta lana jendeari ezagutaraztea. Eta, bestetik, "uste oker" batzuk zuzentzea: "Askotan uste dugu mundua gurekin jaio dela eta tabernetan bakarrizketak egitea gaur goizeko kontua dela". Bada, erakutsi nahi izan dute XIX.mendean dagoeneko egiten zituztela bakarrizketak euskaraz, Donostiako kafetegietan.

Garai hartako kronikek kontatzen dutenez, Artolaren ikuskizunek ospe handia izaten zuten. Donostiarrak zain egoten ziren artistak bakarrizketa bat noiz egin. Gutxi behar izaten zuen guztiak barrezka jartzeko. Hari bati heldu, eta inprobisatu egiten zuen Artolak. Olasagastiren ustez, horrek erakusten du haren komediante sena: "Komediante batek ez du testu askorik behar".

Ofizio askotako pertsona

Lanbidez etxe apaintzailea izan arren, gazte-gazterik hasi zen idazten. Bertsoak, antzerki obrak eta ipuinak idatzi zituen,bereziki. Zortzi antzerki obra argitaratu zituen: Legorreko arrantzalia (1898), Bixente (1901), Praishku (1902), Sabiroya (1903), Pello Kirten (1906), Joxepa eta Bittori (1909), Mocha erriyan (1923) eta Mari Iñaxi nerea (1921). Haren bertsoak, berriz, Auspoa bilduman argitaratuta daude, bi liburutan: Ustez laguna detan eta beste bertso asko (1961) eta Ustez laguna detan (2006). Idazle eta aktore izateaz gain, Donostiako Orfeoieko kide izan zen Artola, eta leku askotan kantatu zuen: Bilbon, Bartzelonan, Okzitaniako Tolosan… Musika jotzeko ere esku ona zuen donostiarrak. Donostiako Bandan kontrabaxua jotzen zuen. Antonio Zabalak haren biografian kontatzen duen honek laburbiltzen du Artolaren izaera: "Galdetzen zioten: 'Zer moduz Pepe?' Ta berak erantzuna: 'Beti con trabajo'".

Lehen lortua berreskuratu nahi du Hernaniko LABek

Maiatzaren 1ean Hernanin egitekoa zen manifestazioa iragartzeko agerraldian, borrokaren bidez lehen lortutako eskubideak berreskuratu behar direla adierazi zuten Hernaniko LABeko kideek. Euren ustez, "krisia iruzur handi bat da, aberatsak aberatsago e...