Eskurik gabeko gizonak

Goizeko laurak, iratzargailuak jo du, uste dut ia-ia gorrotoak sortzen duen telekinesia bidez itzaltzeko gai izan naizela. Gutxi falta izan zait, baina kale egin dut, eskua maindire artetik atera behar izan dut azkenean, eta danba! Emandako astinduarekin zenbakitxoak dantzan jarri dizkiot etsai txiki goiztiarrari. Jaiki, eta neure burua txukundu beharko dut, gaur Murtzian dugu emanaldia; goizeko bostetan gelditu naiz lankideekin, Bilbora joan eta goizeko zazpietako hegaldia hartzeko. Nork esan du artista bizitza erraza dela? Ispiluaren aurrean jarri orduko konturatu naiz begi zulo horiek disimulatzeko adinako miraririk ez dela sortu oraindik, baina esperantza da galtzen den azken gauza, eta ahalegin barregarri batean xahutu ditut nire azken indarrak. Ispilu azpiko kajoitik kristalezko pote ñimiño atera dut, instant flash izenarekin, konbentzimendu osoz eman dut aurpegi osoan, kontuz, ukitu txikiekin. Eta tatxan-tatxan... lehengo aurpegi bera, begi zulo berberekin, eta 40 euroko urarekin blai eginda. Zein erraza dirudien edertasunak iragarkietan, bederatzi ordu lo egin ondoren pomelo zukua hartu duen 20 urteko modeloa pantailan ikusten dugunean, instant flash! Tira, mirarietarako fedea galdu dudanean, jantzi eta sukaldera noa; bertan hartutako kafesneak barrena goxatu dit, eta bakeak egin ditut kanpoko aldearekin ere.

06:10erako Bilboko aireportuan gaude, kontrola pasatzeko ilaran... beti umore txarrean jartzen naiz; iraingarria iruditzen zait pasarazten dizuten momentua, baina segurtasunagatik bada, izan dadila ba! Gaurkoan ere oinetakoak kenarazi dizkidate, "badaezpada", diote. Zer uste dute daramadala zapaten barruan. Metraileta tolesgarri bat? Gero jakin izan dut droga trafikoa saihesteko begiratzen dituztela oinetakoak, barnean kokainarik-edo ez daramazula ziurtatzeko. Mesedez, munduko droga trafikatzailerik handienak txankletekin ateratzen dira beti albistegietan eta! Mekaguen...

Barre artean Murtziara iritsi gara, eta bertako 24 graduak aprobetxatuz terrazatxo batean eseri gara, garagardo hotz bat eta txin-txin, gauean egingo dugun emanaldiagatik! Isilik geratu naiz bat-batean, tabernako atean kartel bat ikusi berri dut lan eskaintza batekin: Se necesita MUJER para la limpieza. Idatzi dizuedan moduan irakurtzen da karteleko eskaera, mujer hitza letra handiagoekin nabarmentzea erabaki dute. Emakumea izatea derrigorrezkoa da? Gizonezkoek ez ote dituzte bi esku trapua eta erratza hartzeko, eta bi begi zikina non dagoen ikusteko? 2014. urtean oraindik ere halako aldarrikapenekin ibiltzeak lotsa ematen dit. Masailak gorritu zaizkit, eta goizeko begi zuloak aurpegiko suaren azpian desagertu dira. Argazkia atera diot kartelari, berriz ere halakorik ikusiko ez dudan itxaropenarekin, dinosauro baten hezurrei argazkia aterako banie bezala, sekula errepikatuko ez den momentu bat gorde nahian. Gustatuko litzaidake hemendik urte batzuetara nire seme-alabei argazki hori erakutsi eta esan ahal izatea, "begira, garai batean honelako pentsamenduak zeuden", bitartean nire umeen aurpegietan harridurarik sakonena ikusten dudala.

Labrador eta Ternuako ordezkariekin elkarlan bideak ireki ditu aldundiak

Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroa ezagutarazteko programa abian du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren barnean, Ternua eta Labradorreko (Kanada) ordezkaritzak Gordailua bisitatu du, arkeologia eta ondarearen zaintzaren arloetan bertan egiten den lana ezagutu eta aztertzeko.

Irungo Arretxe gaineko inguruetan dago Gordailua, Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroa, eta bertan gordetzen diren "altxorrak" balioetsi eta gizarteari ezagutzera emateko egitaraua abian du aldundiak. Ibilbide interaktibo eta hitzaldien bidez, hango bildumak gizarteari ezagutarazten dihardute; eta iragan larunbatean bertan izan dira Jerry Dick, Ternua eta Labradorreko Gobernuko Ondare zuzendaria eta haren lantaldea.

Arkeolan, Albaola eta Donostia 2016ko arduradunekin ere bildu dira Ternua eta Labradorreko ordezkariak, eta hainbat leku eta baliabide ikusi ahal izan dituzte. Izan ere, San Juan galeoia —Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzaren barneko proiektua—berregiten ari den Albaola elkarteak aspalditik du harremana Kanadako ordezkariekin, XVI. mendeko itsasontzia Pasaian egin zuten arren 1565ean Red Bayn hondoratu baitzen. Ternua eta Labradorreko ordezkariak bisita ez formal bat egiten izan dira Gipuzkoan, eta hori probestuz, Garazi Lopez de Etxezarreta Kultura zuzendariak gonbidatuta bisita gidatua egin zuten Gordailuan. Haren arabera, "ondare arloan egindako lana eurei ezagutaraztea positiboa delako".

Bi ordezkaritzek elkar ezagutu eta Gipuzkoak ondarearen zaintzan duen esperientzia azaldu ondoren, etorkizunean elkarlanean aritzeko aukerak ere landu dituzte bileretan. "Gordailuak ondarea kontserbatzeko eta ezagutzera emateko duen egitasmoaren berri ematea zen bisitaren helburu nagusia, baina bide batez, etorkizuneko aliantzetarako bidea zabaltzea ere nahi genuen".

Besteak beste, Red Bay euskal baleazaleen aztarnategia gizateriaren ondare izendatu zuen Unescok iazko abuztuan, eta "ondare partekatua izanik", elkarrekin landu eta ezagutarazteko aukera bideratu nahi dute. "Red Bay euskaldunon ondarea ere bada, eta guri ere badagokigu hori ezagutaraztea; dudarik gabe, San Juan baleontziaren erreplika eraikitzeak horretarako aukera emango digu". Hala, Ternuako Gobernuak galeoiaren eraikuntza errazteko, baleontziaren planoak eskura jarri dizkio Albaolari.

Gordailura egindako bisita gidatuarekin pozik dago Lopez de Etxezarreta. "Interesgarria izan zen, pertsonalki, hango gobernuko ordezkariekin lehen aldiz egon nintzen ni". Dick ere "gustura" geratu zela uste du: "Pozik geratu zen. Gainera, agertu zuen interesa Gordailuak Gipuzkoako museoen sarean nola eragin asmo duen jakiteko; baita txikiagoak edo tokikoak diren museoak zein ondarea ezagutzera emateko zer egin nahi dugun ikusteko ere".

Red Bayko euskal baleazaleen aztarnategia eta Gipuzkoako tokiko ondarea dimentsio oso ezberdinetakoak badira ere, bien artean antzekotasunak badirelakoan dago aldundiko kultura zuzendaria: "Red Bayko badia askoz handiagoa bada ere, iristea zaila den eremua da; eta halako ondareak, proiektu txiki eta aldi berean handiak diren horiek, nola ezagutarazi parteka dezakegu". Euskal Herri osorako "estrategikoa" izan daiteke Ternua eta Labradorrekin elkarlana abiatzea.

Instalazio ia guztiak abian

2005. urtean hasi zen hezurmamitzen foru aldundian lurraldeko ondare higigarriak gordetzeko biltegi bat eraikitzeko ideia. Material asko zegoen: XIX. mendetik bildutako 1.600 artelan piezak —margolanak eta eskulturak, bereziki—, zein XX. mendean erositako 17.000 etnografia piezak. Leku arazoei irtenbidea emateko ere baliatu dute Gordailua.

Izan ere, Donostiako San Telmo museoa eraldatzen ari ziren, eta arazoak zituen piezak gordetzeko. Horrez gain, aldundiaren Donostiako Untzi Museoak ere ezin zituen gorde portuko eraikinean erakusgai ez zeuden ondasun guztiak. 2011n amaitu zituzten Gordailuaren eraikitze lanak, eta ordutik, eraikina hornitu dute. Zaharberritzeko tailerrak martxan jarri dituzte eta eraikinaren ia instalazio guztiak abian dira. Datozen hilabeteetarako, esaterako, bertan dauden bildumei buruzko hitzaldiak eta bisita gidatuak antolatu dituzte.

Zizurkildarrek irabazi dute eskualdeko bertso txapelketa

Harituz I. Herri Arteko Bertsolari Txapelketaren finala hartzeko txiki geratu zen Anoetako gaztetxea, iragan ostiralean. Berastegi eta Zizurkil jarri ziren aurrez aurre, eta azkenean, Harituz bertsozale elkarguneak antolaturiko txapelketa zizurkildarrentzat izan da. Estreinako aldiz antolatu duten txapelketak "oso harrera ona" izan du, gerturatu diren ikusleei eta parte hartzaileei dagokienez. Ondorioz, "oso gustura" daude antolatzaileak.

Txapelketak iraun duen bitartean, euren saioak iragartzeko karteletan Anoeta zioen bide seinalea erabili dute zizurkildarrek. Iragarpenak bete, eta finalera iristeaz gain, txapela ere etxeratu du Zizurkilgo taldeak. Hasieratik erakarri ditu Tolosaldeko herritarrak Harituz txapelketak, eta pixkanaka, finalera gerturatuz joan diren heinean, ikusleen kopurua handituz joan da. Hala, finalean 500 pertsona inguru bildu ziren Anoetako gaztetxean. Txapelketari, beraz, bukaera borobila eman diote, "festa giro ederra" izan baitzen, eta zaleek erruz animatu baitzituzten talde bateko zein besteko bertsolariak.

Zizurkilgo Jon Ormazabal, Unai Mendizabal eta Joseba Otaegi aurreko saioetan baino lasaiago zeuden. Dena den, Mendizabalek azaldu duenez, ardura edo zama moduko bat ere bazuten: "Txapelketa guztia oso ondo joan denez, bukaera polita eman nahi genion; eta, bestetik, finala zenez, irabazi egin nahi genuen". Zizurkilgo taldekideak esan duenez, finaleko ariketa guztietan "oso ondo" aritu ziren: "Aurreko saioetan, agian, bat edo beste ez zen behar bezain ondo ibili; baina ostiralekoan, hirurok ondo aritu ginen, eta uste dut ez zuela inork huts egin bere ariketetan. Oso gustura gaude egin dugun lanarekin".

Aurkariei dagokienez, Berastegiko Iñigo Gorostarzuk, Beñat Salbarredik eta Ibon Karrerak osaturiko taldea ere oso txukun aritu zen, baina Zizurkil gailendu egin zitzaien. Unai Mendizabalek onartzen duen moduan, euren burua aurretik ikusten zuten, eta espero zuten saioaren amaieran euren izena esatea. Hori bai, esan dute "oso polita" izan dela irabaztea eta "ilusio handia" egin diela.

Hainbat bitxikeria utzi zituen saioak, kartzelako gaian esaterako. Izan ere, gai arrunt bat eman ordez, ikusleen artean banatu zen inkestaren arabera egokitu zitzaizkien gaiak bi taldeetako bertsolariei. Nork uste duzu egiten duela lo biluzik? Nork uste duzu sudurretik mukiak atera eta aulkiaren azpian itsasten dituela? Taldeko nork esaten du beti bueltaxka bat egitera doala eta gero sekulako gaupasa egiten du? Horiek ziren gaztetxera saioa ikustera joan zirenek gai gisa hautatu zituzten zituzten galderak, eta horren ondorioz, une dibertigarriak sortu zituzten bertsolariek.

Aurreko saioetan ikusleek zazpi boto ematen zituzten: bi boto lehiatzen ziren talde baten herrikoek, beste bi beste taldearen herrikoek, eta azken hirurak "bertsolaritzan adituak" diren pertsonek. Finalean, baina, aldatu egin zuten botoak emateko modua. Txapelketan parte hartu duten taldeei bederatzi boto banatu zizkieten, eta horiek erabaki zituzten irabazleak. Irabazleei saria emateko ardura, berriz, Aitor Mendiluze bertsolariak izan zuen. Mikel Artola Harituz bertso elkarguneko lehendakariak eman zion BECeko finalean saria, eta antolatzaileek Harituz-en estreinako txapelketako saria Iruran bizi den andoaindarrak banatzea pentsatu zuten. Behin sariak banatuta, festa goizeko ordu txikietara arte luzatu zen.

Oihana Iguaran Harituz bertsozale elkarguneko kidearen arabera, beren helburuetako bat jendea mugitzea zen, baita plazara hurbiltzen ez den bertsozalea erakartzea ere: "Txiki geratu zaizkigu finala eta aurreko saioak egin ditugun lekuak; beraz, poztekoa da". Oraindik ez dute balorazio ofizialik egin, baina egitasmoa erabat positiboa izan dela ez du dudarik: "Txapelketarekin Harituz-en izena zabaldu da, eta izana ere pixka bat bai; beraz, ea bide horretatik jende berria gerturatzen den bertsogintzara".

Hala ere, txapelketarekin nola segitu hausnartu behar dutela dio, eta ez dute argi urtero antolatuko duten edo ez: "Pentsatu egin beharko dugu nola egingo dugun. Agian, bi edo hiru urtez behin egin daiteke txapelketa. Urtero egitea, ziurrenik, gehiegi litzateke antolaketari dagokionez, bertsolariei eta zaleei ere esfortzua eskatzen baitie. Gainera, baditugu hainbat formatu, eta horiek txandakatzea da gure nahia". Era berean, festa eta bertsoa uztartzen dituzten eredu berriak ere asmatu nahi dituztela nabarmendu du.

Bertsotarako beldurra galdu

Iguaranen ustez, txapelketarekin jendeak bertsotarako beldur pixka bat galdu du: "Ez da gainerako lehiak bezain teknikoa izan; herri artekoaren ezaugarria da hori". Bertan proposatu diren ariketak xumeagoak dira. Horrez gainera, taldeka izan da, eta hori dela eta, uste du hori guztia jakinik jendeak beldurra galtzen duela. "Bertsotan gustura egiten duen jendea badago, baina plazan aritzeko bere burua ez du gai ikusten. Txapelketa honekin, bertan aritzeko gai izan daitezkeela ikusi dute askok. Pentsa, ez dakit txapelketaren ondorio ote den, baina, kuadrilla berri batek izena eman du bertso eskolan aritzeko".

Araban eta Nafarroan ere egiten dira kuadrillen arteko txapelketak, eta Azpeitian eta Zarautzen ere gisa horretako taldekako txapelketak egiten dituzte. Zarautzen, gainera, edonork hartzen du parte, bertsoak gustuko dituen edonork, izan bertso eskola bateko ikasle edo ez. "Era askotariko ereduak daude", dio Harituz-eko kide Iguaranek: "Pentsatu behar da lehen bezala gaur egun ere bertsogintzan jende asko dagoela. Bertsoak eta bertsotan aritzea askok dute gustuko, baina agian txapelketa eta epaileen eredu horietatik at. Beraz, bertsozale horiei aukera bat ematen diete halako ereduek".

Bikote krisia ere, goraka

Banaketen eta dibortzioen kopuruak gora egin zuen iaz ere; hala esan du Agipase Gipuzkoako Guraso Bananduen Elkarteak, iazko balantzearen berri ematean. Elkarteak gero eta jende gehiagori ematen dio zerbitzua, eta banandu nahi duten bikote eta banand...

Begisarek elkarlana hasiko du Gipuzkoako farmaziekin

Astetik astera, elkarte ugari ari dira bat egiten Begisaren elkarteak martxan jarritako kanpainarekin. Aste honetan, Gipuzkoako Farmazeutikoen Kolegio Ofizialarekin sinatu du lankidetza hitzarmena. Helburua da Gipuzkoako 281 farmaziak ere erretinosi p...

HARDCORE DOINUAK GAZTETXEAN

Bergarako Txapa irrati libreko Jar itzazu tapoiak, mesedez!!! irratsaioak hardcore kontzertuak antolatu ditu biharko, gaztetxean. 22:30etik aurrera, hiru talde arituko dira kartzela zaharreko areto txikian: Minority Of One (argazkian), Yaw eta Hondar...

“Mugak izan arren, egokitzen ikasi dut”

Markel Etxabegureni (Donostia, 1987) 7 urte zituela diagnostikatu zioten erretinosi pigmentarioa. Izotz hockeyan jokatzen zuen Txuri Urdin taldean, eta gurasoak ohartu ziren zenbait momentutan galdu egiten zuela pastillaren norabidea. Hori gertatzen z...

17.913

Irungo jantoki sozialean iaz zerbitzatu zituzten menuak. Irungo Udaleko Gizarte Ongizatea saileko ordezkari Maite Cruzadoren arabera, 17.913 menu zerbitzatu zituzten iaz Irungo jantoki sozialean. 154 herritarri egin zieten harrera, 2012an baino 50 gehiagori.

Basoa, bi adarretan zatituta

Aldundiak basogintzako kudeaketa aldatuko zuela iragarri zuen agintaldi hasieran, eta martxoaren 18an kendu zuen Julian Unanue bere kargutik, Mendiko eta Natura Inguruneko zuzendaritzatik. Ordurako, erakunde ekologistek hainbat protesta eginak zituzten aldundiaren politikak salatzeko. Kargu aldaketak poztu ditu haiek, baina baso sektorekoak kezkatuta daude. Jon Peli Uriguen Landa Garapenerako diputatuaren esana du Unanue ez zela nahi bezain azkar ari aldaketa horiek...

Euskararen sufrimenduak eta pozak

Debekuak, zigorrak, itxierak. Askotarikoak dira urteetan euskarak jasan dituen erasoak. Dozenaka urte egin daiteke atzera adibideak aurkitzeko, edo hamar bat urte besterik ez. 1349. urterako debekatu zuten Hueskako azokan, hebreera eta arabierarekin egin zuten bezala. 1730ean, Beasaingo Udalak utzitako lekukotasunak zigorrak iragartzen zituen euskaraz hitz egiten zuenarentzat. Eta 2003an, Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera. "Gauza batzuk ez dira hainbeste aldatu". Hala dio Arantxa Erasun Euskal Memoria Fundazioko kideak. Urteetan euskararen kontra egindakoa ezagutzera emateko, Euskara, ospeletik eguterara erakusketa ibiltaria prestatu du fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta zenbait udalekin elkarlanean. Dagoeneko ikusgai dago Oiartzunen.

Bereziki azken mendean euskararen aurka hartu diren neurrien zipriztinak bildu dituzte; dena den, traben gainetik, euskarak bizirik jarraitu ahal izateko sortutako mugimenduari bere lekua egin nahi izan diote. "Gauza bat da euskarak zer sufrimendu eman digun, baina poza ere eman digu. Euskara ilunpean egon da, sufritu dugu eta sufritzen ari gara. Hala ere, euskarari eutsi egin zaio, herritarrek horri eusteko mugimendu zabal bat antolatu dutelako". Erakusketako hamahiru paneletan historiaren pasarteak jaso dituzte; zapalkuntzaz hitz egiterakoan, berriz, hamaika adibide: euskarazko liburuak erretzea, frankistek Tolosan egin zuten bezala; euskaraz ari ziren irratiak edo egunkariak ixtea, baita euskaraz egitea debekatzea ere. Edo administrazioan euskaraz hitz egitea galaraztea. Euskararen ezagutzaren bilakaeraren berri ere ematen dute: 1866an, %96,6 zen Gipuzkoan; 2001ean, berriz, %51,5.

Euskarari buruz ez ezik, euskaldunen bizipenez ere mintzo da erakusketa. Zigor Etxeburua aldundiko Euskara zuzendariaren hitzetan, "asko" hitz egin da euskararen normalizazioaz, baina ez hainbeste euskal hiztunen bizipenez: "Gure ikuspegitik euskaldunon bizipenek ezin dute jarraitu frustrazioaren bidetik. Normalizazio politikoaren garaian gaude, eta bere eskutik joan behar du normalizazio linguistikoak". Dioenez, "funtsezkoa" da euskaldunek bizi izandakoaren berri ematea, bizipen "gaizto" horietaz jabetu eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko.

Irudiak eta solasaldiak

David Anauten Euskararen kate hautsiak liburuarekin heldu dio Euskal Memoria Fundazioak zapalkuntzaren gaiari, eta hori da, hain justu, erakusketaren oinarria. Baina, panelez gain, informazio hori beste hainbat euskarritan jasotzeko aukera ere izango dute bisitariek. Ikus-entzunezko baten bidez, zenbait lagunen testigantzak entzun ahal izango dira. "Aukera emango du ez bakarrik lekukotasunak entzuteko, baita emateko ere. Kontakizun hori egiten segitu nahi dugu, eta hori herritarrek egin behar dute". Hori horrela, soka batean lekukotasun idatzien zatiak egongo dira, eta bertaratzen direnek aukera izango dute euren gogoeta zintzilikatzeko. Gainera, eskualdez eskualde mahai inguruak antolatuko dituzte; horietan ariko dira, besteak beste, zapalkuntzaren biktima izan direnak, hizkuntzaren urraketan adituak eta euskararen alde herrigintzan dabiltzanak.

Oiartzunek hartu du aste honetan erakusketa, udaletxeko pleno aretoan —igandera arte ikusi ahal izango da—. Irati Etxebeste Oiartzungo Euskara zinegotziak azaldu duenez, erakusketaren inguruan egitarau zabalago bat osatzeko proposatu diete udalei, eta haiek halaxe egin dute aste honetan: Oiartzueraren eta Memoria Historikoaren Astea prestatu dute. Horretan izan dituzte hitzaldiak, dokumentalak, antzezlanak… Aurrera begira, dagoeneko zehaztu dituzte hurrengo geldialdiak: maiatzean Zarautz, Donostia eta Arrasatera iritsiko da erakusketa; ekainean, Tolosa, Azpeitia eta Urola Garaian ikusi ahal izango da. Udazkenean helduko da Orio, Lasarte-Oria, Debabarrena, Goierri eta Debagoienara.