Perituak dio

Ostiral gaueko hamaikak dira. Zutabe honek atzo arratsalderako bidalia behar zuen, baina astelehena arteko amnistia eskatu behar izan diet goizean Andoaingoei. Euria ari zuen nire erraietan asteazkenaz geroztik, aspaldi bota gabeko euri jasa nabari nuen nire baitan. Oso irristakor sentitzen nituen oinak pauso bakar bat emateko, begirada lausotuegia ezer taxuz ikusteko.

Astea oskarbi abiatu nuen, bakean. Igandean Annerekin itzuli nintzen Pragatik Berlinera trenez. Aspaldiko bost ordu gozoenak izan ziren. Jannowitzbrücken metrotik jaitsi, eta urruntzen ikusi nuen haren bagoia, haren jertse zuria. Inor ez zebilen geltokian, eta eskailera mekanikoak dantza inozo batean jaitsi nituen beheko solairura, etxera eramaten nauen U8 lineako nasara.

Asteazkenean etxetik pasako zela agindu zidan. Poztu egin nintzen, lehenago ezin izango zuela esana zidalako. Sezerren marrubi tarta probatzera eraman nuen, ez zuen ezagutzen. Iritsi zenetik antzeman nuen ezeroso zebilela, eta metrora lagundutakoan zapla bota zidan. Ez dut honekin aurrera jarraitu nahi. Ez nion zergatik galdetu. Zertarako, hori larritua zeukana koitaduak. Orduan sumatu nituen lehen euri tantak barrunbean. Zirimiria bakarrik zen oraindik; segituan pasako da, engainatu nuen neure burua.

Ostiral gaueko hamaikak dira. Behingoz ateri dagoela nabaritu dut, baina zaparrada ez da nolanahikoa izan. Hiru egunetako uholdearen kalteak neurtu berri ditu perituak; pasa dit txostena. Egoa txiki-txiki eginda daukazu, ikusi noraino igo den ura. Baina egoa aseguratu gabe zeneukan, sentitzen dut.

Bi aste baino ez dira pasa nik inola ere espero gabe afaltzera gonbidatu ninduenetik. Bi aste horiek nahikoak izan ditu gosea galtzeko. Annek ekarritako lainoak bakarrik ez ziren gai izango, hala ere, nire barruan halako ekaitz perfektua eragiteko.

Mariekek lehenago bidalitako hodeiak ere batu zaizkie, ordea, trinkoak eta beltz-beltzak, hura ere segituan aspertu baitzen nirekin lakura bizikletarekin joateaz. Zergatik gogaitu zineten hain azkar. Bien erantzunekin nire egoa onik litzateke oraindik, beharbada, baina nahiago izan dut ez galdetu eta trumoiak baretu arte itxaron, blai. Bularra zanpatzen didan denboralea nondik datorren asmatu ezinik. Ondoegi jakinda.

Ostiral gaueko hamaikak dira. Bowieren Sound And Vision atera dut itsu-itsuan. Aterki moduan erabili izan dut beti abestia, baina oraingoan enbatak azkar okertu eta birrindu du guardasola. Diskoa aldatu dut bizkor. Ulertzekoa da. Schönebergen idatzi zuen Sound and Vision Bowiek. Eta Anne Schönebergen bizi da, eta gainera mezua bidali berri dit.

Bera ez omen da irtengo, baina ea nik ostiral gauerako plan dibertigarririk ba ote daukadan. Artikulua behingoz bukatzeko asmoarekin nabilela erantzun diot, eta ea zertaz ari naizen galdetu dit, modu nahiko maitagarrian. Egia erantzun diot, nire egoaz, ezingo nuke beste ezertaz idatzi oraintxe bertan. "OK, ulertzen dut", whatsapp-ak piztu du telefonoa. Euria ari du berriz, goian behean, eta ez daukat non ezkutaturik. Zutabea behingoz bidaltzeko moduan nagoela uste dut behintzat.

“Belarrira doana maite dut egun”

Benito Lertxundik Kilometroak jaiaren alde kontzertua eskainiko du Orion bihar, 22:00etan, Karela kiroldegian. Sorterrian ariko da. Azkenaldian darabilen errepertorioa joko du, Oroimenaren oraina azken diskoko kantuak batik bat. Bere ofizioa maite du;...

“Fisioterapia masajeak ematea baino askoz gehiago da”

Naiara Olaetxeak (Tolosa, 1981) hainbat urte daramatza fisioterapeuta lanean. Sorian egin zituen fisioterapeuta ikasketak, eta, behin hori bukatuta, lanari ekin zion buru-belarri. Hainbat urtez kanpoan aritu izan da fisioterapeuta lanean, Perun eta Fr...

Hamarkada bete doinu

MusikaArrasateHamargarren aldia du Arrasateko Udaberriko Musikaldiak. Joan den asteburuan hasitako egitarauari jarraipena emango diote gaurtik igandera bitarte, herriko zenbait gunetan. Aurtengo programan euskal autoreek duten garrantzia nabarmendu du...

17

Uda aurretik Gipuzkoan izango diren zero zabor herriak. Beste lau udalerri zero zabor herri dira: Berastegi, Lizartza, Alkiza eta Leaburu-Txarama. Uda aurretik, Aizarnazabal, Asteasu, Beizama, Belauntza, Bidania-Goiatz eta Errezil ere bai. Guztira, hamazazpi herri izango dira hala.

UDABERRIARI ONGI ETORRIA, MUSIKAREKIN

Aurten ere, Udaberri Fest jaialdia hartuko du Zarautzek. Munoako karpatik askotariko musika taldeak igaroko dira bihar, 18:00etatik aurrera. Han izango dira Gatibu, Gose, Skasti, Lauroba, Bluestock, Perlak, Patera Style Sound System eta DJ Gulu-Gulu. ...

Talde ekologistak pozik, elkar ezagutu eta batu direlako

Bilduren agintaldian esperotako aldaketarik jaso ez badute ere, Gipuzkoako talde ekologistek ez dute prozesua "ezkortasunez bizi": "Prozesu honek natur eragileak biltzeko balio izan du, eta elkartuta jarraitzeko asmoa dugu. Aldundiak jakin beza bidel...

«Egonkortua» eta «justua»

Astelehenean abiatuko da Gipuzkoan 2013ko errenta eta aberastasuna aitortzeko kanpaina. Aurtengoan, 390.000 errenta aitorpen jasotzea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak, iaz baino 4.000 gehiago. Hiru berrikuntza nagusi ditu aurtengo errenta kanpainak. Batetik, aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergaren lehen kanpaina izango da. Bestetik, aitorpena egiten dutenen borondatea jasotzeko aukerak ere zabaldu dituzte. Izan ere, zergadun bakoitzak egiten duen aitorpenaren %0,7...

Sistema egonkorra eta justua

Astelehenean abiatuko da Gipuzkoan 2013ko errenta eta aberastasuna aitortzeko kanpaina. Aurtengoan, 390.000 errenta aitorpen jasotzea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak, iaz baino 4.000 gehiago.Apirilaren 7tik 25era bitartean, errenta autolikidazio p...

“Gatazka hor egonda ere, bidea egiten hasi behar dugu”

BERRIAren egoitza ezagutu nahi zuen Jexux Bidaola Txirrita-k (Orexa, 1949), eta bertan jarri du hitzordua —Gipuzkoako Hitza ere han dago—. Oroitzapen ugari etorri zaizkio burura: adibidez, Euskaldunon Egunkaria sortzeko ekitaldietan parte hartu zuela baina lehen alea argitaratu aurretik ihes egin zuela.

Nola izan da itzulera, eta zein izan dira zure lehenengo sentipenak?

Martxoaren 22an izan zen, eta herrikoekin antolatu genuen. Oso urduri nengoen, eta kolpe handia jaso nuen. Dena dago hain aldatua: errepideak, jendea, ohiturak, etxea... 23 urte asko dira. Oraindik kokatu ezinik nago.

Zergatik egin zenuen ihes?

Hemen ikusi nuen jarraipena zegoela, eta atxilotuko eta torturatukoa ninduten beldur nintzen. Anaiaren esperientzia ere hor zegoen [tiroketa batean hil zuen Guardia Zibilak mugan, 1976. urtean]. Mehatxu asko jaso nituen orduz geroztik, gogoratzen zirela nirekin-eta esaten zidaten. Alde egin nuen urtean, gainera, atxiloketa asko egon zen Villabonan. Erabaki gogorra izan zen. Banuen enpresa bat langileekin, eta utzi egin behar izan nuen. Familiak gaizki pasatu zuen; asko sufritu du.

Eta nolakoa izan da bizitza urte hauetan guztietan?

GALen garaian iritsi nintzen Baionara. GALek kaleak garbitu zituen. Ezkutuan bizi behar genuen, ezin ginen lasai ibili. Gero hasi ginen animatzen eta kalera ateratzen. Hala ere, inoiz ez ziguten paperik eman lana egiteko. Pilota beti pasa ibiltzen ziren.

Atxilotzeko arriskua ere hor zen.

Bai, eta 1998an hartu ninduten, pisukideekin batera. Hiru egun eduki ninduten, eta gero kanporatzea. Baina Paueko epaitegiak onartu zuen kanporatzea ezinezkoa zela. Hala ere, Parisko auzitegitik bidali zidaten gutun bat esaten zuena epaiketa ez zutela onartzen. Lan egiteko paperak ere ez zizkiguten onartzen. Gerora jakin genuen bi ministerioren artean zegoela hitzartua guri ezer ez ematea. Eta tartean zegoela beste bat, Eusko Jaurlaritzakoa, [Juan Maria] Atutxa, orduko Barne sailburua, eta bera zela gogorren egiten zuena.

Azkenean kanporatu egin zintuzten?

Ez. Baina Pauen epaiketa irabazi eta mugaraino eraman ninduten. Hori legez kanpokoa zen, baina eraman ninduten. "Hor dituzu zure lagunak, hor daude", esan zidaten, baina ez ninduten kanporatu.

Egoera horretan bizitzea ez zen samurra izango, ezta?

Bi pisukideak ere iheslariak ziren, Alegia eta Elduaingoak. Hil egin ziren, lanik ez nuen topatzen, eta kanporatzearen mehatxua. Oso gogorra da horrela bizitzea.

Eta kanporatzearen mehatxua gaur egunera arte izan duzu?

Bai, bai. Oraindik ez digute erantzunik eman. Abokatuak berak esaten zigun hori bitxia zela: ez erantzunik, ez atxiloketarik.

Tarte honetan nolakoa izan da senide eta lagunekin harremana?

Gehienbat familiarekin, herrikoekin ez hainbeste. Eta hori faltan sumatu dut. Erdi gordeta egon behar izanak asko baldintzatzen du. Alabek sufritu dute gehien, ezin zuten asimilatu. Emazteak ere gaizki. Bi haurrekin geratu zen, eta ni lanik gabe... Ez da berdin gazte izanda alde egitea edo 41 urterekin dena uztea.

Eta elkartzea nolakoa izaten ari da?

Familiakoak beti ezagutu ditut bisitan edo telefonoz, baina orain asko aldatzen da harremana. Oso arraroa da sentsazioa, denontzat. Batzuek sinetsi ere ez dute egiten. Zaila da kolpean bizimodu normalean sartzea.

Herritarren babesik sentitu al duzu?

Bai, asko. Arraro begiratzen zaituzte, baina aurkeztutakoan... Orduan bai, asko pozten dira, eta kezkatzen. "Egon lasaia, ohituko haiz, ohituko haiz", esaten didate.

Iritsi zinenean harrera ere egin zizuten herrian. Nola izan zen?

Kristoren sorpresa hartu nuen. Jendea piloa zegoen, eta bazkaria egin genuen. Kolpea hartu nuen: sentimenduak nahasten dira.

Zaila ere egingo zitzaizun itzulera.

Bai. Beldurra ere sentitu nuen, bidaian batez ere: mugan anaiari gertatutakoa... Hori buruan dago.

Beste mamu batzuk ere...

Bai. Buruan oraindik daukat alde egin nuen eguna. Familiarekin afaldu, eta alde egin nuen. Eta orduan ikusi nuen etxe atarian auto bat eta garajearen aurrean beste bat: han zeuden. Gaur hona etorri aurretik joan naiz kafe bat hartzera, eta txoko horretan ikusi dut argazki hori. Etxean ere, zaratak entzuten baditut, urduri jartzen naiz. Auzoan izan ziren atxiloketa bortitzak gogoratzen ditut, eta orduko zaratak etortzen zaizkit burura. Imajina horiek ez dira kentzen; ohitu egin beharko dugu.

Aurrera begira, zer plan dituzu?

Apirilean joan behar dut Baionara paperak betetzera urrian jubilazioan sartzeko. Ez da erraza izango lasai bizitzea, beldurra daukadalako: edozein kontroletan gelditu eta... Iparraldean gauza bera gertatzen zitzaidan. Ez nuen paperik, eta kamioiarekin lan egiten nuen —13 urte eta gero eman zidaten gidabaimena—. Eta kanporatzearen mehatxua beti hor. Eta hemen ere berdin. Uste duzu normaltasunean zaudela, baina burua beti ari da lanean: espetxera joan zaitezkeela pasatzen zaizu burutik.

Ba al duzu orain arte egin ez duzun ezer egiteko asmorik? Ametsik?

Amets xume bat: familiarekin elkartu eta sagardotegia egin. Alaba bat Danimarkan dago, eta apirilean etortzekoa da. Orduan ospatuko dugu laurak, goxo-goxo.

Oraindik itzuli ez diren ezagun asko dituzu. Hitz egin al duzu haiekin etorri aurretik? Zer esaten dute?

Aldamenean asko dauzkat. Asko sumatzen ditut faltan, kanpoan daudenak, gaixo daudenak... Kondizio oso txarretan bizi den asko daude. Nire ustez, urte asko daramatenak dira itzultzeko beldur handiena dutenak. Hutsetik hasi behar duzu bizimodua, kristoren aldaketa da. Eta gatazka hor egonda ere, bidea egiten hasi behar dugu .

Nola ikusten duzu egoera politikoa?

Itxaropenez. Aurreneko pausoak dira, eta nik jendea animatuko dut, egoera blokeatuta egon ez dadin. Oso motibatuta ikusten dut jendea, gazteak batik bat. Belaunaldi bat egon da oso baztertua, eta orain badator beste bat oso antolatua eta gogoz.