Izar handien artean, distira bereziko bat

Gorka Zufiaurre aktorea (Urretxu, 1978) Luis Marias zuzendari bizkaitarraren Fuego filma grabatzen ari da Bilbon, Lekeition eta Bermeon (Bizkaia). Zufiaurre eskarmentu handiko aktorea bada ere, film luze batean parte hartzen duen lehendabiziko aldia d...

Uema eta udalen elkarlana, euskaraz egitea sustatzeko

Gipuzkoako zenbait udalek eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak kanpaina bat abiatu dute elkarlanean, herritarrek errenta aitorpena euskaraz egin dezaten bultzatzeko. Horren bidez, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazko...

Gaikako bilketa %80ra heldu da Astigarragan

"Atez atekoa martxan jarri aurretik, Astigarraga ez zen iristen hondakinen %30 gaika jasotzera; azken urtebetean, ez dugu hilabeterik egin %80ko gaikako bilketaren azpitik". Urtebete egin du herrian atez ateko sistemak, eta bilketa datuak "irauli" izana "harro" egoteko modukoa dela uste dute Maite Olatziregi zinegotziak eta Andoni Gartzia alkateak.

Urte batetik besterako aldearen gakoa batik bat organiko eta errefusaren emaitzetan dagoela diote. Datu aipagarrien artean, honako hau: 2012tik 2013ra, hondakinen %70 zabortegira bidaltzen zituzten; gaur egun, berriz, %15. Ontzi arinen bilketan egindako ahalegina ere aintzat hartu dute bereziki, hori baita "herritarrentzat bereizten zailena". Ontzi arin gisa bota diren baina ontzi arinak ez diren hondakinak %4,28 izan dira, batez beste: "Datu oso ona".

"Erakusten ari gara gure hondakinen kudeaketa arduratsua eginda ez direla beharrezkoak erraustegia bezalako azpiegiturak. Hondakinak egoki kudeatuko dira herritarrei horretarako bideak eta baliabideak emanez gero; bestela, ezinezkoa izango da".

Horrez gain, nabarmendu dute sistema berria martxan jarri aurretik zabaldu ziren "beldur, gezur eta manipulazio interesatuen ondorioz" urduritasuna zegoela herrian, baina indarrean jarri ondoren "inolako arazorik gabe" egokitu direla herritarrak sistema berrira.

Gaurtik, Ibarran

Gaur jarriko dute martxan Ibarran atez ateko bilketa sistema; organikoa izango da jasoko duten lehen gaia. Lau ontzi izango dituzte eskura; ontzi bera erabiliko dute ontzi arinentzat eta paper eta kartoiarentzat. Herritarren artean ontziak banatu ondoren, Jexux Peñagarikano alkatea "oso gustura" agertu da orain arte izandako harrerarekin. Gaur egun, Ibarrako birziklatze tasa %30 inguruan dago, eta "50 bat punturen aldea" lortzea dute xede.

Horrela, Tolosaldean zazpi herrik bilduko dituzte hondakinak sistema berri horrekin —birziklatze tasa %43 da eskualdean—.

Amaia Azkue Tolosaldeko Mankomunitateko ordezkariak azaldu duenez, Gipuzkoa osoan hogei bat herri daude atez ateko sistemarekin. Gainera, uste du 2014. urtea "iraultzaren urtea" izango dela birziklatzearen alorrean.

Lasarte-Orian, berriz, bosgarren edukiontziaren alde egin dute. Jesus Zaballos PSE-EEko kideak aste honetan jakitera eman duenez, akordio bat lortu dute PSE, EAJ, PP eta LOHPek —Bilduk abstentziora jo du—. Hori horrela, sistema hurrengo hilabeteetan martxan jartzea espero dute.

AKORDIOA HONDAKIN BILKETAZ

Hondakinak biltzeko sistema berria adostu dute Zestoan Bilduk eta EAJk. Auzokonposta eta autokonposta bidezko sistema jarriko dute martxan udararako, besteak beste, %70eko birziklatze tasetara iristeko. Irudian, Ruben Alberdi Zestoako jarduneko alkate...

Mugarik gabeko hartu-emanak

Nortasuna ez da gauza monolitiko bat, sekula aldatzen ez dena; moldatzen da. Nortasunak batzen gaitu, edo nortasunak bereizten gaitu". Benjamin Duinat Historia eta Geografia irakaslearen hitzak dira. Iparra-Hegoa egitasmoaren barruan, Seguran izan da ...

Izenak izen, betikoa gizen

Madrilgo aireportuarentzat Adolfo Suarez Madrid-Barajas izena gehiago gustatzen omen zaie Madrid-Barajas baino. Hori izan da Mariano Rajoyren azken buztankada —oso ondo, Mariano, luzitu haiz ederki, izen luzeagorik ez al zaik bururatzen?—; orain aireportuaren izena esaten maletak fakturatzen baino denbora gehiago emango dugu, autobusean lehenago iritsiko naiz hegazkinean baino.

Aeropuerto Adolfo Suarez Madrid-Barajas zer iruditzen zaidan? Berdin zait, berdin zait Aeropuerto Pitita Ridruejo Madrid-Barajas jartzen badiote ere; herri bateko ustel usaina ez dute izen-abizen batzuekin estali nahiko, ezta? Nazka ematen dit norbaitek izerdi kiratsa estaltzeko etxean daukan koloniarik fuerteenetik pote erdia botatzen duenean, nazka ematen dit izerdi-Pachouli usainak; eta horixe egin dute Espainiako aireportuarekin ere. Ez naiz sartuko Adolfo Suarezen alde edo kontrako nire jarrera azaltzen, norberak hauta dezala bere bandoa eta erosoen sentitzen den aldean egon dadila —horixe da demokrazia, ezta?—.

Funtsean, begiratu dut, eta Adolfo Suarezek ez dauka inongo zerikusirik nire haserrean; El Fari balitz ere berdin haserretuko nintzateke. Neure onetik atera nauena agintariek erabaki horrekiko izan duten jarrera da; heroiak balira bezala aritu dira Rajoy bera, Ana Botella —ingelesez hitz egitean Milikik eta Fofitok baino keinu gehiago egiten dituen andre lotsagarri hori— eta Madrilgo Komunitateko lehendakaria, Ignacio Gonzalez.

Azken horren hitzetan, "miresgarria" da Adolfo Suarezek burututako lana: "Interes orokorrak partiduko interesen gainetik jarriz, horren memoriari omenaldi bat zor diogu". Zer esan nahi du horrekin? Interes orokorrak partidukoen gainetik jartzea memorian bakarrik geldituko den zerbait dela, ezta?

Alegia, "memoriarekin konforma zaitezte, inuzenteok, ze berriz ere halako jarrerarik ez duzue ikusiko", esan berri digu! Baina labankadarik zorrotzena ondorengo hitzekin jaso dut: "Hark sortutako demokraziari esker gaur egun iritziak azaltzeko askatasun osoaz goza dezakegu". A bai? Ba orain enteratu naiz! Eta zertarako balio du adierazpen askatasunak entzuten ez zaituzten agintari batzuen aurrean?

Zuritu itzazue zeuen buruak, bota ezazue nahi adina Pachouli aurreko eguneko izerdi zikinaren gainean; ustel usain hori ez dizue Kalkutako Teresaren izenak ere kenduko.

Bizi diren artean elkarri begiak atera beharrean ibiltzen dira, eta hil orduko jokoaren norakoa aldatzen dute. Hilotza munduko politikaririk onena bilakatzen da guztientzat. Putreak inguruan hegan hasten dira, piezarik onena nork eramango. Oraingoan, Rajoyk eraman du; ideia zuri bat aurkeztu du Ministerioan, eta onartu egin diote. Bejondeizula, Mariano. Nik igandetako marianitoa hartzeari utziko nioke zure izena daraman ezer ez irenstearren, baina hain goxoa dago... zure izenak ez du halako sakrifiziorik merezi. Izenak izen, betikoak gizen. Aireportu bera, herri bera, zakarrontzi bera.

“Askoz diru laguntza gutxiago daude; ez da bereziki garai ona”

Nerea Barriolak (Zizurkil, 1986) eta Ana Iparragirrek (Villabona, 1975) urteak daramatzate musika munduan murgildurik. Villabonan eskaini berri dute kontzertua, eta halakoekin, herritarrei musika lirikoa ezagutaraztea lortu nahi dute.

Villabonaren gisako herri batean musika lirikoaren emanaldi bat aurkitzea ez da oso ohikoa.

ANA IPARRAGIRRE. Bakarlarien kontzertu oso gutxi egiten dira inguru honetan. Pasaia, Irun edo Donostiara joan behar da horrelako kontzertuak entzutera. Aukera paregabea izan da, beraz, honelako musika emanaldi bat ikusteko.

NEREA BARRIOLA. Nik uste dut aukera bat eskaini dela musika estilo hau ezagutzen duenak goza dezan eta ezagutzen ez dutenek zerbait desberdina ikus dezaten. Agian gero gustatu egiten zaie eta ikusle gisa emanaldi hauetara joaten hasten dira edo interesa zabaldu egiten da.

Zer eskaini zenuten?

A.I. Obra ezberdinak. Lehen zatian italieraz, alemanez, frantsesez eta euskaraz hainbat abesti eskaini genituen. Bigarren zatian, berriz, opera eta zarzuelako zatiak.

Emanaldia Villabonan bertan eskaintzeak ere ilusio berezia sortuko zizuen, ezta?

N.B. Bai, bai. Betidanik ezagutzen gaituzte, eta urte asko igaro dira hemen eskaini genuen lehen kontzertu hartatik hona. Ordutik lan asko egin dugu, eta hobetu dugula uste dugu. Hori erakusteko aukera bikaina izan da.

Egun zein da musika lirikoaren egoera?

N.B. Hemen egoera oso zaila da. Krisiarekin ere murrizketak hezkuntzan edo kulturan izaten dira, eta musika ere bertan sartzen da. Askoz diru laguntza gutxiago daude; ez da bereziki garai ona. Hala ere, esan liteke berez garai onetan ere musika lirikoz bizitzea hemen ez dela erraza. Nik aukera badaukat, nork daki, baina, zaila da. Gainera, askok kanpotik hartu dute izena.

A.I. Eskuarekin kontatu zenitzake horretan dabiltzanak: Ainhoa Garmendia, Marife Nogales, Miren Urbieta. Eta tenoreak Andeka Gorrotxategi, Jose Luis Sola, Iker Kasares.

Hortaz, zaila da Euskal Herrian garapen bat izatea, bai maila teorikoan eta baita profesionalean ere?

A.I. Ikastetxeetan musika oso gutxi lantzen da; aparteko ikasketa batzuk dira.

N.B. Bai, hori da. Ez da heziketa musikal bat jasotzen, Finlandian, Norvegian edo Austrian jasotzen den moduan. Hezkuntza orokorretik kanpo dago. Herrialde horietan, adibidez, txikitatik lantzen dute, baita abesten ikasi ere. Hemen, berriz, musika eskola oso gutxitan eskaintzen da kantua.

Eskoletan musika lantzen hastea, beraz, beharrezko dela ikusten duzue?

N.B. Bai. Ez instrumentu espezifiko bat, baina oinarrizko heziketa musikal bat jasotzea bai. Musika irakurtzen hastea, lantzea, ezinbestekoa da. Gainera, memoria lantzeko ere oso ona da.

A.I. Nik ez dakit zenbateraino lantzen den, baina gehiago bultzatu beharko litzateke, zalantzarik gabe.

Musika eskoletatik kontserbatoriorako pausoa ere handia izango da, ezta?

N.B. Bai, sartzeko bakarrik asko saiatu beharra daukazu. Urtean toki jakin batzuk egoten dira, normalean gutxi, eta kopuru jakin horren barruan sartzeko prestatu beharra daukazu. Behin sartuta, hainbat osagarri ere izaten dituzu: historia, hizkuntzak, musika, konposizioa... Eta, gainera, hori guztia ikasketa orokorrekin batera egin behar duzu! Hortaz, sakrifizio handia eskatzen du.

Noiz eta nola hasi zineten biok elkarrekin musika emanaldietan?

A.I. 1998an Villabonan hasi nintzen lanean, eta Nerearen irakasle izan nintzen. Gainera, Eresargi Txiki abesbatzan piano jotzailea nintzen, eta berak bertan abestu egiten zuen. Bakarlari moduan aritzen zen, eta orduan hasi zen gure harremana. Gure lehen kontzertua 2006an izan zen, Villabonan. Handik hiru urtera, Zizurkilen eman genuen beste bat.

N.B. Donostiako kontserbatorioan sartzeko solfeoa prestatzen Anak lagundu zidan. Hor sei urte eman nituen, eta Iruñean beste bost urte eman ditut. Hortaz, azken urteetan parentesi moduko bat egin dugu bion elkarlanean, batez ere ezin izan dugulako asko entseatu. Orain berriro itzuli naiz hona, eta karrera amaierako kontzertua besterik ez zait geratzen ikasketak amaitzeko. Urrian kontzertu hori prestatzeko lanetan hasi ginen Ana eta biok, eta programa polita dugula ikusi genuenean, publikoarentzat egokitu genuen eta joan den asteko emanaldian eskaini genuen.

Aurrera begira, egoera aldatuko dela uste duzue?

N.B. Gustatuko litzaidake. Niretzat, adibidez, amets bat litzateke jendeak horretan interes gehiago jartzea eta hortik kantuko posturen bat edo sortzea. Eskaerak gauzak bultzatzen ditu. Niri, adibidez, kantuko irakasle izatea ikaragarri gustatuko litzaidake. Eta gainera, kontzertuak eskaintzeko aukera izatea oso ona litzateke.

A.I. Ez da erraza, baina ea egoera hau aldatzen den. Guk, behintzat, horretan jarraituko dugu; nik, orain arte bezala, irakasle lanetan jarraituko dut, baita sopranoei eta beste musika instrumentuei laguntzen ere.

Berdintasun plana “zentsuratzea” leporatu diote Irungo Udalari

Hautsak harrotu ditu Irungo III. Berdintasun Planaren harira gertatutakoak. Plana diseinatzeko parte hartze prozesu bat gidatu du Elhuyarrek, eta hori amaituta, Irungo gobernu taldeak jai parekideen atala ezabatu duela salatu dute Irungo Bilgune Feministak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta dozenaka berdintasun teknikarik. EH Bilduk eta Ezker Batua Berdeak ere gobernu taldearen jokaera salatu dute.

Aurreko ikasturtean egin zuten parte hartze prozesua, eta bertatik ateratako ondorio eta irizpideekin 14 puntuko plana osatu zuen Elhuyarrek. Ordea, udalak kontratatu zuen enpresak egindako plana eta emakume taldeetako kideek jasotakoa ez zen berdina izan, puntu bat falta zelako bertan, jai parekideena.

Haserre azaldu da Bilgune Feministako kide Oihana Llorente. Dioenez, parte hartze prozesu bat abiatu zuen udalak, enpresa bat kontratatu zuen, eta diru inbertsioa egin, ondorioak kontuan ez izateko: "Diru publikoa bideratu du udalak prozesua egiteko. Emaitzak gustatu ez zaizkiolako, herriari hitza kendu eta plana moztu eta zentsuratu egin du ondoren. Larriena udalaren jokabidea izan da. Dirua xahutu eta herritarren denbora eta ekarpenei ez die kasurik egin. Gezurra esatea izugarri larria da".

Horrekin batera, udalak "zentsuratu" duena alardearen gaia izatea "oso larritzat" jo du; argi du "okerrena" udalak horretarako erabili dituen moduak izan direla.

Hainbat agerraldi eta kritiken ostean, Irungo Udalak prentsa oharra helarazi zuen komunikabideetara. Jose Antonio Santano alkateak zioen alardearena ez dela berdintasun gaia, gizarte gaia baizik. Esan zuen udalak plan horretan "lehen aldiz" alardearen gaia lantzen duela eta bertan agertzen den testua alardeaz hitz egin zen udalbatzar batean onartu zen mozioa dela: "Mozioaren testuaren arabera egin zen III. Berdintasun Planean alardeari erreferentzia egiten dion epigrafea".

Udalaren arabera, alardekoa "gizarte arazoa" da, ez da berdintasunekoa. "Jai ekintza bat bizitzeko eta ulertzeko bi modu daude; bietako bat ere ez da baztertzailea. Planean alardeari buruzko erreferentzia hori bozeramaileen batzordeak gehiengo zabalez onartu zuen".

Baina, Bilgune Feministako kidearen hitzetan, udala gezurretan ari da: "Guri helarazitako berdintasun planean aipatu ere ez zen egiten alardearen gaia. Kontua da berdintasun planak Emakundera bidali behar direla hark oniritzia emateko. Emakundek bazekien gertatutakoa Elhuyarrek esan ziolako, eta horrenbestez, Irungo Udalari jarrera bat hartzeko eskatu zion". Horregatik udalak bozeramaileen batzarra deitu zuela gaineratu du Llorentek, alardearen gaineko testua gehitu ondoren eta ez aurretik, udalak esan duen bezala. "Emakundek postura bat hartzera behartu zuelako sartu zuten gero alardearen gaia".

Euskadiko Gazte Sozialisteei erreparatzeko eskatu dio Llorentek Santanori. Izan ere, Irungo alarde parekideari eman berri dio Berdintasun Saria gazte erakunde horrek —joan den larunbatean—: "Guk ez dugu askorik esango, baina haien gazteek alarde parekideari eman diote saria. Galdetu beharko dute, beraz, PSE-EEko oinarrietan berdintasun gaia den alardea edo ez".

Zilegitasuna, ezbaian

Irungo Udaletik "edozer espero daitekeela" dio Llorentek, eta argi du berdintasun plana bere horretan mantentzen bada, "zentsuratuta", duen balioa kentzen zaiola. Uste du, halaber, alkatea adituen gainetik jarri izana ez dela onargarria: "Plana egiteko adituak kontratatu, horiek agiria egin eta alkateak gustuko ez zuena kendu du. Hirigintzan arkitekto batek habea modu batera jarri behar dela esan eta alkateak beste modura jarri behar dela esatea bezalakoa da, azkenean".

Elhuyarrek egindako agiria udalak bere horretan onartzen ez badu, Bilgune Feministak ez dio berdintasun planari zilegitasunik emango, eta gaiaren gainean urratsak egitera deitu du udala. "Hemezortzi urte pasatu dira, eta herritarrek egin dituzte urratsak normalizaziorako bidean. Udalak, berriz, ez du gaiaz hitz egiteko ausardiarik ere".

Bilgune Feminista "gustura" eseriko litzateke bide orri baten gainean hitz egitera, "gaia nola bideratzen den hausnartu eta dauden bi sentsibilitateak nola uztartu aztertzera, emakumeen eskubideak errespetatzen direla bermatuta". Horretan energia eta gogoa jartzeko asmoa du bilguneak, baina aukerarik ez dagoela salatu du. Gainera, Irungo EAJ eta PPrekin berdintasun planaren gainean hitz egiteko hitzorduak eginak dituzte datozen asteetarako: "Gure helburua gure hitzekin eta zuzenean gure kexa azaltzea da bi alderdi horiei. Esango diegu udalak ezin duela ez berdintasun plana, ezta parte hartze prozesua egin duen parametroetan egin, onartezina delako. Bigarrenik, noski, alardearen gaiak berdintasun planaren barruan kokatuta egon behar duela esango diegu, eta landu egin behar dela, urratsak egin normaltasun batera iristeko".