“Kamera hartu eta galtzeak ez du preziorik, kitzikagarria da”

Betidanik, arte garaikidea, pintura, argazkigintza eta zaharkinen berriztatzea interesatu zaizkio. “Kultura eta bizimodu desberdinak ezagutzeko” alde egin zuen Carlos de la Ruak (Tolosa, 1966) Bali uhartera (Indonesia) 2002ko urrian, baina azkenean bidaia barrurantz egiten ari dela dio. Gaur egun, Shanghain (Txina) bizi da. Berez ikusnahia izanda, kamera bizkarrean zuela bidaiatzea omen zen “aukerarik naturalena”. “Gure kulturatik harantzago ezagutzeak gurearem eta hoberena kontsideratzen dugunaren zerumuga zabaltzen du. Distantzian gauzak beste modu batera ikusten dira, eta horrek pentsarazten dizu denok antzekoak garela”, dio tolosarrak. “Azkenean, egunaren bukaeran denok zoriontsu izan nahi dugu”, erantsi du.

Bere bizitzako lehen zazpi urteak bakarrik egin zituen Tolosan, gero Donostiara aldatu zirelako. Herriko oroimen gutxi ditu beraz, baina Eskolapioak, Txapelaundi txaranga eta Nicolas erretegiko txuletatzarrak ez zaizkio sekula ahaztuko.

Argazkilari erabat autodidakta da De la Rua. Agian, aitak zineman lan egiten zuelako (Movierecord enpresan) eta etxean alde guztietatik kamerak zeudelako hasi omen zen mundu horretan. Oso gaztetatik izan zuen argazki kamera esku artean, baina hasieran altzariak berriztatzen eta pinturan aritu zen. Indonesiara joan zenean, argazkigintzak erabat horretan aritzera gonbidatu zuen. “Irudien bidez behatzeak eta komunikatzeak seduzitu ninduen erabat”, adierazi du.

Indonesian bizi zenean, altzari eta eskulangintzako esportazio agente moduan aritu zen denboraldi batez. Eta argazkigintzan ere bai, noski, “maitasun-gorroto harreman modukoa” baitauka harekin. Alde batetik, lan erabat dokumentala garatzen du. Jendea eta haren ohiturak asko gustatzen zaizkio, haien bizitzeko eta irauteko modua. Horregatik, kalea asko gustatzen zaio. “Iskin bakoitzean ustekabe bat dagoelako, norbaitek, inondik ezagutu gabe, bere bizitzaren zati bat oparitu behar didalako”, azaldu du.

“Kamera hartu eta lehen izan gabeko lekuetan galtzeak, zer aurkituko duzun jakin gabe, ez du preziorik; kitzikagarria da, eta erabat atsegingarria, maila profesionalean zein pertsonalean. Baina alderdi komertzialean aritu behar duzunean, zertaz ari zaren ez dakien eta jakin nahi ez duen jendearekin, orduan lanbide hau oso gogorra bihurtzen da, eta askotan zapuzgarria”, dio.

Esku artean proiektu asko

Asiako herrialde haietan aurkitutako gauza harrigarrienaz galdetuta, esan du kultura guztiak desberdinak direla. “Baina azkenean denok oso antzekoak gara: denok janaria platerean eta ohe beroa izan nahi dugu”. Bali jainko eta espirituen kulturan oinarritutako erlijio animistaren nahasketa dela dio, turismo jendetsuak inbaditu duena aldi berean. “Lehen, kokondo baten azpian banbu txabolan bizi ziren, eta, urte gutxian, bost izarreko hotelez, Mercedes Benz autoz eta sakelako telefonoen azken modeloez inguratuta bizitzera pasatu dira. Horrek “arrapaladako ustelkeria, morala eta espirituala” sortu duela erantsi du. “Paradisua” aurkitzera joan zen, eta “eraso terrorista baten erdian” aurkitu omen zen, ez daki nola. “2002ko urriaren 2an leku desegoki batean eta ordu desegoki batean nengoen, 202 inuzente eraman zituen lehergailu bat lehertu zen tokian. Onik atera nintzen zorionez”, adierazi du.

Txinan ia bi urte daramatza, eta antzekoa dio. Milaka urteko kultura kolpe batez “iraultza kulturalak” suntsitu omen zuen. “Ezerezetik, esklabo edo gudari izateari utzi, eta uniforme gris edo kakia jantzi zuten, Pradaz janzten hasi ziren, eta Ferrari bat gidatzen. Gutxi batzuei erreserbatutako fortuna, noski, gobernuaren aurka sekula ez protestatzeko baldintzarekin, Den Xiaoping mandatariak zioenez”, azaldu du.

Gaur egun, Shanghain barrualdeko eta eraikuntzetako argazkigintzan ari da. Horrekin fakturak ordaintzen ditu. “Baina kaleko lanarekin jarraitzen dut; nire benetako bokazioa da. Hemen oraindik komun publikoak aterik gabe daude; beraz, kamera pozik daukat”, erantsi du.

De la Ruak zail ikusten du itzultzea. “Asia asko gustatzen zait, eta oraingoz hemen jarraitzea pentsatzen dut. Espainia eta Euskadi asko maite ditut, baina krisia ez da soilik ekonomikoa, baizik eta soziala, etikoa eta morala. Eta hor gatazkan sartzen naiz”.