Elkar entzuteko gunea sortzen etxean; liburuak eta kontutxoak lagun tailerra egingo du bihar Pello Añorgak (Oiartzun, 1956) Ataunen. Errenterian aritua da jada, eta udaberrian Donostian izango da. Aspaldi dabil umeei ipuinak kontatzen, eta, denboraren poderioz, hainbat hutsune antzeman ditu: “Konturatu naiz oinarrizkoak diren gauza batzuk azaldu behar direla”. Tailer horietan, zenbait estrategia jartzen ditu gurasoen eta irakasleen eskura. Mondragon Unibertsitateko Eskoriatzako Irakasle Eskolan irakasle izango direnei kontatzen eta entzuten die. Idatzi ere egiten du. Elkar entzuteko espazioen fabrikan lan egiten du Añorgak.
Nola eraikitzen da elkar entzuteko espazio bat?
Ipuina kontatu nahi baduzu, lehenengo eta behin, espazio bat behar duzu. Guztiok daukagu familia gune bat etxean, baina izugarrizko arazoak ditugu; abiada bizian goaz, estresatuak gaude, denboraren aurka gabiltza… Komunikatzeko, ostera, ezin gara denboraren aurka joan; denbora hartu behar dugu. Egun, espazio hau bortxatuta, zulatuta, artesituta dago. Gizarte honek kontsumitu eta kontsumitu behar dugula erakusten digu, eta, azkenean, ahituta gaude. Baina intimitatea partekatzeko espazio hori zaindu beharrean gaude, bestela nork zainduko du?
Espazio horretan haurra dago, heldua dago. Besterik zer dago?
Hitza. Kantua, jolasa edota haur folkloretik datorren ikusi makusi hori izan daiteke hitza. Leku horretan liburuak daude. Kontatzeko liburua, haurra hunkituko duena eta gozamena eragingo diona. Ezagupena lortzeko liburua dago, umea ingurumenarekin lotuko duena. Ipuin klasikoak daude, guk asmatzen ditugunak.
Espazioa egon badagoela esan duzu, baina arrakalatuta dagoela. Zarata handia al dago?
Bai, dispertsioa da nagusi. Intoxikatuta dago, kitzikatuta. Leku horretan telebistak “zatoz” esaten dizu, WhatsApp-ek “berehala erantzun” esaten dizu… Espazio hori sortzeko, ezinbestekoa da arreta guztia biltzea. Hitza partekatzen dugunean, edozein familia mota delarik ere, kanpoa eta barrua partekatzen ari gara. Gure onena eskaintzen dugu; dimentsio guztiak garatzen dira, hala maitasuna, nola tristura. Espazio hori babesteko ohiturak sortzea ezinbestekoa da, denbora horrekin sintonizatzeko ohitura, alegia.
Doako ekintza bat deskribatzen ari zara.
Intimitatearena doako espazio bat da, opari bat da; horregatik da espazio espirituala. Gizarte honetan denak prezioa dauka, guztia zerbait lortzeko egiten dugu. Beharbada, gure etxeak itoginak izango ditu, baina babesgune hori sortzen badugu, umea hor ondo sentituko da, sustraituta. Olentzerorena figura arketipikoa da, doakoa, eta oso-oso garrantzitsua da haur bakoitza den bezala onartzen duelako. Lehenengo haurtzaroan, egitura eraiki beharra dago. Ondoren, nerabezaroan arauak urratzeko grina piztuko da, baina egitura badago, buelta egingo du zutabeak dituen nerabeak.
Esan al daiteke espazio horrek umea egituraz hornitzen duela?
Lotura afektiboak sortzen dira. Informazioa emateaz gain, gure emozioak konfiantzaz partekatzeko gunea da. Lehenengo haurtzaroko irudi nagusia etxea da; Hiru txerrikumeak ipuina da horren adibide. Bigarren haurtzaroa bidea da; Hansel eta Gretel, kasurako. Gurasoak ezinbestekoak dira eraikuntza lan horretan.
Horretarako, entzuten jakin behar da, ezta?
Bai, zeure buruari entzuten eta besteei entzuten, ezeren zain egon gabe; haurrak gozatzen duelako, neuk plazera hartzen dudalako, maite zaitudalako. Ez da buruarekin soilik entzun behar, gorputz osoarekin baizik. Orduan, munduari ematen ariko zara, besterik gabe ematen. Eta ozenki esan behar da ekintza horiek beharrezkoak direla; bestela, haur horrek zer egingo du? Pragmatiko hutsa izango da. Haurrak entzuten ikasten badu, ondo erantzungo du, zalantzarik gabe. Erantzun hitzaren barruan entzun hitza dago euskaraz.
Gurasoren bat errudun sentituko da akaso ez duelako halakorik egiten.
Ahal duguna egiten dugu. Tailerretan kontatzeko zailtasunak dituzten gurasoen kezka sumatu dut. Garrantzitsuena, hala ere, maitasunez egindako ekintza izatea da. Maitasunez egiten bada, ahots izorratuenarekin eginda ere, umeari maitasun hori transmitituko diogu. Egia esateko, oso gauza sotila da, sinplea. Gehiegi zigortzen dugu geure burua, eta horrelakoak egiteko denbora hartuz gero, zein ondo sentitzen garen… Gure gizartean kanona oso zorrotza da, zenbat lan hartzen dugun perfektuak izateko. Perfektu hitzak, baina, osatzea esan nahi du. Eta ekintza hori, bere sinpletasunean, perfektua da, elkar osatzen duguako. Profesional batek harria hartu eta zizelkatu egingo du, baina harria berez da ederra.
Ikasgelan ere beharrezkoak al dira espazio horiek?
Gela barruan ipuinak ez dira bakarrik programan daudelako kontatu behar. Liluraz eta maitasunez ere kontatu behar dira, harridura sortzeko, miresgarritasuna eragiteko… Denbora galtzen erakutsi behar diegu, funtziorik gabeko doako ekintzak egiten. Bestela, nolako zientzialariak izango ditugu? Bestela, inork galdetuko al du sagarrak zergatik erortzen ote diren zuhaitzetatik? Poesiak ere ez du ezertarako balio, baina hor dago, eta egon behar du. Etxean zein ikasgelan espazio honetan asko dago egiteko, oso merkaturatuta baitago.
Espazio espirituala da, ezeren zain ez dagoen presentzia behar du, doakoa da. Aurrekoek ez al zituzten horrelako espazioak natural sortzen?
Bai, zer esango lukete egun guri begiratuta? Ene, zenbat tresna dituzten, baina ez dute arnasarik. Txoropitoak dira! Ikastaroak behar dituzte oinarrizkoa ikasteko! Irudikatzen jarrita, esku asko dituen gizaki bat ikusiko luketela uste dut. Esku asko eta buru erraldoia du. Akaso hankarik gabeko gorputza dauka jada. Bularra, tamaina erdikoa. Bi belarri ditu, baina elkar komunikatuta daude eta hitzak sartu ahala aterako dira. Eta nora begira egongo da? Toki guztietara begira dago, baina ez du ezer ere ikusten.
Espazio hau gizaki horren antidotoa izan al daiteke?
Espazio hauek ez dira haurrentzako soilik. Guraso batzuek erlaxatzen direla esaten didate; besteentzako kontakizun bat egiten duzu, eta ekintza horren bitartez besteek ere zuri laguntzen dizute. Alde bietako ekintza da. Liburuak ez dira bakarrik lantzeko: elkarrekin ondo pasatzeko balio dute. Parteka daitezkeen zoriona eta bestelako emozioak sortzen dituzte. Liburuek izateko balio dute.
Hitzek, dena dela, errealitatea ezkutatzeko edo mozorrotzeko ere balio dute, ezta?
Hitzaren atzean irakurtzen jakin behar da; hitzak opakoak dira, itsutu gaitzakete. Poesiaren funtsa, eta artearena ere bai, ezkutuan dagoena azaltzea da, hau da, azala kentzea eta barruan daramana ematea.
Irakasle, ipuin kontalari, idazle… Zer zaren galdetuz gero?
Irakaskuntza utzi nuen ipuinaren bitartez harago joaten nintzelako. Ipuinak kontatzearen eta idaztearen denborak ezberdinak baina osagarriak dira. Lehen, fantasiatik aritzen nintzen gehiago; orain, mundu paralelo batean egongo banintz bezala, imajinazioa erabiltzen dut sustraitzeko, irudiekin errealitatea hobeto irakurtzeko.
Leave a Reply