Legazpi, bidezko merkataritzaren aldeko jardunean eredugarri

Bidezko merkataritzaren aldeko herri izendatu dute Legazpi. Hala baieztatu berri du Emaus gizarte erakundeak, herrian egindako topaketa batean. Horrela, izendapen hori duen Gipuzkoako lehen udalerria da.

Bost dira izendapen hori lortzeko udalerri batek bete beharreko baldintzak: udalak bidezko merkataritzako produktuak babestea, produktuok herriko denda eta jatetxeetan eskaintzea, enpresa eta erakundeek kontsumitzea, bidezko merkataritza sustatzeko ekintzak antolatzea eta horiek kudeatzen dituen talde bat egotea. Emauseko iturriek adierazi dutenez, “eredu bat izan da Legazpiren ibilbidea kontsumo arduratsuen ohiturak sustatzeko, bereziki ingurumenarekin zerikusia daukatenak”. Legazpik hainbat urte daramatza bidezko merkataritzaren alde lanean, eta azken urtean gaiarekiko izan duen inplikazioa nabarmendu dute.

Jai giroan baieztatu zuten Legazpiren izendapena, joan den ostiralean. Ivan Francisco Garcia Guatemalako bidezko merkataritzaren batzordeko ordezkaria izan zen herrian, eta hainbat jarduera antolatu zituzten. Haztegi ikastolak eta Garaguneak prestatutako azoka bisitatu zituzten, besteak beste, eta tokiko ekoizpena lantzeak duen garrantziaz mintzatu ziren. Azken hori da, hain justu, Emausek sustatu nahi duena: tokiko ekoizpena.

Behin izendapena jasota, programako talde eragileak erabakiko du orain nola eta noiz antolatu Legazpi bidezko merkataritzaren aldeko herri dela ofizialtzeko ekitaldiak.

Mila herriko sarea

Mundu osoan sare zabala osatu dute jada hainbat herrik, Bidezko Merkataritzaren Aldeko Hiriak egitasmoaren barruan. Mila udalerri baino gehiago biltzen ditu sareak; tartean daude Japoniako, Alemaniako, AEBetako, Belgikako, Herbehereetako, Espainiako eta Eskoziako herriak, baita Bilbo eta Getxo ere (Bizkaia).

Erresuma Batuan du jatorria egitasmoak, 2000. urteko apirilean. Garstang herriko boluntario talde bat lanean jarri zen herriko dendetan bidezko merkataritzako produktuak sustatzeko asmoz. Herritarren aldetik jasotako babesari esker, laster bat egin zuten proiektuarekin zenbait eskola, enpresa, taberna eta jatetxek. Udalak bide beretik jarduteko konpromisoa hartu zuen urtebete geroago, eta horrela bilakatu zen Garstang bidezko merkataritzaren aldeko lehen hiria.

Ekinbideak mugak gainditu zituen 2002. urtean beste hainbat herrialdetara iritsita, eta urte batzuk geroago nazioarte mailako koordinakunde bat jarri zuten martxan. Gaur egun, Europako Batasuneko hainbat erakundek babesten dute egitasmoa, parlamentuak eta batzordeak, esaterako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.