“Emakumezkoetan Gipuzkoan ez dut uste maila honetako lehiarik ikusi denik oraindik”. Halaxe adierazi du Joxe Mari Alkortak. Aizarnazabal Sutan boxeo ikuskizunaren antolatzaileetako bat da, eta ekitaldiko borroka guztien artetik, emakumezkoen lehia azpimarratu du aizarnazabaldarrak. Gaueko izarrak Violeta Gonzalez eta Lara Garcia boxeolariak izango dira azaroaren 30eko lehian. Espainiako txapeldunak dira biak, eta, horregatik, ring gainera igotzen azkenak izango dira. “Parte hartzeko deitu zigutenean, sekulako ilusioa egin zidan. Ez nuen espero, ez delako ohikoa, eta Aizarnazabalera joateko irrikaz nago”, adierazi du Gonzalezek.
Aurkari izango duen Garcia lehendik ezagutzen du, iaz Espainiako Txapelketan parte hartu baitzuten biek. “Aurrena ni gailendu nintzaion, eta handik hilabete batzuetara, berak hartu zidan aurrea. Beraz, hortxe-hortxe ibiliko gara. Asko miresten dut”. Datorren urteko txapelketetarako prestatzen dabil dagoeneko Gonzalez. Aizarnazabalgoa bezalako ikuskizunak “gutxi” izaten dituztela azaldu du, eta, horregatik, txapelketetan jartzen duela arreta. Dena dela, abenduan kluben arteko nesken arteko txapelketa egingo dute Salamancan (Espainia), eta han ere izango da. Gonzalezek badu curriculumean datu bitxi bat ere. Umoretsu kontatu du: “Euskal Herrian bizi naiz, baina izatez asturiarra naiz. Eta kasualitatea, historiako lehen Euskadiko txapelduna neu naiz emakumezkoetan”.
Haien aurretik beste bost borroka ikusteko aukera egongo da, gizonezkoenak guztiak. Gipuzkoarrak eta asturiarrak lehiatuko dira elkarren kontra, Euskal Herriko Boxeo-King Boxing Taldeak eta Paco Bueno Boxeo Taldeak (Errenteria) antolatuta.
“Ikuskizun ederra izango dela uste dut. Gainera, lehiatzeko amorratzen egoten dira boxeolariak, eta gogoz etorriko dira”, azaldu du Alkortak. Boxeolari ohia da, baita Manuel Carrasco donostiarra ere; boxeoko Europako txapeldunordea izana da azken hori. Biak ari dira Aizarnazabal Sutan antolatzen. Gaztetan ezagutu zuten elkar, entrenatzaile bera izan baitzuten: Mariano Kaio zarauztarra. Hain zuzen, Kaioren omenaldia Alkortak berak antolatu zuen orain urte batzuk, eta orduan piztu zitzaion arra aizarnazabaldarrari. Noizbehinka boxeo jardunaldiak antolatzen jarraitzen du ordutik.
Zarautzen hiruzpalau ikuskizun antolatu ditu Alkortak, Gipuzkoako Boxeo Federazioak eskatuta. “Garai batean, Gipuzkoan hilero egoten ziren ikuskizunak; Donostian, Zestoan erdigunean eta Arroa Behean…Toki askotan egiten zen. Orain, dena motelduta dago”. Aizarnazabalen bertan ere hala antolatu zuen boxeo emanaldia, orain zortzi urte. “Orduko alkatea laguna nuen, asko lagundu zidan, eta txapelketa kontinental bat antolatu nuen. Kanpotar bat Jon Treku oiartzuarraren kontra borrokatu zen”. Ekitaldiak erantzun ona jaso zuela irizten dio Alkortak: “600 sarrera inguru saldu ziren, eta ETBk ere zuzenean eskaini zuen lehia”.
Jaietako saioaren ordainean
Alkortaren asmoa beste bat zen hasieran. Irailean, herriko San Migel jaietan eskaini nahi zuen boxeo ikuskizuna. Parte hartzaile berezia ekarri nahi zuen ekitaldira: Aitor Eguzkiza, kick boxing-eko Europako txapelduna. Azkenean, herriko egitarauarekin ezin ondo uztartu, eta bertan behera utzi zuen asmoa. Eguzkizarekin hitzartua zuen, baina gero ezerezean gelditu zen dena, eta boxeolariak beste nonbait egin zuen bere saioa. “Nik azarorako boxeolari berriak aukeratu nituen, eta hurrengo egunean bertan entzun nuen telebistan, Eguzkizak boxeoa utzi zuela. Pena handia eman zidan. Halako kirolari bat Aizarnazabal bezalako herri txiki batera ekartzea gauza handia zen”.
Alkorta bera boxeolaria izan zen gaztetan. 16 urterekin hasi, eta zortzi urtez aritu zen. Profesional izateko akordiorik ez zuen lortu sustatzaileekin, ordea: “Kolpeak nik hartzen nituen, eta dirua beraiek”. Familia zuen ordurako, lana ere bai, eta boxeotik urruntzea erabaki zuen. Haren ustez, buruarekin jokatu beharra dago, “urte batzuk onak izan arren, gauzak zailtzen direnean bakarrik uzten zaituztelako”. Kaio izan zuen entrenatzailea. “Nire emaztearen aita”, zehaztu du. Tronbosi batek gurpil aulkian utzi zuen orain urte batzuk Kaio, eta orduan otu zitzaion Alkortari aitaginarrebari omenaldia antolatzea. Izan ere, Alkortak argi du: “Hil aurretik omendu behar dira pertsonak, gero alferrik da”. Gainera, Zarautzen ezaguna zen oso Kaio, eta “boxeo festa ederra” antolatu zioten. “Oso ondo atera zen, askok lagundu zuten”.
Leave a Reply