Euskal Herriko lehen Baso Eskola martxan jartzen ari dira Orendainen

“Baso Eskola funtsean gela naturan izatea da, basoan. Natura izatea ikasgela, eta idaztea, irakurtzea, matematikak lantzea, talde kooperazioa eta gauza guztiak egitea inguruak ematen dizkigun baliabideak aprobetxatuz. Ez izatea gela batean itxita, baizik ingurunearekin, mugimenduan, naturan egonda”. Horrela definitu dute hainbat gurasok Orendainen martxan jartzen ari diren Baso Eskola.

Baso Eskolako kideek garbi zuten haurrak denbora gehiagoz herrian egotea nahi zutela. Gaur egun, haur eskola dute Orendainen, 0-3 urte artekoentzat. “Orain, 3 urterekin Alegiara jaisten dira, eta oso txikiak dira egun osoz bertan egoteko. Orduan, haur eskolari segida eman nahi diogu, eta behintzat 6 urte arte herrian egoteko aukera sortu nahi dugu”, azaldu dute.

Eskolan pentsatzen hastean, aukera ezberdinak jarri zituzten mahai gainean: “Ikusten genuen eskola publikoa jarriz gero haur eskola 0-2 urtekoa bihurtuko zela automatikoki. Izan ere, horrela dago ezarrita: Haur Hezkuntza badago herrian, haur eskolak 0-2 urtekoa izan behar du, eta haur hezkuntza ez badago, orduan haur eskola 0-3 urtekoa izaten da”.

Horrela, ez zuten nahi haur eskola baldintzatu eskola jartzeagatik; dutena mantenduz osatu nahi zuten. “Hainbat aukera begiratuz, ama batek azaldu zuen Baso Eskolaren aukera, eta oso egokia iruditu zitzaigun, guk nahi genituen aukera guztiak ematen zizkigulako”.

Baso Eskola aukeratzerakoan pisu handia izan du egun haur eskolan dagoen filosofiak. “Emmi Piklerren eta Reggio Emilia eskolen metodologian oinarrituta dago. Haurren mugimendu askeari ematen dio garrantzia, eta haurren erritmoak errespetatzeari. Hori egiteko Orendainek aukera paregabea ematen digu, bai haur eskolan bertan, baita ingurunea erabilita hori aurrera eramateko ere”.

Ahal den denbora guztian kanpoan egoteak sor ditzakeen zalantzen inguruan, Baso Eskolen sustatzaile Philip Bruchnerrek dioena ekarri dute gogora: “Ez dago eguraldi txarra, azpiegitura edota arropa txarra baizik. Muturreko eguraldia badago, ez dira aterako kanpora, baina hori salbuespena da. Egunerokoa kanpoan aritzea da”.

Eskualdera irekia

Oinarrian herrian eskola izateko asmoarekin sortu bazen ere, ikusi dute horrelako eskola eredu batek “beste zabaltasun bat ematen diola, eta beste aukera batzuk ematen dituela”. Beraz, Baso Eskola eskualde osoari begira dago; egitasmoan parte hartu nahi duten guztientzat irekita. “Geroz eta jende gehiago, hobeto”, gaineratu dute. “Baso Eskolan planteatzen da 25 haurreko taldea izatea. Herrian badaude 5-7 inguru. Metodoarentzat ez dago gutxieneko bat; gero beste kontu bat da haur gutxi badaude horrek egitasmoa baldintzatzea”. Proiektua osatzen ari dira, eta finantzaketaren aldetik ere begira ari dira nora jo dezaketen.

Baso Eskolaren berri emateko jardunaldia antolatu dute iganderako. Hasiera kultur etxean emango diote, 10:00etan, eta bertara joaten direnei proiektua sortzeko arrazoiak azalduko dizkiete. Ondoren, inguruko baso batera bueltatxo bat emateko asmoa dute, eta “Baso Eskolan haurrek egingo luketen antzeko zerbait egingo dute, ikusteko nola egiten duten jolas librea”. Ordubeteko bueltatxoa izango da, eta, hori bukatuta, hamaiketakoa egingo dute. “Ea jende gehiago animatzen den proiektuan parte hartzera. Betiere errazagoa da aurrera ateratzeko, besteak beste, finantzaketaren aldetik”.

Jardunaldiarekin, batetik, aukera eman nahi dute jende gehiagok proiektuarekin bat egiteko, eta, bestetik, Baso Eskola aurrera atera nahi dute. Gainera, ikusten dute euren errealitatera moldatu behar dela: “Igandean dugun beste helburua da ikustea Orendainek zer aukera ematen dizkigun eta proiektuari forma nola ematen diogun”. Laster matrikulazio epea zabalduko dute.

Orendaingo Udalaren laguntza jasotzen ari dira proiektua martxan jartzeko. “Udalak hasieratik esan zigun bere babes osoa izango genuela, batez ere herriko haurrak herrian izatea oso garrantzitsua delako, eskolak herriari bizia ematen diolako”.

Euskal Herriko lehenengo Baso Eskola izango litzateke Orendaingoa. “Madrilen ireki behar dute bat irailean. Harremanetan gaude Baso Eskolen sustatzaile Philip Bruchnerrekin eta metodologia horretan prestakuntza duten hezitzaileekin, eta Ekogunetik ere sostengua ematen ari dira”. Alemanian milatik gora Baso Eskola daude, eta Eskandinavian ere ugariak dira. Orendainen lehen Baso Eskola euskalduna jarri nahi dute martxan, eta datorren ikasturtean zabaltzea dute helburu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.