Doktoretza ondorengo (postdoc) proiektua egiteko orduan emakumeen eta gizonen artean desberdintasunak azaltzen direla agerikoa da; batik bat, haurdunaldia tarteko bada. Joan den astean, urriaren 17an, BERRIAn Ostaizka Aizpurua eta Antton Alberdi biologo, ikertzaile eta zientzialari bikoteak bere kasua azaldu zuen Jaurlaritzari: erditzeak karrera bat zaputz dezakeenean iritzi artikuluan. Postdoc-eko hiru urteko proiektu banarekin Danimarkara joatekotan daude, Europako ikerketa zentrorik aurreratuenetariko batean karrera zientifikoarekin jarraitzeko. “Horretarako, Eusko Jaurlaritzan postdoc beka bana eskatu genuen irailean”. Baina hesi bat aurkitu dute bidean. Aizpurua haurdun dago, eta erditzeko eguna gertu du. “Postdoc beka lortzeko, Eusko Jaurlaritzak jarritako egun eta orduan elkarrizketa bat egin behar da, eta elkarrizketaren hitzordura agertzen ez denarentzat, akabo beka jasotzeko aukera. Gerta daiteke jaiotza eta elkarrizketa eguna (oraindik eguna ez da publiko egin) garai bertsuan izatea”. Bikoteak Eusko Jaurlaritzara idatzi zuen, baina zera esan diete: “Zorte txarra, baina ezin da ezer egin! Elkarrizketaren hitzordua presentziala, finkoa, bakarra eta aldaezina da”.
Erantzun horrek emakumeek zientziaren munduan duten “pisua” ulertzeko pista bat eman diela diote gutunean: “Gaur egun gizonezkoek baino emakumezko gehiagok hasten du natur edo bizi-zientzietako unibertsitate karrera bat, pare-parean daude gizon eta emakumeen kopuruak doktore-tesiak egiten dituztenen artean, baina gizonezkoen aldeko ratioa ikaragarri handitzen da doktoretza egin osteko karrera zientifiko bateko postuetan”.
Horretaz zerbait badaki Maialen Sagartzazu (Zestoa, 1985) kimikari eta zientzialariak. Larrutik bizi du. Bordelen (Frantzia) postdoc-a egiten ari den garaian haurdun gelditu da, eta arriskuko haurdunaldia du; egun, gaixoaldi bajan dago.
Donostian ikasi zuen kimika. Lizentzia egiten ari zela hainbat ikerkuntza talderi buruzko informazioa jaso eta bide horri segitzeko gogoa sortu zitzaion. “Molekula, teknologia eta produktu berriak asmatu eta aurkitzeak erakarri ninduen benetan”, dio Sagartzazuk.
Doktoretza egin, eta ikerkuntzari ekin zion. Ikerkuntzan aurrera egiteko, ordea, finantzaketa behar-beharrezkoa da. “Beka bat lortu beharra dago, bestela ezinezkoa baita”. Eusko Jaurlaritzaren doktoretza aurreko beka lortu zuen 2008an. Urte berean doktoretza eta master ikasketak egin behar izan zituen: “Derrigorrezkoa nuen bekarekin jarraitzeko. Beraz, aurreneko urtea nahiko gogorra izan zen, laborategiko lanak eta masterra batera egin nituelako”.
Doktoretzak ezer ez zuela ziurtatzen eta, horren osteko beka eskatu zuen Eusko Jaurlaritzara. “Postdoc-a lortu nuen, eta, zorionez, ikerkuntzan lanean jarraitzeko aukera dut. Frantzian ari naiz lanean. Bordeleko kimika eta biologia institutu batean”. Bi urtez egongo da han, eta hirugarren urtean Euskal Herrira itzuliko da, han ikasitakoa hemen zabaltzeko. Minbiziari aurre egiteko tratamendu berri baten ikerkuntzan ari da: “Minbizia zabaltzen parte hartzen duten proteina elkarrekintzetan oinarritzen da gure proiektua, eta helburua elkarrekintza hori imitatzen duten molekula txikiagoak diseinatu eta sintetizatzea dugu. Oso lan interesgarria da”. Aldi berean, beste proiektu txikiago batzuetan ere badabil.
Emakumea izateagatik
Orain arte, emakume delako ez du inolako desberdintasunik sentitu bere karrera zientifikoan. Baina haurdun gelditu denean, lehen hesiarekin egin du topo. “Udan haurdun gelditu eta egoera pertsonala aldatzeak eragozpenak sortu dizkit”.
Bere kasua pixka bat berezia dela dio: “Arrisku handiko haurdunaldia izaten ari delako”. Bi astetik behin Donostia ospitalera joan beharra izaten du azterketak egitera. Egun gaixoaldi bajan dago, baina edozein unetan lanera itzuli beharko du. Horrek Bordeletik hona sarri bidaiatzea eragingo lioke, eta bere egoerak ez dio hori egiterik baimentzen. “Arazoa hor sortu da: Eusko Jaurlaritzak, printzipioz, ez dit lanarekin Donostian jarraitzeko aukerarik eskaintzen, bekaren oinarriak haustea izango litzatekeela argudiatuta. Beraz, Bordelera bueltatu ezean, ziurrenik bekari uko egin beharko diot, horrek dakarren guztiarekin, noski. Lanik gabe geratzea, hainbeste kostatu zaidan karrera profesionala etetea”.
Etena motza izan arren, behin ikerkuntza mundutik irten-eta oso zaila da berriro itzultzea, “konpetentzia izugarria baita”. Horren adibide bat ere eman du Sagartzazuk: Eusko Jaurlaritzako beketara ehunka doktoratu aurkezten dira urtero-urtero, eta kimikan lau beka bakarrik eman dituzte azken urteetan. “Beraz, beka uztea ez da arin hartu beharreko erabakia”.
Sagartzazuk argi dauka beka onartu zuenean zer onartu zuen. “Baina, hala ere, egoera berezien aurrean duten jarrera ez dut uste oso egokia denik. Paperak agintzen duenetik harago begiratzeko zailtasun handiak dituzte. Amatasunari dagokionez, egonaldi postdoktoral bat egiten ari den emakume batek ama izatea erabakitzen badu, argi izan behar du beka mota hauek ez direla batere malguak, eta printzipioz bi urteak atzerrian pasatu arte etxera itzultzeko aukerarik ez duela izango”.
Amatasunaren inguruan oraindik hutsune handia dago haren ustez, baina espero du etorkizun hurbilean egoera aldatzea. “Horretarako denon parte hartzea beharko da, unibertsitate, ikerkuntza talde eta erakunde ofizialen elkarlana”.
Aldaketak, baina makal
Ikerkuntza mundua oraindik “gizonen mundua” dela uste du Sagartzazuk: “Baina zorionez pixkanaka gauzak aldatzen ari dira, eta gero eta emakume gehiago daude ikerkuntza talde indartsu eta garrantzitsuen arduretan”. Oro har, gizonezkoek abantaila gehiago dituztenik ez du uste. Emakumeen eta gizonen arteko kopuruan, ordea, postdoc-aren garaian aldaketa dago: “Karrera egiten ari nintzenean erdiak baino gehiago emakumezkoak ginen; predoktoral ikasleen proportzioa ere emakumearen aldekoa da. Egoera asko aldatzen da postdoktoral postuetan; proportzioa gizonen alde asko handitzen da. Nire inguruan, gizonezko doktoreek baino emakume doktore gehiagok erabaki dute beste bide batzuk hartzea. Arrazoiak asko izan daitezke, baina tartean amatasuna ere badago, noski”.
Ainara Telleria (Azpeitia, 1987) kimikari eta ikertzaileak ere etena postdoc-a egiteko orduan dagoela uste du. “Ni oraindik ez naiz horretara iritsi, eta orain arte emakume izateagatik ez dut oztoporik aurkitu nire ibilbidean, baina inguruan ezagun batzuk baditut: haurdun gelditu ondoren beka utzi behar izan duena eta karrera zientifikoarekin jarraitu ezinda gelditu diren emakume zientzialariren bat edo besteren kasuak”.
Telleria doktore tesia bukatzen ari da Donostian. “Datorren urtean bukatu nahi dut”. Haren tesia, batetik, telebista edo sakelako telefonoetarako pantailetarako argia igortzen duten molekula edo konplexu batzuen ingurukoa da. Eta, bestetik, energia berriztagarrietarako hidrogenoaren produkziorako molekulak edo konplexuak ikertzen ari dira.
Lan aukerarik ez zuelako heldu zion Telleriak doktore tesia egiteari: “Ikasten jarraitzeko beste aukera bat zela ikusi nuen”. Bera ari den ikerketa taldean emakumeak gizonezkoak baino gehiago dira: “Baina errealitate hori doktoregoa egin bitartekoa dela iruditzen zait”.
Janire Alkorta Salegi kimikari eta ikertzaileak (Azpeitia, 1990) ez du antzeman emakume eta gizonen arteko bereizkeriarik bere ibilbidean. Zientzian ikertzen segitzeko oztopo handiena egonkortasunik eza dela dio: “Bekak edo ikerketarako kontratuak bi eta lau urte ingurukoak izaten dira askotan, eta horrek egonkortasunik ez du ematen. 30 urte ingurura arte jarrai dezakezu modu horretan, baina gero?”.
IK4 Cidetec zentro teknologikoan material berrien inguruko doktore tesia ari da egiten Alkorta Salegi: “Ikerketa lanean oso gustura ari naiz, baina oso lan sakrifikatua da, ordu asko eskaini beharrekoa. Lana egiteaz gainera asko irakurri eta interes handia jarri behar da. Oraingoz, ordea, lan honek asko eskaintzen dit bai akademikoki eta baita pertsonalki ere. Ikerkuntzan segitzen saiatuko naiz, eta bestela gero pentsatuko dut zer egin. Kanpora joatea ere gustatuko litzaidake, beste zentro teknologiko batzuetan edota enpresetan nola jarduten duten ikasteko batik bat”.
Leave a Reply