Proposamenak, hilabetez hilabete

URTARRILA
Irekiera. Bost eguneko egitarau zabala antolatu dute, 70etik gora ekitaldirekin. Irekiera ospakizunak hilaren 23an, larunbatarekin, iritsiko dira gorenera, Hansel Cerezak diseinatutako zeremonia batekin. Hiriburutzari itxura ematen dioten balioak irudikatuko dituzte Maria Cristinako zubian egingo duten ekitaldi horretan. Urtarrilaren 20tik 24ra.

Iturriak. Hirian bere lekutik kendu eta baliorik gabe utzitako iturriei buruzko lana egingo du Maider Lopez artistak. Kendutako iturriak Ondarretako zelaietan instalatuko ditu. Proiektuaren ikerketa prozesua Koldo Mitxelena Kulturunean egongo da ikusgai.  Urtarrilaren 22tik abenduaren 17ra, Ondarretako zelaietan.

Labore. Donostiako Museoen Sarea osatzen duten zazpi museoak sorkuntza-espazio bihurtuko dira. Horretako, lau eta zortzi aste bitarteko egonaldiak antolatuko dituzte, Euskal Herriko eta nazioarteko artistentzat. Urtarrilaren 25etik martxoaren 18ra, Donostiako Museoen Sarea osatzen duten zazpi museoetan.

Sukaldean sortzaile. Hiru ekintza ildo ditu proiektuak: 12 eta 16 urte bitarteko gazteei, beren aiton-amonen errezetak eraldatuz, belaunaldien arteko loturak indartzeko eta sormena lantzeko aukera ematea; alde artistiko-kulturala duten gastronomiari lotutako negozio-ideiak sustatzea; eta euskal sukaldari sortzaileen ekarpena biltzeko eta finkatzeko dokumental bat egin eta liburu bat argitaratzea.  Maiatzera arte, Basque Culinary Centerren.

Dance 2gether. Astebetez, Donostiako ikastetxeetako ikasleek koreografia bat prestatzeko aukera izango dute Wilfried Van Poppel eta Amaya Lubeigt koreografoekin, De Loopers dantza taldeko kideak biak. Ostiral arratsaldetan, aste osoan ikasitakoa erakusteko emandiak egingo dituzte.  Urrira arte, Donostiako ikastetxeetan.

Music box festibala. Tokiko zein nazioarteko musikariek musika kutxa gisa funtziona dezaketen hiriko hamabi tokitan egingo dituzte emanaldiak, normalean kultur ekintzetarako erabiltzen ez diren espazio pribatu eta publikoetan. Lehena urtarrilaren 23an izango da, eta Corizonas eta Bullet Proof Lovers ariko dira Bilbo plazan. Joko dutenen artean daude Bill Ryder Jones eta Perlak (otsailaren 7an, Zorroaga elizan), Tindersticks (apirilaren, 16an Miramongo anfiteatroan), Clem Snide (abuztuaren 6an, Donostia 2016 Guneko terrazan) eta Tempelton (irailaren 10ean, Araba parkean). Azken kontzertua Belakorena izango da: abenduaren 17an, Euskotrenen geltokian. Urtarrilaren 23tik abenduaren 17ra, hiriko hamabi tokitan.

1966/gaur konstelazioak/2016. San Telmo museoak bi erakusketa bilduko ditu. Lehenengoak, Gaur taldearen ekarpena berrikusiko du. Jorge Oteizak, Eduardo Txillidak, Rafael Ruiz Balerdik, Nestor Basterretxeak, Jose Antonio Sistiagak, Amable Ariasek, Remigio Mendiburuk eta Jose Luis Zumetak osatzen zuten talde hura. Bigarrenak, Europako artista eta kolektiboen beste konstelazio bat bilduko du: Txomin Badiola, PSJM, Goldschmied & Chiari, Azucena Vieites, Iratxe Jaio & Klaas van Gorkum, Borjan Fajfric, Eugenio Ortiz eta Avelino Sala. Arte lankidetzaren, kritikoen, idazkeren, eta memorien inguruko ikuspuntuak azalduko dituzte. Proiektu honen baitan, erakusketa zabalduak, bisitak, tailerrak, bi argitalpen eta dokumental bat ere egingo dituzte. Urtarrilaren 22tik maiatzaren 15era, San Telmo museoan. Txillida Lekun, Jorge Oteiza Museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan, Okendo kultur etxean eta Donostiako Kur eta Altxerri galerietan ere hainbat obra jarriko dituzte ikusgai.
OTSAILA
Erronkak. Osasunari, kulturari, zientziari eta ekonomiari buruzko etorkizuneko premiazko auziak identifikatu eta landuko dituzten hitzaldi eta eztabaida saioak izango dira. Jakiundeko kideek eta nazioarteko adituek osatutako zientzia batzorde bat zalantzak argitzen saiatuko da herriz herri. Otsailaren 2tik abenduaren 13ra, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat herritan.

Baitara baita. Erlijioaniztasuna erronka eta aukera gisa jorratuko duten instalazioz, hizketaldiz, topaketaz, eztabaida saioz eta erakusketaz osatutako programa da. Erlijioaniztasunaren kudeaketa publikoari heltzeko moduak lantzea, konfesioen arteko ezagutza errazteko espazio eta aukerak sortzea eta erlijioen arteko elkarrizketa sustatzea ditu helburu.  Abendura arte.

Time machine soup. Haitzuloetako gizakiengandik gaur arteko bidaia gastronomikoa egiteko aukera emango duen happening ludikoa. Literatura, arte bisualak, antropologia, gastronomia eta historia nahastuko ditu ikuskizunak. Hilabete guztian, Donostia 2016 Gunean (Easo kalea, 43). 75 minutuko iraupena du eta sarrera ordaindu beharko da.

Anarchivo sida. 80ko hamarkadatik gaur egunera arteko Europa hegoaldeko eta Latinoamerikako hiesaren krisia-ren inguruko estetika eta esperientzia kolektiboak kartografiatzea helburu dituen ekimena da. Erakusketa Tabakaleran egingo dute, apirilean. Gaia lantzeko tailerrak, topaketak eta performanceak ere egingo dituzte. Ekainera arte, Tabakaleran, ikastetxeetan eta kalean.

Euskarriak. Hizkuntza aniztasunaren inguruko hausnarketa eta mezuak agertuko dira edozein momentutan eta hiriko edozein lekutan. Mezu eta hausnarketa horiek hizkuntzalaritzan urteetako eskarmentua duten adituenak, sortzaileenak edota herritarrenak izan daitezke. Abendura arte, edozein lekutan.

Tira-birak. 70eko hamarkadaren amaieratik gaur egunera arte binetek izan duten bilakaerari buruzko erakusketa ibiltaria da. Erakusketak astebete egingo du leku bakoitzean eta hitzaldiek, tailerrek eta binetei aplikatutako teknologia berrien laborategiek osatuko dute tokian tokiko egitaraua. Otsailetik abendura, Euskal Herri osoko unibertsitate campusetan.

Ederra eta piztia. Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren, Malandain Ballet Biarritzen eta Donostia 2016ren arteko lankidetzari esker, Thierry Malandain koreografoaren azken sorkuntza aurkeztuko dute Kursaalean: Ederra eta Piztia. Gainera, Lapurdiko konpainiako Arnaud Mahouy dantzariak herritarrentzako dantza tailer irekiak emango ditu Viktoria Eugenia Antzokian. Saio horiek Ederra eta Piztia laneko koreografiak izango dituzte ardatz. Otsailean, Kursaalean eta Viktoria Eugenian.

Helmut lachenmann. Musikenek gonbidatuta, Donostian izango da Helmut Lachenmann, XX. mende amaierako musika sortzaile garrantzitsuenetakoa. Bisita hori  aprobetxatuz, Musikeneko Orkestra Sinfonikoak haren Schreiben lana emango du, Kursaalean.  Otsailaren 21ean, Kursaalean. Doako kontzertua izango da.

Behagune. Hiriburutzari lotutako jarduerek eta ekimenek izaten duten jarraipena modu automatikoan neurtuko dituen webgunea izango da. Abendura arte.

MARTXOA
Altzoko handia. Familientzako ikuskizuna da Migel Joakin Elizegi Altzoko handia-ren benetako istorioa oinarrian duena. Nestor Basterretxeak diseinatu zituen txotxongiloak, Koldo Izagirrek idatzi du libretoa, David Azurzak konposatu musika, Emmanuel Marquez arduratu eszenaratzeaz eta La Enananaranja konpainia txotxongiloen manipulazioaz. Martxoaren 20an estreinatuko da Donostian.

Herri zahar, andre berri. Emakumeek tokiko tradizioetan eta haien errepresentazioetan duten zereginaz euskal gizarteak duen proiekzioa landuko duen proiektua da. Martxotik ekainera, Donostia 2016 Gunean (Easo kalea, 43).

Dssirez. Erotika bizitzeko modua kulturak baldintzatzen duenez, desira aniztasuna aldarri hartuta, herritarrak bost zentzumenekin gozatzera gonbidatuko ditu DSSirez mugimenduak. DSSiren karabana auzoz auzo ibiliko da, herritarrek erotismoaz hausnartu eta gozatu dezaten. Azarora arte. Ekimen ibiltaria da eta auzoz auzo ibiliko da.

Prime time. Kulturari eta Donostia 2016ren balioei buruzko telebista programa bat aurkezteko nazioarteko deialdia da. Hilabete guztian.

Insert change. Bideojokoek daukaten potentzial kritikoa eta sozializaziorako espazioak sortzeko gaitasuna aztertuko dituzte ekimen honetan. Baina, batez ere, jolastea eta ondo pasatzea izango dute helburua.  Urrira arte, Donostia 2016 Gunean (Easo kalea, 43).

2016 bidea. Euskal gizarteak berezkoak dituen mendizaletasunak eta kulturzaletasunak bat egiten duten proiektua da. Euskal Herria 32 etapatan zeharkatuko dute, 600 kilometroko ibilbidea eginez. Hiria eta mendia tartekatuz, natur eta arte balio esanguratsua duten tokietatik igaroko dira parte hartzaileak. Etapa horietan, kultur jarduerak izango dituzte. Proiektuaren ondare gisa, Donostia 2016 GR Sarea sortuko dute Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Gipuzkoako 7 GR nagusiak lotzen ditu sare horrek.  Martxoaren 27tik urriaren 30era, igandero. Aurrez izena eman beharko da.

Sasha waltz & guests. Berlingo Sasha Waltz & Guests konpainiak Stravinskyren Udaberriaren Sagaratzea-ren bertsio bat aurkeztuko du Kursaalean. Emanaldi berean, Waltzek berak sortutako beste bi pieza ere joko ditu konpainia alemaniarrak: Maitasun eszena, Hector Berliozen Romeo eta Julieta lanetik abiatuta egindako pieza eta Prélude à l’aprèsmidi d’un faune, Claude Debussyren musikan oinarrituta eginikoa. Martxoaren 14an, Kursaalean.

APIRILA
On appetit!. Euskal Herriko zenbait sukaldarik Europako hamar sukaldari etxean hartuko dituzte, eta euskal kulturako toki adierazgarriak erakutsiko dizkiete: merkatuak, portuak, sagardotegiak… Gonbidatuek beren eskualdetako errezetak euskal osagaiekin eta teknikekin prestatu beharko dituzte gero. Bi tokietako kultura gastronomikoen arteko nahasketa horretatik ateratako platerak jendaurreko show cooking sukaldaritza saioetan emango dizkiete herritarrei dastatzeko. Azarora arte.

Icma awards. ICMA sariak (International Classical Music Awards) musika klasikoaren alorrean banatzen diren sari nagusiak dira, eta 2016ko apirilaren 1ean Donostiako Kursaalean emango dituzte, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eta Donostia 2016ren arteko lankidetzari esker. Sari banaketa ekitaldiaren ostean, gala kontzertua egingo dute. Apirilaren 1ean, Kursaalean.

Hondar artean. Reina Sofia Museoak eta Federico Guzman artistak elkarlanean sortu duten instalazioa da proiektu honen ardatza. Bojador lurmuturreko kanpamendu sahararretan tindatutako jantziekin egindako jaima bat izango da batasunaren, elkartasunaren eta enpatiaren irudi. Haren babespean hainbat jarduera antolatuko dituzte: tailerrak, hitzaldiak, ikuskizunak, eztabaidak…  Giza eskubideez, emakumeak bakearen eraikuntzan duen lekuaz, kolonialismoaz, nazioarteko lankidetzaz eta haurtzaroaz ariko dira, besteak beste. Ekainera arte, Donostiako Zuloaga plazan eta San Telmo museoan.

Zinema eta giza eskubideen europa. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak nazioartean oihartzun handiagoa izatea eta munduko beste kultur eta gizarte eragile batzuekin harremanak sendotzea dira ekimenaren helburuak. Horretarako, aurtengo ekitaldian, lehenengoz, hainbat herrialdetako 30 bat gazterekin Nazioarteko Topaketa egingo dute. Human Rights Film Networkeko dozena bat ordezkari bilduko dituen foro bat ere egingo dute. Apirilaren 15etik 23ra.

Ondarebideak. Museoetako eta artxiboetako ondare digitala eta artistek zein norbanakoek egindako zenbait erakusteta ikustea ahalbidetzen duen plataforma digitala da. Abendura arte.

Hidrologikak. Herritarrek Urumea ibaiarekin duten harremana sendotzea helburu duen proiektua da. Horretarako, hango uretan nabigatuz, ibaia begiratzen eta entzuten irakatsiko diete parte hartzaileek, beti ere ikuspegi artistiko batetik. Hiru eguneko tailer teoriko-praktikoak egingo dituzte eta ikusentzunezko formatua emango diote emaitzari. Urrira arte, Urumea ibaian.

MAIATZA
Zubideak.  Europako kulturen artean loturak sortzea da proiektuaren asmoa, eta horiek Donostiara ekartzea. Horretako, hiriko zubi enblematikoenen ohiko erabilera aldatu eta kultur jaialdien topagune bihurtuko dituzte. Jaialdi horietan Wroclaw, Dublin eta Ljubljanako kultur jarduera esanguratsuenen erreplikak ekarriko dituzte Urumea ibaira. Herritarrek aurrez aurre ezagutu, sentitu eta bizi ahal izango dituzte Europa betetzen duten hainbat kultura. Maiatzaren 1etik irailera, Donostiako zubietan.

Olatu talka. Herritarren jarduerez osatutako Olatu Talka jaialdiak zazpigarren aldia izango du aurten, hiriko kultur agendan lekua egin duen ekimena da, beraz. Asteburu horretan, beste behin, hiriko txoko guztietara iritsiko da «herritarren energia olatua» musika, dantza, antzerki, gastronomia eta kirol jardueren bidez. Maiatzaren 20tik 22ra.

Ez dok amairu hitzez hitz. Errenteriako Fatima elizan egingo duten kontzerturako, Ez dok Amairuren hamabi kantu aukeratu dituzte. Egungo beste hainbeste musikagilek jatorrizko kantuen berridazketak edo harmonizazioak aurkeztuko dituzte, eta lau abesbatza gazteren ahotan jarriko dituzte. Maiatzaren 27an, Errenteriako Fatima elizan.

1516-2016. bake-itunak Nazioarteko 21 museotatik ekarritako artista sonatuen lanak bilduko ditu San Telmo museoan eta Koldo Mitxelena Kulturunean egingo duten erakusketak. 300 pieza egongo dira ikusgai; Francisco Goya, Le Corbusier, Elena Asins, Nancy Spero, Maruja Mayo eta Pablo Picassorenak, besteak beste. Maiatzaren 17tik urriaren 2ra, San Telmo Museoan eta Koldo Mitxelena Kulturunean.

World puppet festival. Lau urtez behin egiten duten Txotxongiloen Munduko Jaialdia Donostian egingo dute aurten. Nazioarteko hogei konpainia entzutetsuk baino gehiagok eskainiko dituzte adin guztietako jendearentzako ikuskizunak.
bMaiatzaren 28tik ekainaren 5era, Antzoki Zaharrean, Viktoria Eugenian, Egiako kultur etxean
eta Okendo kultur etxean.

Adiorik gabe. Musika eta hitzak erabilita, oroimen musikala eta literarioa biltzeko eta berreraikitzeko ahalegin bat izango da. Emaitzak udaberrian, udan eta udazkenean egingo dituzten hiru emanalditan erakutsiko dituzte. Bortizki ondotik erauzitako pertsonak zentzumenen bidez gogora ekartzen lagunduko dute emanaldi horiek. Urrira arte.

Kooperarock. Euskal kooperatibagintzak azken hamarkadetan lanaren antolaketan, ekonomian eta hezkuntzan izan duen eragina aztertu eta artearen bidez sozializatzea helburu duen proiektua da. Kooperatibagintzaren oinarrizko balioak aztertuko dituzte eta emaitza eskola komunitatearekin elkarbanatuko dute. Ekainera arte.

Emusik. Europako Musikari Gazteen Jaialdia da, musikari gazte europarren topaketa handiena. Inaugurazio kontzertua Donostian egingo dute, milaka musikarik errepertorio bera joaz. Maiatzaren 1etik 3ra. Inaugurazio kontzertua Donostian izango da.

EKAINA
Zapart!. Errege Katolikoak kalea komikigintzari buruzko jarduerez betetako bineta erraldoi bihurtuko dute. Besteren artean, sortzaileen arteko sareak indartu eta marrazkilarien eta herritarren arteko interakzioa erraztuko ditu egitasmoak. Ekainaren 3tik 12ra, Donostiako Errege Katolikoak kalean.

Biziz. Europako bizitza estiloak ezagutzeko bizikletan egingo dituzten bost espediziok osatuko dute egitasmoa. Urtearen erdi aldera ekingo diote bidaiari Las Palmas, Atenas, Kopenhage, Konstantza eta Kaliningrad hirietatik. Abentura bost espedizioak Donostiara iristen direnean amaituko da, hori baita bidaien helmuga, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat eginez. Ospakizun jaialdi batekin hartuko dituzte bidaiariak. Ekainaren 12tik urriaren 30era.

Mugaenea. Irun eta Hendaia arteko Santiago zubia eraldatu egingo dute proiektu honen baitan: joan-etorrirako lekua elkarbizitzarako toki bihurtuko dute, hausnartzeko, jarduteko, esperimentatzeko, trukerako eta artea sortzeko espazio. Maiatzetik uztailera, Irun eta Hendaia arteko Santiago zubian.

Uda-gau beteko ametsa. William Shakespearek sortutako maitasun, engainu eta iratxo miragarriei buruzko antzezlana da. Eszenaratzean literatura, gastronomia, musika, antzerkia eta dantza garaikidea uztartuko dituzte, eta gauero gauero (euririk egiten ez duen egunetan) Kristinaenea parkean oholtzaratuko dute.  Ekainaren 21etik uztailaren 24ra, Kristinaenea parkean.

UZTAILA
Hormek diote.  Bost hormak osatzen dute proiektua: hiru Donostian daude, bat Pasaian eta bestea Errenterian. Horma horiek azalean esku hartze bana jasan zuten iragan udazkenean. Artea eta teknologia berriei esker, interakzio aukera eskaini zitzaien Donostiako zein kanpoko bizilagun eta artistei. Aurten beste arte adierazpen batzuen (dantza, zinema…) lekuko izango dira horma horiek. Uztailean eta abuztuan, Donostian, Pasaian eta Errenterian.

Codefest. Udako eskola honek baliabide urriko hizkuntzak biziberritzeko helburu argia dauka, komunikazio elektronikorako tresna eraginkorrak eskainiz eta horiek nola erabili erakutsiz. Astebeteko ikastaro praktikoan, egungo hizkuntza-teknologiak aztertzeko eta aplikazioak garatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Lantaldeak osatuko dituzte  hizkuntzalari, software-ingeniari eta ikasleak nahastuz, proiektuak auzolanean garatzeko. Uztailaren 4tik 8ra, Donostiako Ibaetako campusean.

Europa bat-batean. Europako kantu inprobisatzaile onenek Donostian izango dute hitzordua. Mintzola Fundazioak antolatu du topaketa, eta emanaldiak hiriko espazio publikoetan eta Miramar jauregian izango dira; itxiera ekitaldikoak, aldiz, Kursaalean. Ordezkari sardiniar, galego, katalan, galestar, austriar eta poloniarrek parte hartuko dute, besteak beste. Uztailaren 9tik 16ra, kalean, Miramar Jauregian eta Kursaalean.

12 points. Donostiako Jazzaldiaren baitan egingo dute jaialdi irlandar hau. Europako hamabi jazz talde sortu berrik euren lanak aurkeztuko dituzte. Egitarauaren osagarri gisa, Jazz Futures eztabaida foroa antolatuko dute, gailentzen ari diren musika ereduen inguruan hitz egiteko. Uztailaren 21etik 24ra.

Donostiapedia. Wikipediak Donostiaren inguruan jasotzen duen informazioa herritarrek eta bisitariek dutenarekin batzea da ekimenaren helburua, denen artean webgune horretako edukiak osatzeko. Abuztuaren 31 arte.

ABUZTUA
Itsasfest. Ingurumena herritarrei gerturatzeko asmoarekin Ondarretako hondartzan egingo duten jaialdia da. Besteren artean, jolasetan parte hartzeko eta produktu osasungarriak erosteko aukera izango dute hara joaten direnek. Abuztuaren 27an, Ondarretako hondartzan.

Glad is the day. Egia auzoa Donostiako udako mapa kulturalean txertatu nahi duen proiektua da, auzoko musika independientearen eta undergroundaren bi eragile nagusien eskutik: Dabadaba eta Le Bukowski aretoak, hain zuzen. Egunez egingo diren emanaldiak Kristinaenea parkean izango dira eta gauez bi areto horietan jarraituko du festak. Kino Internacional, Chiquita y Chatara, Telmo Trenor, The Saurs, Javi Pez, Anari, AWWZ eta Tiki Phantoms musikariak ikusi eta entzuteko aukera izango da. Hilabete guztian, Kristinaenea parkean eta Dabadaba eta Le Bukowski aretoetan.

IRAILA
Gabon, txirrita. Xabier Letek Gabon, Txirrita antzezlana ondu zuen 1982an. 2016ko ekainaren 3an 80 urte beteko dira Jose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolaria hil zela, eta urtemuga hori dela eta, Donostia 2016k Leteren antzezlana taularatuko du. Bernardo Atxagak Leteren obraren hariari tira egin dio testu dramatiko berri bat osatzeko, eta hori oholtzaratuko dute. Horrela, Gabon, Txirrita-k euskal ahozko eta idatzizko tradizioaren eta musika tradizioaren funtsezko hiru izen bilduko ditu. Irailean.

Zinema ikasleen nazioarteko topaketa. Mundu guztiko zinema eskoletako ikasleak biltzen dituen topaketa da eta Zinemaldiari lotutako jardueren baitan antolatzen dute. Irailaren 20tik 23ra arte,Tabakaleran.

Street tartar. Gizarte sortzaileago bat posible dela erakusteko, hainbat artista Groseko Manteo kalean bilduko dira eta han gauzatuko dute euren lana. Espazio publikoa eraldatuko duten jarduerak antolatuko dituzte egun horietarako. Irailaren 30etik urriaren 2ra, Groseko Manteo kalean.

Zinema eta gatazkak. Indarkeriazko gatazken gaia jorratzen duten 35 filmez osatutako ziklo bat aurkeztuko dute Donostiako Zinemaldian. Hilabete guztian, Kursaalean.

URRIA
Tratos. Cervantesen Los tratos de Argel (1580) komediaren berrirakurketa garaikidea proposatzen du antzezlan honek. Europan etorkin izatearen esperientzia bizi izan duten aktoreek antzeztuko dute lana. Hilabete guztian, Donostian
eta Madrilen.

Azken trena Treblinkara. Janusz Korczak mediku eta pedagogoari buruzko obra emango dute Larratxo kultur etxean. Korczak umezurtz judutarrak hartzen zituen babes-etxea bateko arduraduna izan zen 1942. urtean, Varsovian (Polonia). Trenean sartu eta Treblinkako kontzentrazio esparruetara bidaltzen zituen haurrak. Hilabete guztian, Larratxo kultur etxean.

AZAROA
Lekurik gabe, denborarik gabe. Proiektu honek instituzio totaletan (kartzelak, psikiatria zentroak…) dauden pertsonek mundu sinboliko berriak sortzea sustatzen du. Helburua da bizitzako muturreko egoera horietan sortutako adierazpideei balio soziala eta kulturala ematea. Abendura arte, Koldo Mitxelena Kulturunean.

Kontukontanitz. Pertsonaia handiak protagonista dituzten istorio txikietan barrena, ezgaitasun fisiko, intelektual, sentsorial eta mentalak dituzten pertsonen egunerokotasuna hobeto ezagutu eta ulertzeko proiektua da. Horretarako, zenbait idazlek dibertsitate funtzionala duten pertsonekin elkarlanean, ipuinak sortuko dituzte. Donostiako auzoetan zehar ibiliko diren ipuin kontalariek bizia emango diete istorio horiei. Bilduma osoa hainbat hizkuntza eta lengoaiatan argitaratuko dute.  Argitalpena.

Irrizetak. Umorista eta gidoigileak osasun arloko langile eta eragileekin bilduko dituen ekimena da, herritarrengana iristeko moduko mezuak sortzen laguntzeko, betiere umorea erabilita.  Azaroaren 12an, Donostia 2016 Gunean (Easo kalea, 43).

ABENDUA
Feministaldia. 11. ekitaldia izango da aurtengoa. Plazandreok Emakumeen Plataforma Politikoak antolatuta, konferentziak, mahai inguruak, tailerrak, proiekzioak eta kontzertuak egingo dituzte. Abenduaren 14tik 17ra, Tabakaleran.

URTE GUZTIAN
‘Eta hik zer?’ antzerki-foruma. Euskal Herriko gatazkari lotutako hainbat egoera lantzen dituzten sei antzezlanek osatzen dute proiektua.

Karta zuriak. Kultur hiriburuak karta zuria eman die Esther Ferrer artistari, Anjel Lertxundi idazleari eta Jone San Martin dantzari eta koreografoari proposamen kultural bana egin dezaten. Ferrerrek hiru performance proposatu ditu hiriari protagonismoa eman eta «herritarren borondatezko parte hartzea» lortu nahian. Hizkuntza hegemonikoetan idazten duten bost idazleri hizkuntza gutxitu batean idaztearen inguruan gogoeta eginarazi nahi die Lertxundik, gero horiek 2016ko azaroan Donostiara etor daitezen gogoeta horien berri ematera. San Martinenek  William Forsythe koreografoa Donostiara ekarri nahi du, beste koreografo batzuekin batera. Emanaldi batean dantza eta bertsolaritza uztartzeko intentzioa agertu du.

Europar elkarrizketak. Europako Batasunaren erronka handienak mahai gainean jartzen dituen elkarrizketarako foroa da. Publikoa da elkarrizketaren mamiaren norabidea gidatzen duena. Kristin Tran Europako Parlamentuko aholkulari feministak, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidente ohiak eta Saskia Sassen Columbia Unibertsitateko irakasleak parte hartuko dute, besteak beste. San Telmo museoan. Gasteizen, Irunen eta Hendaian.

Europa transit. Gatazken lekuko izan diren edo diren Europako hamar hiritara joango da enbaxada bat: Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Kaliningrado, Pristina, Sarajevo, Plodvif, Istanbul eta Pafos. Enbaxadak autobusez bidaiatuko du, erredakzio multimedia batekin. Urtarrilean ekingo dio bideari, eta leku bakoitzean hilabetez geldituko da. Han, dokumental bat egingo du, gatazkaren kazetaritza kontaketa eta gatazkak utzitako kultur erreferentzien begirada elkartuz. Ekoizpenak ETBn estreinatuko dira eta ondoren edozeinentzat eskuragarri jarriko dituzte.