Julene Frantzesena
Duela 57 urte egin zuten Azpeitian aurreneko helduen danborrada, 1959an. Oargi taldekoak Napoleon jantziekin, El Andaluz zezenzale elkartekoak sukaldariz, eta Oñatzbide elkartekoak gastadore jantzita atera ziren orduko danborrada hartan. Geroztik, hainbat talde batu da helduen danborradara, eta, egun, 27k parte hartzen dute danborren desfilean; mila herritar baino gehiago elkartzen dira danborraren bueltako festan, San Sebastian bezperan.
Azken urteetan, taldeak hasiak dira danborradako urrezko nahiz zilarrezko ezteiak betetzen. Aurten ere izango da urteurrena ospatuko duen talderik: hala nola, 50 urte beteko dituzte Alkartasuna eta Zezenzaleak taldeek, eta 25 urte Zokoak eta Sanjuandegik. Udalaren omenaldia jasoko dute lau taldeek astearte gauerdia iristean, talde guztiak plazan direla.
Alkartasuna taldea 1967an atera zen lehen aldiz helduen danborradan, eta Pedro Illarramendik (Azpeitia, 1938) gidatu zuen talde hura; ordurako Oargi taldeko zuzendari lanetan eskarmentua bazuen. Talde asko soziedadeetatik jaio badira ere, Anton tabernako —egun Fideo de Mileto— koadrilak sortu zuen Alkartasuna. Lagun talde hartako kidea zen Illarramendi, eta lagunek egin zioten zuzendari ateratzeko proposamena: “Landetako taldea utzi eta Bar Anton Alkartasuna taldearekin ateratzen hasi nintzen”. Eskoziako jantzi tradizionalak egin zituzten. Egun ere, traje horiekin ateratzen dira.
Danborradan, 50 bat laguneko taldea irteten da, eta egungo zuzendaria Karlos Iriarte da (Azpeitia, 1960). Illarramendik duela zazpi urte eman zion lekukoa, eta bera danborra jotzen ateratzen da ordutik. 2010ean, Azpeitiko Udalaren esker ona eta omenaldia jaso zituen, 50 urtez danborradan egindako lanagatik.
Iriartek taldeko zuzendari postua hartu aurretik, hainbat urte egin zituen Alkartasunarekin danborra jotzen: “1979an atera nintzen aurrenekoz, osabaren jantziarekin. Haren trajea hartu nuen, eta nire koadrilako bost bat lagunek ere inguratu zuten bana. Bost bat gazte atera ginen urte hartan. Egun, taldeko kide asko koadrilakoak gara”. Iriartek dioenez, urte gutxitan egin du danborradan kale: soldaduskan pasatu zituen urteak edo gaixorik egon den urteren bat kenduta, hutsik egin gabe irten da.
Iriartek gogoan ditu Illarramendiren ordezko zuzendaria bilatzerakoan elkarteko batzordeko kideek izan zituzten gorabeherak: “Illarramendik 2008an esan zigun 2009an azkenengoz aterako zela zuzendari. Pentsatzen nuen jendeak nahiko zuela Illarramendiren postua hartu. Soziedadeko norbait izatea nahi genuen, baina bati galdetu eta ezetz; besteari esan, eta hark ere ezezkoa”. Irailerako hasten dute hurrengo urteko danborradaren antolakuntza, eta zuzendaririk gabe zeuden 2010eko irailean. “Ez zitzaidan burutik pasatu ere egin ni izan nintekeela. Egun batean, soziedadean afaltzen ari ginela, ez genuela zuzendaririk aurkitu esan nien emazteari eta alabari. Alabak esan zidan ez nintzela gaizki moldatuko, eta emazteak, berriz, nahi nuena egiteko. Halaxe egin nuen; nahi nuena. Hasieran, Pedrok lagundu zidan entseatzen-eta. Orain, autoan musika jarrita entseatzen dut, teknikari komertziala naizelako eta kilometro asko egiten ditudalako”.
Illarramendik dioenez, 50 urte “ez da marka makala”. Urte horietan guztietan danborradak hainbat oroitzapen iltzaturik utzi dizkie taldeko bi kideei. Hala gogoratu du Iriartek: “Zuzendari atera nintzen lehen urtea dut gogoan. Ez zuzendari atera nintzelako soilik; egoera politikoa ere izugarria zen. Inaxio Uria hil zuten aurreko abenduan eta… Egia esan, ordurako erabakita nuen alaba danborra jotzen hasten zenean utzi egingo nuela, baina berriz ere ilusioa daukat, eta gustura ateratzen naiz”. Illarramendik, berriz, “nobedade” bat ekarri du gogora: “Urte batean, udalak kalean megafonia jartzea erabaki zuen, eta hura oso erabaki garrantzitsua izan zen. Izan ere, ordura arte, sei-zazpi banda ateratzen ziren danborradan, gehiago ezin ziren ekarri”.
Alkartasuna taldea “osasuntsu” ikusten dute bai Illarramendik eta bai Iriartek. “Gazte asko ari da taldean sartzen; gure alabak-eta ateratzen dira danborra jotzen. Urteek aurrera egin ahala, emakumeen taldea izango da Alkartasuna”, dio Iriartek.
Enparan kaleko elkartetik
Zilarrezko ezteiak egingo dituzte Sanjuandegi eta Zokoa taldeek aurten. Zokoa taldea izen bereko Enparan kaleko elkartetik sortu zen, 1992an. Jabier Etxaniz Kinttela-k (Azpeitia, 1959) eta Jesus Lopetegik (Azpeitia, 1958) taldearen sorreran hartu zuten parte. “Txalintxo taldearekin ateratzen nintzen. Orduan plazan talde gehiagorentzat tokirik ez zela-eta halako zurrumurruak izaten ziren, baina Zokoan proposatu nuen taldea sortzea. Soziedadeko bazkide nintzen ordurako, eta Azpeitiko Udaleko zinegotzi ere bai. Probatzea pentsatu genuen”, dio Kinttelak. Gauzak horrela, soziedadeko kideen baietzarekin joan ziren udaletxera, eta toki faltaren kontua atera bazen ere, baiezkoa eman zien Kepa Ibarzabal zinegotziak: “Guk atera behar genuen zurrumurrua zabaldu zen kalean, eta Sanjuandegikoak ere udalera jo zuten eurek ere atera nahi zutela esanez”.
Festetako zinegotziaren baiezkoa zutenez, jantziak eta txapelak enkargatu zizkioten Donostiako jostun bati. “Sukaldari edo soldadu trajea egitea aurreikusten genuen, eta egun ditugun britainiar erregimenaren traje militarrak aukeratu genituen. 60 mila pezeta [360 euro] gastatu genituen kide bakoitzak”. Danborradan ateratzeko, baina, danborrak behar, eta larruzkoak eskatu zituzten, Kinttelak dioenez: “Guk eskatuta geneuzkan danborrak, baina, egun batean, Sanjuandegikoak etorri zitzaizkigun esanez talde bakoitzari larrua edo txapa tokatzen zitzaion erabaki behar genuela. Ibarzabalekin leon-kastillo egin genuen, eta larrua tokatu zitzaigun. Eskerrak, bestela Sanjuandegikoei saldu edo auskalo zer egin beharko genuen eskatutako danborrekin”.
Urtebeterako dena prest zuten, eta, lehen aldi hartan, Zokoarekin 40-44 lagun atera ziren. Egun, bazkide berriekin-eta, 50 lagun dira. Lopetegik dioenez, “taldearen arima” da Kinttela: “Danborradako gauza guztiez bera arduratzen da. Sortu berak egin zuen, eta hemen jarraitzen du lanean”.
Urte hauetan guztietan pasadizo bat baino gehiago izan dute elkartean, eta horietako batez akordatu da Kinttela: “San Sebastian bezpera batean, hamar kilo angula eskatu genizkion Fernando Villegas zenari. Jan genituen, pasatu zen bezpera, egunak ere bai, eta Villegasekin egin nuen topo kalean. Angulak zer moduzkoak zeuden galdetu zidan, eta ‘oso onak’, erantzun nion. Hala esan zidan hark: ‘Egongo ez hituan ba ederrak, oraindik pagatu gabe dituzue eta!’. Hainbeste kontu buruan, ordaintzea ahaztu zitzaigun”.
Kinttelak bere burua saltserotzat dauka, eta danborradan irteteari “ezergatik ere” ez liokeela utziko dio. Lopetegiren arabera, “azpeitiartasuna” barruraino sartuta duten pertsona horietakoa da Kinttela: “Athleticzaleak sutsuak diren bezala, badira azpeitiartasuna bihotzean txertatua daukatenak. Ni ez naiz hain sutsua, baina gustatzen zait saltsa. Dena den, semeari lasai uzten diot trajea. Baina badira espezimen arraro batzuk, neolitikotik zuzenean etorriak…”. Lopetegiren aburuz, “gaztetan ilusio handiagoa izaten da bizitzeko, ezagutzeko eta probatzeko”, baina hori pasatu egiten da: “Orain, erosotasuna bilatzen dugu; nahiago dut soziedadean lasai egon, eta danborrada pasatzen ikusi”.
25 urteotan taldea asko aldatu da: “Gazteak ginen, eta seme-alaba txikiak genituen. Haiek hazi egin dira, eta guk adinean aurrera egin dugu. Seme-alabak amorratzen daude danborradan ateratzeko, eta aldaketa handiena hori izan da. Gazte asko ateratzen da, eta asko emakumeak dira”.
Leave a Reply