Aitziber Arzallus
Hogei urteko bizitza eman zioten ireki zutenean, baina 28 igaro dira eta martxan jarraitzen du Azpeitiko Lapatx zabortegiak, Gipuzkoan zabalik den bakarrak. Eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioagatik balitz, hala segiko luke beste puska batean ere. Lapatx ixteko data hainbatetan jarri izan duten arren —lehenengoa, 2009rako—, emandako hitzak baino indar handiagoa izan dute luzamenduetarako arrazoiek. Baina, azkeneko saiakeran, GHK-k ez du esperotako erantzuna jaso. Beste behin ere zabortegiaren jarduna luzatzeko —otsailaren 3an ixtekoak ziren, aurten— eta eremua handitzeko eskatu dio Urola Erdiko Mankomunitateari —erakunde horrek kudeatzen du Lapatx—. Hark baiezkoa eman dio erabat bete arte hondakinak jasotzen jarraitzeari; ezezkoa, ordea, zabortegia handitzea. Betetzen denean itxi egingo dute, beraz.
Baina, noiz? Inor ez da ausartzen itxierari eguna jartzera. “Gipuzkoa guztiko zaborra hartzen jarraitu izan bagenu, lau hilabetean betetzeko aurreikuspena genuen”, dio Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak. “Orain, ordea, hondakinen parte bat Kantabriara eramaten ari da GHK, eta, otsailean, Gipuzkoa guztitik etorri ohi den hondakinen herena bakarrik etorri da. Horregatik, ezinezkoa da ixteko egun bat jartzea, ez dakigulako datozen asteetan zenbat zabor etorriko den. Betetzen denean itxiko dugu eta kito”.
GHKren asmoa zen Gipuzkoa guztiko hondakinak beste urtebetez Lapatxen hartzea, eremu hartan bertan 175.000 metro kubikoko beste zabortegi bat eginda. Gastu guztiak bere gain hartzeko prest zegoen erakunde hori. “Edukiera biderkatu eta zaborrarekin mendi bat egitea planteatu zigun, baina ez, Azpeitiko udal gobernuak hartuta dauka Lapatx ixteko erabakia”, dio Eneko Etxeberria alkateak.
“Adar jotzea” deritzo Etxeberriak GHKren eskaerari. “Mankomunitate askok arrazoi politikoengatik itxi dituzte euren zabortegiak. Errenteriako San Marko ez zuten itxi bete egin zelako; hamar aldiz zabor gehiago hartzeko gaitasuna zeukan, baina herritarrak kexu ziren, politikoki ez zen egoera atsegina, eta ixtea erabaki zuten”. Zarauzko Urteta ere aurreikusitakoa baino lehen itxi zuten, “arrazoi politiko eta teknikoengatik hura, gaizki eginda zegoelako”.
Hala, Lapatx bakarrik geratu da Gipuzkoa guztiko zaborrak hartzeko. “Orain arte elkartasunez jokatu dugu Gipuzkoa guztiko hondakinak hartuta. Baina, zergatik onartu behar dugu horretan jarraitzea? Elkartasunagatik? Eta gurekiko elkartasuna zer? Jasan genezakeen guztia eta gehiago jasan dugu. Gipuzkoako zabortegi bakarra da Lapatx, ados, baina hura ixteko garaia ailegatu da, eta kito”. Udal gobernuaren erabakia irmoa dela nabarmendu du Etxeberriak, atzera bueltarik gabekoa. “GHK-k hori errespetatzen ez badu eta horren kontra egiten badu, kontua bulegoetatik kanpo konpondu beharko dugu: herritarrek erabakiko dute, herri galdeketara deituko ditugulako”.
Pazientzia, bukatzen
Elkartasunaren zakuak ez ezik, pazientziarenak ere gainezka egin duela uste dute zabortegiaren inguruan bizi diren Azpeitiko Elosiaga auzoko bizilagunek ere. “40 urte badira nahikoa, ezta?”, bota du Miren Odriozolak, bizilagunen ordezkariak. Izan ere, oraingo zabortegia zabaldu aurretik herri hondakinentzat errausketa labea eta Marcial Ucin altzairugintza enpresako hondakinentzat zabortegia izan zituzten paraje horretan bertan.
Hondakindegia hurbil izateak arazo bat baino gehiago eragiten dizkie Elosiagako auzotarrei. Batetik, usainak. “Egun askotan leihorik irekitzerik ere ez dugu izaten, kiratsa jasanezina delako”. Bestetik, uholdeak. Zabortegia egiteko ibaiaren ibilbideari kilometro eta erdi kendu izanak, ur emaria bizkortzea eta harriak pilatzea ekarri duela azaldu du Odriozolak, eta euriteetan ibaiak gainezka egiten duela. Horrez gain, arratoi izurriteak ere izan ei dituzte. “Udalak behin baino gehiagotan bidali behar izan du enpresa bat arratoi izurria geldiaraztera, etxe barruraino sartu izan zaizkigulako”. Baina Lapatxen ondoriorik kezkagarrienak ikusten ez direnak direla nabarmendu du Odriozolak: “Herritarren osasunean eragiten dituenak, hain zuzen. Oraindik ez ditugu ikusten, baina ikusiko ditugu”.
Jakitun dira zabortegia ixteak arazo horiek guztiak ez dituela bat-batean desagerraraziko. Luis Azkue Elosiagako auzotarren beste ordezkariaren hitzetan, “Lapatx ixtean gauzek asko egingo dute hobera, bai, baina ez dugu ahaztu behar zabortegiak bizi-bizirik jarraituko duela gutxienez beste 30 urtean”, zigilatze eta ingurumenaren birsortze prozesuek beren denbora behar izaten dutelako. Horiek ongi egin beharreko lanak direla dio Azkuek, “nahiz eta ematen duen gauzak ongi egitea zigortu egiten dela hemen”. Ulertezina egiten zaio Gipuzkoako gainontzeko zabortegiak “arrazoi politiko eta teknikoengatik” aurreikusitakoa baino lehen itxi izana, eta, aldiz, Lapatxen itxiera zazpi urtean lau aldiz atzeratzea. “Gauzak ondo egin eta gainera zigortu? Nahikoa da”.
Horregatik, Lapatx lehenbailehen ixteko eskatu dute Odriozolak eta Azkuek Elosiagako auzotarren izenean, eta itxierari eguna jartzea nahi dute, gainera. “Bete arte Gipuzkoako zaborra hartzen jarraitzea erabaki du mankomunitateak, ados. Baina noiz beteko da? Hilabeteko gutxiko kontua ematen zuena dezente luzatu daiteke, GHK zaborraren parte bat Espainiara eramaten hasi delako. Ezin dugu onartu gu bere estrategiaren arabera erabiltzea”, esan du Azkuek. Horregatik, arazoaren garrantziaz jabetzeko eskatu diete gainontzeko herritarrei, eta ez dute baztertu mobilizazioei ekiteko aukera.
Irtenbide osoak
Berez, Urola Erdiko Mankomunitateak dauka Lapatx kudeatzeko ardura, eta zabortegiaren gaineko edozein erabakitan hark izan behar luke azken hitza. Baina GHK-ren interesek baldintza dezakete hori, eta ekintzak dira horren lekuko, itxiera hainbatetan atzeratu izana kasu. “Gipuzkoan hondakinekin daukagun arazoa konpontzeko ezinbestekoa da herrialde mailako planteamenduak egitea”, Cesar Gimeno GHK-ko zuzendari nagusiaren hitzetan. “Horregatik eskatu genion Urola Erdiko Mankomunitateari Lapatx beste urtebetez zabalik mantentzeko, Gipuzkoa osorako irtenbidea izan zitekeelako”.
Ezezkoak ustekabean harrapatu dituela adierazi du Gimenok: “Abenduan ia lotuta utzi genuen kontua, eta urtarrilean ezezkoa eman ziguten, mankomunitate barruko ika-mikengatik”. Presaka, beste aukera batzuk aztertu behar izan ei dituzte. “Araban eta Bizkaian ez dago hilean 13.000 edo 14.000 tona hondakin har ditzakeen zabortegirik”. Eta Kantabriara jo behar izan dute, Meruelora hain zuzen, hango zabortegiak baduelako Gipuzkoaren beharrei erantzuteko gaitasuna.
“Irtenbide garestia da, baina ez dago besterik”. Gimenok azaldu du zaborra Azpeitira eramanda baino %50 handiagoa izan daitekeela faktura. Zentzu horretan, “diruari bakarrik” begiratzea egotzi dio Azpeitiko alkateak GHK-ri: “Zaborra Azpeitira ekarri nahi dute, herritarrei konpentsaziorik eman gabe. Guri tonako 75 euro ordaindu nahi dizkigute eta Kantabriari 97 euro pagatzeko prest daude”. Oraindik prezioak-eta negoziatzen ari direla argitu du GHK-ko zuzendariak. Urtero-urtero gutxienez 50.000 tona bidaltzea ziurtatu beharko diote Kantabriari.
GHKren asmoa da lau urterako akordioa egitea Kantabriarekin, Zubietako errauste planta martxan jarri artean. Oraingoz, ordea, beste bi hilabeterako hitzarmena besterik ez dute. Horregatik, beste aukera batzuk aztertzen ere ari dira. Esate baterako, Gipuzkoako industriako hondakindegi batzuk moldatu eta errefusa haietara bideratzea.
Hari mutur asko airean
Kantabriarekin bai, baina Urola Erdiko Mankomunitatearekin ere badu zer negoziaturik GHK-k. Izan ere, 2009an egindako hitzarmenean, Lapatx ixterako gune hartan hondakinen transferentzia gune bat eraikitzeko konpromisoa hartu zuen GHK-k. Udalen ardurapeko zabor kamioi txikiek jasotako hondakinak kamioi handiagoetara pasatzeko gunea litzateke hori. Mankomunitateko lehendakariaren esanetan, baina, “erabat airean” dago kontua, oraingoz ez baitie ziurtatu “egingo duenik ere”. Kontua ondo aztertu behar dutela eta oraindik gune hori Lapatxen eraikiko duten ala ez erabakitzeke dutela argitu du, berriz, Gimenok. “Gauza da Gipuzkoa guztiko logistika aztertu behar dugula, horren araberako azpiegiturak eraikitzeko, eta ez da egun batetik bestera egingo dugun kontua. Nolako panorama gelditzen den ikusi behar dugu aurrena, eta horren arabera joango gara erabakiak hartzen”.
Urola Erdiko Mankomunitateak eta GHK-k mahai gainean duten beste auzietako bat Lapatxeko konposta plantaren etorkizuna da. Bereziartuaren hitzetan, “egungo azpiegiturak ez du ondo funtzionatzen, arazo teknikoak ditu, eta hortik dator herri guztira zabaltzen den kiratsa”. Horregatik, egokitu arte bederen ixteko eskatu dio mankomunitateak GHKri, edo bestela behin betiko itxi eta han prozesatzen den konpost guztia Bergarako Epele gunera bideratzeko. Gai hori ere aztergai dutela azaldu du Gimenok, eta oraindik azken erabakia hartu gabe duten arren, aurreratu du, ziurrenera, Epele gaitasun osora lanean hastean ez dela Lapatxeko plantaren beharrik izango, Bergarakoa gai izango delako organiko guztia hartzeko. “Horrenbestez, litekeena da urtea bukatzerako Lapatxeko konposta gunea behin betiko ixtea”.
Leave a Reply