M. Alustiza
Jaialdi ibiltari bat da, Baionatik Donostiara ibiliko dena. Tartean, Dantza Hirian jaialdiak geldialdia egingo du Lapurdi eta Gipuzkoako beste sei herritan. Egungo dantza arkitekturarekin lotzen du jaiak: hamabi konpainiak hamazazpi gune izango dituzte euren lanak erakusteko. Bihartik hilaren 25era arte, Euskal Herriko eta atzerriko hainbat talderen sorkuntzak ikusi ahal izango dira; doakoak dira denak.
Estreinaldien artean, Aterpean programako bi daude: Esku Harriak – Oteizaren (h)aria eta Ocho deportes vascos. Programa horretarako aukeratutako artistek egonaldiak egin dituzte Gipuzkoan eta Lapurdin, haien sorkuntzak garatzeko. Esku Harriak – Oteizaren (h)aria ikuskizuna dantza garaikidean eta zuzeneko musikan oinarritzen da. Eskultura, espazioaren trataera eta hitza lotzen dira, eta Jorge Oteiza eskultorearen “unibertso zabal eta partikularra” dakar gogora, hura berreraikiz eta irakurketa propio bat eginez.
Eibarko koreografo Helena Lizarik Ocho deportes vascos estreinatuko du. Euskal Herriko kiroletan aurkitu du inspirazioa. Besteak beste, lehia, abilezia, erronka eta indarra gorpuzten dira lanean.
Ibili programaren barruan, Euskal Herriko hiru sortzailek euren lanak aurkeztuko dituzte: Natxo Montero bilbotarrak Barbecho plazaratuko du; Aiert Beobideren Haatik konpainiako Iker Arruek, 70+1, eta Amaia Elizaran tolosarrak, Raw.
Euskal Herrikoez gain, atzerriko dantzariak ere izango dira jaialdian. Adibidez, Kataluniako Angels Margarit dantzari eta koreografoaren Mudances konpainia nabarmendu du antolakuntzak. 1970eko hamarkada bukaeran Bartzelonako Antzerki Institututik atera zen Margarit; dantzari modernoen lehen belaunaldikoa da. Capricis Site lana eskainiko du bere konpainiak. Niccolo Paganini biolin jotzailearen 24 Capricci sorkuntzatik abiatzen da ikuskizuna. Biolinaren soinua ez da, ordea, oinarria: Margaritek joko bezala hartzen ditu kapritxoak, eta dantzarien mugimenduek marrazten dute musika espazioan.
Ikasteko aukera
Emanaldiak ez ezik, ikastaroak ere izango dira Dantza Hirian programaren barruan. Hurrengo bi igandeetan, Julia Maria Koch eta Alma Libre Co koreografo gonbidatuek ikastaro bana emango dute Errenterian, Dantzagunean. Ikasle eta profesionalentzako saioak izango dira. 12:00etatik 13:30era dira biak, eta beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea —info@dantzahirian.com helbidean—. Hogei euro balio du ikastaro bakoitzak.
Leave a Reply