Eider Bereziartua
Badira gerturatzen direnean bihotza estutzen duten egun jakin batzuk. Gorriz markatuta izaten dira egutegian, eta, urteak pasatu arren, denen oroimenean segitzen dute. Horietako bat da urriaren 17a.
2001. urtea zen, eta Himalaiako Pumori mendiaren (Nepal) gailurrera iristeko lehen ahalegina egitera ilusioz gainezka irten ziren bost mendizale gazte: Iñaki Aiertza (Aizarnazabal) eta Beñat Arrue (Aizarna) gipuzkoarrak, eta Aritz Artieda (Etxarri Aranatz), Javier Arkauz (Lakuntza) eta Cesar Nieto (Iruñea) nafarrak. Bidean zirela, ordea, izotz-jausi batek azpian harrapatu zituen bost euskaldunak, eta bertan hil ziren.
“Espedizioa hamar lagunekoa zen, baina, denek batera igo ezin zutela eta, bi taldetan banatu ziren. Zozketa egin zuten zotz laburrena edo luzeena nork atera. Ez dakit nola izan zen, baina gureei tokatu zitzaien”, azaldu du Arantxa Gurrutxagak (Aizarna, 1953), istripuan hildako Beñat Arrueren amak. “Gogorra izan zen”, adierazi du Mikel Aiertzak (Aizarnazabal, 1975), Iñaki Aiertzaren anaiak: “Egun batetik bestera ematen dizute berria, eta…”
Gainera, ezin izan zituzten gorpuak erreskatatu, eta Pumorirako bidean gelditu ziren bost hilotzak. Hala ere, baikorra da Aiertza: “Nik beti diot: Iñakik mendia maite zuen, eta han baino hobeto ez dago inon”.
Hamabost urte pasatu dira ezbeharra gertatu zenetik, baina Aiertzak dio “oso presente” dutela. Urte guztiotan, “urriaren 17tik gertuen dagoen igandean, Aralarren elkartzen gara hildako guztien familietakoak”, dio. “Omenalditxoa egiten diegu”, gaineratu du Gurrutxagak: “Duela hamabost urte, sei zuhaitz landatu genituen han: bat denen oroimenez, eta beste txiki bana bakoitzari eskainita. Plaka bat ere ipinita daukagu”, esan du Gurrutxagak. Aiertzak dio “harreman oso polita” egin dutela familien artean: “Egun hori denok elkartzeko aitzakiatzat daukagu”.
Horrez gain, beste ohitura bat ere badute Beñat Arrueren guraso Arantxa Gurrutxagak eta Pello Arruek. Hiru urtetik behin, Nepalera bidaiatzen dute, eta beren semeak eginiko bidea errepikatzen dute. Datorren astelehenean, urriaren 3an, ekingo diote abenturari. Aizarnako, Zestoako, Zumaiako, Hernialdeko eta Iruñeko beste zazpi lagunekin joango dira hara.
Gurrutxagak gogoan du Benantxio Iruretak —semearen espediziokidea— 2002an nola esan zien “gazteei bisita egitera” zihoala. “Segituan animatu ginen gu ere”, dio Gurrutxagak. Ordutik, hiru urtetik behin saiatu dira bidaia errepikatzen: “Hara noan bosgarren aldia da, eta nire senarra seigarrenez joango da”.
“Hildako guztien familiak joanak gara bisitan”, azaldu du Gurrutxagak. Aiertzak dio bidaia hori “egiteko” daukala: “Nolabaiteko zorra daukadala sentitzen dut barnean. Agian, momentua iritsi zain nago hara joateko. Pena pixka bat emango dit, baina joateko gogoz nago”.
Argazkiko neskatoa, Suka
Nepalen bereziak zaizkion pertsonak eta lekuak ditu Gurrutxagak. 2001ean, ezbeharraren ondoren, “haizeak mugituta” hildakoek zeramatzaten gauza batzuk agertu ziren. Horien artean ziren Beñat Arrueren jaka eta argazki makina bat. “Argazki kamera Iñakirena zen, eta argazki film bat zeukan barruan. Film horretan argazki bat zegoen, oso polita. Neska txiki bat agertzen zen, hiru urte ingurukoa, eta Beñatekin ageri zen”, azaldu du Gurrutxagak.
Hori dela eta, 2002an Nepalera joan zirenean, haur hura aurkitu nahi izan zuten. “Benantxiok —Aneton hil zen 2003an— argazkia eraman zuen. Hark bazuen buruan zein ingurutan ateratako argazkia izango zen. Beraz, espedizioko batzuk hara joan ziren, eta hango haurrei argazkia erakutsi zieten. Ingelesez ezer gutxi zekiten, eta ez zuten elkar ulertu. Hala ere, ‘Suka, Suka’ esaten omen zuten”, dio Gurrutxagak. Azkenean, umeei jarraitu, eta “txabola moduko” etxetxo batean aurkitu zuten neskatoa. “Joaten garen bakoitzean izugarrizko hartu-emana izaten dugu Sukarekin eta haren familiarekin. Aldiro, arropak, eskolako materiala eta abar eramaten dizkiegu. Thame herrikoa da, eta herriko eskolan entregatzen dugu material guztia”, azaldu du. “Sukarentzat ere poltsa berezia eramaten dugu, opariekin”.
Hala ere, ez dakite “zein egoeratan” aurkituko duten oraingoan Suka: “18 urte izango ditu, eta, han, adin horrekin asko ama izaten dira. Gainera, ez dakigu duela urtebete izan zen lurrikarak nola eragin duen beren bailaran”.
1.000 euroko txekea
2015eko apirilean lurrikara batek astindu zuen Nepal. Zestoako Agiro Mendi Elkarteak 1.000 euroko txekea eman dio espedizioari, han laguntzeko. “Bertan bizi den Mikel Izeaga legazpiarrarekin hitz egin dugu. Berak lagunduko digu dirua bideratzen. Behar den lekura eramango dugu “, dio Gurrutxagak.
Leave a Reply