Zaharren zaintza eta nerabeen sexu abusuak

Irmarekin topo egin nuen lehengo egunean, aspaldiko partez. Luzaroan egon ginen berriketan kalean. Irma ikasle izan nuen orain hamabost bat urte. Zoritxarrez, gaztelaniaz jardun genuen, ezin izan zuelako aurrera egin, familiari lagundu behar izan ziolako. Irma kolonbiarra da, eta interna dabil lanean, zaharrak zaintzen. Neska azkarra eta bizia den arren, triste samar ikusi nuen, eta lanarekin kokoteraino zegoela aitortu zidan.

Kontua da hainbeste urte emanda lan horretan oso nekatuta dagoela. Batez ere, langile horiei baldintzak okertu egin zaizkielako. Nola ez, bada, denon egoera gaiztotu denean, eta eurak gure piramidean azkenak badira? Atzerritarrak, emakumeak, zaharrak zaintzen… osagai guztiak ahaztuenak izateko langileriaren munduan.

Erreta dago, baloratuta ere sentitzen ez delako. Bai zaindutako nagusiarendako, bai familiarendako bere lana egonean egotea da, jesarrita besaulkian telebista ikusten. Hori da duten ikuspuntua. Baina iritzi hori dutenek ez dituzte kontuan hartzen behargin horien betebeharrak. Zaintzen duten nagusiaren etxea daramate: garbiketa, jatorduak, gobada, konponketen ardura, errekaduak… Horretaz gain, jagoten duten pertsonaren ardura osoa; zaintza ez ezik, lagun papera ere egiten dute, paseatzera atera, konpainia egin etxean, berba egin eurekin, kariñoa eman. Hori egunean 24 orduz eta askotan astean sei egunean. Bertan egonean egotea ere lana da, hala ikusten ez badute ere.

Askoz gauza gehiago ere esan zizkidan, baina hemen ezin esan. Zaharren egoitzez ere egin genuen berba, eta halakoetan ikusitakoaz ere ibili ginen berriketan: askok ez dutela nahikoa jende lanerako, zaharrak telebistaren aurrean jartzen dituztela langileak ezinean dabiltzalako, eta hori bertan bizi direnek dirutza pagatuta.

Irma agurtu ostean, etxerako bidean buelta asko eman nizkion esan zidanari. Gure gizarte honen krudeltasuna, zaharrak eta migratzaileak sozietatearen marjinetan dauden sektore bi elkartu eta biei arazoak konpontzen dizkielakoan ikusezin bihurtzen ditu, eta, horrela, zokoratu.
Hori guztiori nerabilela buruan, ideia lotura bitxia otu zitzaidan. Zaharren zaintza eta adingabekoei egindako abusu sexualak. Abusu sexualak izan dira denon ahotan egunotan, eta esango nuke badagoela erlazioa gai bien artean.

Abusu kasuak denon ahotan ibili dira. Gipuzkoako Juan Kruz Mendizabal apaizarenez gain, Leioan dagoen Opus Deiren Gazteluetakoaz hitz egin da, baita Kote Cabezudoren auziaz ere (hori gutxiegi). Asaldatu egin gaituzte; ni neu, batez ere, Berrian biktima batek egindako kontaketak. Predatzaile baten jokaera azaltzen zuen. Higuina eta terrorea eragin zizkigun. Hala ere, ez gintuen harritu, gutako hainbatek horrelako abusuak entzunak geneuzkalako. Botere egoera batean daudenek egindako erasoak, gazteago eta euren pentzuan lagatako nerabe zaurgarriei eragindakoak. Ikaragarria!

Bitxiki lotu ziren neure buruan nerabeei eragindako abusu sexualak eta gure zaharren eta euren zaintzaileen bazterketa, eta sozietate honen irudi penagarria marraztu zidaten. Zer gizategi klase dugu, ahulenei erasotzen diena? Nazkagarria, hitz batean. Zaharrak eta umeak zaintzen eta babesten ez dituen gizartea, gizarte ustela eta krudela da!