Maite Alustiza
977 inkestaren bidez, Gipuzkoako tokiko nekazarien azoken eragin ekonomiko eta soziala aztertu dute lurraldeko landa garapenerako sei elkartek: Goimen, Urkome, Tolomendi, Debemen, Deba Garaia eta Behemendik. Ekoizleen eta kontsumitzaileen iritziak bildu dituzte hamar azokatan, feria bereziak kontuan hartu gabe: Arrasate, Azpeitia, Bergara, Donostia —azoka ibiltaria eta Bretxakoa—, Eibar, Ordizia,Tolosa, Zarautz eta Zumarraga. Azterketan ondorioztatu dutenez, erosle zein saltzaile, emakumezkoak dira nagusi: “Azokek emakume aurpegia erakutsi digute”. Ekoizpen ereduari dagokionez, eskala txikiko produkzio dibertsifikatuak topatu dituzte, eta, kontsumitzaileen artean, arrazoi nagusi bat azoketara joateko: kalitatezko elikagaiak eta bertako produktuak erostea.
Dena den, azoka bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta hainbat aldagai hartu behar dira kontuan bakoitzaren eragina aztertzeko: maiztasuna, ekoizleen profilak, kontsumitzaileenak… Adibide bat: astean zehar egiten diren azoketan erosle helduagoak identifikatu dituzte, eta gazteagoak larunbatetan izaten direnetan.
Ekoizleei erreparatuz gero, %66,5 emakumeak dira, eta, orokorrean, adin nagusikoak —%77k 56 urte baino gehiago dituzte—. Gizonezkoen artean, berriz, inkestatu dituzten gizonen erdiek 41-55 urte bitarte dituzte. Era berean, “oso gazte gutxik” erabiltzen ditu azokak bere produktuak merkaturatzeko: saltzaileen %35ek bakarrik dituzte 55 urte baino gutxiago.
Ekoizleen artean profil desberdinak bereizi dituzte ikerketan: baserritar emakume baratzezainak, nekazari gazte profesionalak, azoketako postuetako birsaltzaileak, ekoizle ekologikoak eta ekoizle ez-profesionalak. Profilik “esanguratsuena” emakume baserritar helduena da; jasotako informaziotik, ordea, “zaila” da ondorioztatzea beraiek ote diren ekoizpenean aritzen direnak, edo familiaren babesa duten ekoizpena aurrera ateratzeko. Profil hori nagusitzen da, adibidez, Eibarko eta Zarauzko azoketan. Arrasatekoan eta Donostiako azoka ibiltarian, berriz, nekazari eta abeltzain gazteak dira nagusi, eta oreka dago Ordiziakoan eta Tolosakoan. Hortaz, azken bi horiek dira produktu aldetik ere “dibertsitate gehien” duten azokak. Txostenean jaso dutenez, garrantzitsua da azoketan ekoizle profil ezberdinak edukitzea, kontsumitzaile mota ezberdinak erakarri ahal izateko.
Barazkiak dira azoketan gehien saltzen diren produktuak (%32,7). Ondoren daude fruta (%19,2), arrautzak (%16,6), esnekiak (%10,5) eta eraldatuak —marmeladak, menbrilloa, olioa, eztia edo sagardoa— (%9,5). Dibertsifikazio maila “aski garbia” da: postuen %36an bi produktu ezberdin saltzen dituzte, eta %29an hiru produktu. Ferietara doazen ekoizleen %6,25ek lantzen dute ekologikoa.
Etorkizunera begira, azoketan egongo den profila nekazari espezializatuarena izango dela aurreikusi dute: produktu eraldatu edo ekologikoak salduko ditu, eta, azoketatik aparte, bestelako merkaturatze bideak izango ditu. Horrek lotura du, hain justu, kontsumitzaileen nahiekin: erosle gazteenek kalitatezko eta bertako produktuak bilatzen dituzte, eta elikagai eraldatuak eta ekologikoak kontsumitzen dituzte.
Eragin soziala
Inkestatu dituzten herritarren %39k supermerkatuetan egiten dituzte etxeko erosketak, %29,3 azoketara joaten dira, eta %27k auzoko dendetan erosten dute. Azokara maiz joateko ohitura dutenen artean %66,3 emakumeak dira, gehienak 50-65 urte artekoak.
Azokan erosteko arrazoi orokorrak galdetzeaz gain, motibazio sozialen inguruan ere galdegin diete kontsumitzaileei: %25ek adierazi dute ez dutela azokara joateko bestelako motibaziorik. “Bestelako merkaturatze bideen aldean, oso portzentaje baxua iruditu zaigu, gainontzeko kontsumitzaileen %75ek, erosketak egiteaz gain, bestelako arrazoi sozialak dituela esan baitigute”. Azokara joateko beste zergatien artean daude ohitura kontua, giroa, baserritarrekin erlazionatzea…
Ekoizle eta saltzaileentzat ere garrantzitsua da harremanak egitea, feriara joateko arrazoi nagusia produktua saltzea izan arren: ekoizleen %77k ziurtatu dute beren inguruko baserritarrekin lagun arteko harremana dutela. “Ondoriozta genezake baserritarrentzat sozializatzeko gune garrantzitsuak direla azokak. Bai beraien artean partekatzeko, eta, bereziki, azokan belaunaldi desberdinen artean sortzen diren zubiak ahalbidetzeko. Eta baita herritarrei ekoizpenaren inguruko informazioa transmititzeko ere”.
Salmenta eta gastua
Azoken eragin ekonomikoa kalkulatzerakoan, “oso nabarmenak” dira ekoizleen eta kontsumitzaileen datuen artean dauden aldeak. Erosleek adierazi dituzten gastuak kontuan hartuz gero, zenbakiak “izugarri puzten dira”. Batzuen ala besteen datuekin, dena den, Bretxakoa da eragin ekonomiko altuena duena, “besteen artean leku estrategiko batean kokatzen delako, eta, igandean izan ezik, asteko egun guztietan egiten delako”. Inpaktu txikiena duena, berriz, Donostiako azoka ibiltaria da.
Salmenta bolumena da eragina aztertzerakoan kontuan hartu beharreko aldagaietako bat. Ekoizleek emandako datuen arabera, ekoizle bakoitzaren asteroko sarrerak batez beste 256,8 eurorenak dira —urteko batez beste 13.638 euro—. Kontsumitzaileen aldetik, aitortutako eguneko gastua 19,5 eurorena da.
Zuzeneko eragina ez ezik, zeharkakoa ere kontuan hartzekoa da: kontsumitzaileek emandako erantzunen arabera, azoka egun bakoitzean batez beste 14,3 euro gastatzen dituzte inguruko saltokietan. Azoka bakoitzaren eragin ekonomikoa neurtzeko, zuzeneko eta zeharkako urteko irabaziak batu dituzte azterketan. Kontsumitzaileetan oinarrituz gero, hamar azoken eragina 48,4 milioi eurorena da, eta, ekoizleen ikuspuntutik, 24,5 milioirena.
Leave a Reply