Unai Zubeldia
Salda beroa, txorizo muturra, haragi egosia, sagardoa, ardoa… Eta trikitilariak, noski. “Ezertxo ere ez da faltako iraileko lau igandeetan”. Mendizale eta erromeriazale guztiei gonbita egin die Maria Jesus Etxeberriak, Zelatungo Antonioren bordako langileak (Urrestilla, Azpeitia, 1965). Joan den asteartean egin zituzten beroketa lanak, San Juan Txiki eguneko erromeriarekin. “Hori da, berez, Hernioko eguna”, zehaztu du Etxeberriak berak. Eta etzi piztuko da iraileko igandeetako lehenengo festa handia. Aurtengo irailak lau igande izaki, lau erromeria egun izango dituzte Zelatunen, Hernio mendiaren magalean.
Atzerako bideari ekin, eta Hernioko erromeriak “betidanik” egin izan direla azaldu du Etxeberriak. “1964ko datuak badaude; urte hartan jada egin zuten San Juan Txiki eguneko erromeria Hernion”. San Juan Bautista ermita dago Iturriotzen. “Eta, garai bateko idatzien arabera, abuztuaren 29an meza egiten zuten han; inguruko baserritarrak-eta Zelatunera igotzen ziren jai hartuta, kuadrillan, trikitia hartuta”. Antonio da Zelatungo bi bordetako baten nagusia. “Eta txabolen jabeek erromeria eskainita, ondoren txapela pasatzen ikusita dagoela esan izan du hark, dantzan zebiltzanek borondatea eman zezaten, ondoren trikitilariei ordaindu ahal izateko”.
Antonioren borda eta Agirretxeko borda daude egun Zelatunen. “Eta bion artean antolatzen ditugu iraileko igandeetako erromeriak. Festa giro bikaina izaten da”, gaineratu du Etxeberriak. Lehen bi igandeetan Donostiako estropadek “eragin pixka bat” izaten dutela aitortu du urrestildarrak. “Eta aurten Kilometroak jaia pixka bat aurreratu dutenez, azken igandearekin bat egingo du, irailaren 24an. Guretzat azken igande hori izaten da, normalean, indartsuena, baina aurten ez dira askorik akordatu gurekin”, egin du hausnarketa, triste antzean. “Espero dezagun oraingoan hirugarren igandea izatea indartsuena. Negua beltza izaten da hemen, elurterik gabe ere ipar haizea sartu eta zirimiria izaten dugulako gehienetan. Horregatik, urteari aurre egiteko eta arnasa pixka bat hartzeko, guretzat egun garrantzitsuak izaten dira iraileko hauek”.
Bi borden jabeek prest daukate irailerako musika menua. Laja II.a eta Narbaiza trikitilariak izango dira igande honetan, irailaren 3an; Baltzola eta Andonegi hilaren 10ean; Antsorregi eta Larrañaga hilaren 17an; eta Kupela taldea hilaren 24an. Trikiti doinuez gain, hainbat postu ere izaten direla gaineratu du Larrañagak. “Kilometroetakoa, Gure Esku Dago-koa… Eta erroskilak saltzera ere etortzen dira beste batzuk”.
Irailean, mendirako joera
Etxeberriak ez dauka daturik zenbat lagun elkartzen den irailean Hernio inguruan. “Baina milaka izango dira”. Errezildik gora, Bidanitik, Asteasutik, Iturriotz aldetik… “Leku askotatik inguratzen da jendea”. Uda beteko egunak igarota, iraila mendirako “garai aproposa” dela uste du Etxeberriak. “Urte sasoi honetarako, hondartza kontuekin aspertuta egoten dira batzuk, eta gustura heltzen diote mendiari”. Hori bai, aitortu du luzituko badu eguraldi ona behar izaten duela Hernioko erromeriak. “Euria izanez gero, festarekin ahazteko moduan egoten gara hemen. Soinulariak hor egongo dira, bai, baina oinez etorri eta joan behar izaten da, eta umeentzat ere aldrebesa gelditzen da”. Etziko, on samarra dago iragarrita.
Eguraldi ona lagun dela, Hernio tontorrera arteko bidea egin ohi dute gehienek goizean goizetik. “Eta urte osoan zorte ona izateko hango aroak gorputzean barrena pasatuta, gero etortzen dira Zelatunera, trikitilarien ingurura eta jan-edanera. Ohitura hori badago oraindik”. Irailean turista kontu handirik ez dutela izaten azaldu du bordako langileak. “Gipuzkoarrak izaten dira asko, eta Bizkai eta Nafarroa aldetik ere dezente etortzen da, familia giroan, umeekin. Hori bai, udan, abuztu partean, turista asko inguratzen da honaino”. Maiatzetik azarora arte, egunero irekita edukitzen dute borda. “Eta landa turismoa egiten ari diren asko etortzen dira”.
Etxeberriak duela zazpi urte hartu zuen errentan Antonioren borda, eta tarte horretan urtetik urtera jende kopuruak nabarmen gora egin duela nabaritu du. “Jendeak berriz ere mendirako gogoa daukala ikusi dugu guk. Estropadak eta bat eta beste egonda ere, oso onak izan dira azken bi urteak, eta ea aurten ere antzera gertatzen den”. Badaezpada ere prest daukate dena. “Salda eta txorizoa nahi izaten dute gehienek; txorizo kilo asko saltzen dugu iraileko igandeetan”. Hori bai, besterik nahi dutenentzat ere izango da eskaintzarik. “Bazkariak ere ematen ditugu: babarrunak, txuleta, saiheskiak, entsalada, paella, baserriko oilaskoa, plater konbinatuak ere bai… denetik egoten da”. Onartu nahi duenarentzat, eskaintza eginda dago.
Leave a Reply