Maialen Etxaniz
Tratu eta harreman onak sustatzeko lanean ari da Arremanitz kooperatiba 2010etik. Emakumeen sexualitateaz naturaltasunez hitz egitea ere lortu nahi du, eta horretarako tresna bat sortu zuen joan den abenduan: Alu Ulu antzerki foroa. Arremanitzeko kidea da Edurne Mendizabal (Donostia, 1972).
Zer beharri erantzuteko sortu zenuten Alu Ulu?
Arremanitz kooperatibako kideok urte dezente daramatzagu ikastetxeetan hezkidetzaren, tratu onen eta sexualitatearen inguruko saioak eskaintzen. Nerabeekin emakumeon sexualitateaz eta plazeraz hitz egitean, hutsune handia zegoela ikusi genuen, eta horri erantzun bat emateko grina piztu zitzaigun. Hutsune horiek betetzeko asmoz sortu genuen Alu Ulu, emakumeen sexualitatea umoretik, onarpenetik eta plazeretik plazaratzeko tresna gisa.
Zer kontatzen da antzezlanean?
Bakarrizketa formatua du antzezlanak. Plax! sexu eta bikote aholkularitzako itxarongela batean kokatzen da, eta unibertsitateko ikasle bat da protagonista: Saioa. Itxarongelan dagoen bitartean, publikoari kontatzen dizkio dituen kezkak eta bizi izan dituen esperientziak, naturaltasunez. Hainbat gai jorratzen dira antzezlanean, baina, oro har, emakumearen sexualitatea ikusarazi nahi dugu; alua, klitoria, orgasmoa eta plazera izendatu eta hitz atsegingarriak eta erotismoa emakumearen sexualitatearekin lotzea nahi dugu. Gure aukera izan da birsortzeari buruz ezertxo ere ez aipatzea, eta erdigunean jartzea norbere buruarekiko tratu onak, plazera eta harremanak.
Bigarren zati bat ere badu antzerki foroak, ezta?
Behin antzerkia amaitutakoan, tailerraren txanda izaten da. Bakarrizketan landutako gaien inguruan hausnartzen dugu ikusleekin: zertarako gogoa pizten diguten, horietaz hitz egitean zer pasatzen den gure hankartetik, burutik… Eta sentitzen duguna sormenetik adierazten saiatzen gara, ez soilik diskurtsotik. Hau da, marrazki bidez, bertso bat eginez, rapa abestuta, mugimenduak erabiliz… Ikusleak, berak nahi bezala, sentitzen duena adieraz dezan lortu nahi dugu.
Nolakoa izan da sortze prozesua?
Gure gogotik abiatutako proiektua da, eta, proiektuan sinesten dugunez, uste baino lehenago gorpuztu genuen. Gauza asko genituen esateko, eta gaien aukeraketa bat egin behar izan genuen aurrena. Antzerkiari dagokionez, Alaitz Olaizolak izugarri lagundu digu gidoia egiten eta antzezlanari forma ematen. Formatu arinean eta autonomoan egiten saiatu gara. Lantaldeko bi pertsona arduratu dira sortze prozesua egiteaz, baina hori garatzeko beharrezkoa izan da lantalde handi baten laguntza. Emanaldietan bi kideren artean egiten dugu guztia; ilusio handiz, gainera.
Adin guztietako ikusleengana iritsi zarete. Nolako erantzuna jaso duzue?
Hasierako asmoa nerabeengana iristea bazen ere, azkenean leku askotara eta askotarikoetara iritsi gara. Egon gara ikastetxeetan, gaztelekuetan, jabetze eskoletan, udal aretoetan, gaztetxeetan… eta guztietan erantzun ona jaso dugu. Izan ere, izan emakume edo izan gizon, nerabe edo heldu, guztiontzat da astingarria sexualitateaz hitz egitea. Jasotako balorazioetan esan digute oso gustagarria egiten dela gaiaz horren natural eta zabal hitz egitea.
Tratu Onen Mugimendu Erotikoaren parte da Alu Ulu antzerki foroa. Zertan datza mugimendu horrek?
Dssirez egitasmoa da iturburua. Iaz, Donostiako kultur hiriburutzan, Arremanitzek martxan jarri zuen proiektua da Dssirez, eta bere xedea zen, besteak beste, erotismoa, plazera eta jolasa kalera ateratzea, tratu onen kultura erotikoa lantzeko prozesua garatzeko.
Zer aldarrikatzen duzue?
Oso garrantzitsua da gizonen eta emakumeen arteko harremanak aztertzea, zer-nolako botere harremanak dauden ikusteko eta zer sexualitate eredu ezartzen zaigun identifikatzeko. Izan ere, eredu horiek bukatu nahi ditugu, jendarteak ezartzen digun sexualitate eredua oso zurruna delako: heterosexuala, oso genitalizatua, koitozentrista, bikotearen barruan… Guk hortik irten eta aldarrikatzen duguna da plazeraz zabal gozatzea, xalotasunez. Autoerotismoaz aritzea eta eguneroko gauza txikiekin zenbat gozatzen dugun ikusaraztea. Hau da, plazera eskuratzeko bidea zabala dela erakutsi nahi dugu. Bestalde, pertsona eta harreman aske eta parekideak nahi ditugu.
Nola dago Alu Ulu-ren agenda?
Iaz hasi ginen sortze prozesuarekin. Abenduan kaleratu genuen Alu Ulu, eta, ekainera bitartean, hamar saio inguru egin ditugu. Gaur Azpeitian eskainiko dugu bat, eta Irunen eta Hernanin ere baditugu beste pare bat saio lotuta. Ikasturtea oraintxe hasi da, eta dagoeneko jaso ditugu proposamen batzuk. Itxura denez, sexualitateaz hitz egiteko beharra eta gogoa dago, formatu honetan, batez ere: era ludikoan, sormenetik eta umoretik.
Leave a Reply