Itzea Urkizu Arsuaga
Hutsune bat betetzea, hori izan zen Gemma Zelaiaren helburua (Tolosa, 1983) Womansarea sortu zuenean. “Tresnaren bat beharrezkoa zen esparru guztietan emakumeen ikusgarritasuna, parte hartzea eta jabekuntza sustatzeko”. Tolosarrak asmo horri helduta ekin zion lanari, 2014an. Tolosaldea Garatzen garapen agentziak enpresa hazitegiak jarri zituen martxan urte hartan bertan, Lehiberri zentroan, eta bulego horietako bat eman zioten Zelaiaren enpresa proiektuari. Alde horretatik, Womansarean murgiltzea “ispiluari begiratzea” izan da Zelaiarentzat: ekintzaile bat ekintzaile askorentzako talaia bat eraikitzen.
Emakumeen sare sozial bat da Womansarea: norbere intereseko gaiak, jendea eta proiektuak ezagutu nahiz partekatzeko plataforma digitala; lan munduari begirakoa, batez ere. Beste edozein sare sozialetan bezala, erabiltzaile kontua sortu, eta nabigatzen hastea da baldintza bakarra, eta, jada, 17.000 emakumek baino gehiagok egin dute ariketa hori. Ordea, Zelaiak zenbaki horietatik urrun deskribatu ditu hastapenak: “Proiektua abiarazteko lehiaketa bat antolatu nuen, eta hamabost sari banatu ere bai, Europako Parlamentura joateko. Hainbat sektoretako emakumeak saritu nituen, eta hori izan zen lehen pausoa”. Garai hartan, ordea, Womansarea hitz bat baino ez zela aitortu du tolosarrak. “Gero hasi ginen plataforma garatzen, irudia lantzen eta egitasmoa gorpuzten”.
Hiru urteko bidea egin eta gero, bigarren aldiz jaioko da proiektua: “Lan karga handia sortu dit saretzeak eta neure burua ezagutarazteak. Tresna bat merkaturatu nuen, baina modu serioagoan lan egiteko aukera izango dut orain”. Izan ere, plataforma digitala berritu, erabiltzaileei bestelako aukerak eskaini, eta irismena ere zabalduko du Zelaiak, Euskal Herriko mugetatik kanpo: lau lankide txertatuko ditu Womansareko lantaldean, eta Espainian ariko dira horietatik hiru, bertatik bertarako lanean proiektua zabaltzen saiatzeko.
Abesti batek eta haren bideoklipak iragarriko dute Womansarearen fase berria, eta, modu horretan, erraztasunak emango dizkiote erabiltzaileari: “Orain bai, tresna digital horretara sartzen den edonork bere beharren arabera nabigatzeko aukera izango du”. Lan bila dabilen edonork lan eskaintzak irakurri ahal izango ditu; Nepalera bidaia egin nahi duenak gomendioak irakurri ahal izango ditu; elkarlan posibleak bilatu nahi dituenak ere tartea izango du; eta, horrez gain, proiektu bat garatu, ezagutarazi eta gauzatzeko aholkularitza ere eskainiko du Womansareak.
“Oso-oso garrantzitsua da ekintzaileari negozio aukerak sortzea, eta horri begira ari gara lanean gu”. Garapen agentzietan-eta paper kontuekin eta burokraziarekin laguntzen dutela azpimarratu du Zelaiak. “Baina egiteko asko dago, emakumeen esparruan bereziki; hutsune handiak ikusten nituen arlo horretan”.
Behin proiektua gauzatuta, Womansareko erabiltzaileek aukeratu ahal izango dute zein zerbitzurekin gozatu nahi duten; doakoak izango dira batzuk, eta zerbitzu kuota baten truke jasotzeko aukera izango dute beste zenbaitek. “Demagun komunitate horretan emakume batek proiektu bat sustatu nahi duela; orduan bai, orduan balio erantsia duen zerbitzu bat eskainiko diogu, kontaktu sare bat eraikiz, bere marka eta produktua garatuz, sustatuz, ekitaldiak antolatuz eta egitasmoa saltzen lagunduz”.
Hainbat proiektu martxan
Dagoeneko bide horretan ari dira lanean hainbatekin: Tolosako lehen sektoreko emakumeekin, Peñascal fundazioko emakumeekin, Madrilgo Udalarekin, Mallorcako zenbait artistarekin, Fitur turismo azokarekin… “Dena den, iraupen luzeko lasterketa bat da hau, eta, beraz, zabaltzen jarraitzea da gure helburua”. Horretarako, plataforma bera da gakoa: “Erabiltzaileek parte hartzea eta webgunea elikatzea; beharrezkoa da hori. Eta, noski, horri guztiari nik eman behar diot bizia”.
Womansarea.net webgunea datorren azaroan plazaratuko da eraberrituta, eta emakume ekintzaileen saretzeari muga berriak jarrita ekingo dio urte berriari.
Leave a Reply