“Jasanezina da egoera”

“Jasanezina da egoera”

Unai Zubeldia

Triste eta haserre gaude, lanean hasi ginenean baino okerrago utziko dugulako sektorea”. Renferen tren zerbitzuko makinistetako bi dira Jose Luis eta Iñaki —asmatutakoak dira bi izenak—. Biek ala biek urte gutxi falta dituzte erretiroa hartzeko. “Dagoeneko ez gara gazteak, eta tentsioan ari gara bizitzen azken urteak”. Liskar giroa dago Renferen Gipuzkoako tren zerbitzuan, eta, arazoa “makinista falta” dela zabaldu den arren, errealitatea “askoz larriagoa” dela azaldu dute makinistek eurek. “Makinisten lantaldea mantentzearekin bakarrik dago arduratuta zuzendaritza, makinistarik gabe ez dagoelako trenik”, zehaztu du Iñakik. “Orain arte, ahal izan duten moduan eutsi diote egiturari, baina gaur egun, matematikoki, jasanezina da egoera”. Dena den, biek onartu dute eurak baino “okerrago” daudela kontrolatzaileak, leihatiletako langileak, trenak konpontzeko lantegietakoak, bidaiariei informazioa ematen dietenak, bezeroen arretakoak…

Jose Luisek atera dio argazkia egungo errealitateari: “Osasun publikoa, suhiltzaileak, ertzainak edo irakaskuntza bezala, oinarrizko zerbitzu publikoa da trenarena ere; euren herria txikia izanik ere, herritar guztiek daukate eskubidea kalitatezko tren zerbitzua edukitzeko”. Makinistaren hitzetan, ordea, “Europako Batasuneko arautegian babestuta”, trenbide sarearen “liberalizazioaren aldeko apustua” egiten ari dira Espainian eta Hego Euskal Herrian. “Frantzian eta beste herrialde batzuetan ez dute egin halakorik, eta zerbitzu publiko izaten jarraitzen dute zerbitzu publikoek; ez dute itxi trenbiderik, herri txikiak ez dituzte utzi trenbide sarerik gabe…”.

Jose Luisek azaldu duenez, sektorearen liberalizazioa dago gaur egungo gaitz gehienen atzean, “ekonomikoki errentagarria izan behar duela esan nahi duelako sektorea liberalizatzeak”. Zerbitzu publikoa bere horretan mantentzen ari dira “hertsiki ezinbestekoa den guneetan”; hiri handien arteko aldirietako zerbitzuetan, alegia. “Baina pixkanaka deuseztatuz joango dira gainerako guneetako tren zerbitzuak. Hainbat linea bertan behera utzi dituzte jada, eta desagertu egin da merkantzien zerbitzu publikoa; multinazionalen esku utzi dute”.

Renfeko makinistak berak atera du ondorioa: “Enpresa pribatuek inbertsioak egin eta etekina lor dezaten egokitu dute trenbide sarea. Bankuak, aseguru etxeak, multinazionalak… Betikoak daude atzean. Horregatik ari dira egiten inbertsio erraldoiak azpiegitura erraldoietan, abiadura handiko trenean edo makinista bakarra izango duten merkantzia tren luze-luzeak igarotzeko egokitzapen lanetan, esaterako”. Sektorearen pribatizazio horren eraginez, trenbide sare publikoa “erabat utzita” daukatela azaldu dute biek ala biek. “Eta horrek zuzenean eragiten dio Gipuzkoari. Bitxia da Euskal Y-a delakoan eta Astigarraga eta Irun artean trenbide zabalera egokitzeko hirugarren errailean egiten ari diren inbertsioa egitea, eta, aldi berean, fotokopiak birziklatutako orrietan egiten aritzea, Donostiako geltokiko errailak baso batean baino belar gehiagoz josita egotea, edo bozgorailuetatik beharrezko informaziorik ez ematea eta Madrilerako trena hartu behar due nak aldirietakoa hartzea”.

Gipuzkoako trenbide sarearen egoera “lotsagarria” dela azpimarratu dute biek —Adifek kudeatzen ditu Irun eta Donostiako tren geltokiak, eta Renfek Gipuzkoako aldirietako gainerakoak—. “Argirik ez dago leku askotan; oraindik ere maila bereko bost pasagune daude Gipuzkoan, hesirik gabea horietako bat, Ikaztegietakoa; erabiltzaileek trenbide gainetik igaro beharra daukate nasa batetik bestera igarotzeko, eta arriskutsuak dira asko: Alegiakoa, Hernanikoa, Urnietakoa, Errenteriakoa…”. Iñakik gaineratu du arduradunek ez dutela egin merkatuaren azterketarik. “Donostian, esaterako, Loiolako Erriberan, ez dago geraleku bakar bat ere, eta 5.000 lagun bizi dira hor. Utzikeria handia dago”. Galdera batekin biribildu dute kezka: “Gipuzkoako aldirietako zerbitzua zergatik ez dago txertatuta Mugiren sarean?”. Urte hasierarako pausoa emateko elkarlanean hasita daude Renfe eta aldundia. “Baina nork sinesten du hori?”.

Lan baldintza kaskarragoak

Jose Luisen arabera, “azpikontratatutako enpresa pribatuak” sartu dituzte sektorean, trenbide sarea liberalizatuta. “Eta horrek bi gaitz ekarri ditu berekin: langileen lan baldintza kaskarragoak batetik, eta formazio eta profesionaltasun falta bestetik”.

Makinisten egunerokoari helduta, datozen lau urteotan lantaldearen erdiak erretiroa hartuko duela azaldu dute biek —gaur egun 50 ari dira lanean Gipuzkoan—. “Baina zuzendaritzak ez du kudeatu egoera hori; kobratu besterik ez dute egiten eurek”.

Irungo geltokiko kontrolatzailea eta CGT sindikatuko ordezkaria da Jose Antonio Bayo (Ourense, Galizia, 1963), eta hark azaldu du “aspaldikoa” dela kontua. “Giza Baliabideen Sailean ez dute egin iristear zegoenaren aurreikuspenik”. Espainiako datua eman du Bayok: “13.000 langileko enpresak aurrez aztertu beharra dauka egoera. Abiadura handiko trenera bideratu dute dirua, eta gero eta egoera kaskarragoan dago aldirietako zerbitzua”. Gaur egun, egunero, 39 trenek egin beharko lukete Irun eta Brinkola arteko bidea, eta beste 39k Brinkola eta Irun artekoa. “Baina 39 trenetatik 22 kentzen ari dira egunero, Irun eta Astigarraga artean abiadura handira egokituko den trenbide zabalera egokitzeko hirugarren erraila jartzeko lanek eraginda”. Horrek haserrea areagotu du erabiltzaileen artean.

Lan itunaren arabera, urte osoan hainbat atseden egun izaten dituzte makinistek. “Elkarlanean aritzea deitzen zaio makinistek berez atsedenerako dauzkagun egunetan lanera joateari”, zehaztu du Iñakik. “Langileok ohiko txandetatik kanpo ari gara lanean, baina ondoren ez dizkigute ordaintzen egun horiek”. Biek salatu dutenez, izatez “borondatezko kontua” da elkarlanean aritzea. “Eta arautegian dauzkaten zirrikituak baliatzen dituzte langileei iruzur egiteko eta errealitatea desitxuratzeko”. Iñakiren arabera, makinista bakoitzak bere ordutegia zorrotz beteko balu, egunero 7-10 tren geldituko lirateke geltokian. Presioa areagotu egin zaie makinistei. “‘Zuk ikusiko duzu zer egiten duzun’, esaten dizute atseden egunean lanera joateko eskatzen dizutenean. Tentsio handia sortzen du horrek”.

Murrizketak egiten ari direla “ezkutatzeko” erabiltzen duten azpijokoa ere mahai gainean jarri dute bi makinistek: “Egun batean 10:00etako trena kenduz gero, baina hurrengo zazpi egunetan halakorik egin ezean, arazo tekniko bat izan dutela esan dezakete arduradunek, eta hala egiten dute”. Iñakik zehaztu duenez, 10:00etakoa kentzen dute egun batean; 11:00etakoa hurrengoan; bakar bat ere ez biharamunean; 07:42koa astelehenean; 17:00etakoa asteartean… “Betirako lau zerbitzu kendu beharrean, modu horretan ez da nabaritzen hainbeste; horrela ari dira zuritzen egoera”. Renfek berak Hitza-ri emandako azalpenen arabera, Gipuzkoan aldirietako 2.112 bidaia egin zituzten trenek 2017ko irailean, eta 41 bakarrik utzi zituzten bertan behera, %1,9. “Azken lau urteotan %100ekoa izan da erretiroa hartu edo gaixotu diren makinisten ordezkapen tasa, eta, ondorioz, orain arteko lantalde berberak jarraitzen du lanean”. Bi makinistek gezurtatu egin dute baieztapen hori.

Liskar giroan, zuzendaritzak bi gauza eskatu dizkie makinistei: 2017an pilatutako orduen ordaina 2018an jasotzea, eta zortzi-bederatzi makinista berrirekin lantaldea osatu artean elkarlanean aritzea. “Lau atseden egunetan lanera joateko deitu diezagukete”, azaldu du Jose Luisek. “Baina, horrez gain, beste atseden egun batzuetan ere lan egin dezagun nahi dute makinisten artean dagoen hutsunea betetzeko”.

Formaziorako, 20.000 euro

Makinista askok erretiroa hartuta, ordezkatu egin beharko dira guztiak orain arteko zerbitzua mantenduko bada. “Baina liberalismoaren atzaparretan erori da makinisten formazioa ere; pribatizatu egin dute”. Jose Luisek azaldu duenez, “sarrerako azterketa bat” egiten dute Renferekin lotura daukaten eskolek. “Eta izena emateko 20.000 eurotik gora ordaindu behar izaten du makinista izateko interesa daukanak”. Ikasturte bat baino gutxiagoko ikastaroa izaten da, teoria eta praktika uztartzen dituena. “Eta makinista baimena jasotzen da amaieran”. Gidabaimenaren gisakoa, lizentzia. “Baina ez lanpostua”.

Esparru horretan enpresa pribatuek negozioa ikusi zutela gaineratu du Iñakik. “Eta makinista lizentzia eskuratzeko eskola pribatuak sortu zituzten eurek ere”. Renfe taldekoekin lotura daukaten eskolen kostu berbera daukate horiek ere. “Matrikula eta urtebeteko mantenua kontuan hartuta, 30.000 euro ia-ia”. Lan eskaintza publikoan elkartzen dira alde batekoak eta bestekoak —enpresa pribatuek kontratatzen ez dituztenak—; eskolan sartzeko azterketa bat egin behar izan zutenak eta eskola pribatuetara joandakoak. “Eta, behin azterketa hori eginda, bidean gelditzen dira makinista asko eta asko. Hainbesteko gastua pilatu eta azterketa gainditu ondoren, berriz, bekadun gisa kontratatzen dituzte beste hainbat”.

Hori guztia azalduta, makinistek eurek egin dute galdera: “Makinistak falta direla, hori da arazoa?”. Jose Luisena da erantzuna: “Ez. Kontua da formakuntza prozesuan bertan ere negozio sare bat sortu dutela, eta orain gauzatu eta elikatu egin beharra daukatela”. Iñakik gaineratu du enpresa pribatuek igo egin dizkietela soldatak eurek sortutako makinistei. “Eta guztiek jada ez dute joan nahi izaten Renfera. Gehienek uste baino askoz larriagoa da egoera”. Bi makinistek inbidiarekin begiratu diote Euskotren zerbitzuaren errealitateari. “Merkatuaren azterketa egiten dute han, ondo erabiltzen dituzte dauzkaten baliabideak, gero eta sarriago igarotzen da trena… Lekutan dago gure antolaketa”.

Makinistek argi utzi nahi dute ez daudela arretazko greban. “Gure atseden egunetan ez gara ari lanera etortzen; hori da gure delitua”. Bayok azpimarratu du urte askoan ari direla jasaten errealitate hori. “Baina muga-mugara iritsi da egoera; askotan entzun behar izan dugu egingo dutela eta egingo dutela, baina inork ez du egiten”. Makinistek hitz gutxitan azaldu dute zein den irtenbidea: “Behar den bezala ordezka gaitzatela erretiroa hartzera goazenak”. 2020rako egungo 50 makinistetatik hogeik hartuko dute erretiroa. Herritarrei, aldundiari, Jaurlaritzari, udalei eta mankomunitateei, berriz, mezu argi bat helarazi diete: “Gipuzkoako aldirietako zerbitzu publiko moderno eta duina exiji dezatela”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.