Maialen Etxaniz
Duela bi urte, Donostiako Aste Nagusian, buruhandiz eta erraldoiz inguratuta ikusi zuten beren burua Erika Olaizolak (Azpeitia, 1989) eta Amancay Gaztañagak (Zestoa, 1980), kafe baten bueltan solasean ari zirenean. Buruhandi eta erraldoi haiei begira zeuden, neska txiki bat buruhandietako batengana hurbildu eta musu eman zionean. Gertaera haren lekuko izan ostean, hainbat egoera imajinatzen hasi ziren Olaizola eta Gaztañaga: “Neska batek eta buruhandi batek parteka ditzaketen momentuak zerrendatzen hasi ginen. Ideia guztiak lotuko zituen istorioa falta zitzaigun, ordea”, kontatu du Olaizolak. Handik egun batzuetara, Zestoan elkartu ziren berriro, falta zitzaien “hori” aurkitzeko. Taberna batean bildu ziren, eta han bertan ospatzen ari ziren urtebetetze festa batek eman zien behar zuten ideia. Orduan hasi zen loratzen Zulo film laburra. Ideia nagusia zehaztuta, gidoia idazteari ekin zioten. “Istorioa asmatzea baino gehiago kostatu zitzaigun gidoia idaztea. Izan ere, antzerki mundutik gatoz gu, eta oso ezberdina da zinemako gidoi bat idaztea. Storyboard-a ere guk egin genuen. Kameraren atzeko lanetarako, berriz, Taom ekoiztetxeko lagun batzuengana jo genuen”, kontatu du Gaztañagak. Ordurako zer eta nola kontatu argi zehaztua zutela gogoratu du Olaizolak, eta horri esker dena “errazagoa” izan dela.
Aktoreen bila
Buruhandi protagonista izango zen aktorearen bila hasi ziren ondoren, ezaugarri jakin batzuk izango zituen pertsonaren bila. Argala eta altua behar zuen izan. Orduan agertu zen Mikel Ibarguren (Zestoa, 1995). Hark hezurmamitu du Zulo. Neskaren paperean, berriz, Erika Olaizola murgildu da. Ibargurenek berak ere parte hartu zuen sortze prozesuan, artean guztia “airean” zegoelako hari proiektuaren berri eman ziotenean. Ibargurenek “pozez” hartu zuen proposamena: “Oso opari polita izan zen niretzat. Mundiala izan zen sortze prozesua bera ere, goxo-goxoa eta gertukoa”.
Apenas agertzen den gizakirik ikus-entzunezkoak irauten duen hamahiru minutuetan, buruhandien munduan kokatu baitute Zulo. Hori irudikatzeko, 50 buruhandi behar izan dituzte guztira, protagonistarena barne. Hori da bereziena: “Irungo Garate anaia artisauek egin ziguten buruhandi protagonista, enkarguz. Mikelen argazki batekin joan ginen haiengana. Izan ere, ez genuen nahi ohiko buruhandien itxura izaterik”, kontatu du Gaztañagak. Helburua zen “neska bat erakartzeko moduko” pertsonaia erreala irudikatzea. “Buruhandiak zatarrak izaten dira gehienetan. Deabruak, garezurrak, animaliak… baina buruhandi itxuroso bat nahi genuen guk”, dio Olaizolak. Artisauek bereziki egin zieten buruhandia jaso ostean hasi ziren gainerakoen bila. “Oiartzungo konpartsa batek utzi zizkigun gehienak, urtero egiten baitute buruhandi bat. 30etik gora erraldoi zituzten, eta konpartsako lagun batzuek parte hartu zuten grabaketetan. Zoragarriak dira, edozertarako prest agertu ziren une oro”, gogoratu du Ibargurenek. Gaztañagak dio buruhandien mundua “pixka bat gehiago” ezagutzeko, behintzat, merezi duela film laburra ikustea: “Niri ez zitzaizkidan batere gustatzen, ez nuen ulertzen zertarako irteten ziren herrietako festetan-eta. Orain ulertu dut zer garrantzi duen leku bakoitzak bere buruhandiak izateak, herri horretan gertatzen zenaren kritika soziala egiteko eta”.
Olaizolak, Gaztañagak eta Ibargurenek zinema jaialdietara aurkezteko hautua egin zuten film laburra amaitu zutenean, eta bi sari jaso dituzte azken hilabetean: Lekeitioko Zine Bilerako Zilarrezko Antzara eta Zinebiko Euskal Zuzendari Onenaren Saria. “Jendeari erakusteko grina pizten da lan batean horrenbesteko grina daukazunean, eta hori gertatu zitzaigun guri. Ahalik eta jaialdi gehienetara aurkeztu genuen lana, baina ez genuen espero jaso ditugun sariak jasotzerik”, adierazi du Olaizolak. Aste honetan Zaragozako Zine Jaialdira iritsi da Zulo, eta abenduaren 9an Durangoko Azokako Irudienean emango dute, 18:00etan. Azpeitian, berriz, abenduaren 29an egingo du geldiunea. Zulo-ren egileen esanetan, “polita” litzateke Laburbira egitasmoan parte hartzea ere, “herriz herri zabal dadin”.
Zulo “maitasunez egindako maitasun istorioa” dela azaldu du Olaizolak: “Badaude bizitzan une batzuk zeinetan pentsatzen duzun maitasunak guztiarekin ahal duela, baina beste zenbaitetan ez da hala izaten. Bada, protagonista hauek ahal izan dute”. Horregatik, maitasunez egindako lanak egiten jarraitu nahi dute hiru artistek, istorioak marrazten eta horiei bizia ematen.
Leave a Reply