Danel Agirre
Ahaztu Bastilla, San Petersburgoko Neguko jauregia eta Moncada kuartela. Politikaren historian ez da izan iraultzarik, masa gogaituengan Luis Guillermo Solis Costa Ricako presidente ohiak 2014an iragarritakoak adina itxaropen zabaldu duenik. Dekretu baten bitartez, gobernuak eraikitako egoitza publiko, errepide eta zubietan bere izena ager zedin galarazi zuen, eta inaugurazioetara “artistarena egitera” ez zela joango hitzeman. Solisen arrazoiketa akasgabea zen: herritarren zergek ordaintzen dituzte proiektuak, ez agintariek, eta zinta moztuz erretratua atera behar hori jauntxokeria baino ez da.
Berria den edozeren aurrean posatzeari baino, ordea, bizio bakarrari diote politikariek menpekotasun larriagoa: gosarian emandako hitza hamaiketakoarekin jateari. Horregatik, Solisen iraultza oso izan zen metxa motzekoa. Bere matxinada idealistari traizioa egin, eta estreinatu eta estreinatu igaro berri du legealdiaren bukaera, generoko klasiko guztiekin: atera dizkiote argazkiak autobideen hirugarren erreietan, megaportuetan, eta, nola ez, modu ezin eszentrikoagoan dekoratutako biribilguneetan.
Munduko laugarren banana ekoizlea da Costa Rica, baina erretratuen bananakeria honetan ez genieke inola ere tikoei (munduko jentiliziorik ederrena dute, bidenabar) sorbalda gainetik begiratu behar. Hilabete ez dela, auzune batera erosoago heltzeko ipintzera doazen igogailua aurkezteko, irudia argitaratu zuen nire herriko alkateak sare sozialetan. Ez zen traste berriaren botoia irribarretsu sakatu zuenekoaren testigantza grafikoa, ez. Ezta bananakeriaren fetitxe gorena, aurreneko harria, lurperatu zuen unearena ere sikiera. Ekipamendua (hitz itsusi hori izugarri gustatzen zaie udaletxeetan) kokatuko den bazterrean zegoen alkatea, igogailua izango denaren fotomuntaketarekin inprimatutako Din A4 ziztrina eskuetan zuela. Hartan lanak abiatzeke zirenez, agerraldi prebentibo estra bat burutu zuen, alegia, lehenik obrako kaskoarekin eta ondoren irekiera egunean egingo dituenez gain. Bananak ez, tomateak ekoizten dira nire herrian bikainak.
Zinegotzien eta auzapezen zoritxarrerako, gabezia narritagarri bat dute inaugurazioek: ezin dira egun osoz programatu. Atera eta atera hondoa topatzen zaio azkenean herritarren zergen zakuari, eta euripean hitzarmen kolektiboaren babesik gabe ari diren beharginen gaitasun fisikoa ere ez da mugagabea. Agendako egun moteletarako, eta garabiak dantzan ipintzeko parada gutxiago duten kultura diputatuak ere fotogeniko askoak direla egiaztatu ahal dezagun, aurkezpen prentsaurrekoak asmatu ziren. Horietan afixa bat bakarrik behar da. Erdi Aroko azoka edo surf txapelketa, berdin dio, guztiak dira aproposak erretratu baterako. Benetako eragileak nazkatzen hasi diren susmoa dut, hori bai. Kameraren aurrean ageri direnen antolatzaile/agintari ratioa azken horien aldera makurtu da azkenaldian, nabarmen. Laster mandatariak baino ez dira azalduko prentsaurrekora, kartelaren izkina batean beraiek pagatu ez duten zigilu ofizial bat eransteak ematen dien eskumena baliatuta. Huskeria batez ez dira jabetu: ez da politikari batek ekitaldi bat iragartzea baino abisu zehatzagorik ekitaldi horretara hurbildu ere ez egiteko, politikari batek iragarritako ekitaldi batean ezer interesgarrik gertatzea ezinezkoa delako, definizioz.
Leave a Reply