Eider Goenaga Lizaso
Ezkio-Itsasoko Adaki publizitate agentziaren sortzailea eta proiektuen kudeatzailea da Andoni Larrañaga (Antzuola, 1969), Tomas Mendizabalekin batera. Zazpi lagun aritzen dira lanean enpresan, eta Larrañagak garrantzi handia ematen dio taldeari. Ikusmen murriztua dut kanpainarekin SaludFestival publizitate jaialdian jasotako bi sariak talde lanaren emaitza direla dio.
Nola azalduko zenioke publizitate munduan ez dabilen bati sari hauek zer garrantzi duten?
Osasunaren eta elikaduraren inguruko nazioarteko publizitate sariketa bat da SaludFestival. Eta zer esango dizut? Gustura hartzen dira sari guztiak; azkenean, talde lana da gurea; lan asko dago kanpaina baten atzean, eta sariak beti izaten dira ongi etorriak. Erretinosi pigmentarioa duten gaixoen Begisare elkartearentzat egindako Ikusmen murriztua dut kanpaina aurkeztu genuen sariketara, eta niretzat oso berezia da kanpaina hori.
Zergatik da hain berezia?
Urte asko daramatzagu haiekin lanean. Begisarekoak gurekin harremanetan jarri ziren, eta laguntza eskatu ziguten euren izena zabaltzeko. Laguntzeko moduko proiektu bat zela pentsatu genuen, eta lankidetzan aritu gara ordutik, musu-truk gehienetan. Bestetik, proiektu oso polita da, eta oso gustura gaude egindakoarekin.
Nola lantzen duzue halako eskaera bat iristen zaizuenean?
Proiektu bat kudeatzen dugunean, helburua izaten da elkarte baten edo enpresa baten izena edo produktua zabaltzea. Asko eragiten diogu buruari bide tradizionaletatik ateratzeko; betiko ikus-entzunezko iragarki edo prentsako iragarkiez aparte, komunikatzeko beste bide batzuk bilatzen ahalegintzen gara. Begisarek eskuak libre utzi zizkigun —normalean hala izaten da bezero gehienekin—, eta Ikusmen murriztua dut kanpaina atera zen hortik.
Kanpaina horretarako sortutako aplikazioak jaso du sarietako bat. Zertarako da aplikazio hori?
Erretinosi pigmentarioa duen jendeak osatzen du Begisare, eta haiek beti esan izan digute jendeak ez dituela ulertzen sentitzen dutela; gaitz oso minoritarioa denez, jende askok ez dakiela zer den ere. 20-30 urte artean diagnostikatzen den gaitza da: tunel baten barruan egongo balitz bezala ikusten du gaixoak, eta tuneleko zuloa estutuz joaten da poliki-poliki, itsu gelditzen diren arte. Haien lekuan jartzea izan zen gure lehen ahalegina; kono batzuk egin genituen, haiek zer sentitzen duten ulertu nahian.
Eta hori aplikazio bihurtzea erabaki zenuten?
Bai, zerbait teknologikoa egitea pentsatu genuen, eta ez bakarrik erretinosiarekin, baita ikusmenaren beste gaixotasun batzuekin ere: glaukoma, erretinopatia diabetikoa, Stargardten gaixotasuna, aniridia… Erakundeen eta enpresen atea jotzen dugu horrelakoetan, ea diru laguntzarik eskura dezakegun. Esan beharra dago Euskal Herrian enpresek-eta asko laguntzen dietela halako erakunde eta proiektuei. Kasu honetan, laguntzak lortu genituen, tartean Eusko Jaurlaritzarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena, eta App bat egitea pentsatu genuen. Sei bat sintoma edo gaixotasun jasotzen ditu aplikazioak, eta aukera ematen dute haiek nola ikusten duten ezagutzeko.
Bi bertsiotan dago aplikazioa. Zein da ezberdintasuna?
RV bertsioa da bat, eta bertsio normala bestea. Bertsio normalaren helburua da horrelako gaixotasunak dituzten pertsonek senideei eta gertukoei erakustea haiek nola ikusten duten; alegia, besteak nolabait ere beraien tokian jartzea. Sakelakoan ikus daiteke hori, eta interesgarria da, baina pauso bat harago joan nahi genuen guk.
RV bertsioan lortu duzue hori?
Konplexua zen, baina lortu dugu. Zer egiten du RV bertsioak? Irudia bi pantailatan banatzen du, eta sakelakoa RV betaurrekoetan sartzean, eurek ikusten duten bezala ikusten da. Bestalde, sintomak larriagotuz joaten direnez, aukera hori ere ematen du; erretinosiaren kasuan, adibidez, gaitzaren hainbat fase igaro daitezke, itsu gelditu arte.
Publizitate agentzia batek baditu baliabideak halako egitasmo bat garatzeko?
Erantzun baino lehen, Donosti Frame eta Akting enpresek egindako lana aipatu nahiko nuke. Aplikazioa garatzeko ezinbesteko laguntza ematen digute haiek. Guk proiektu bat hartzen dugunean, ideia pila bat botatzen ditugu, askotan gauzagarriak diren ere jakin gabe. Arlo horretan aritzen diren profesionalengana jotzen dugu halakoetan, eta jende askorekin kolaboratzen dugu. Zazpi laguneko talde batek osatzen du Adaki, eta, hori egingo ez bagenu, oso mugatuta geundeke, publizitatearen diseinu klasikora mugatuta. Adakiren lelo nagusietako bat da ezin diogula mugarik jarri guk egin dezakegun horri; gauza asko egin daitezke, eta gu beti ahalegintzen gara beste bide batzuk, beste lankidetza batzuk bilatzen, helburua bete ahal izateko. Oraingo honetan, lortu dugu. Proiektu asko egiten ditugu, baina gutxitan sentitzen zara guztiz gustura eta harro, eta, honekin, ni, behintzat, oso harro nago.
Bi sari jaso dituzue: aplikazioagatik bat, eta bestea?
Teknologikoki garatutako proiektu onenaren saria jaso du aplikazioak, eta Ikusmen murriztua dut kanpainari bere osotasunean emandakoa da bestea. Lan asko egin ditugu kanpaina horretan, publizitatearen arlo klasiko horretan ere bai, eta modu globalean saritu dute lan hori.
Modu altruista batean eginiko kanpaina da hau. Nolako lanak egiten dituzue gainerakoan?
Zorte handia dugu, mota askotako kanpainak egiten ditugulako. Adibidez, asko mugitzen gara industria sektorean. Beren irudia hobetzeko eta zabaltzeko deitzen digute. Enpresara joan, eta zer behar dauzkaten ikusten dugu: bideoak, marketin arloa, webgunea, katalogoa… Gu hasi ginenean, arlo horretan hutsunea zegoela ohartu ginen, hemengo enpresetan, historikoki, irudiaren kontuari ez zaiola garrantzi handirik eman; orain, zorionez, aldatu egin da. Administrazioarentzat ere aritzen gara, eta prentsa kabinete lana ere egiten dugu; eta lan asko egiten dugu Interneteko posizinamenduan, SEO, Google eta beste bilatzaileen kokatzean ere.
Nolakoa da euskal publizitate agentzien osasuna?
Agentzia asko dago. Krisiak eragin handia izan zuen, eta agentzia asko itxi ziren, publizitatea izaten baita lehenengo kentzen den gastua. Dibertsifikazioari esker, irautea lortu genuen guk. Orain berriro ari dira sortzen agentzia berriak. Maila dezente onean gaudela esango nuke nik. Herrialde txikia garen arren, ondo kokatuta gaudela uste dut. Agentzia handiak ere badauden arren, ez gara iristen Madril eta Bartzelonako mailara, baina agentzia txiki asko daude. Lehia badago, eta konpetentzia ona dela uste dut; hobetzeko akuilua da.
Leave a Reply