U. Zubeldia
Atzera begira jarri, eta kosta egin zaio hitzak bata bestearen ondoan jartzea. “Mirari txiki baten modukoa izan zen”. Downen sindromearekin jaio zen Isabel Verdiniren iloba, Haizea, eta, familiaren nahigabe hari argi pixka bat eskainita, bere-beretik ekarpena egitea erabaki zuen donostiarrak. 1992an, Haizea jaio zenean, dantza ikasketak egiten ari zen Verdini, Bartzelonan. “Eta lasai egoteko esan nion ahizpari, Haizea ere dantzaria izango zela”. Behar bati segika sortu zuen Donostiako Verdini dantza taldea, eta 25 urteko ibilbide oparoa biltzen duen ikuskizuna taularatuko du etzi, 19:30ean, Viktoria Eugenia antzokian: Nire, zure, gure Verdini: 25 urte.
Dantza taldearen sortzailearen hitzetan, ibilbide bat proposatuko dute etzi. “25 urteotan egin duguna ekarriko dugu gogora, baina dagoeneko gurekin ez dauden horiek izango ditugu gogoan bereziki; Carlos Salaberri, esaterako. Nire ama, aitaginarreba… Horiek guztiek asko babestu ninduten momenturik zailenetan”. Lehen urte haiek “oso gogorrak” izan zirela aitortu du Verdinik. “Kultur arloa zaila delako izatez, eta are zailagoa dibertsitate funtzionala daukatenentzat. Badirudi beste guztiek baino askoz gehiago lan egin beharra daukatela gizartearen aurrean defendatzeko eurak ere pertsonak direla eta eskubideak dauzkatela. Zorionez, badirudi bidea egiten ari garela pixkanaka”.
Verdini “dantza talde bat baino askoz gehiago” dela esan du donostiarrak. “Ondo lan eginez gero edozer gauza lor daitekeela erakusten duen konpainia bat da. Inoiz ezeri ez zaio esan behar ezetz”. Gaur egun, hemezortzi dantzarik osatzen dute dantza taldea, eta hamalauk daukate Downen sindromea. “Baina horixe da gutxien axola zaiguna. Denok gara proiektu beraren parte. Haiek asko ikasi dute nirekin, baina nik ere bai haiekin. Sentimenduen mundu magiko batean sartzen gara klase bakoitzean”. Sekretu bat ere kontatu du Verdinik: “Dantzariek eurek aukeratutakoak dira koreografia guztiak, eta hori da arrakastaren gakoa. Barre asko egin dugu, negar asko ere bai, bitxikeria asko kontatu dizkiogu elkarri… Emozioekin lan egiten dugu, beldurrekin, barruko ezinegonekin, eta, horri esker, gozatu egiten dugu lanean; ezin da eskatu askoz gehiago”.
Sortzaileak goratu du Verdini taldea osatzen duten dantzariak ez direla inoiz kexatzen egiten ari diren horretaz. “Zoragarria da haien jarrera, oso zintzoak dira, eta askotan behin eta berriz eskatu behar izaten zaie mesedez atseden hartzeko. Ez dira nekatzen”. Konpainiaren sortzaileak 25 urteotan bertatik bertara ikusi ahal izan du “etengabeko ikasketa prozesu bat” dela bizitza.
Sexualitateaz galderak
1992an bideari ekin ziotenetik, hamar ikuskizun handi sortu ditu, jada, Donostiako konpainiak. “Eta beste hainbat ekintza txikiago ere egin ditugu”, zehaztu du sortzaileak. “Egun handia” izango da etzikoa, eta, azken asteotako lanaren ondoren, “pare bat asteko atsedena” hartuko du donostiarrak. “Nekatuta nago, eta arnasa pixka bat behar dut; burua argitu beharra daukat”. Geldialdi txiki bat egin nahi du ideiak argitu eta martxoko beste bi emanaldi prestatzen hasteko. Baina hainbat proiektu dauzka, jada, buruan. “Hauxe baita nire bizitza”. Sexualitatearen gaia ere landu nahiko luke konpainiako dantzariekin, “galdera asko daude-eta arlo horretan”.
Leave a Reply