Kultura aniztasunean sakonduz, etorkinak integratzea helburu

Haurrek eskolatik ekarritako ohar bat ezin interpretatzea, erroldatu beharrik duten jakitea, ertzainengana jotzeko beldurra izatea eta beste hainbat izan daitezke hainbat jatorritatik gurera etorri diren herritarrek egunero dituzten zalantzak. Horiek identifikatu eta konpontzeko, prozesu parte hartzaileak abian dira Arrasaten eta Urretxun, baina baita Gipuzkoako beste hainbat herritan ere.

Iaz sortu zuten Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia Urretxun, eta, bertakoen artean herriko kultura aniztasuna ezagutarazten jarraitzeaz gain, etorkinentzako Harrera Plana garatzea da aurtengo ezarri duten helburua. Egitasmo horrek, ordea, ibilbide luzea du atzetik. Iñaki Arriaran gizarte langileak eta Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiko kideak azaldu duenez, 2009an diagnostiko bat egin zuten, etorkinei dagokienez zenbateko aniztasuna zegoen jakiteko. “Han, hainbat behar azaldu ziren; horietako asko tokiko herritarrek dituzten beharren antzekoak, eta beste zenbait kanpotik etorri zirenei zegozkienak”. Behar horiei erantzuteko, 2010ean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz taldearekin batera, prozesu parte hartzaile bat jarri zuten martxan. Prozesuan 50 lagun inguruk parte hartu zuten, kanpotik etorriak zein Urretxukoak bertakoak horien artean.

Hurrengo urteetan gizarte politiketan egin beharreko urratsak definitzeko baliatu zuten prozesua, eta horri erantzuteko ekintza plan bat osatu zuten. Plana aurrera ateratzeko, etorkinek pisua izango zuten mahai bat osatzeko beharra ikusi zuten, eta hortik sortu zen Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia deiturikoa. “Osaera bera helburu bat zen guretzat, betea dagoena”.

Arrasateko kasuan, 2007an hasi zen Ekin Emakumeak elkartea etorkinentzako eta baztertze arriskuko herritarrentzako harrera zerbitzua eskaintzen. Amaia Larrañaga Ongizate zinegotziaren hitzetan, “garrantzitsua da udalak zerbitzu hori finantzatzea, jende askok jotzen duelako hara laguntza eske”. Kanpotik etorritako guztiak dira etorkinak Arrasaten: “Etorkintzat hartzen dugu Arrasatera iritsi berri dena, haren jatorria edozein izanda ere”.

Duela bi urteko ekainaz geroztik, Arrasateko Udalak Ekin Emakumeak taldearekin hitzarmen bat du: etorkinen harrera, orientazio eta prestakuntza modulua emateko zerbitzua udalak finantzatzen du. Horren bidez, Arrasatera etorritakoei harrera egin eta bitartekoak eskaintzen dizkiete. Adinez nagusiak direnei ematen diete harrera zerbitzua, eta denetariko beharrak azaltzen dira: “Batzuek euren ikasketak hemengo titulazioekin balioztatu nahi dituzte; beste batzuek prestakuntza nahi dute; zenbaitek errolda nola egin edo lana bilatzeko nora jo jakin nahi dute…”.

Elkar ezagutzea eta hizkuntza

Urretxun elkar ezagutzeko faltari erantzuteko bidea ireki dute. Horretarako egin zuten iaz Aniztasuna biziz erreportaje sorta. “Kanpotik etorritako jendeari egindako elkarrizketak zeuden bideo horietan: euren esperientziak eta bizipenak kontatzen zituzten, eta baita Urretxuri buruz zuten ikuspegia ere”. Sei hilabete iraun du egitasmoak; bideoak Urola telebistan eman dituzte, “eta harrera oso polita izan du”, Arriaranen hitzetan.

Aurtengo asmoa da beste kulturak ezagutzera ematea, elkar ezagutzea sustatzen jarraitzeko. “Unean uneko ekintza txikien bidez sustatu nahi dugu elkar ezagutzea”. Jadanik kultura arteko pintxo poteoa antolatu dute: “Batetik, bezeroei beste kulturetako jakiak eskaintzeko, baina, bestetik, tabernarien eta Urretxura etorri direnen arteko elkarrekintza sustatzeko”. Hala, etorkinak Urretxuko tabernetako sukaldeetan sartu eta haiek arduratu ziren pintxoak prestatzeaz. Herriko 23 tabernak parte hartu zuten, eta “harreman polita sortu zen kanpotik etorritakoen eta bertakoen artean”. Gizarte politiken arloan, egiten dituzten ekintzak elkar gurutzatzea da haien asmoa: “Henna ikastaroa ematea gustatuko litzaiguke, eta eguneko zentroan ematen bada, hirugarren adineko herritarrentzako zerbait ere sustatuko genuke”. Urretxuarren eta etorkinen aldetik, oso harrera ona dute ekintza guztiek, eta “giro polita dago Aniztasun eta Bizikidetza Mahaian bertan ere”.

Arrasaten, berriz, integrazioa dute jomugan jarria, eta, horretarako, ardatza hizkuntza izan dadin nahi dute, Larrañagaren ustez, “integrazioa osoa izateko bide egokia eta garrantzitsua delako”. Helburu hori betetzeko asmoz aurkeztu zuten martxoaren 24an Mundutik Arrasatera. Arrasatetik mundura egitasmoa. Orain arteko harrera, orientazio eta prestakuntza zerbitzua Euskaltzaleen Topagunearen Auzoko programarekin uztartu dute. Ekin Emakumeak taldeko Maitane Unamunoren hitzetan, euskara ardatz izanda, aniztasuna eta integrazioa lantzeko aukera ematen du Auzoko-k: “Euskaratik hurbil daudenei auzotar deitzen diegu, eta euskaratik urrun daudenei, auzokide. Kontua da bi sailetakoekin lagun talde bat osatzea eta euskara erdigune izatea. Modu ez formalean euskara ikasteko aukera ematen du, eta baita lau pareten artean geratu gabe kalera irtetekoa ere”.

Apirilaren 11n bildu zen lehen lagun taldea, Unamunoren beraren gidaritzapean, eta lau auzotar eta bederatzi auzokide elkartu ziren, Pakistan, Sahara, Nepal zein Arrasate bertakoak. “Esperientzia oso polita izan da lehenengoa; jatorri askotako emakume eta gizonak elkartu eta jolasen bueltan aritu ginen”. Ordu eta erdiko saioak egiten dituzte, dinamizatzaileak aurrez prestatzen dituenak. Datozen saioetarako jende gehiago animatu da, eta hogei lagun inguru badira dagoeneko; beraz, laster bi talde sortzeko moduan izango direla uste dute.

Auzoko programaren barnean, lagun taldetan biltzeaz gain, sentsibilizazio kanpaina bat egiteko asmoa dute Arrasaten; Larrañagaren arabera, jatorriz bertakoak direnengan kontzientziazio lana egiteko: “Herrian ez garela bakarrak ohartu behar dute herritarrek, mundura zabalik gaudela”. Unamuno ere bat dator horretan: “Aberastasuna da askotariko herritarrak garela ikustea; mundutik etorritako herritarrak ditugun heinean, herritarrez osatutako mundu bat daukagu Arrasaten”. Bien hitzetan, “ezinbestekoa da herritarren laguntza”; horregatik, taldeetan parte hartuz protagonista izateko deia egin diete arrasatear guztiei. “Oraingoz, parte hartu dutenak oso pozik daude”.

Urretxuarrak irakasle lanetan

Urretxun, iazko gai nagusia elkar ezagutzea izan zen, eta aurten harrera plan baten garapena lotu nahi dute horrekin. Arriaranen hitzetan, harreraren kontua “beti” eduki dute presente: “Ezagutzen ez duzun herri batera joandakoan, kostatu egiten da hara ohitzea, eta areago urrutiko kultura batetik etorrita”.

Beste herri batzuetako adibideak ikusi eta, Ordiziako ideia oinarri hartuta, eskola bat sortu nahi dute. Urretxura datozenek zein behar dituzten identifikatu eta horiei erantzuteko, herritarrak protagonista bilakatzen ahaleginduko dira. “Etorkinentzako askotariko ikastaroak antolatu nahi genituzke, eta ikastaro horien ardura herritarren gain uztea gustatuko litzaiguke. Euskara elkarteko kideek, adibidez, euskarari buruzko ikastaroa eman dezakete; kultura elkarteetakoak Urretxuren historiaz ari daitezke; sindikatuetako ordezkariak, lan eskubideez…”.

Herritarrek irakasle papera har dezaten, herritarren sarea osatu behar dute lehenik. “Aipaturiko elkarteetara jo behar dugu, eta etorkinen bueltan lana egiteak duen garrantziaren berri eman”. Ikastaroek bizpahiru hilabete iraun dezakete, eta irteerak egiteko asmoa ere badute. Orain irakasle posibleak identifikatzen ari dira; haiekin bildu, eta asmoaren berri emango diete, eta urri aldera eskola martxan jartzea nahi dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.