“Beste soinu bat lortu dute oraingo bandako kideek” »

Julene Frantzesena

Aita-semeak dira Jose Luis Frantzesena (Azpeitia, 1942) eta Unai Frantzesena (Azpeitia, 1974). Odolak ez ezik, musikak ere lotzen ditu. Izan ere, Jose Luisek 1986an hartu zuen Azpeitiko Udal Musika Bandaren gidaritza; Unai semeak, berriz, 2007ko irailean eutsi zion aitaren lekukoari, eta bera da egungo zuzendaria. Azpeitiko Udal Musika Banda 150. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta aita-semeek bandaren iragan laburreko ibilbideaz hitz egin dute.

150 urte. Erraz esaten da…

JOSE LUIS FRANTZESENA: Bai, urte asko dira. Bigarren Karlistadaren ostean, herri askotan sortu ziren bandak. Herrietako orkestrak dira.

UNAI FRANTZESENA: Beste hainbat bandak ere ospatu du 150. urteurrena. Azkoitikoak, esaterako, datorren urtean beteko du urtemuga. Imanol Elias zenak idatzitako efemerideen liburuan ikusi genuen duela 150 urte bandarako instrumentuak erosteko diru saila jarri zuela udalak. Hura hartu genuen datatzat, baina orain anaia hasi da bandaren inguruko liburua idazten, eta lehenagoko datak agertzen dira artxiboan eta.

Bandan hastean, zerekin egin zenuten topo?

J.L.F.: Zuzendari hasi nintzen, hala proposatu baitzidaten. Kopuruz, banda txikia zen orduan; 22 edo 23 lagunekoa. Bitan banatuta zegoen gainera, eta, poliki-poliki, lortu genuen bat egitea. Ordutik ez da hausturarik izan, eta ikaragarria da hori. Konpromisoa eskatzen du bandak, eta iraun dezan lana egin behar da. Orain martxa onean dago.

U.F.: 15 bat urterekin hasi nintzen ni. Aitak xilofonoa ekarri zuen etxera, eta hura jotzea erraza iruditu zitzaidala esan nion. Bandan hasteko esan zidan, eta halaxe egin nuen. Zuzendari moduan, bederatzigarren ikasturtea dut hau. Dena den, bandan jotzetik hura zuzentzera saltoa dago.

J.L.F.: Zuzendari nintzenean, lehengo jendeak osatzen zuen banda. Bandan bertan pixkanaka ikasitako jendea zen, eta zaila zen errepertorio berria egitea.

Zertan aldatu da musika banda urte guztiotan?

J.L.F.: Aldaketa ikaragarria izan da. Unai zuzendari hasi zenetik, izugarri hobetu da banda.

U.F.: Zuzendari postua hartu nuenean, ikasle guztiak bandako akademiatik musika eskolara bideratzen hasiak ziren. Erabaki hori hartu zen, eta ondo prestatutako gazteak daude orain bandan.

J.L.F.: Batetik, erritmoan hobetu da. Bestetik, afinazioan. Nik, adibidez, ez nuen lortu klarinetea afinatzea; gaizki ibiltzen nintzen beti. Oraingo bandako kideek beste soinu bat lortu dute. Horrez gain, errepertorioa ere aldatu da. Izan ere, orain errazagoa da partiturak lortzea. Gure garaian, partitura asko eskuz eginak ziren, eta fotokopiagailurik ere ez zegoen…

U.F.: Soinua aldatu da, eta perkusio alorrean beste aukera bat daukagu. Instrumentu berriak erosi ahal izan ditugu, eta zaharrak pixkanaka baztertu.

J.L.F.: Udalaren laguntza izan dugu beti. Instrumentuekin ere asko lagundu izan du, eta, eskerrak, ze ni bandan hasi nintzenean zituzten instrumentuak…

Osasuntsu al dago Azpeitiko banda?

U.F.: Bai, ia 60 lagun izatera iritsi gara. Gazteak musika eskolatik datoz, eta haiekin banda gaztea osatu dugu. Kontua da denei ez zaiela ematen bandara sartzeko aukera, ez dagoelako tokirik instrumentu batzuetan, eta ikasle batzuk gogoarekin daude. Unibertsitatean hasten direnean-eta, gazte askok uzten du banda, baina orain 45 bat lagun inguruk osatzen dugu. Dena den, boladak izaten dira. 150. urteurrena dela eta, batzordea dugu osatua, gauzak antolatzeko, eta giro ederra dugu. Bandan garrantzitsuena giro ona edukitzea da.

J.L.F.: Talde guztietan moduan, giro ona izatea da gakoa. 80 urte inguruko hiru kidek, Iñaki Alberdik, Javier Bergarak eta Felix Gurrutxagak, 50 urte egin dituzte, gutxienez. Gainerako gehienak nirekin hasitakoak dira.

150. urteurrenak balio al dizue bandaren historiaren berri izateko?

U.F.: Gutxi gorabeherako historia badakigu, baina gauza asko pasatu dira bandaren ibilbidean, eta horien berri zehatzago izateko balioko du aurten argitaratuko dugun liburuak.

J.L.F.: Bandak gorabehera asko izan ditu. Gaztetxoa nintzeneko San Sebastian eguneko diana baten oroitzapena dut. Gero, zortzi-bederatzi urte egon zen Azpeitia bandarik gabe. Historia jasotzea garrantzitsua da.

Udal musika banda izanik, zer hitzarmen duzue udalarekin?

U.F.: Hitzarmenean egutegia dugu jasoa. Ekitaldi horiez gain, beste pare bat eska ditzake udalak. Dena den, hitzarmena moldatu egiten dugu urtero.

J.L.F.: Hitzarmena 1926koa-edo da, eta, ordutik, Aste Santuko prozesioa-eta kenduta daude. Aldaketak izan dira urtez urte.

Herriko beste kultur taldeekin zer harreman duzue?

U.F.: Saiatzen gara elkarlanean aritzen. Koruarekin, argazki elkartearekin, dantzariekin eta abarrekin egin izan ditugu ekitaldiak, nahiz eta muga bat baino gehiago dugun; batez ere, errepertorio aldetik eta.

Eta beste herrietako bandekin?

J.L.F.: Duela urte asko, Gipuzkoako Banden Elkartea sortu genuen. Bide onetik hasi bazen ere, denborarekin indarra galdu zuen.

U.F.: Harremana dugu hainbat bandarekin. Gainera, jendea behar denean, elkarri deitzen diogu tronpeta-jotzailea edo klarinete-jotzailea behar dugula esanez.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

U.F.: Badu etorkizuna, baina lana egin beharko dugu eusteko. Musika eskolan jende asko ari da haizezko instrumentuekin, eta horiek dira bandaren oinarria. Alde horretatik, jarraipena izango duela dirudi.

Ingurukoari forma emateko bi forma »

Maite Alustiza

Ematen du guk elkar ezagutu baino lehen bildumek elkar ezagutzen zutela”. Pasaia Hiria-Xabier Portugal poesia lehiaketan lehen saria jaso berri du Garazi Ugalde Pikabeak (Lezo, 1988), Morfologiak lanarekin. Euskarazko bigarren bildumarik onena, berriz, Anartz Izagirre Zubimendiren (Azpeitia, 1994) Forma geometrikoak zure baitan izan da. Sariketako gaia librea izan arren, “kasualitatez” formei erreferentzia eginez ondu zuten biek izenburua. Bat datoz: desberdinak izan arren, bi olerki bildumek ondo baino hobeto osatzen dute liburua. Bermingham argitaletxearekin argitaratu dute, eta Gipuzkoako liburutegietan aurki daiteke jada.

Morfologiak ez da gai baten inguruan sortutako bilduma bat, “gehiago da bilduma kronologiko bat”. 2014ko udan hasi eta urtebetean idatzitako poemekin osatu du Ugaldek: “Gai aldetik denetik dago, norberaren burua eta besteak kokatzeko saiakera bat dago, objektuen eta espazioen deskribapen bat”. Berlinen bizi zela sortu zituen Ugaldek, eta, dioenez, landutako gaiak ez dira kasualitatea: “Agertzen dira emigrazioa, errefuxiatuak… behin-behineko bizitzak, oso sotilki izan arren”. Egin eta gero jarri zion izenburua bildumari, galdera bati erantzunez: non dago poema hauek elkartzen dituen zerbait? “Iruditzen zitzaidan kasu askotan behintzat forma presente zegoela; espazioen, izakien eta objektuen azterketa moduko bat”.

Izagirreren kasuan, aldiz, olerki guztiek badute lotura bat: forma geometrikoak eta sentimenduak. “Formek bezala sentimenduek ere badituzte beraien erpinak, guk jartzen dizkiegun mugak, angeluak…”. Joan den udan idatzi zituen, eta lehenengo olerkiak egin ahala konturatzen joan zen forma geometriko bakoitzari zerbait aurkitzen ziola, bederatzi olerkiko bilduma osatu arte. Eta inspirazioa, nondik? Ikus-Entzunezko Komunikazioko ikasgai bat ikasten ari zela, hor ikusi zituen formak, konposaketak… “Eta hor sortu zitzaidan gogoa formez idazteko”. Bestelakoan, eguneroko edozein momentu edo tokitan topa dezake inspirazioa; autobusean, adibidez. Gaiei dagokienez, “inertziaz” sentimenduetara jotzen duela dio, baina badu gogoa beste gai batzuen inguruan idazteko ere: “Badauzkat beste terreno batzuk esploratzeko”.

Ugalderentzat, norbere burua munduan kokatzeko modu bat da poesia: “Norberaren azterketa, bestearena… Non nago ni, eta, horretatik abiatuta, nola ikusten dut mundua, zer harreman daukat harekin”. Bere inguru hurbileko errealitatetik abiatzen da, beraz. “Nire barruan darabildan zerbaiti forma ematea da”.

Liburuan, Irati Goikoetxeak egin die hitzaurrea Ugalderen eta Izagirreren sortei —epaimahaiko kide ere izan da—. Ugalderen olerkietan, Goikoetxeak nabarmendu du egileak bere poemen kanpo egitura zaindu duela, baina batez ere muinari heltzen asmatu duela. Izagirreri, berriz, barrutik hutsik dauden formak sentimenduz bete izana goraipatu dio.

Txikitatik gustuko izan dute biek irakurri eta idaztea. Ugalde herriko lehiaketetara aurkeztu izan da, eta baita hainbat sari eskuratu ere —2014an Pasaia Hiria lehiaketa bera irabazi zuen, Korapiloak lokarrietan lanarekin—. Sariketak aukera bezala ikusten ditu; “aitzakia polita” dira zerbait erakusteko izanez gero, baina ez dira helburua: “Bestela ziur asko gure lanek ez lukete ikusiko argirik, ez da batere erraza, eta ezagutzera emateko aukera bat da, tiraderan gordeta ez geratzeko”. Bat dator Izagirre. Ilusioa egiteaz gain, olerkiak liburu batean ikusteak bultzada ere eman dio: “Lehiaketak era batera edo bestera indartu egiten du zure gogoa”.

Poesia ala prosa?

Eroso sentitzen dira poesia idazten. Izagirrek hasieran prosa zuen gustukoen, eta 16 bat urterekin hasi zen poesia deskubritzen, irakurtzen… Idazteko orduan ere, “errazagoa” zaio poema bidez ideia bat adieraztea: “Aukera gehiago ematen dit nik nahi dudana azalerazteko. Poesian askoz ere libreagoa da. Pasatu izan zait prosan loturak egiterakoan eta haria jarraitzerakoan kosta izana”.

Ugaldek ere idazten du prosa, baina formatu laburra berezia da harentzat: “Ideia bat biltzeko formatu txiki bat da, eta aukera ematen dizu denbora laburrean zerbait sortzeko. Dedikazio askoz handiagokoa da prosa, luzeagoa. Esfortzua da laburragoa, eta emaitza ere azkarragoa. Poesiak ere badu indar berezi bat laburtasun horretan, adierazkortasun handia du”. Irakurtzerakoan ere, horra jotzen du: “Agian gaur egungo bizimoduak ere horretara garamatza”.

Egunerokoan, hitzekin baino gehiago irudiekin aritzen da Izagirre, Ikus-Entzunezko Komunikazioa karreran. Ugaldek, berriz, Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak eginak ditu, eta itzultzaile ari da egun. Idaztea, beraz, “oso lotuta” dago bere lanarekin: “Itzultzeak ere badu sorkuntzatik. Nahiz eta izan norbaitek idatzitako zerbait, zuk gaur egunera eta hizkuntza batera ekarri behar duzu, jarri behar diozu sorkuntza puska handi bat”. Literatura itzultzea, adibidez, asko gustatuko litzaioke, baina lanbide bezala “ez da errazena”. Biek ala biek, oraingoz, tarte libreetarako eta idazteko gogoa daukatenerako gordeko dute idaztearena.

Gipuzkoako 21 eztirik onenak Zegaman lehiatuko dira igandean »

Loinaz Agirre
Apirileko lehenengo igandean Erlezain Eguna antolatzen dute Zegaman. Izenak dioen bezala, Gipuzkoako erlezainak eta eztia izaten dira eguneko protagonista Aizkorriren magalean. Igandean, beraz, zer ikusi, zer ikasi eta zer dastatu ugari…

Musika herriarena da »

Urko Etxebeste

Egitasmo komunitarioa, doakoa, irekia, belaunaldi artekoa, herriko taldeekin lotura duena, parte hartzailea eta herritarrak irakasle eta ikasle izango dituena. Pasai San Pedron musika eskola herrikoia abiatuko dute Aste Santuaren ondoren, oinarri horiekin. Era informalean, ez-arautuan, musikaz dakitenek musikan trebatu nahi dutenei erakustea da asmoa, oinarrizko ezagutza zabaltzea. Hasteko, gainera, oinarri sendokoa da musika herritartzeko proiektua: 60 sanpedrotarrek eman dute izena egitasmoan. Hamarnaka pasaitar horiek bat egin dute herri giroa musikaren bitartez indartzea asmo duen proiektuarekin.

Musika eskola herrikoiarena ez da hutsaletik sortutako egitasmoa. San Pedron erro sendokoa da herri musikaren inguruko mugimendua. Horren erakusle dira Tirri Tarra txaranga historikoa, baita Sorgiñarri txistulari taldea, San Pedroko trikiti taldea eta dultzaineroen taldea ere. Apenas 2.000 biztanle dituen barrutia izateko, ez dago gaizki: Libia traineruak banderak irabazi eta herrira ekarri dituen bakoitzean inoiz ere ez du txarangaren harrerarik falta izan.

Baina bi kezkari erantzuna eman nahi diote: musikarien belaunaldi berriak sortu nahi dituzte, eta herri giroa indartu. San Pedroko kultur mugimendu eta azpiegituren gainean egindako parte hartze prozesuan kokatzen da egitasmoa.

Igor Carballo da egitasmoaren bihotzetako bat. Zehaztu duenez, parte hartze prozesu bat egin dute Proisa kulturgunearen ordez —egoera txarrean zegoen, eta eraitsi behar izan zen— egin asmo den azpiegitura berriak zein ezaugarri izan beharko lituzkeen eztabaidatzeko, eta horri edukia emateko asmoaren barruan dago eskola sortzea. Espazioez, erabilerez eta kudeaketaz gain, mamia behar du kulturgune berriak: “Eraikin hori egin bitartean, teoria utzi, eta jarduerak abian jartzea erabaki genuen”. Gune berri horrek izango lukeen aktibitatea aurreratzen hasi dira, alegia. Horren adibide, musika eskolaz gain, haurren txokoa da: “San Pedron ez dago haurrentzako gune estalirik. Udalari eskatu, eta Erti egokitu da horretarako. Martxan dago negutik”. Udal Aretoa izango da ere musika eskola berritzailearen egoitza.

5 urtetik 65era

Deialdia egin, eta erantzuna paregabea. Musika eskola herrikoiak zentzurik ez luke ikaslerik gabe. Eta horien erantzuna aparta izan da: 60 pertsona hasiko dira Aste Santuaren ondoren musikan trebatzen, 5 urtetik 65 urtera artekoak. “Gehienak gazteak dira, baina erretiratuak ere animatu egin dira. Ondo, oso ondo. Pozik gaude”.

Irakasleak ere ez dira falta, hamabi daude orotara, denak ala denak musikaren munduan eskarmentukoak. Eta egutegia ere findua dute dagoeneko; batzarrak egin dituzte ordutegiak eta bestelako xehetasunak ezartzeko. Egoitzaren funtzionamendurako, ordea, hainbat atal lotu behar dituzte oraindik Pasaiako Udalarekin, Ertiko eraikina handia ez delako.

Abestiak erakustea da irakasleen asmoa: “Txaranga edo fanfarre batean ohikoak diren abestiak erakutsiko dizkiete irakasleek musikan trebatu nahi dutenei. Guk nahi duguna da ikasleek gaitasuna izan dezatela, jaietan adibidez, herrian txistu, trikiti, dultzaina taldeekin edo txarangarekin ateratzeko. Ez da musika eskola ofiziala. Tirri Tarra fanfarrea horrela sortu zen, batak besteari zekiena erakutsiz”.

Pozgarria litzatekeela, Igor Carballoren ustez, herri eskolaren bitartez musikan sakondu nahi duenak ohiko musika eskoletara joatea erabakitzea. Komunitatea sortu eta sendotzeko aukera da eskola, prestakuntzaren bidez, horrela herriko giroa eta adierazpideak indartuz.

Kantuzko alfonbra Aste Santuarentzat »

Asier Perez-Karkamo
Euskal Herrian egiten den eliz musika ziklo zaharrena da Hondarribikoa. Duela 34 urte antolatu zuen lehen aldiz Eskifaia elkarteak, eta harrezkeroztik ez dute hutsik egin. Aurreneko ekitaldia berrikuntza izan zen, ordura arte abesba…

Irakurtzeko eskubidea »

Asier Zaldua

Irakurtzea plazer bat da, eta, gainera, aberasgarria da. Jende askok, ordea, zailtasunak ditu testu arruntak irakurtzeko: harrera herriko hizkuntza menperatzen ez duten etorkinek, irakurtzen berandu hasi direnek, eskolatze urrikoek, ikasteko arazoak dituztenek, ezgaitasun intelektuala dutenek… Horien irakurtzeko eskubidea bermatzeko, Irakurketa Erraza ekinbidea sortu dute. Ardura bereziarekin landutako liburuak eskaintzen ditu, zailtasunak dituzten pertsona horientzat. Ordizian eta Legazpin hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte egitasmoa ezagutarazteko.

Ekinbide horien guztien helburua gizaki guztiek kulturaz gozatzeko duten eskubidea bermatzea da. Horretarako, Irakurketa Erraza egitasmoak ardura bereziarekin landutako liburuak eta dokumentuak eskaintzen ditu. Irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek irakurri eta ulertzeko moduko idatziak dira. Izan ere, populazioaren zati handi batek —%30ek, hain zuzen ere— irakurtzeko zailtasunak ditu. Hori dela eta, batzuek ez irakurtzea erabakitzen dute, eta beste batzuek sufritu egiten dute: badakite irakurtzea plazer bat dela eta aberasgarria dela, baina ezinezkoa zaie irakurtzea.

Irakurtzea behar soziala, nazioarteko zenbait lege testutan aitortutako eskubidea, eta ideiak, pentsamenduak eta esperientziak partekatzea baimentzen duen gozamena da, ordea. Gainera, irakurketaren bidez, hainbat taldek gizarteratzea lortzen dute. Hori guztia dela eta, irakurtzeko zailtasunak dituztenei moldatutako liburuak, webguneak eta dokumentuak prestatzen ari dira mundu osoan. Testu horiek Liburutegien Nazioarteko Federazioaren arauak betetzen dituzte, hizkuntzari eta formari dagokienez.

Oñati, Arrasate, Eibar, Elgoibar, Azpeitia, Donostia eta Errenterian irakurketa errazeko taldeak daude, eta Donostiako Kaxilda eta Errenteriako Mirentxu erreferentziazko liburu dendak dira. Orain, egitasmoa Goierrin ezagutarazi nahi dute. Bultzatzaile nagusiak Legazpiko eta Ordiziako Garagune zentroak dira. Hango langile eta egoiliarrak oso gustura daude jaso duten erantzunarekin.

Asun Jauregi da bi Garagune horietako arduraduna. Irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten dutenez, Ordiziako eta Legazpiko udalei irakurketa erraza ezagutzera ematea proposatu zieten. Beraiek lau bat urte daramatzate egoiliarren artean irakurketa bultzatzen. Horretarako, piktogramak eta irakurketa errazeko testuak erabiltzen dituzte. “Hainbat barne dokumentu irakurketa errazera moldatu ditugu, egutegiak eta gonbidapenak ere irakurketa errazean idazten ditugu…”.

Jauregiren ustez, egitasmoa oso garrantzitsua da. “Bi gauza daude jokoan: informazioa jasotzeko eskubidea eta kulturaz gozatzeko eskubidea. Gurekin daudenei bi mundu irekitzen zaizkie: informazioarena eta kulturarena. Batzuek egitasmo honi esker hartu dute lehenengoz liburu bat esku artean”.

Proiektuak Ordiziako eta Legazpiko udalen babesa du. Isa Sanz Legazpiko Udaleko Hezkuntza teknikariak azaldu duenez, irakurketa erraza zabaldu nahi dute Legazpin: “Jendea erakusketa ikustera, hitzaldira joatera eta ikastaroan parte hartzera animatu nahi dut. Bestalde, testuak moldatzeko eta irakurketa errazeko talde bat sortzeko asmoa dugu”.

Irakurketa errazeko liburuek ezaugarri jakin batzuk dituzte: irudi deskriptiboak dituzte, testu guztiak ezkerretara justifikatuta daude, lerroek testuen sintaxi unitateak errespetatzen dituzte, bazterrak zabalak dira eta lerroen arteko hutsuneak, zuriuneak eta tipografia ohiko liburuetan baino handiagoak dira. Gainera, hizkuntza erraza eta zuzena erabiltzen dute, istorio zehatz eta logiko bat kontatzen dute —argumentu lerro bakar batekin—, ekintza zuzen eta sinpleak kontatzen dituzte —pertsonaia gutxirekin—, esaldiak laburrak dira eta esaldi bakoitzak ideia nagusi bana du.

Irakurketa errazeko lehenengo liburua Suedian argitaratu zuten, 1968an. 1997an irakurketa errazeko materialak egiteko jarraibideak zehaztu zituzten. EAEko Irakurketa Erraza Elkartea, berriz, 2012an sortu zen. Ordutik, materialen argitalpena, erakundeekiko lankidetza hitzarmenak, sare bat sortzea eta dinamizazioa bultzatu ditu. Horrez gain, hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: testuak egokitu, berrikusi eta argitaratzen ditu, logotipoa ematen die, idazkera erraza egiteko teknikak irakasten ditu, eta erakunde eta enpresentzat lege testu eta azalpen testuak moldatzen ditu.

Ekinbideak geroz eta jarraitzaile gehiago ditu. Hala, mundu osoan irakurtze klubak sortzen ari dira. Klub horietako kideek irakurketa errazeko liburuak irakurtzen dituzte, eta, ondoren, liburuari buruz eztabaidatzeko elkartzen dira. Saio horietan ozenki irakurtzen dute, dinamizatzaile baten gidaritzapean. Espainiako Estatuan 130 klub baino gehiago daude: liburutegietan, zaharren egoitzetan, ospitaleetan, helduen hezkuntza iraunkorreko zentroetan, espetxeetan…

2014an Gaumin argitaletxeak irakurketa errazeko euskarazko lehen nobelak argitaratu zituen. Lehen bilduma horrek katalanetik itzulitako eta zuzenean euskaraz idatzitako euskal egileen nobelak ditu. Argitaletxea Fernando Morillo idazleak sortu zuen, eta Santiago bidearen misterioa da irakurketa errazean argitaratu duen lehen nobela. Laida Martinezek haurrentzako bi liburu idatzi ditu: Max oporretan doa eta Max Bilbon bizi da. Ander Izagirrek, berriz, Txernobil txiki bat etxe bakoitzean.

Munduan eragiteko zortzi modu »

Maite Alustiza
“Hogei urtez artikuluak idatzi eta hitzaldiak eman ditut. Horietako askok ezohiko itxura dute, musikan erabiltzen ditudan antzeko metodoak baliatu ditudalako”. Horrela hasten da John Cageren Silence liburuaren hitzaurrea. Donostiako Kold…

“Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko ‘metaleroa'” »

Itzea Urkizu

2009an Lasarten sortu zenez geroztik, Hilotz taldeak metamorfosi txiki bat izan du: laukote batek abiarazitakoa hirukote berri batek gorpuzten du orain. Aldaketa hori, gainera, maketatik diskorako soinuan ere islatzen da; bi urteko asmo, indar eta lanaren ondoren, argitaratu berria dute Giza ankerkeria lehen lan luzea. Mikel Iarzak (baxua eta ahotsa), Etxahun Urkizuk (bateria) eta Pablo Cabasesek (gitarra) Tolosako entsegu lokala dute metal musika sortzeko aterpe, baina zentzumenak zabalik dituzte edozein generok emandako plazerak dastatzeko. Uztartze horretatik sortutakoa zuzenekoetara eramanez, datozen hilabeteotako kontzertu bakoitza aukera bat da, beren musika gainontzekoentzat ere gozamen bilakatzeko.

Giza ankerkeria-n kritika soziala egin nahi izan duzuela dirudi.

MIKEL YARZA: Bai. Hil ala bizi maketakoak gure lehen konposizioak ziren, bai hitzez, bai doinuz, eta orain gehiago hausnartu dugu munduak funtzionatzeko duen moduaz, botere harremanez, bizimoduaz… Baina badira hitz pertsonalagoak ere.

Autoekoizpenaren bidea aukeratu duzue. Nolakoa izan da prozesu hori?

ETXAHUN URKIZU: Pentsatu gabeko zerbait izan da. Estudio batean grabatzeak kostu ekonomiko handia du, eta, gainera, uste dut ez ginela gai izango disko osoa astebetean-edo grabatzeko. Lagunei esker osatu ahal izan dugu lana. Batetik, Ander Zubillagak bateria grabatu digu, eta Borja Mintegiagaren Lezoko estudioan grabatu ditugu gitarrak. Soinu ona izatea nahiko erraza izan da, lagun horiei esker.

Zuen lana ezagutaraztea, aldiz, zailagoa al da?

E. U.: Guztia guk egin beharra daukagu, hori da kontua: kontzertuak lotu, komunikabideei informazioa bidali…

Akaso, orain arte ohikoagoa izan da erreferentziazko estudioetan grabatzea. Gero eta gehiago dira, ordea, beren lanak ekoizten dituzten taldeak, ezta?

E. U.: Genero honetan, bereziki.

M.Y.: Euskal Herrian ez dago metala edo muturreko metala ekoizten duen erreferentziazko estudiorik, taldeei bultzada bat emateko.

Metala duzue ardatz, baina hainbat adar ditu metalak. Zuek zeini heltzen diozue?

M.Y.: Thrash metala abiapuntua da, eta beste hainbat gauza daude. Diskoaren zabalkundean diogu Giza ankerkeria-k death eta black metalaren ukituak dituela.

Zeintzuk dira ezaugarriak?

E. U.: Thrash metala punketik gertu dago, azkarra da, eta abeslariek oihu egiten dute, baina kantatu ere bai; bien arteko zerbait.

M.Y.: Gitarraren presentzia handia da thrashean. Death metalean, berriz, bateria konplexuagoa da, presentzia handia du.

PABLO CABASES: Egia esan, oso zaila da desberdintasunak azaltzea.

Eta black metalari dagokionez?

M.Y.: Giro bat sortzen du black metalak, sentsazio tristea.

E. U.: Bereizgarrietako bat blast beat-ak dira, batetik —bateria oso-oso azkar jotzea—; eta minor akordeak, bestetik. Hortik datorkio izena, musika ilunagoa delako.

Zuen generoa ezin da komertzialtzat hartu, baina jende asko mugitzen du, ezta?

E.U.: Egia esan, gure eskalan ez askorik. Baina, Alemaniako Wacken jaialdian, edozein kontzertu ikusten 40.000 pertsona elkar daitezke; munduko metal jaialdi garrantzitsuenetakoa da.

M.Y.: Zenbait taldek, garaiagatik-edo, indar handia hartu izan dute, baina baita generoagatik ere. Esan nahi dut Su ta Garrek, metal gogorragoa egingo balu, ez lukeela hainbeste jarraitzaile izango.

E.U.: Anestesia ere gogorra da, baina jarraitzaile asko ditu. 1980ko hamarkadan metal asko entzuten zen Euskal Herrian, eta uste dut talde askok horregatik hartu zutela indarra. Duela urte batzuk, ohikoa zen Gaztean, adibidez, Berri Txarrak, Latzen edo Su ta Gar entzutea, joeran zegoelako.

Irratiak aipatu dituzue. Metalak tarte zabalagoa beharko luke?

E.U.: Metala musika zaila da entzuteko, baita guretzat ere, sarri. Baina tarte gehiago musika genero guztiei eskainiko nieke.

M.Y.: Orain, 1980az bestelako ereduek irabazi dute, baita musika entzuteko ereduek ere. Gaur egun, singleek funtzionatzen dute, nazioartekoek eta bertakoek, eta irratiak dira horren isla.

E.U.: Ez da metalari egindako bazterketa bat, audientzia handiaren aldeko apustu bat baizik. Nik Radio 3en eredua gustukoago dut, esaterako: saio espezializatuak daude, eta hori oso aberatsa da.

Euskal Herrian, hala ere, badira zuen antzeko talde gazteak.

E.U.: Talde oso onak, gainera. Bullets of Misery gernikarrak, adibidez; zuzeneko oso ona dute, eta disko bikaina argitaratu dute.

M.Y.: Gabezia Lasarteko taldea ere bai. Nafarroan, berriz, Evil Killer-ek heavy klasikoa jorratzen du, eta Araban Childrain taldea dugu. Maila oso oneko talde asko dago. Baina metalaren komunitatean, berez txikia izanik, bada makrokontzertuetara soilik bertaratzeko joera bat, eta horrek talde on txikiak itzalean uzten ditu sarri.

Aurreiritzi asko al dago metalaren inguruan?

E.U.: Bai, noski. Ile luzea baldin badaukazu eta larruzko jakak janzten badituzu, jende gehienak ulertzen du heavya zarela. Baina, aldiz, ilehoria izanez gero eta surf marka bateko jertse bat soinean baldin baduzu, jendea harritu egiten da thrash eta death metal talde bateko kide zarela esandakoan.

M.Y.: Dena den, metal zaleen barruan ere bada logika horri jarraitzen dion jendea. Askotan, gainera, horrela pentsatzen dutenak izaten dira karratuenak pentsamoldez, eta ez dute metaletik haragoko musikarik entzuten.

Zein dira zuen erreferente musikalak?

E.U.: Black metalean, Behemoth edo Disexion aukeratuko nituzke. Testament edo Anthrax, berriz, thrashean. Eta, noski, heavy klasikoa: Iron Maiden, Judas Priest edo Black Sabbath mitikoak. Eta, guk egiten dugunaz harago, funkya edo soula entzun ohi ditut; Snarky Puppy, adibidez.

P.C.: Nik ez diot aterik ezeri ixten; gustuko baldin badut, gustuko dut. Punka entzuten hasi nintzen, baina, behin batean, Metallicaren Master of Puppets utzi zidaten, eta nire bizitza erabat aldatu zen [barreak].

M.Y.: Metalaren barruan, ia dena gustuko dut, new metala izan ezik, akaso; gustukoago dut musika organikoa, industriala baino. Eta, gure eremutik kanpo, musika klasikoa entzuten dut: Bach, Vivaldi, Mozart… Musika hori sekulakoa iruditzen zait, gorena.

Egiazki, zenbait obra klasiko ez daude metal doinuetatik hain urruti ere, ezta?

E.U.: Irakurri izan dugu Bach izan zela bere garaiko metaleroa.

M.Y.: Baina jende gehienak ez ditu erlazionatzen. Ez musikalki, eta ez sozialki; musika klasikoa entzutea klase sozial altukotzat dugu, eta metala aurkakoa da.

Diskoa entzun duen jendearen erantzunik jaso al duzue?

M.Y.: Gertuko lagunei gustatu zaie lana, eta maketatik honako aurrerapausoa nabaritu dute.

E.U.: Lortu dugun soinua nahiko ona dela azpimarratu digute batzuek, eta horrekin geratu naiz ni.

M.Y.: Diskoa laburra egin zaiela ere esan digute, baina hori seinale ontzat hartuko dugu [barreak].

Orain kontzertu errenkada duzue aurretik. Zuzenekoak dira zuen erakusleihorik onena?

M.Y.: Azkenaldian, asko hitz egin dugu horri buruz. Promozioa gure ardura denez, zuzenean jotzea da jendea gure musikara lotzeko aukerarik onena.

Gipuzkoa osoa bost minutuan »

Aizpea Amas

Duela bospasei urte hasi zen dena, bideo batekin. Lagunen arteko zerbait izan zen, baina arrakasta itzela lortu zuen sare sozialetan eta Youtuben. Dancing in the Basque Country da bideo hori. Euskal Herriko hainbat txokotan dantzan agertzen ziren hainbat lagun. Orain, horren atzean egon zen lagun talde berberak beste proiektu bat jarri du martxan: Gipuzkoaround. Hori ere bideo bat izango da.

“Horrekin lotuta, beste zerbait egiteko gogoa geneukan, antzeko izpiritua izan dezakeena, baina desberdina”, azaldu du Iñaki Goikoetxea proiektuaren arduradunetako batek. Oraingo honetan, ordea, eremua ez da Euskal Herria izango, Gipuzkoa baizik. Hala, Gipuzkoako 88 herrietan bizpahiru segundotako korte bat grabatuko dute, eta guztiak lauzpabost minutuko bideo batean bildu. “Bideo horrek aukera emango du Gipuzkoako herri guztiak ezagutzera emateko. Gipuzkoarrak garenok ezagutzen ditugu Zarautz, Azpeitia… baina Tolosaldean eta Goierrin, batez ere, beste herri pila bat jende askok ez daki non dauden ere”.

Proiektu hori Donostia 2016 egitasmoaren barruan dago, eta diru laguntzak jaso ditu, Energia Olatuak programaren barruan. Hala, Gipuzkoaround gauzatzeko, 2.016 euroko diru laguntza bat jaso dute. Donostia 2016ren izpirituari jarraituta, kulturaren balioak herri guztietara eramatea izango da bideo horren helburuetako bat. Bestea, berriz, “gipuzkoarrok eta Gipuzkoatik kanpo bizi direnek ikustea hemen 88 herri daudela eta bakoitzak baduela toki edo txoko bereziren bat”. Herri horiek guztiak ezagutaraztearekin batera, gonbidapena egin nahi diote jendeari herri horiek bisitatzera animatzeko.

Behin ideia osatu dutela, hori gauzatzeko lanean hasi dira. “Orain, bilaketa egiten ari gara herri bakoitzean zein ezaugarri berezi topatzen dugun: zein txoko, zein monumentu, zein pertsonaia, zein leku esanguratsu…”.

Horretarako, herri bakoitzeko herritarren laguntza beharko dutela adierazi du proiektuko kideak. Sare sozialen bidez, webgunearen bidez edo mezu elektroniko bidez egin ahal izango da, eta udaletxe bakoitzera eskutitz bana ere bidaliko dute. Horiek, ordea, oraindik ez daude martxan; horretan dihardute, hain zuzen. Izan ere, proiektua ez da izango bideo bat bakarrik.

Proiektuaren atzean lau irundar daude: Goikoetxea bera, Maria Rubio, Iker Zaballa eta Javier Iribarren. Goikoetxea kokalekuak bilatzen ari da, eta itzulpenak nahiz testuak prestatuko ditu. Rubio webgunearen arduraduna izango da, Zabala bideo eta grabaketaren arduraduna eta Iribarren arduradun teknikoa.

Bideoa baino gehiago

Udaberrirako espero dute webgunea martxan izatea, eta ekainera bitarte egin diete gonbita herritarrei euren proposamenak egiteko. “Guk zerrenda bat egingo dugu jendeak proposatzen dizkigun tokiekin. Jadanik hasi gara herri batzuetara joaten, eta herri bakoitzean zein txokotan graba dezakegun pentsatzen”.

Grabaketa uztailaren 25 inguruan egitea espero dute, eta dena lauzpabost egunetan egingo dute jarraian. Goikoetxearen arabera, jendeak ikusi ahal izango du momentu bakoitzean non grabatzen ari diren. “Korrikaren antzera” egingo dutela azaldu du. Egutegi eta ordutegi bat finkatuko dituzte, eta, gero, webgunearen bitartez, momentu bakoitzean jendeak jakin ahal izango du non grabatzen ari diren, nahi izanez gero, hara bildu ahal izateko. Bideo guztia, abuztuaren bukaera edo iraila hasierarako bukatuta edukitzea nahiko lukete. “Gero, proiektua webgunean geratuko da, norbaitek etorkizunean informazioren bat beharko balu erabili ahal izateko”.

Ibilbidea Donostian hasi eta Donostian bukatuko da. Goikoetxeak esan duenez, ibilbide logikoena egiten saiatuko dira, grabaketa errazago izateko. Lehenengo egunean, Donostiatik Tolosara joango dira, Irundik pasatuta. Bigarren egunean, Tolosaldea eta Goierrin grabatuko dute. Hirugarrenean, Zumarragatik Arrasatera joango dira, eta laugarrenean, Arrasatetik buelta Donostiara. Lau egun horiek bost bihur daitezke.

Bideoan eragileek ere parte hartzea nahi dute sortzaileek: “Monumentuak ateratzearekin batera, polita da tokiko jendea ere agertzea”. Dancing in the Basque Country-n bezala, horiek dantzan jarriko dituzte, baina herri batetik bestera, planoz plano loturak bilatuz, bideoari jarraitutasun bat emateko.

Musika ere elementu garrantzitsua izango da ikus-entzunezkoan, baina oraindik hori lotzen ari dira. Goikoetxeak aurreratu duenez, abesti bat sortzea nahiko zaila izango da. “Ziurrenik izango da zerbait instrumentala, euskal nortasuna adierazten duena —trikitia, txalaparta…—, baina oraindik ari gara pentsatzen zein izan daitekeen aukera onena. Ondo erabaki behar dugu, gero grabaketak baldintzatuko duelako”.

Norberak ekiteko bultzada »

Donostia 2016 fundazioak iazko martxoan jarri zuen martxan Energia Olatuak izeneko diru laguntza egitasmoa, eta hurrengo astean erabaki eta jakinaraziko dituzte 2016. urteko lehenengo laguntzak, urtarrilari dagozkionak. 2015ean 66 kultur egitasmo lagundu zituzten, eta 2016an beste 55 proiektu hautatzea da asmoa. - Irakurri gehiago...