Kultura bai, eta besterik? »

Bi aste barru Europako Kultur Hiriburutza urteari ekingo dio Donostiak. Erakusketak, tailerrak, laborategiak, kontzertuak... era guztietako jarduerez osatutako egitarau zabala antolatu dute urte guztirako. Baina, herritarrek ba al dakite zergatik eta zertarako izango den hori guztia? - Irakurri gehiago...

[Donostia 2016] Goia: “Donostiarrek ulertu dute hiriarentzat erakusleiho bat dela” »

Hiriburutza proiektuak ezagutu duen hirugarren alkatea da Eneko Goia jeltzalea (Donostia, 1971). Iazko ekainaren 13an izendatu zuten alkate, eta, horrenbestez, baita Donostia 2016 Fundazioaren patronatuko presidente ere. Iritsi da 2016a. Dena prest ku…

[Donostia 2016] Inaugurazioa – Urumean izango du sorburua »

Hamar egun baino ez dira falta Donostia 2016 kultur hiriburutzak urteari hasiera emateko. Urtarrilaren 20an hasi eta bost egunez ekitaldi andana izango da hiriko bazter guztietan, egitarau mardula antolatu baitute egitasmoaren sustatzaileek. San Sebas…

[Donostia 2016] ‘Oskara’ ikuskizuna estreinatzear dira Kukai eta La Veronal »

Sorkuntza prozesuaren azken unean daude Kukai eta La Veronal dantza konpainiak. Hilabetetako lanaren emaitza taularatzeko puntuan. Izan ere, hilaren 30ean estreinatuko baitute Oskara, bi konpainiek elkarlanean sortu duten lana. Donostia 2016ko Elkarrizketak ildoaren barnean egingo dute aurkezpena.

Euskal Herriko konpainiak eta Valentziakoak (Herrialde Katalanak), berez, ez dute elkarren artean zer ikusteko handirik, dantza esparruari dagokionez mundu oso ezberdinetatik datozen bi talde direlako. Horrenbestez, eskuartean duten lana bi mundu koreografikoren batura gisako bat izango da, bi begirada ezberdinen topagune bat: Euskal Herriko kultura tradizionalean du oinarria eta sormenerako abiapuntua; baina, era berean, gaur egungo artisten ikuspegitik sortutako lana izango da.

Kukai konpainia azken urteotan egiten ari den ibilbidean beste urrats bat da Oskara. Izan ere, konpainiako kideak nazioarteko hainbat koreograforekin elkarlanean aritu dira, dantzarekiko duten ikuspegia beste ikuspegi bat duen jendearekin trukatzeko. Horri tiraka, hilabete dezente daramatzate Oskara egitasmoa lantzen La Veronal konpainiarekin. Kukaiko zuzendari Jon Maiak du ikuskizunaren gidaritza, eta La Veronaleko Marcos Morau arduratu da koreografiaz. Dantzan, berriz, Kukaiko lantaldea ariko da: Eneko Gil, Alain Maia, Urko Mitxelena, Ibon Huarte eta Martxel Rodriguez, hain zuzen. Erramun Martikorena kantariak ere parte hartuko du ikuskizunean.

La Veronal konpainiak hastapenetik ardatz nagusi bat du: munduko hainbat lekutatik abiatuz sortu dituzte ikuskizunak. Besteak beste, Islandia, Siena (Italia)… Maiak konpainiaren ildoa ezagutzen zuen, eta asko erakartzen zuen horrek, leku desberdinetako elementuak hartu eta egiten zuten irakurketa estetikoak. Hala, Euskal Herriarekin gauza bera egin zitekeela otu zitzaion, eta ideia Morauri proposatu zion. Horrelaxe jarri zuten abian egitasmoa.

Baina Morauk egiten dituen lanak ez dira dokumentalak, eta Oskara ere ez da izango. Euskal Herriko tradizioan eta mitologian arakatu eta testuingurutik atera ditu elementuak, 2015. urtean kokatuz. Horrek euskal herritarren jatorriaren berri ematen lagun dezakeela uste du, jatorria ikertzeari garrantzi handia ematen diolako.

Koreografoak Euskal Herria ezagutzen ez zuenez, iazko martxoan astebetez izan zen Maiarekin han eta hemen bidaiatzen. Jende askorekin egoteko aukera izan zuen valentziarrak; besteak beste, musika esparruan, jantzien esparruan eta mitologia esparruan.

‘Uda-gau bateko ametsa’

Horrez gain, Uda-gau bateko ametsa antzezlanean ere parte hartuko du Kukai dantza konpainiak, edo behintzat konpainiako zenbait dantzarik. Antzerkia, dantza eta musika elkartzen dituen ikuskizun bat da. Ekainaren 21ean estreinatuko dute lana, udako solstizioaren hasierarekin batera. Hain zuzen ere, lana garatzen den urte sasoian, hilabetez, gauero —euria egiten duen egunetan izan ezik— antzeztuko dute Kristinaenea parkean, 300 bat lagunentzat.

[Donostia 2016] Komikilariak kalera aterako ditu Zapart-ek »

Errotuladoreak hartu eta marrazteari ekin zioten Antton Olariaga, Ainara Aspiazu, Dani Fano, Iñaki Holgado, Patxi Huarte Zaldieroa eta Joseba Larratxe marrazkilariek Zapart komiki jaialdia aurkezteko prentsaurrekoan, orain dela zenbait hilabete. Ez da kasualitatea. Izan ere, komikia atera nahi dute kalera. Eta, horregatik, ekainaren 10etik 12ra Donostian izango den jaialdiaren atarikoa eskaini zuten. Komikilariek beteko dituzte orduan kaleak; pertsonaiek eta binetek konkistatuko dute ingurua.

Donostiako Xabiroijaleak elkarteen ekimenetik sortuta, eta hiriburutza kulturalak sostengatuta, 2016an egiteaz gain komikiaren kultura urteroko ohitura bihurtu nahi dute; are gehiago, Europako komikiaren erreferente izatea gustatuko litzaieke.

Egitaraua ez dute oraindik guztiz zehaztua; etorriko denaren zertzelada batzuk baino ez dituzte eman. Ardatzak, ordea, aski finkatuta dauzkate: zuzeneko marrazketa eta herritarren parte hartzea. Dena dela, iragarri dituzte jada zenbait ekintza. Hala, karikaturagile ibiltariak eta bertsolari eta marrazkilarien arteko saioak eskainiko dituztela aurreratu dute. Tailerrei dagokienez, ipuin kontalaritzak izango du bertan tartetxoa, bai eta gidoigintzak ere. Ildo beretik, kamishibai-a jorratuko dute, ipuinak kontatzeko ohiturazko japoniar era, istorioak eta antzerkia nahasten dituena.

Bestalde, erakusketak ere prestatuko dituzte, bai bertako egileenak, bai kanpokoenak ere. Izenak, baina, ez dituzte jakinarazi oraindik. Horrez gain, hitzaldiak, proiekzioak eta mahai inguruak izango dira protagonista. Eta komikia oinarria izanda, ezinbestean, eskuratzeko aukera egongo da. Batetik, salgai jarriko dituzte; eta, bestetik, bookcrosssing-a sustatu nahi dute —alegia, liburuak kalean uztea—, bai eta trukea ere.

Komikilariak, erdigunean

Marrazkilariak. Horiexek dira jaialdiaren ernamuin eta sostengatzaile. “Sekulako pagotxa da proiektua, zoragarria da. Asmoa sortu da nekatuta gaudelako betiko komiki azokez. Uste dugu gure lana hori baino gehiago izan daitekeela… Erakarri egin nahi dugu jendea. Beti bizi gara kobazulo batean, eta lankidetza egotea gozagarria da beti”, esan zuen Dani Fanok aurkezpenean.

Zaparten ekoiztutako ondare nagusia Donostiako Komikigunean gordeko dute. Leku garrantzitsua izango da jaialdirako.

Donostia 2016ko egitarauaren barruan, Ahotsen itsasargia-ren baitan antolatuko dute Zapart jaialdia.

Maiatzetik jositako txapela, Beñat Gaztelumendiren burura »

Hirugarrengoan bai. Bitan txapeldunorde izan ondoren, Gipuzkoako txapela jantzi zuen Beñat Gaztelumendik joan den larunbatean. Bertso eskoletan aritzen direnak aipatuz egin zuen txapeldunaren agurra, Illunben jokatutako finalean: “Bertso eskolaz bertso eskola/ belaunaldiz belaunaldi/ hau zuentzat da/ zeratelako ahots bat ematen ari/ isilik egon behar zuela/ esaten ziotenari”. Belaunaldi bereko bi bertsolarik jokatu zuten buruz burukoa, 1987an jaiotakoak biak: Gaztelumendik eta Alaia Martinek. Aurtengo txapelketan, hain justu, behin baino gehiagotan aipatu da belaunaldi aldaketa, bertsolari gazteen parte hartzea, eta baita haien maila ere.

Hari “luze, fin baina sendo batekin” lotuta egin du zortzi hilabeteko bidea Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Finalaren atarian, hala deskribatu zuen hilabeteotako jarduna Saroi Jauregik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariak: “Urrun samar gelditzen da, baina maiatzean Gipuzkoa Bertsotan jarri genuen martxan. Orduan 74 bertsolarik hasi zuten bide hori finalaren beste hari muturra da”. Maiatzaren 9an hasi zen lehia, Astigarragan, txapelketarako sailkapen fasearekin. Jendetsu bezain bizi hasi zen: hilabeteko epean, 24 saio izan ziren Gipuzkoako hamabi herritan; herri bakoitzean bi saio egun berean, goizez eta arratsaldez. Bertsolariekin batera, martxan jarri ziren gainerako taldeak ere: gai-jartzaileak, epaileak, idazkariak, laguntzaileak, bertsozaleak…

74 bertsolaritik, lehenengo 30ek lortu zuten txapelketarako sailkatzea. Jon Maia izan zen lehen sailkatua, 583 punturekin, eta haren atzetik geratu ziren Ander Lizarralde (580,5) eta Mikel Artola (577). Maiak lehen fasetik finalera arteko bidea egin zuen; beste biek, berriz, finalaurrekoetaraino iristea lortu zuten. Antton Fernandez izan zen udaberriko fase hartako azken sailkatua, 529,5 punturekin.

Txapelketa bera irailaren 20an abiatu zen, Beasainen, 43 bertsolarirekin, baina Aitor Sarriegi gabe. 2011ko txapeldunak aurten ez parte hartzea erabaki zuen. Gipuzkoako Hitza-ri urrian emandako elkarrizketan adierazi zuenez, erabakia ez zen erraza izan, beti gustatu izan zaiolako aukera daukana txapelketara aurkeztea: “Hori defendatu izan dut nik. Baina egia da nekatuta nengoela; eten bat behar nuen”.

Gipuzkoa Bertsotan fasetik sailkatutako 30 bertsolariei beste hamahiru gehitu zitzaizkien, duela lau urteko txapelketan finalaurrekoetara sailkatzea lortu zutenak, zehazki. Hamahiru horietatik sei final-zortzirenetan sartu ziren lehian, 2011ko txapelketan finalaurrekoetara sailkatu ziren baina finaletik kanpo geratu ziren seiak: Iñigo Mantzizidor Mantxi, Nerea Elustondo, Beñat Lizaso, Iban Urdangarin, Felix Zubia eta Jokin Uranga. Gainerako zazpiak finalaurrekoetan sartu ziren: Agin Laburu, Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Alaia Martin, Iñaki Apalategi eta Unai Agirre.

Kanporaketak, hiru hilez

Hiru hilabeteko tartean, sei final-zortziren, bost final-laurden, eta hiru finalaurreko jokatu zituzten. 36 bertsolari aritu ziren final-zortzirenetan, eta horietatik 23 bertsolari sailkatu ziren final-laurdenetarako, sei beren saioak irabazita, eta gainerakoak puntuazioaren arabera. Puntuaziorik altuenarekin aurrera egin zuen Jokin Urangak (457,5 puntu); Jon Maia (456,5) eta Ane Labaka (444) sailkatu ziren jarraian. Final-laurdenetan, 23 bertsolari horiei gehitu zitzaizkien aurrez sailkatuta zeuden zazpi bertsolariak. Final-laurdenetatik finalaurrekoetara hemezortzi bertsolari pasatu ziren.

Txapelketa hasi aurreko pronostikoen aurka, finalaurrekoetatik kanpo geratu ziren Jokin Uranga, Mantxi eta Jexux Mari Irazu. Mantxik Gipuzkoako Hitza-ri aitortu zion ez dagoela gustura egindakoarekin: “Txapelketak harrapatu nau trenak harrapatu banindu bezala. Ez dut hartu denborarik prestatzeko. Gustura ezin naiz egon, berez gehixeago egiteko gai banaizelako”. Irazu 1995. urtetik izan da finalista Gipuzkoakoan, eta txapeldunorde bitan, 1995ean eta 1999an. Gainera, Euskal Herriko txapelketan 1997tik etenik gabe aritu da; aurten, ordea, ez du lortu txapelketa nagusirako sailkatzea.

Beterano eta gazte

Esperientziadunak eta finaletan hasiberriak zirenak bildu ziren Illunben. Hirugarren finala zen Gaztelumendi, Maia eta Agirrerentzat; bigarrena Martin, Apalategi eta Labururentzat; eta, lehenengoa, Iguaran eta Xamoarentzat. Datu bat: ia hogei urteren aldea zegoen Maia beteranoaren eta Iguaran gazteenaren artean.

Bertsotan gainontzekoen gainetik aritu ziren Gaztelumendi eta Martin; Laburu ere fin ibili zen ofiziotan, eta buruz burukora sailkatzeko bikotean egon zen une batez, Gaztelumendirekin batera. Lehen zatiko kartzelan, arreta eman zuen txapeldunak eta txapeldunordeak nola heldu zioten kartzelakoari, ideia oso antzekoa aukeratu baitzuten. Buruz burukoa jokatu eta gero, 19 punturen aldea atera zion Gaztelumendik Martini.

“Luze” egin zitzaion saioa Gaztelumendiri, sufritu zuen, eta bertso bakoitzaren puntu bakoitza bereganatzeko borrokatu zen. Hala adierazi zion finalaren biharamunean BERRIAri: “Finala xake partida bat bezalakoa da: tentsioari gehien eusten dionak irabazten du detaile horietan”.

Inaxi Etxaberen eskutik jaso zuen txapela Gaztelumendik, “plaza ukatu zitzaion emakume bertsolarien belaunaldi oso baten ordezkari gisa”. 1955ean idatzi zituen Etxabek lehen bertsoak, eta, harrezkeroztik, ez da geratu. Gordeta ditu bizitzan idatzitako bertso guztiak. Etxaberen jardunari eta beste zenbaitenari kantatu zion Iguaranek azken agurrean: “Bereziki miresmenez/ ahotsa altxatzen lehenak/ lehen bidezidor hoiek dira/ irekitzeko zailenak/ gaur nolabait Inaxirekin/ igoko zaizkigu denak/ gu hona iritsi gintezen/ bidea egin zutenak”.

“Aurten nire ahotsa hobeto topatu izanak betetzen nau” »

"Nekatuta" sentitzen zen Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela jantzi biharamunean. Larunbateko finalean bertso bakoitzaren puntu bakoitza borrokatu zuen. - Irakurri gehiago...

Finalaren atarikoen begirada »

Azkenera iritsi da Gipuzkoako bertso txapelketa. Parte hartu duten 87 bertsolarietatik zortzik soilik dute biharko Donostiako final handiko oholtzan lekua. Gainerakoek, beheko lerrotik ikusiko dute finala. Finalaren atarian geratu diren hainbat begirada jaso ditu ‘Hitza’-k. - Irakurri gehiago...

Oraingoz, txapela publikoari »

Finalaren atarian, zaleen erantzuna nabarmendu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, kopuruari zein jarrerai dagokionez: "Harrigarria izan da, luxu bat". - Irakurri gehiago...

Plaza bete eskusoinu, 40 urte beteta »

1975eko apirilaren 20an, duela 40 urte antolatu zuen lehenengo akordeoi lehiaketa Gipuzkoako Konfederakundeak, Tolosan. Eskusoinua “indartzea” zuten orduan helburu, eta, urteekin, sendotuz eta hedatuz joan da hauspoa. 1988tik aurrera Arrasatek hartu zuen lehia, eta 1992an nazioarteko musikariei ireki zizkion ateak, Arrasate Hiria izenarekin. Egun, erreferentziazko jaialdietako bat bilakatu da soinu jotzaile gazteentzat. Gaurtik igandera bitarte, “munduko akordeoi hiriburu” bilakatu da Arrasate. Hirurehun musikari baino gehiago bilduko dira herrian, hiru txapelketatan: Arrasate Hirian, Gipuzkoako Akordeoi Jaialdian eta Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketan.

Hamahiru musikari ariko dira Nazioarteko 23. Arrasate Hiria Lehiaketan —euskal herritarrik ez dago—. Gaur jokatuko dituzte kanporaketa faseak, Amaia antzokian; igandean, berriz, azken fasea izango da, eta 20:00etan banatuko dituzte sariak. Ekitaldi horretan, Oroitz Maiz soinu jotzaile gabiriarra omenduko dute —otsailean hil zen—. Gipuzkoako hainbat lehiaketatan aritu zen, bai parte hartzaile, bai antolaketa lanetan.

Akordeoi jotzaileen artean bezala, epaimahaikideen artean ere izen handiko musikariak daude. Antolakuntza saiatzen da bi urte baino gehiago jarraian ez ekartzen, Aitor Furundarena Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteko lehendakariak aurkezpenean azaldu duenez. Aurten, hauek izango dira epaileak: James Crabb (Eskozia), Stefan Hussing (Alemania), Vojin Vasovic (Serbia), Iñaki Alberdi (Euskal Herria) eta Matti Rantanen (Finlandia).

Haur eta gazteen saioak

Musikariek elkar ezagutzeko plaza zabala izango da Arrasate. Nazioarteko lehiarekin batera, beste bi topaketa ere izango dira, ohi bezala: akordeoi jaialdia eta akordeoi lehiaketa.

Jaialdian 267 haur eta gazte ariko dira, igandean. Lehia gabeko saioa da, “ikasleentzako lehenengo hurbilketa”. Horren bitartez, aukera eman nahi diete akordeoiarekin lehenengo urratsak egin dituzten haurrei eta ikasketa sakonago batera hurbiltzen ari direnei. Hiru gunetan egingo dute, goiz eta arratsaldez: Amaia antzokian, Kulturaten eta Arizmendi ikastolan.

Gipuzkoako Lehiaketan, berriz, 25 gazte ariko dira bihar, Amaia antzokian eta Kulturaten. akordeoi ikasle edo jotzaileentzat da, eta hiru mailatan lehiatuko dira: haurren mailan —13 urte artekoak—, gazteenean —14tik 17 urtera artekoak— eta senior mailan —18 urtetik gorakoak—.

Txapelketa eta jaialdietatik kanpo, beste zenbait saio ere izango dira egunotan. Arrasate Hiriko iazko irabazleak, Marko Sevarlic serbiarrak, hainbat kontzertu emango ditu: gaur, 20:00etan, Arrasateko kultur etxean; bihar, 20:00etan, Aretxabaletako kultur etxean; eta igandean, Donostiako Kutxako Andia aretoan, ordu berean.

Berrikuntza modura, interprete eta akordeoi irakasleentzako ikastaro bat antolatu dute. James Crabbek emango du, hilaren 7 eta 8an, Kulturaten —Arrasate Hiria lehiaketan epaile izango da—. Akordeoi klasikoak “munduan dituen enbaxadore garrantzitsuenetako bat” da Crabb, antolakuntzaren arabera.