Udaletan hegemonia garbirik ez »

Udal hauteskundeen osteko mapak kolore bakarrekoa zirudien duela lau urte. Bilduk nagusitasunez irabazi zuen Gipuzkoan, eta udaletan ere inoizko udal kopuru handiena lortu

2.834 »

gosari osasuntsuen kanpainan aritu diren haurrakGosariaren garrantzia azpimarratzeko kanpaina eskoletara eraman du beste urte batez Bihotz Bizi elkarteak. Guztira, 59 eskolatako 2.834 haurrek parte hartu dute Gipuzkoan; azkenak, aste honetan, Elgoibar…

Herriarentzat, herriarekin bat »

Urteen poderioz aldatuz joan da Eibarko Euskal Jaia, baina beti izan du helburu euskal kultura sustatzea. Horrekin batera, beste helburu inportanteetako bat herriko taldeen eta herritarren parte hartzea du. “Euskal kulturak hartzen dituen arlo guztiak jorratu eta bultzatzea da Euskal Jaiaren oinarria, hizkuntza barne, uste baitugu hor hutsune bat dagoela, tamalez”. Hala dio Mariano Luke Eibarko Klub Deportiboko Kultura batzordeburuak. Lukek hamazortzi urte daramatza jaia antolatzen. Aurten 50 urte beteko ditu Eibarko Euskal Jaiak. Horregatik, beste dimentsio bat ere hartuko du: bai ekintza aldetik eta bai aurrekontu aldetik ere.

Arrate kultur elkarteak antolatu zuen Eibarko lehen Euskal Jaia, 1965. urtean. Garai hartan, Umeen Euskal Jaia izena zuen. Luis Aranberri Amatiño 1963an hasi zen Arrate kultura elkartearen Euskara Batzordean, 18 urte zituela; 1970era arte jardun zuen batzordean buru-belarri. Herrian batzorde hark antolatzen zituen lehen euskara ikastaroak, txistu eskolak, euskarazko hitzaldiak, bertso ekitaldiak, antzerki saioak eta kantaldiak. “Orduantxe azaldu ziren estreinakoz Eibarren, besteak beste, Lasarte eta Uztapide bertsolariak; Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Lurdes Iriondo abeslariak; Jarrai antzerki taldea, Carlos Garaikoetxea, Xabier Mendiguren eta Ramon Saizarbitoria hizlariak…”. Urtean behin antolatzen zuten Umeen Euskal Jaia, baina urtean zehar beste hainbat ekitaldi ere egiten zituzten.

Deban, Eibarren baino urtebete lehenago sortu zuten Euskal Jaia, 1964an. “Nagusiena zen Debakoa, eta erabateko karga politikoa, sinbolikoa eta aldarrikatzailea izan zuen, erregimen frankistari batere gustatu ez zitzaiona”. Eibarren, ordea, “legezko baimenak lortzeko zeharbidetik” jo zuten Arratekoek, umeen eta gaztetxoen bidetik: “Eibarko haurren euskal jaiak ere aldarri politikoa eta sinbolikoa zuen; jakina, lehenengo kartela ikusi besterik ez dago, baina nolabait haurrez mozorrotua. Gainera, orain ulertzea zaila den arren, 1965ean seme-alabak brusa beltzarekin edo txapel gorriarekin jantzi ahal izatea aldarrikatzailea zen”.

“Herri guztia” biltzen zuen Umeen Euskal Jaiak Eibarren. Hala dio Amatiñok: “Batetik, Euskal Herri guztiko dantza taldeek nahi izaten zuten Eibarko Euskal Jaira etorri; eskabide zerrenda zegoen”. Bestetik, kanpotik etortzen ziren dantzari eta txistulari denak etxeetan eta soziedadeetan banatzen zituzten bazkaltzeko. “Ehunka ume batean eta bestean banatzeko sekulako logistika behar izaten genuen. Kontuan izan orain edozein herritan dagoela euskal jairen bat. Baina, orduan, 1960ko hamarkadaren azkenetan, Eibarkoa zen bakarra edo bakarrenetakoa”.

Eibarko Umeen Euskal Jaia Euskal Jaiak izatera igaro zen, eta aurten urrezko ezteiak beteko ditu; baina urte batean ez zen antolatu, 1969an. Ez zen debekua izan arrazoia Lukeren esanetan; “beste arazo batzuengatik ez zen egin”. Arrate kultur elkarteak lehen bederatzi urteetan antolatu zuen, eta, gero, Eibarko Klub Deportiboren esku gelditu zen lan hori: “Modu sano batean hasi zen Deportiboa antolatzen. Arrateko batzuek utzi egin zioten, eta Deportiboko beste batzuk hasi ziren lan horretan”.

Orain dela 11 bat urte arte, haur dantzariak izaten ziren Euskal Jaietako protagonista. Lukek hala dio: “Ni Euskal Jaia antolatzen hasi nintzen garaian, 800-1.000 haur elkartzen ziren dantzarako. Berrehun bat Eibarkoak ziren, eta besteak, kanpoko herrietatik etorritakoak. Gero, hori utzi egin zen”.

Haur dantzarien bilkura haren lekukoa Ezpalak Nazioarteko Dantza Jaialdiak hartu zuen gero. Aurten 10. aldiz egingo da, Eibarko Kezka dantza taldeak antolatuta. Aurten, igandean egin beharrean, larunbatean egingo dute. Aldaketa horrek badu arrazoi bat: igandean, Euskal Jai Egunean, lehen dantzan ibilitako eta gaur egun ari diren berrehun eibartar inguru ariko dira dantzan. “Aspalditik ari dira entseatzen”.

Oro har, Euskal Jaia herriarentzat eta herritarrekin batera antolatzen dela dio Klub Deportiboko kideak. Horregatik, arloz arloko herriko taldeekin antolatzen dituzte ekintzak. “Eibar oso herri aberatsa da kulturan; eragile asko dago. Baina ez dago oso koordinatuta, instituzioek eta, batik bat, udalak ez duelako lan egiten aberastasun hori guztia bideratzeko”.

Hiru egunetako ekintzek aurrera egin dezaten, taldeen laguntzaz gainera, ehun bat pertsonarena dute Deportibokoek.

Hiru jai egun

Euskal Jaiaren 50 urteen inguruko liburua eta dokumentala aurkeztu zituzten asteazkenean. Jaia bera gaur arratsaldean hasi eta igandera bitartean egingo dute. Kalian Jolasian ekitaldiarekin hasiko dituzte ekintzak. Gero, kontzertuak dira: Makala Jazzfunkband, Espaloian, Hesian eta eMePebo5t.

Bihar, berriz, eskulangile eta baserritarren azokarekin hasiko dute. Azokaren erdian, herri kiroleko izango da. Arratsaldean, berriz, Ezpalak Nazioarteko Jaialdia da. Eta, gero, kantu afaria. Bihar eta etzi bitartean, hiru erromeria egingo dituzte.

Etzi, berrehun dantzarien emanaldia da. Ondoren, bi erromerien artean herri bazkaria.

“Magikoa eta polita da baleontzia egiteko prozesua” »

Kasualitatez hasi zen Eider Bergaretxe (Oiartzun, 1988) Pasaiako Albaola itsas faktoriako bisitetako gida lanean: “Museo gisa zabaldu behar zutenean, gidak behar zituztela esan zidan lagun batek; iazko ekainean aurkeztu nintzen, eta hartu ninduten”. Artearen Historia ikasi zuen, Gasteizen, eta beste museo batzuetan ere aritu izan da lanean: gida lanetan, haurrekin eskulan tailerrak egiten… Baina ez zuen inoiz itsasoarekin lotutako ezertan lan egin: “Berria izan da niretzat, eta aukera paregabea gaiarekin lotutako gauzak ikasteko”.

Museoa ireki, eta harrera gunean egon behar izaten du, joaten direnei arreta eskaintzeko eta Albaolan zer ikusiko duten azaltzeko. Lau hizkuntza baliatzen dituzte egunerokoan. Bisita luzeak euskaraz eta gaztelaniaz egiten dituzte, baina ingelesez egitea ere egokitu zaio noizbait; bisita laburretan, berriz, ingelesa eta frantsesa praktikatzeko aukera izaten du.

Bisitak hiru espaziotatik igarotzen dira: erakusketa gela, tailerra edo itsas antzokia —arotzak lanean aritzen diren gunea eta ekintza kulturaletarako baliatzen dena—, eta estalpea. Azken horretan, San Juan baleontziaren erreplika egiten ari dira: “Oso garrantzitsua da ontzia egiteko prozesua bera, berriz baleontzia egiten ikastea nahi dugulako; beraz, eguneroko prozesuak esanahi handia du. Polita da, magikoa. Noski, barkua egina egotea eta horrekin nabigatzea ere nahi dugu, bidaia egin dezan Kanadara”. Bergaretxeri oso polita iruditzen zaio arotzek egurra nola lantzen duten ikustea: “Pasio bat da eurentzat lan horretan aritzea. Euren jakintza transmititzen digute”. Bertako arotzez gain, ikasle batzuk praktikak egitera joaten dira, inguruko ikastetxeetatik eta atzerriko arotzeria eskoletatik: “Tailerreko lanetan laguntzen dute, eta barruko beste ontzi batzuk egiteko prozesuan parte hartzen dute. Ideia, izatez, Albaolan bertan arotzeria eskola bat egotea da, jendeak egurrezko barkuak egiten ikas dezan”.

Albaolan itsasoan bustitzea eta iraganera bidaiatzea posible dela iruditzen zaio Bergaretxeri: “Erakusketek, giroak, usainak egurraren eta itsasoaren mundura eramaten zaituzte; gainera, itsasoaren ondoan gaude, eta ezinezkoa da giro horrekin ez bustitzea”. Dioenez, bisitariek ez dute espero barruan ikusiko duten guztiarekin topo egiterik: “Erakusketa txikiren bat-edo dagoela pentsatuta etortzen dira, baina, bisita amaieran, barkua nola egiten ari diren ikustera joandakoan, erabat harritzen dira”. Hori izaten da bisitariak berriz itzultzeko arrazoietako bat: “Baleontzia egiteko lanak lotura sortzen dio jendeari, eta batzuek gogoa izaten dute nola handitzen ari den ikusteko”.

Haurrentzako tailerrak ere antolatzen dituzte, eta, erakusketa gelan dagoena haiei bideratzeko, Txo pertsonaiaz baliatzen dira: “Koadernotxo batzuk ematen dizkiegu, erakusketak iraun bitartean bete behar dituztenak. Ondoren, baleen, txalupen eta itsas munduarekin lotutako beste hainbat konturen eskulanak egiteko aukera izaten dute tailerretan”.

Berari ere ikasteko balio izan dio Albaolan gida lanean aritzeak, ontzigintzaren mundua oso arrotza baitzitzaion: “Aurrekoen ondarea deskubritzea bezala izan da; ezagutzen ez nuen jakintza batekin egin dut topo. Gainera, bisitetara etortzen diren batzuek ezagutzen dute mundutxo hau, egurra landu izan dutelako edo; eta asko ikasten dugu haiek kontatutako gauza bitxietatik”. Izan ere, arbasoen bizimoduaz, lan egiteko moduaz informazio esanguratsua ematen dute Albaolan: “Askorik ezagutzen ez dugun historia bat da; arrotza zaigu, eta ikasi beharko genuke”.

Euskal Herria baserri munduarekin edo landa eremuarekin lotu ohi dela dio Bergaretxek, baina itsasoarekin ere oso lotuta egon da: “Ontzigintzan aritzea, edo ontzietarako egurra izateko haritzak landatzea, ontzi horiek sagardoz betetzeko lana egitea… Istorio asko daude barku horien atzean; eta euskal gizartearen zati batek, modu batera edo bestera, lan egin du horretarako”.

Okupazioa argitara ateraz »

Okupazioaren inguruko informazio gunea eta topagunea da Donostia aldeko Okupazio Bulegoa. Kaxilda liburu dendan du egoitza, Donostiako Arroka kalean. Gipuzkoako okupazio esperientzien sarea osatzea da haren helburuetako bat. Horrez gain, okupazioaren …

7.200 »

Gipuzkoan epilepsia duten pertsonak

Epilepsiaren Nazioarteko Egunaren harira —igandean izan zen—, Gipuzkoako Epilepsia Elkarteak erakundeei eskatu die gaixotasuna ikertzeko baliabideak jar ditzatela, gaixoen eta haien familien bizi-baldintzak hobe daitezen. Gipuzkoan 7.200 bat lagunek dute epilepsia.

Libre, baina elkartzeko beharrez »

. Tolosatik banandu eta hamar urtera Alegia eta Orendainekin batu zen Ikaztegieta, Aizpuruako Batasunean, irauteko. Ondoren Altzo elkartu zitzaien. Orain gutxi arte, 1967tik 1989ra, Iruerrieta udalerria osatu zuen Orendain eta Baliarrainekin.Histor…

TS Fundiciones, berpizteko bidean »

Uda amaitzerako jarduera berriro martxan egotea espero dute Zestoako TS Fundicionesen. Aste honetan jakinarazi du Pedro Malagon epaileak Shandong Iraeta Wind Power Flanges Manufacturesen esku utziko duela planta, hau da, Gonvarriren esku. 2014ko azaroan konkurtsoan sartu zen enpresa, eta 150 langilek postua galdu zuten. Planaren arabera, 121 lanpostu berreskuratuko dituzte. LABek eta ELAk begi onez hartu dute lantegia Gonvarriren esku geratu izana —irudian, LABen bilera langileekin—.

“Polita izan daiteke gogorra, umorezkoa edo fantasiazkoa” »

Gaztetan irakasle izan zen Iñaki Zubeldia (Ikaztegieta, 1945). Irakasle izanik konturatu zen 1970eko hamarkadan euskarazko materiala oso eskasa zela, batez ere haurrentzat. “Tolosako Isaac Lopez Mendizabalen Xabiertxo, Umearen laguna eta Martin Txilibitu, beste libururik ez zegoen”. Horrek eraman zuen hizkuntzaren pedagogia ikasi eta materialak egiten hastera. Irakaskuntza utzi, eta testuliburuak eta haur literatura jorratzera dedikatu izan da. Lanetik erretiroa hartuta badago ere, ez dio idazteari utzi, eta haurrentzako bere 34. argitalpena atera berri du, Leize-zuloko misterioa, Ibaizabal argitaletxean.

Irakurle gazteentzako liburua da Leize-zuloko misterioa. Zeri buruzkoa da istorioa?

Neska kuadrilla bat Arrikruzko leize-zuloan sartzen da. Han dago Iberiar Penintsulan aurkitu den leize-lehoi hezurdura oso bakarra; haren irudia dago, eta iruditzen zaie begirada tristea duela, baina ez dakite zergatik. Gauean, neska horietako batek amets bat izaten du: lehoi amak esaten dio bere kumearen hezurrak leizearen barruan daudela, hiru kilometroko sakoneran, eta nahi lukeela hezur horiek atera eta bere ondora eramatea, babesean egon dadin. Neskak ametsa kontatzen dio kuadrillari, eta taldeak beretu egiten du proiektu hori.

Zure bizipen batean oinarrituta dago istorioa, ezta?

1966an, zortea izan genuen batetik, eta zoritxarra bestetik: Maroto Valladolideko lagun bat eta biok, Arantzazun ikasle ginela, sartu ginen leize-zulora sei orduko baimen batekin. Hezurdura oso bat topatu genuen, handia, baina hasieran pentsatu genuen leize-zuloetako hartza zela, eta gero jakin genuen leize-zuloetako lehoia zela. Berandutzen ari zenean, nahastu, eta ezin atera geratu ginen. Izugarrizko estresa izan zen momentuan lur azpian hiru kilometroko sakoneran itxita sentitzea, kaiola batean bezala, eta ezin atera. Hamabi ordu pasatu genituen, eta haluzinazioak izan genituen. Pentsatzen genuen ez ginela handik aterako. Bazekiten kobazuloan geundela, baina ez zen inor etortzen gure bila. Azkenean, goizeko bostetan, Berastegiko Jesus Nazabal eta haren lagunak etorri ziren behi-adarra joaz, eta salbatu gintuzten.

Askok pentsa dezakete erraza dela gazteentzat edo haurrentzat idaztea. Zuk zer diozu?

Niretzat nahiko erraza da; agian, helduentzat idaztea baino errazago. Gaztetatik, haurren munduan hasi nintzen Zarautzen, irakasle, eta behar handiak ikusi nituen orduan: Txanogorritxu ez zegoen euskaraz garai hartan. Hasi nintzen umeentzako lanak egiten, literatur lanak ere bai, eta batzuk, album modukoak. Ohitzen zara teknika horretan, umeentzako lan atseginak egiten, eta niretzat ez da hain zaila. Bai egin behar duzu esfortzua umeen mentalitatean jartzeko. Haien adin psikologikoa kontuan hartu behar da: izan dezakeen lexikoa eta hizkuntz bagajea.

Zeri ematen diozu garrantzia gazteentzat idazten duzunean?

Normalean, istorio polita etor dadila burura. Polita izateak ez du esan nahi oso poetikoa izatea; izan liteke tristea. Badut liburu bat Ama izena duena, eta, horretan, kontatzen da bularreko minbizia duen 36 urteko ama bat hil egiten dela. 7-8 urteko alabak kontatzen du istorioa. Gogoratzen dut liburua pasatu niola Ikaztegietan asko irakurtzen zuen neska bati; nire liburu asko haren eskuetatik pasatzen ziren publikatu aurretik. Neskak, liburua bukatu zuenean, esan zion amari: “Penagarri-penagarria da, baina irakurri dudan gauzarik politena”. Beraz, polita izan daiteke gogorra, umorezkoa ere bai, edo fantasiazkoa, baina izan dadila istorio bat umearengan zerbait utziko duena.

Helduentzako libururik idatzi duzu?

Haur literatura aztergai izeneko bi liburu mardul: haur literaturako kritikak, analisiak, elkarrizketak eta abar jasotzen ditu. Gero, hasia dut, 50 folio idatzita, arrantzale galiziar baten istorioa, baina bukatu gabe dago oraindik.

Guztira, haurrentzako 34 argitalpen atera dituzu. Zure eskarmentutik, nola ikusten duzu haur literatura?

Produkzio aldetik, oso egoera onean; irakurle aldetik, egoera kaxkarragoan. Pena hori da. Bestalde, Idazleak ikastetxeetan egitasmoak asko mugitzen du, eta irakurketa bultzatu: eskolak konpromisoa hartzen du liburua irakurtzeko; gelan analizatzen dute; galderak prestatzen dituzte idazlea joaten denerako… Horrek feedback fenomeno bat sortzen du. Tolosako liburutegian esan didate, adibidez, idazleren bat eskoletara etortzen denean haren obra gehiagoren bila joaten direla liburutegira.

Leize-zuloko misterioak liburuak nolako bidea izango duela uste duzu?

Idazle denek nahi izaten dute euren liburuak asko irakurtzea. Interesgarria da guretzat irakurlea izatea atzean. Irakurleak irakur dezala, eta, gustatu bazaio, egin duzun lana balekoa da. Konkretuki liburu honekin, esperantza handia dut; dezenteko zabalkundea egiten ari naiz.

Emaitza bakarra: hamarra »

Zaila. Bera Bera eskubaloi taldeak hitz horrekin definitu du lehen kolpean aurtengo denboraldia. Eta polita, gelditu zaien sentsazioa.

Kirolean zein pertsonalki izan dituzte zailtasunak zein momentu gogoangarriak. Espainiako Liga hirugarren urtez jarraian irabazi dute, horrek dakarren sekulako lanaren zamarekin, baina, era berean, ereindako fruituez gozatzeko sentsazio gozoarekin. Entrenatzailea aldatu aurretik momentu zailak izan dituzte, eta aldaketa horrek berak zer ekarriko zuen, tentsio hori ere egon da. Taldekide baten heriotzak ere denboraldia belztu du.

Guztiaren gainetik, ordea, hamar borobil bat eman dio denboraldiari Tati Garmendia Bera Berako kirol zuzendariak: “Oso konplikatua eta zaila da hiru urtez jarraian liga irabaztea. Gainera, liga oso estu egoten da; lau talde daude goian, eta ez da hain erraza garaipenak eskuratzea, are gehiago denboraldi honetan izan ditugun zailtasunak kontuan hartuta. Nahiz eta Erreginaren Kopa ez irabazi, hamar bat ematen diot denboraldiari”.

Lortutakoa lortzeko sekretu gutxi: lana gogotik egitea. “Talde honetako jendeak kalitate handia du, eta, horrez gain, oso-oso lehiakorrak dira. Kalitatea, lana eta lehiakortasuna elkartzen badira, hori oso positiboa da, eta lorpenak etortzen dira”.

Jokalariek ere bat egin dute kirol zuzendariaren iritziarekin. Zailtasunei aurre egiten jakin dutela nabarmendu dute Esther Arrojeriak, Nagore Arizagak eta Uxue Ezkurdiak. “Ondo egokitu gara, eta lan asko egin dugu”, adierazi du Ezkurdiak. “Bai, konplikatua izan da, baina, oso lotuta gaudenez, aurrera atera gara, eta bukaera polita eman diogu”, gehitu du Arrojeriak.

Ondorio nagusi bat atera du Garmendiak denboralditik: denboraldi berean gauza askori aurre egin behar izaten dietela eta ikusi dutela taldeak zailtasunei aurre egin diezaiekeela. Entrenatzailea aldatzea gakoetako bat izan da. Aitor Etxaburu izan dute entrenatzaile denboraldi hasieran, baina taldea ongi ez zegoela jakinarazi zioten jokalariek kirol teknikariari, eta zirt edo zart egin beharra zegoen: “Apustu arriskutsua izan da, nire postua galtzear egongo litzateke gauzak gaizki ateraz gero. Lider zihoan talde bateko entrenatzaile bat ordezkatu genuen, eta hori arriskutsua zen. Baina taldea ez zegoen ongi, eta horrela jakinarazi zidaten. Askotan zeure buruari ez diozu garrantzirik eman behar eta guztiaren gainetik taldea jarri behar duzu”. Montse Putse kataluniarra aritu da entrenatzaile lanetan.

Babeslearen esperoan

Zailtasun ekonomikoen gainean ere hitz egin du Garmendiak: “Zor bat dugu, eta pixkanaka tapatzen ari gara; helburua hemendik hiruzpalau urtera zorrik ez edukitzea da. Egia da ez dagoela arazo ekonomiko larri bat, baina beti gehiago nahi duzu, eta bide horretatik taldekideen egoera hobetu”. Taldekideen kontratuak hobetzea, esaterako: “Kirolari bati kontratua hobetu nahi diozu errendimendu ona duelako, baina ezinezkoa da aurrekontu bati lotuta zaudelako”.

Orain urte batzuk denak profesionalak ziren taldean, eta duela lau urte eta bi urte murrizketa “oso handiak” egon ziren —200.000 euroko murrizketa aurrekontuan—. Hori horrela, talde guztia profesionala izatea “ezinezkoa” da, eta gaur egun semiprofesionala da. “Hori bai, talde osoak Gizarte Segurantzan kotizatzen du. Gurea talde bakarra da, edo bakarrenetakoa, Gizarte Segurantzan kotizatzen duena, taldekide guztiak esan nahi dut. Kirolari ordu asko eskaintzen dizkiozu, eta zure lan moduan azaltzea oso garrantzitsua iruditzen zait”. Jendearen konpromisoa ere bide beretik doala adierazi du, “profesionala”. Emakumeek ere kirol bat edukitzeko eta horretara dedikatzeko “eskubidea” dutela iritzi dio.

Zailtasun handiena finantzaketa pribatua aurkitzea da. Erakundeek babesten dute, baina argi du diruak finantzaketa pribatutik etorri behar duela: “Ezin gara soilik publikotik bizi”. Aurten bi babesle atera zaizkie, baina babesle indartsu baten esperoan daude. “Hori da behar duguna”. Iritsiko dela ziur dago: “Bera Berara batzea proiektu indartsu eta sendotu bati batzea da. Balio garrantzitsu batzuk ordezkatzen ditugu, garaipenez aparte. Nik uste garaipenek ez dutela beti egon behar babesle bati lotuak, eta hala izan ohi da askotan, gainera”.

Emakumeen eskubaloiak publizitatean eta gizartean erakargarritasuna baduela iruditzen zaio kirol zuzendariari, eta komunikabideetan toki gehiago duela ere bai. “Telebistan, hala ere, oraindik pauso bat dago emateko. Jendeak eskubidea du eskubaloi femeninoa telebistan ikusteko”.

Aitorpen horretan Espainiako Eskubaloi Selekzioak lortutako garaipenek zerikusia dute Garmendiaren irudikoz. Harmailetan ikusle gehiago daudela nabaritu dute Bera Berako kideek, “eta hori pozgarria da benetan”. Eskubaloian emakume eta gizonen desberdintasunez hitz egitean, Garmendiak uste du gaur egun ezin dela horretaz hitz egin, “krisiak gizonen eskubaloia ere jo duelako”.

Desberdintasunak zeuden garaian, beraz, ekonomikoak ziren batik bat. Bere jokalari garaiak gogoratu ditu horri erreferentzia eginez: “Garai batean desberdintasunak handiak ziren. Selekzioan ere emakumeek lan bera egiteagatik gutxiago kobratzen zuten. Nire garaian, kopuru bera kobratzen zuten neska onenak eta aulkian jokatu gabe egoten zen mutilak”.

Zehaztapenak ere egin ditu: “Egia da garai hartan neskek ez zituztela gizonek adina garaipen lortzen, baina lortzen hasi zirenean ere ez zen inon islatuta azaldu. Aitzakia bezala garaipenak erabiltzen ziren lehen”. Hala ere, alderaketak egitea ez zaio gustatzen, “agian gizonek gehiago sortzen dutelako”, baina argi du bakoitzak berea aldarrikatu behar duela, eta desberdintasunak baldin badaude gutxitu egin behar direla.

Kirola, lana eta ikasketak

Esther Arrojeria eta Uxue Ezkurdia ikasleak dira goi mailako kirolariak izateaz gain. Arrojeria Erizaintza ikasten ari da, eta Ezkurdia, Enpresaritza. Euren denbora hobeto antolatzea dute erronka, bi gauza uztartu ahal izateko. Biek ala biek goizez dituzte klaseak, eta, entrenamenduak arratsaldez direnez, nahiko ongi moldatzen dira. Gainera, goi mailako kirolariak izanik, unibertsitatean erraztasunak ematen dizkietela adierazi dute: azterketen datak aldatzeko, klaseak galduz gero irakasleen laguntza dute… Kirola eta ikasketak uztargarriak direla diote.

Zaila dena eskubaloitik soilik bizitzea da, eta horren adibide da Nagore Arizagaren erabakia: taldea utziko du. Erizain lanetan dabil, eta bere kasuan zailtasunak egon badaude: “Bi gauzak aldi berean egiten saiatu naiz, baina zaila da goi mailako kirol bat eginez bi gauzak uztartzea. Egunero entrenatzen gara, eta asteburuetan partidak ditugu. Denbora asko kentzen dizu”. Ikasten zebilen bitartean, eskubaloian izaten zuten bi hilabeteko atsedenaldia aprobetxatzen zuen praktikak egiteko.

Asko pentsatutako erabakia izan da Arizagarentzat: “Hainbeste urte eskubaloian ibilita, nire egunerokoan zegoen”. Aurrerantzean harmailetatik ikusiko ditu partidak: “Ea zenbateko inbidia pasatzen dudan!”. Bere ibilbidea gogora ekarriz, hasierako garaiak “gogorrak” izan zirela gogoratu du. Ikastetxetik atera eta entrenatzera joaten zen. Lehenengo bi urteetan gazte mailan bere taldearekin entrenatu eta gero, egun batzuetan Bera Berara joaten zen, entrenamentu saio bikoitza egitera. Handik atera eta etxera joaten zen ikastera. Sentsazio ezin hobearekin bukatu du, ordea, bere goi mailako kirol ibilbidea: “Ezagutu ditudan pertsonak geratuko zaizkit gogoan. Hainbeste bidaia, ordu… lagun handiak egin ditut. Kiroletik harago, pertsona moduan asko ikasi dut”.

Arizaga ez da taldea utziko duen bakarra; beste hiru ez dira hurrengo denboraldian Bera Beraren parte izango. Patri Elorza eta Maria Nuñez Frantziako Ligara doaz, eta Amaia Azanzari ez diote kontratua berritu. Garmendia kirol zuzendariak dioenez, normalak dira jokalarien joan-etorriak, baina baikorra da hurrengo denboraldiari begira: “Ez dut inongo zalantzarik talde lehiakor bat osatuko dugula”.