Autobusak ez dira garaiz iritsiko »

Atzeratzen ari da Atotxako geltokiaren inaugurazioa. Bi urteko lanen ostean, azken asteotan, jaiegunetan ere lanean ari dira beharginak, 2016an eduki dezaten erabiltzaileek geltoki berria. - Irakurri gehiago...

Oraingoz, txapela publikoari »

Finalaren atarian, zaleen erantzuna nabarmendu du Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, kopuruari zein jarrerai dagokionez: "Harrigarria izan da, luxu bat". - Irakurri gehiago...

Ihesean atxikiak akorduan »

Aitortzak eta justiziak beste urrats bat egingo dute bihar Villabonan. Kontzentrazio esparruetan egon ziren herritarrak omenduko dituzte herrian, memoria jorratzen diharduten bi elkarteren eskutik: Villabonako Aritza Kultur Elkarteak eta Errenteriako La Ilusion elkarteak antolatu dute Akordatzen garelako bizirik daude omenaldia. 12:00etan izango da, Errebote plazan. Zehazki, La Ilusion elkarteak martxan duen proiektuaren barruan kokatzen da ekitaldia: Mauthausenen (Austria) egondako gipuzkoarren etxe atarietan plakak jartzeko ekinbidea gauzatzen ari da. “Historiak ez die inoiz aitortzarik egin pertsona horiei. Kontakizunaz hitz egiten da, baina noiz hasten da kontakizun hori? 1960. urtean? Hori da, esaterako, arlo horretan Jaurlaritzari egin diezaiokegun kritika”, dio Esti Amenabarro Iraolak, Aritza Kultur Elkarteko kideak.

Mauthausen, Argeles (Herrialde Katalanak) eta Gurseko (Frantzia) kontzentrazio esparruetan egon ziren billabonatarrak preso. Bederatzi herritar ditu dokumentatuak Aritza elkarteak, eta bihar bi gogoratuko dituzte bereziki: Adolfo Lozano Olazabal II.Errepublikan armadako teniente izana eta Alberto Beafourt Mauthausen kontzentrazio esparruan egondakoa —1940ko udatik Mauthausen-Gusen deitua—.

Biharko ekitaldian egongo direnetako bat da Concepcion Lozano Bengoa, Lozanoren alaba. Ez zuten elkar ezagutu: “Oso gutxi genekien Adolforen kasuari buruz. Arakatzen aritu gara, eta alabarekin egin dugu topo. 90 urte ditu. Honela esan zidan: ‘Zuk nire aitaz nik baino gehiago dakizu’. Berarentzat ilusioa sekulakoa da”. Aita gerran zela geratu zen haurdun Concepcion ama, senarrari egindako bisita batean.

Irakaslea zen ogibidez Lozano Olabazal, Hernanin, eta ofizio hori utzita, armadan egin zuen bere ibilbide profesionala. 36ko gerraren lehen lerroan borrokan aritu zen. Artilleriako teniente izan zen 1937an, 137. Brigada Mistoan, eta kapitain urtebete geroago. Herrialde Katalanetan jardun zuen nagusiki.

Gerra galdu zuten errepublikano askok bezala, ihesari ekin zion, Frantziarantz. Alemanek lurraldea okupatu zutenean, ordea, ihesean zihoazen errepublikanoak atxilotzen hasi zen Gestapo, nazien polizia. Hark atzeman zuen Lozano ere. Hainbat kontzentrazio esparrutatik igaro zen: Saint Cyprien, Gurs, Treves, Mauthausen-Gusen… Azken horretan hil zen, 1941eko azaroaren 7an. Aritza elkarteak dokumentu bakarra topatu du haren heriotzaren inguruan, Mauthausenetik bertatik jasoa: biriketako pneumoniak jota hil zen, idatzi horren arabera. “Kasu askotan ageri da arrazoi hori, eta artxiboan lan egiten dutenek ere esaten dute, ez dela oso fidagarria”.

Lozanoz gain, Alberto Beafourt billabonatarra ere Mauthausenen eduki zuten. Herrikideak ez bezala, hura libre geratu zen, 1945eko maiatzean. Europan III. graduko eremu izendatzen zituzten kontzentrazio esparruetako bat zen Mauthausenekoa, eremu gogorrenetariko bat. “Auschwitz modukoa zen; han gehiago zeuden errusiarrak-eta; Mauthausenen, berriz, Espainiatik ihes egindakoak gehienbat”. Alemania nazian sortutako lehen eremu jendetsuetako bat izan zen, eta heriotza tasarik handienetakoa zuen. Guztia legez babestutako esparru batean gertatzen zen: “Biolentzia erabiltzeko egiturak ziren, estatu baten aparatuak, legez onartuta zeudenak”.

Informazio gehiagorako, bisitatu webgune hau:

www.amasavillabonaoroitzen.net

Beharrezkoa ez dela esatera aterako dira »

Satorralaiak mugimenduak argi du: Donostia aldeko metroaren proiektua ez da beharrezkoa. Hori horrela, egitasmoa geldiarazteko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta, horrekin batera, prozesu parte hartzaile bat hasteko. Asmo horrekin antolatu du manifes…

Robotika eta zientzia jolasa ere badira »

Dena ongi konpostatu, etxe bat bota eta balio duten materialak jaso; auto zahar bati motor berria jarri eta berrerabili; bi teknikari sailkatze plantara eraman, ekosistema garbitu eta animaliak bertaratu; eta sailkatutako materiala garraiatu. Hori guz…

Goierrin pausoa emateko unea »

Azken urteetan ekaina berezia izaten da erabakitze eskubidearen aldarrikapenarentzat. 2016koa are bereziagoa izango da; ekainaren 19a, hainbestetan aldarrikatutako herri galdeketa egikarituko den eguna izango baita Goierrin. Prozesua hasi da, eta goierritarrek gogoz heldu diote erronkari. - Irakurri gehiago...

Ibilbideak eraman ditu Madrilera »

Hasi da hauteskunde kanpaina. Abenduaren 20an hautatuko dira Espainiako Kongresuko eta Senatuko eserlekuak beteko dituzten ordezkari politikoak. Gipuzkoan, 11 hauteskunde zerrenda aurkeztu dira —EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Podemos Ahal Dugu, Ciudadanos, UPD, PACMA, Recortes Cero-Grupo Verde, Orain Batera, Libertate Nafarra—, baina, hasiera batean, horietako bostek bakarrik izango lukete diputaturen bat edo gehiago eskuratzeko aukera.

Sei eserleku daude jokoan, eta ikusteko dago nola banatuko diren. 2011ko hauteskundeetan Amaiurrek irabazi zituen sei eserlekuetako hiru, eta EAJ, PSE-EEk eta PPk bana eskuratu zuten. Orain lau urte, Amaiurrek (129.655 boto) abantaila handia atera zion EAJri (83.445 boto), baina ikusteko dago bi alderdi horien bilakaerak maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako emaitzen norabidea jarraitzen duen, EAJ gailendu baitzitzaion EH Bilduri, boto kopuruan oso paretsu egon arren.

PPren beheranzko joerak ere zalantzan jartzen du eserlekua lortzeko gai izango diren; eta Podemos Ahal Dugu-ren sarrerak kalte egin diezaieke popularrei.

Birziklatze tasei eustea espero dute Bergaran eta Eskoriatzan »

“Orain arte, inposatutako sistemarekin, diotenez, %75era iritsi bagara, borondatezko sistemarekin zergatik ez? Bosgarren edukiontziak ez du esan nahi anarkia absolutua”. Hondakinen bilketa sistemaz ari da Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkatea (EAJ). Herrian kontsulta egin berri dute, eta atez atekoaren ordez bosgarren edukiontzia jartzea hobetsi dute herritarrek. Berdin egin dute Bergaran, eta iritzi berekoa da Juanje Alberdi alkatea ere (EAJ): “Inportanteena da jendeak nola egiten duen etxean sailkapena; ondo egiten badu, gero ez da hain garrantzitsua zintzilikarioak edo edukiontzia jartzea. Bosgarren edukiontziarekin gutxienez emaitzak berberak izan beharko lirateke”.

Eskoriatza eta Bergarako alkateak pozik agertu dira herri galdeketak utzitakoarekin, bai emaitzaren aldetik, baita herritarren parte hartzearekin ere —%54koa Bergaran eta %59koa Eskoriatzan—. “Prozesua ez da azkar joan, eta, hala ere, pazientzia osoz itxaron dute herritarrek; jarrera oso positiboa izan da”, dio Zubizarretak. Eskoriatzan, hiru aukeraren artean bozkatu zuten: bosgarren edukiontzia babestu zuten %67k (1.300 lagun), atez atekoa %29k (566) eta sistema mistoa %3k (59). Bergaran, berriz, 6.668 herritarrek parte hartu zuten herri kontsultan, eta 4.132 lagunek bozkatu zuten bosgarren edukiontziaren alde (%62). Atez atekoa, berriz, 2.506 bergararrek babestu zuten (%38).

Dagoeneko hasi dira sistema berria ezartzeko lanetan Eskoriatzan. Gaur egun, herrigunean atez ateko sistema dute, eta auzoetan, birziklatze guneak. Zubizarretak azaldu duenez, non eta nola jarriko dituzten zehazten hasiko dira lehenik, eta behin gauza horiek finkatzen dituztenean, “kontraste lan bat” egingo dute herritarrekin. Gabonak tartean izan arren, gehienez martxo bukaerarako ezarrita eduki nahi dute bosgarren edukiontzia.

Prozesuan udaleko alderdi politikoen artean izan den adostasuna nabarmendu du Zubizarretak. Ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez erabaki zuten galdeketa egitea irailaren 22an: “Nahiz eta bukaeran pixka bat trakestu, adostasunak erraztu du gauzak hobeto bideratzea”. Herritarren aldetik, askotariko iritziak jaso dituzte galdeketa egitearen kontura; batzuek “haserre” ere hartu zuten udal gobernuaren asmoa: “Uste zuten hauteskundeak irabazi genituenez nahikoa eskubide geneukala aldatzeko. Hasieran nahiko pedagogia egin behar izan genuen esateko ezetz, guk garbi esan genuela herri galdeketa egingo genuela, eta horretan ateratzen zena beteko genuela”. Zubizarretak dioenez, oso garrantzitsua izan da herritarrek eurek zer nahi duten erabaki ahal izatea: “Eskoriatzak irabazi duena da guk geuk erabaki dugula zer nahi dugun”. Dioenez, gainera, kontsultan ateratako emaitzak ez du “inolako eztabaidarik” zabalik uzten, eta konfiantza du herritarrek berdin birziklatzen jarraituko dutela: “Zer nahi duten erabaki eta gero, pentsatzekoa da ez dela aldrebeskeriarik egongo. Jarraipena egingo dugu, noski, eta ikusten badugu helburuak ez direla betetzen, garbi dago lan dezente izango dugula hori betearazteko”.

Bergaran ere, martxan

Bergaran bilketa sistema mistoa izan dute orain arte: organikoa eta errefusa atez ate jasotzen dute, eta gainontzekoa, edukiontzi bitartez. %77-82 inguruan dago orain tasa. Galdeketaren ondoren, herri guztian bosgarren edukiontzia jarriko dute. Alberdi alkateak azaldu duenez, orain barneko batzordeetan landuko dute gaia, gero osoko bilkuran onartuko da, eta ondoren mankomunitateari jakinaraziko diote eredua aldatu nahi dutela. “Azken horrek hartu behar ditu neurriak aldaketa egin ahal izateko, eta 2016ko lehen hiruhilekoan espero dugu martxan izatea”.

Galdeketarekin “nabarmen” gelditu da herritarren nahia zein den, Alberdiren ustetan: “Inportantea zen parte hartzea, emaitzak legitimitatea izateko, eta ikusi dugu jendeak benetan hori nahi zuela. Ikusten da horrelako prozesuak erabilgarriak direla udal mailan hainbat gai kontsultatzeko”. 2013tik eztabaida eragin du herrian hondakinen bilketak, eta udal gobernuak garbi zuen galdeketa egingo zuela: “Argi ikusten genuen azken bi urteetan kalean eztabaida izan duen gai bat izan dela; hauteskundeak irabazi eta eskumena genuelako guk erabaki izan bagenu, gaia ez litzateke zeharo amaituko”.

Prozesuaren hasieran, akordio bat lortzeko proposamena egin zion EAJk EH Bilduri, baina, Alberdik dioenez, koalizioak baztertu egin zuen, eta orduan planteatu zuen udal gobernuak kontsulta egitea. “Sozialistak zioten ez genuela zertan kontsulta egin, eta Irabazikoak kontsultaren alde agertu ziren”.

Galdeketako aukeren artean ere desadostasunak izan ziren; bilketa sistema mistoa jarri beharrean, atez atekoa jarri zuten aukera gisa. EH Bildu eta Irabaziren ustez, ez zen egokia izan aukeretako bat atez ateko bilketa izatea, jendea “nahas” zezakeelako.

“Guztia utzita, hutsetik hasi behar duzu, nora jo jakin gabe” »

Orain urtebete heldu zen Euskal Herrira Katerina Kirsanova (Ukraina, 1986), bikotekide Roman Sadovnikekin. Donetsketik ihesi atera ziren. Lana bazuen, baina hura galdu eta beste bat lortzeko aukerarik gabe eta dirurik gabe gelditu zenean erabaki zuen …

Plaza bete eskusoinu, 40 urte beteta »

1975eko apirilaren 20an, duela 40 urte antolatu zuen lehenengo akordeoi lehiaketa Gipuzkoako Konfederakundeak, Tolosan. Eskusoinua “indartzea” zuten orduan helburu, eta, urteekin, sendotuz eta hedatuz joan da hauspoa. 1988tik aurrera Arrasatek hartu zuen lehia, eta 1992an nazioarteko musikariei ireki zizkion ateak, Arrasate Hiria izenarekin. Egun, erreferentziazko jaialdietako bat bilakatu da soinu jotzaile gazteentzat. Gaurtik igandera bitarte, “munduko akordeoi hiriburu” bilakatu da Arrasate. Hirurehun musikari baino gehiago bilduko dira herrian, hiru txapelketatan: Arrasate Hirian, Gipuzkoako Akordeoi Jaialdian eta Gipuzkoako Akordeoi Lehiaketan.

Hamahiru musikari ariko dira Nazioarteko 23. Arrasate Hiria Lehiaketan —euskal herritarrik ez dago—. Gaur jokatuko dituzte kanporaketa faseak, Amaia antzokian; igandean, berriz, azken fasea izango da, eta 20:00etan banatuko dituzte sariak. Ekitaldi horretan, Oroitz Maiz soinu jotzaile gabiriarra omenduko dute —otsailean hil zen—. Gipuzkoako hainbat lehiaketatan aritu zen, bai parte hartzaile, bai antolaketa lanetan.

Akordeoi jotzaileen artean bezala, epaimahaikideen artean ere izen handiko musikariak daude. Antolakuntza saiatzen da bi urte baino gehiago jarraian ez ekartzen, Aitor Furundarena Hauspoz Euskal Herriko Akordeoi Elkarteko lehendakariak aurkezpenean azaldu duenez. Aurten, hauek izango dira epaileak: James Crabb (Eskozia), Stefan Hussing (Alemania), Vojin Vasovic (Serbia), Iñaki Alberdi (Euskal Herria) eta Matti Rantanen (Finlandia).

Haur eta gazteen saioak

Musikariek elkar ezagutzeko plaza zabala izango da Arrasate. Nazioarteko lehiarekin batera, beste bi topaketa ere izango dira, ohi bezala: akordeoi jaialdia eta akordeoi lehiaketa.

Jaialdian 267 haur eta gazte ariko dira, igandean. Lehia gabeko saioa da, “ikasleentzako lehenengo hurbilketa”. Horren bitartez, aukera eman nahi diete akordeoiarekin lehenengo urratsak egin dituzten haurrei eta ikasketa sakonago batera hurbiltzen ari direnei. Hiru gunetan egingo dute, goiz eta arratsaldez: Amaia antzokian, Kulturaten eta Arizmendi ikastolan.

Gipuzkoako Lehiaketan, berriz, 25 gazte ariko dira bihar, Amaia antzokian eta Kulturaten. akordeoi ikasle edo jotzaileentzat da, eta hiru mailatan lehiatuko dira: haurren mailan —13 urte artekoak—, gazteenean —14tik 17 urtera artekoak— eta senior mailan —18 urtetik gorakoak—.

Txapelketa eta jaialdietatik kanpo, beste zenbait saio ere izango dira egunotan. Arrasate Hiriko iazko irabazleak, Marko Sevarlic serbiarrak, hainbat kontzertu emango ditu: gaur, 20:00etan, Arrasateko kultur etxean; bihar, 20:00etan, Aretxabaletako kultur etxean; eta igandean, Donostiako Kutxako Andia aretoan, ordu berean.

Berrikuntza modura, interprete eta akordeoi irakasleentzako ikastaro bat antolatu dute. James Crabbek emango du, hilaren 7 eta 8an, Kulturaten —Arrasate Hiria lehiaketan epaile izango da—. Akordeoi klasikoak “munduan dituen enbaxadore garrantzitsuenetako bat” da Crabb, antolakuntzaren arabera.