“Mendiz inguratuta dago, eta ederra da naturatik hain gertu bizitzea” »

J. Frantzesena

Jaioterriaz hitz ederrak baino ez ditu Eneko Otaño aizkolariak (Beizama, 1994). Hantxe, sorterrian hasi zen aizkoran; ezagutu ditu plazak ordutik.

Zer duzu Beizamatik gustukoen?

Bertan jaioa naiz, eta, Azpeititik eta kaletik aparte dagoenez, eskertzen dira hango bakea eta lasaitasuna. Herri polit-polita da.

Txoko bat aipatzekotan, zein?

Inguruan ditugun bi mendi: Illaun eta Murumendi. Horietara buelta asko egiten ditut, asko ibiltzen naiz mendian.

Azpeitia aipatu duzu. Denbora asko pasatzen al duzu han?

Bai, asko. Beizaman baino gehiago. Kuadrilla hangoa dut, eskolan han ibili izan naiz, eta lan egiten dudan enpresa ere Azpeitikoa da.

Azpeitiak ez duen zer du Beizamak? Eta alderantziz?

Mendiz inguratuta dago Beizama, eta ederra da naturatik hain gertu bizitzea. Azpeitian, berriz, lagunartea daukat, eta jendea, giroa, tabernak… denetarik dago han.

Beizamara egun-pasa doanari zer gomendatuko zenioke?

Gazta eta ogia egiten duten bi baserri daude, eta haiek bisita ditzakete. Mendi bueltaren bat ere egin dezakete, eta plazara joanez gero, han dituzte parkea, ostatua… Ez da toki txarra arratsaldea pasatzeko.

Gaia aldatuz. Zer dela eta hasi zinen aizkoran?

Betidanik gustatu izan zait aizkora, txikitatik. Aitarekin joaten nintzen apustuak eta txapelketak ikustera. Etxean ere anaiarekin aritzen nintzen denbora-pasa. 15 bat urterekin apustu bat egin genuen lagunek; nirekin aritu behar zuen laguna lesionatu egin zen, eta ez genuen jokatu. Kilo dezente nituen orduan, eta etxean esaten zidaten kirola egiteko. Baina, aizkoraz aparte, ez nuen gustuko kirolik. Herrian bazen erretiratu bat, aitaren laguna, eta hark behin soziedadean esan zidan lagunduko zidala aizkoran trebatzen; basoan-eta ibiltzen zen. Bengoarekin txapelketa batean aritzeko aukera eman zidaten, eta horrela hasi nintzen.

Mieltxo Mindegiarekin egindako apustua irabazi duzu aurten.

Apustu mundua asko gustatzen zait. Txapelketekin alderatuta, oso desberdinak dira, baina garrantzitsuak iruditzen zaizkit. 2014an [Mikel] Larrañagaren aurka jokatu nuen. Apustua presazkoa izan zen beharbada, baina txikitatik horixe nahi izan dut, eta aukera ona zen. Gainera, apustuak txapelketak baino gehiago gustatzen zaizkit. Larrañagaren aurkakoa galdu egin nuen, eta ez nuen besterik jokatzeko asmorik, baina Mindegiak erronka bota zidan, eta hartu egin nuen. Txapelketan ez nuen zorte onik izan, eta ar hori kentzeko balio izan zidan apustuak. Gustura sentitu nintzen, emaitza ona izan zen eta.

Apusturen bat baduzu esku artean?

Orain ez daukat batere lotuta, baina datorren neguan edo udaberrian bateren batek erronka botatzen badit, ikusiko dut zer egin. Izan ere, ikusi beharko da zer-nolako txapelketak ateratzen diren eta beste aizkolariek zer egiten duten.

Txapelketei dagokienez, zer helburu dituzu?

Uztailaren 3an, Gipuzkoako Bigarren Mailako finala jokatuko dut. Sailkapen fasean bigarren egin nuen, eta finalean aurrena egiten duena Lehen Mailara igoko da. Txapeldunen Kopa ere aurki hasiko da, eta ni astelehenean Arria V.aren kontra arituko naiz, Hernanin.

“Behartu gabe, umeek uretan beldur gabe ibiltzen ikasten dute” »

Ondarretako Tintinen ikasi zuen igerian Asier Bakaikoak. Irakasle eta kudeatzaile aritu zen gerora. Orain, ahal duenean, laguntzera joaten da; bai muntaketan eta bai eskolak ematen. - Irakurri gehiago...

“Txorien mundua orkestra batera hurbildu dugu” »

Txorien doinuak era eta jatorri anitzetan landu ditu Et Incarnatus orkestrak 'Txorieri' proiektu berrian. Ekainaren 22ko solstizio kontzertuan aurkeztuko dute Tolosan, naturak inguraturik. - Irakurri gehiago...

Kalea bera aldarrikapena da »

Gipuzkoa Zutik-ek errauste plantaren kontra hasitako kanpaldian hainbat eztabaidagai izan dira, eta, aldi berean, hainbat eztabaidagai jarri ditu mahai gainean. Espazio publikoaren erabilerari buruzkoa da horietako bat. Baimenik eskatu gabe, kalea herritarrena dela aldarrikatzea dute xede. - Irakurri gehiago...

Amaierarik gabeko ilarak »

Aizpea Amas

Biriatuko ordainlekuaren erabiltzaileentzat, auto ilarak eguneroko traba bihurtu dira. Egun batean bai eta hurrengoan ere bai, ilarekin egiten dute topo. Azken zazpi hilabeteetan, 170 egunetan behintzat bai: hamar egunetik zortzitan. Luzeagoak edo motzagoak, gehiago edo gutxiago irauten dutenak, baina ohiko bihurtu dira, eta dagoeneko jendea nazkatzen hasia dago. Eguneroko erabiltzaile horien artean daude kamioilariak. “Etsita daude. Egoera hau pixka bat jasangaitza bihurtzen ari da. Egunero igarotzen dute muga, eta normala da haserre egotea”, esan du Jaione Ugalde Hiru garraiolarien sindikatuko komunikazio arduradunak.

Eurokoparen harira eta muturreko talde islamisten mehatxuak direla medio, Frantziak kontrolak zorroztu ditu, hala nola bidesarietan. Biriatun sortzen diren ilarak horregatik dira, hein handi batean, baina ilarak ez dira sortu futbol ekitaldiarekin batera; areagotu bai, ordea. “Parisko atentatuen ondorenetik hasi ziren sortzen, kontrol gehiago jartzearekin batera. Hilabete batzuk daramatzagu horrela”.

Egun guztietan ez dira izaten ilara berdinak, eta badira arazo gehiago sortzen dituzten egunak; normalean asteartea eta ostirala izaten direla azaldu du Ugaldek: “Egun horietan iristen dira mugara penintsulan kargatu eta Europa iparraldera joaten direnak. Lau ordu ere galdu izan dituzte”. Horrek, batetik, ondorio ekonomikoak ekartzen ditu. “Gidatzea araututa dago, eta takografo bidez kontrolatzen da: ordu finko batzuetan gidatu behar dute, eta beste hainbat orduz atseden hartu. Gidatzeko lau ordu badauzkate atseden hartu aurretik, eta geldituta bi badaude, kilometro horiek egiten ez dituzten orduak dira”. Horrek karga berandu iristea eta galera ekonomikoak ekar litzake, baina, Ugaldek nabarmendu duenez, lan egoera ere okertzen da. “Azkenean, estres edo deserosotasun bat sortzen du itxaroten egon beharrak, badakizulako ez duzula beteko zure bezeroarekin, geldirik zaudela eta ez zarela lanean ari”.

Joan den astean, horixe gertatu zitzaion Raul Gaspar kamioilariari; haren kasuan, ordea, ostegunean izan zen: “Hiru ordu egin nituen gasolina zerbitzugunean geldirik, eta, gero, beste bat errepidean. Denbora tartea badugu entregak egiteko, baina ez nuen iristerik izan”. Valentzia-Paris ibilbidea egiten du astero Jose Ramon Ibañezek, eta ilarek denbora estutzen dietela dio hark ere: “Normalean aurkitzen ditugun oztopoei —obrei, adibidez—, beste bat gaineratu behar zaie orain”. Azaldu du, gainera, kontrola tokatuz gero beste 30 minutu gehitu behar zaizkiola. Horietan, takografoa, gasolioa eta karga begiratzen dituzte, garraiolariaren esanetan. Horrenbestez, helmugaren arabera, lauzpabost ordu edo egun bat beranduago iristea eragin dezake horrek guztiak, Ugalderen arabera, “eta horrek eragina izan dezake garraiatze osoaren prezioan”.

Mugetako kontrolak ez daude Biriatun bakarrik. Baina kamioilariek adierazi dute beste toki batzuetan ez dela horrelako ilararik izaten. Gasparrek bezala, Ibañezek ere Junquerako (Herrialde Katalanak) muga igarotzen du, eta, dioenez, han ere tarteka badira ilarak, baina ez hain luzeak; “Gehienez, 25 minutukoak”. Ugaldek dio Frantzia eta Belgika areko mugetan ere ez direla horrelako ilarak sortzen: “Ez dugu ondo ulertzen zein den arrazoia”.

Kabina gehiagoren beharra

Ilarak kudeatzeko modua egon daitekeela iritzi dio Ugaldek: “Kontrolak egitea ulertzen dugu, baina agian gauzak beste modu batera bideratu behar dituzte. Adibidez, kabina gehiago irekiz edota polizia gehiago jarriz”.

Kabinak dira, kontrolekin batera, inbutua sorrarazten dutenak, kamioilarien esanetan. Horiek irekitzearen alde agertu da Joao Ervideira, Lisboa-Paris ibilbidea egiten duen kamioilaria. Izan ere, Biriatun bi kabina baino ez dituzte bideratzen kamioientzat, eta horri egotzi dio ilarak sortzea Salvador Ponce kamioilariak, haserre. “Kontrolak? Ze kontrol? Ez dute ezer begiratzen eta! Ez niri, ez inori. Hogei kamioitik bat begiratzen dute. Kabina bat edo bi ireki beharrean, guztiak edo lauzpabost irekiko balituzte, ez lirateke ilarak sortuko. Joan den astean, ordu eta erdi galdu nuen. Beti berdin!”.

Kabina gehiago irekitzearekin batera, pasabide gehiagorekin zirkulazioa azkartuko litzatekeela uste du Ugaldek. Lan egiten ari denari lan egin ahal izateko moduak jarri beharko litzaizkiokeela gaineratu du Hiruko kideak, eta zehaztapen bat egin du: “Azkenaldian entzuten ari gara kamioiek sortutako ilarak direla. Eta kamioiek ez dituztela ilarak sortzen, pairatu baizik”.

Ez dago argi honek guztiak noiz arte iraungo duen, eta luze joko duelakoan dago Ugalde: “Eurokoparen ondoren, Tourra dator. Gainera, udan sartzen ari gara, eta zirkulazioaren gorabeherak handiagoak izaten dira, turismoa dela eta. Uda partean errepideetan komeriak edukitzen baditugu, pentsa honekin zer gerta daitekeen”. Horregatik, uste du egoerak lehenean segituko duela edo okerrera egingo duela: “Printzipioz, ez dugu ikusten hobetuko denik”.

Oraingoz, beraz, itxarotea tokatzen zaie kamioilariei. Ibañezek filosofiaz hartu du egoera, eta honako hau du ilaran egotea tokatzen zaionetarako erremedioa: “Pazientzia edukitzea”.

Egitaraua. Ingurumena Herritik »

Azpeitiko plazan izango da azoka, bihar, 10:00etatik 14:00etara.Energia eredu berriakErakusketa. Energia berriztagarrien ingurukoa, Usurbilgo Lanbide Eskolak .Mokaduak. Eguzki labeetan prestatuko dituzte.Informazio gunea. Fracking Ez.Mugikortasun irau…

“Jendea sentsibilizatu nahi dugu, kontsumo arduratsutik abiatuta” »

Julene Frantzesena
Piztu energia burujabetza lantaldeko kidea da Enok Sudupe (Azpeitia, 1983). Ingurumena Herritik azoka egingo dute bihar Azpeitian, “herritarrak kontzientziatzeko”. Piztu aritu da antolaketa lanetan.Zer da Piztu lantaldea?Piztu lantal…

Geldiarazi eta galde dezaten »

Maite Alustiza
Bi helmuga argi jarrita martxan dabil Satorralaia bizilagunen mugimendua Donostian: metroaren proiektua gelditzea eta herritarrei galdetzea. Informazioa ematen ez ezik, atxikimenduak bilatzen ere ari da. Aste honetan, hain justu, metroar…

Autobusa eta trena bateratzea, EH Bilduren aukera »

Metroaren alternatiba gisa, trena eta autobusa integratuko dituen sistema bat proposatu du EH Bilduk. Datozen asteetan emango ditu xehetasun gehiago. Koalizioak Hitza-ri azaldu dionez, honako hau da proposamena: lau BRT autobus linea —autobus azkarrak deituak—, Renfe eta Euskotren zerbitzuekin lotuta egongo liratekeenak. Bost lirateke garraioen arteko lotura guneak: Loiolako Erribera, Herrera, Lugaritz, Easo plaza eta Atotxa. Hiriko edozein tokitara joateko “asko jota” garraio aldaketa bat egin beharko litzateke —aldaketa doakoa—.

Metrorako 200 milioi euro inguruko kostua aurreikusita dago. EH Bilduk azaldu duenez, kopuru horrekin bere proposamena eta beste hainbat inbertsio planteatuko ditu. “Alternatiba hobea da, eta agerian uzten du metroa ez dela behar”.

Musikaren Eguna. 1.440 minuturako doinutegia »

Maite Alustiza

Musikarik gabeko minutu bat ere ez egotea. Hori lortu nahi dute bihar Donostian, eta, horretarako, goiz eta arratsalderako kontzertuak prestatu dituzte. Asteartean izango da Europako Musikaren Eguna, baina Donostian aurreratu egin dira. Hiru gunetan egongo da musika: bederatzi talde FNAC inguruan —denda barruan eta Loiola kalean—; Musikeneko ikasleen kontzertua, Nautikoan; eta DJak Alderdi Ederren, Donostia 2016ren informazio puntuan.

FNAC

11:00etan: Iruñeko Baobabs Will Destroy Your Planet hirukoteak euskara hutsean abesten du. 2014ko urrian osatu zuten taldea, eta handik hilabetera estudioan sartu ziren, lau kantu grabatzera. Euren lehen diskoa, berriz, aurten grabatu dute, eta ez edonon: Londresko Abbey Road estudioetan egin dute, Iñaki Llanera ekoizlearekin. Hala, estudio horietan euskaraz grabatu duen lehen banda da. Eymard Uberetagoenak (ahotsa eta gitarra), Daryna Sadtxikovak (sintetizadoreak) eta Eneko Reketibatek (bateria) osatzen dute taldea.

14:00etan: Pablo Blix bakarka ariko da, ahotsa eta gitarra. Haren bakarkako proiektuetako bat Petrol Guillermo da, eta, horrez gain, Acido C boskoteko kide da.

15:30ean: Iñigo Serrulla Donostiako 20 urteko bakarlaria da. 17 urterekin hasi zen gitarra jotzen; geroztik, musika munduan ibili da. Indie-folk musika jorratzen du, eta, iaz, Gure Bazterrak saria irabazi zuen. Horri esker, Gure Bazterrak jaialdian jotzeko aukera izango du aurten. Bakarka aritzeaz gain, Burun Danga taldeko kide ere bada —Malus Domestika diskoa kaleratu berri dute—.

16:30ean: Nothing Box Donostiako taldea Marcos Ubiriak (gitarra, baxua eta ahotsa), Koldo Bellosok (gitarra eta baxua) eta Aitor Mansillak (bateria) osatzen dute. 2014ko martxoan sortu ziren, Burnout izenarekin. Aurten grabatu dute euren lehen EPa, Yon Vidaurrekin. Pop rock alternatiboan mugitzen dira, eta hainbat talde dituzte erreferentziatzat; besteak beste, Oasis, Arctic Monkeys, Green Day, Berri Txarrak eta Weezer.

LOIOLA KALEA

12:00etan: Indie-pop eta folk estiloetan oinarritzen da Autumn. Nuria Culla 21 urteko bakarlari donostiarra dago izen horren atzean. Abesti propioak sortzen ditu, eta bertsioak ere egiten ditu; horien artean daude Amy Whinehouseren, Russian Reden eta Frank Sinatraren kantuak.

13:15ean: Gus Gonzalez, Manu Gestido eta Sergio Villarren ekimenez gauzatu zen Sky Beats, 2012an. Jazz, soul eta blues kantuen bertsio talde bat egiteko asmoz, Lidia Insausti abeslariarekin bat egin zuten, eta orduan sortu zuten Sky Beats. Martxoan euren lehen lan luzea aurkeztu zuten, Ad Libitum, eta hori da Donostian aurkeztuko dutena. Ingelesez ondutako hamabi kantak osatzen dute diskoa; eurek sortuak dira horietatik 11, eta bestea Billy Prestonen Will It Go Round it Circles abestiaren bertsioa da.

17:30ean: Asier Beramendiren proiektua da Eraul. Indie-folk estiloa dauka taldeak, eta euskaraz zein ingelesez abesten dute; ahotsak garrantzi berezia du, melodiaren gainetik. 2014ko maiatzean demo txiki bat grabatu zuen Beramendik Goteborgeko (Suedia) estudio batean, eta iaz hiru kantako lan bat plazaratu zuen Eraulek. Egun, Beramendik taldekide ditu Julen Idigoras, Borja Anton, Garazi Esnaola, Maria Bustos eta Julen Barandiaran.

18:45ean: Howdy 2012an Donostian sortutako taldea da. Euren musika country estiloan oinarritzen da, eta abesti klasiko nahiz garaikideak jotzen dituzte. Howdy osatzen dute Jon Arzelusek, Julio Gallok, Julen Maestrok, Jon Antonek, Landon Cothamek eta Gorka Arranzek.

20:00etan: Ramones talde mitikoaren bateria-jotzailea da Marc Steven Bell, Marky Ramone izenez ezaguna. Marky Ramone’s Blitzkrieg proposamenarekin 1970eko urteetako punk rocka dakar. Aurten 40 urte dira Ramones taldeak lehen diskoa plazaratu zuela, eta Ramone bandaren klasiko guztiak jotzen dabil bira batean.

NAUTIKOA

11:30ean: Crespo’s Brass. Taldekideak: Raquel Ruiz (tronpeta), Andres Brau (tronpeta), Monica Garcia (tronpa), Cristian Buades (tronboia) eta Miguel Jimenez (tronboia).

12:30ean: Kantua. Kontzertua Elisa Diaz sopranoarekin eta Albet Mena teklatu-jotzailearekin.

13:30ean: Jazz taldea.

17:30ean: Crespo’s Brass.

18:30ean: Kantua.

20:00etan: Jazz taldea.

DONOSTIA 2016

11:30etik 13:30era eta 18:30etik 20:00etara: DJ Makala.

20:00etatik 22:00etara: DJ Javi P3z.