Irudiz lotutako herria

Obretan trasteak uzteko erabiltzen dituzten hiru etxola jarri dituzte Andoaingo Goiko Plazan. Horietako batera sartu aurretik, eguraldiaz ari dira Aitor Regillaga, Urko Vallejo eta Pablo Artetxe. “Pena bat da; ona egingo balu, askoz hobea litzateke”. Argazkialdia jaialdiaren antolatzaileetako hiru dira, eta barrura sartuta, gela ahalik eta ilunen jartzeaz arduratu dira. Kamera iluna deitzen diote.

Paretak zuri, eta diametro ezberdineko zuloak ditu etxolak aldeetako batean. Zuloetako bat baino ez dute libre utzi. “Hasieran kostatuko da ikusmena iluntasunera ohitzea, baina pixkanaka joango zara paretan kanpoko irudia ikusten, buruz behera”, dio Vallejok. Zerua beheko partean ikusten hasi da. Eta alboan zuhaitzak. Goialdean, haurrak jolasean, jendearen mugimendua. Gero eta argiagoa da irudia. “Hau da argazkilaritzaren funtsa. Hemen ez dago ez teknologiarik, ez elektronikarik”. Argazki kamera handi baten barruan sartzea bezalakoa da. Sentsore bat edo paper fotosentikorra erabiliz gero, argazkia ateratzeko aukera legoke. Etxolako argia piztean bukatu da magia: “Argiak egiten duena argiak kentzen du”.

Kamera ilunetik kanpora aterata, bi zerri ikusten dira Urnietako kale batean, prozesioa Orendainen, haurrak eta oiloak Abaltzisketan, eta emakume bat astoari tiraka Altzon. Gipuzkoako herri horiek eta beste zenbaitek 400 urte bete dituzte aurten —Andoain barne—, eta tamaina handiko argazkien bidez, udalerriok denborarekin izan duten bilakaera erakutsi nahi izan dute. Horretarako, antzinako argazkietan agertzen diren tokietara itzuli dira Argazkialdiaren antolatzaileak: leku berean argazkia atera, eta bi irudiak bateratu dituzte, iragana eta oraina fusionatuz.

Goiko Plaza, beraz, ezohiko gune bilakatu da egunotan, baina ez hori bakarrik: herri osoan zabalduta dauden artelanen ibilbidea hasteko —edo bukatzeko— puntua ere bada. “Argazkiak kalera atera nahi genituen, eta herria horiekin batu. Luzean garatu den herria da Andoain. Goiko Plaza eta Zumea plaza loreontzietan eta tabernetan jarritako erakusketekin lotu ditugu”.

Hogei erakusketa, tailerrak, solasaldiak, argazki rallya eta beste prestatu dituzte aurtengo Argazkialdian, maiatzaren 16tik ekainaren 14ra bitarte. Bigarren aldia du jaialdiak Andoainen, eta, lehen aldian bezala, askotariko estilo eta lanak jaso dituzte. Aniztasuna nahi zuten, Regillagak dioenez: “Ugaritasuna biltzen saiatu gara: fotokazetaritza daukagu, lan intimistagoak, pentsarazten dutenak…”. 25 lanetik gora jaso zituzten, eta aukeraketa bat egin behar izan dute.

Goiko Plazatik Zumeara bidean, Bastero kulturgunean egiten du geldialdia Argazkialdiak. Ibilbide luzeagoko argazkilarien lanak bildu dituzte han. Vallejok azaldu duenez, “oreka” bilatzen ahalegindu dira: “Jaialdiaren asmoa bada ibilbide luzea egina ez dutenei aukera erakusteko ematea, baina argazkilari ezagunen obrarik ekartzen ez baduzu ere, gure asmo hori mugatua egon daiteke”.

Basteroko gelan ez dago kamera ilunean zegoen pareta zuririk. Nagore Legarreta argazkilariaren lanek, ordea, badute haren antzik: kamera ilunean oinarritutako teknika darabil. “Lapiko bat eta atun lata bat erabili ditu. Bakoitzari lau zulo egin, argazki paper fotosentikorra atzetik jarri eta zuloetatik argiak sartuta egindako irudiak dira. Horiek digitalizatu, eta hau da emaitza”. Emakume gorputz zatikatuak ageri dira, harremanetan. Argazkilariak norberaren espazio pertsonalaren eta gainerakoen espazio pertsonalaren arteko tentsioaren inguruko gogoeta egin du Hysteron lanean, genero ikuspuntutik.

Legarretaren lanen zuri-beltzetik Iñigo Royoren koloreetara. Lucianorekin berriketan erakusketa ikusten hasi aurretik, dagokion azalpena irakurtzeko gomendatu dio Artetxek kazetariari. Irakurtzeaz bukatutakoan, Vallejok: “Azalpenak argitzen du, ezta? Ikusten da bere kanarioak ideia askoren artean hartzen duen jarrera”. Royoren argazkiak jarri ditu Argazkialdiaren aniztasunaren adibide: “Paisaia edo hiri argazkigintza oso ezaguna da, baina ikus dadila badaudela hortik ateratzen diren lan oso interesgarriak ere”.

Zuri-beltzera egiten du buelta bisitariak Lobo Altunaren Inon ez erakusketaren parean. Mila gabeziaren kronika da, mila ahanzturarena; inora ez daramaten hainbat biderena. Hala definitzen du argazkien alboan Begoña del Tesoren testuak. Irteerako eskaileretarako bidean, Beñat Arregiren lanak ageri dira. Gartxot Arregi anaiak eta Eduardo Arreseigorrek argazkilari zenaren hainbat lan berreskuratu dituzte jaialdirako. “Arte eta argazkilaritza arloko jendearentzat etorkizun handiko mutila zen. Jendea hunkituta utzi duen erakusketa da hau”, dio Vallejok. Duen balio artistikotik harago, balio emozionala nabarmendu du. Basteron ez ezik, herriko hainbat txokotan ere aurki daitezke Beñat Arregiren printzak. 1980ko hamarkadan hark atera zituen hainbat argazki orduko toki berean jarri ditu Gartxotek, zuri beltzean eta formatu handian.

Herriko argazki ibilbideari jarraika, erretratuak aurki daitezke Bastero ondoko loreontzietan. Regillagak dio herritarrak “erretratu klasikoa” aurkitzea espero dezakeela, baina Kena, Adriana eta Sansa ez dira ez pertsonak: hiru erbi-txakur eme dira. Oihana Serranok erretratatu ditu “etxeko erreginak”.

Zumeara iristean, Gipuzkoatik jira berriro: gizonezko talde bat trenaren zain dago Itsasondon, lastoa biltzen dabiltza Araman, elizako arkupeetan bueltaka Zaldibian. Etxoletan, berriz, Jordi Vidal eta PH15 kolektiboaren lanak. Azken horren ekarpena aipatu du Regillagak: “Argentinako kolektibo bat da, eta argazkilaritza arlo sozialetik lantzen dute, haur eta gazteekin”.

Argazkialdiaren eskaintza ez da, ordea, erakusketetara mugatzen. “Kulturan jendea formatu egin behar dela uste dugu, eta hainbat tailer antolatu ditugu”. Herritarren aldetik jasotakoarekin gustura daude. Inaugurazio ekitaldian bertan 300 lagunetik gora bildu zituzten Basteron. Muntaketa astebete lehenago egina zuten, eta ekitaldian ikusi ahal izan zuten jendeari gustatu zitzaiola.

Lehen aldiko jaialdiaren izaerari eutsi nahi izan diote aurten ere: kostu baxuko eta kalitate handiko argazki jaialdia izatea. Ahalegin horretan, babesleen aldetik jasotako babesa eskertu dute antolatzaileek —Irizar da nagusia, eta BERRIA ere babesle da—: “Horrelako argazkilariek hedapena behar dute, haien lanak ezagutzera ematea, eta eskertzekoa da laguntza”.

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.argazkialdia.com

Leave a Reply

Your email address will not be published.