Okupazioa argitara ateraz

Okupazioaren inguruko informazio gunea eta topagunea da Donostia aldeko Okupazio Bulegoa. Kaxilda liburu dendan du egoitza, Donostiako Arroka kalean. Gipuzkoako okupazio esperientzien sarea osatzea da haren helburuetako bat. Horrez gain, okupazioaren inguruko eztabaida sustatu nahi dute, eta okupazioaren zilegitasuna defendatu. Azken finean, okupazioaren aukera argitara atera.

Duela bi urte sortu zuten bulegoa. “Martxan genuen sare informala koordinatzeko beharra ikusi genuen”, adierazi du Ainara Mujikak. Bilboko eta beste hiri batzuetako okupazio bulegoetako esperientziak ezagutu zituzten lehenengo, eta Donostian okupazio bulego bat sortzeko pausoak ematen hasi ziren. Hainbat bilera egin zituzten beste mugimendu sozial batzuetako kideekin, eta bi urte daramatzate jada.

Asteartero, 18:00etatik 20:00etara, Kaxildan izaten dira, ateak nahi dituenarentzat zabalik. Mujikak azaldu duenez, okupatzeko asmoa duten pertsonak joaten dira bulegora. “Informazio legala ematen dugu, baita gure esperientziatik abiatutako gomendioak ere”. Norbaitek egun eta ordu horretan joaterik ez badu, beste egun baterako hitzordua eskatzeko aukera ere badago.

Etxebizitza eskubidea “espekulaziorako okasio” bihurtu dela uste dute Okupazio Bulegoan. “Jende asko kale gorrian egonik hainbeste etxebizitza hutsik egotea bidegabekeria da”. Egoera horren aurrean oinarrizko beharrak asetzeko bakoitzak bere baliabideak erabili behar dituela uste dute, eta okupazioa da haien esku dagoen baliabideetako bat. Gainera, jabetza pribatuak ezberdintasun sozialak sortzen dituela diote.

Gipuzkoan hainbat gune okupatu daude egun. Asko hustu egiten badituzte ere, etengabe okupazio berriak sortzen dira, Mujikaren hitzetan. Jarduera publikoa duten gune okupatuen artean hainbat eta hainbat aipa daitezke; esaterako, Donostiako Kortxoenea gaztetxea eta Itxasgain etxe okupatua. Gipuzkoan, Hernaniko Karbonera etxearen kasua aipagarria da. Emakumeek soilik okupatutako etxe feminista da, eta laster hustu egingo dute.

Goierrin ere badira okupatutako gune batzuk; esaterako, Beasaingo gaztetxea, Txomenane etxea Idiazabalen eta Kaxeta etxea Urretxun. Esperientzia horiek eta beste hainbat kontu landuko dituzte datozen asteetan Goierriko okupazio jardunaldietan. Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko gaztetxeek antolatu dituzte, elkarlanean.

“Sozializatzen ari den praktika izan arren, oraindik mamu asko daude okupazioaren inguruan”. Mamu horiek uxatzea da, hain zuzen, Okupazio Bulegoaren eginkizunetako bat. Dena den, mamuak benetan uxatzeko bidea gaia kalera ateratzea dela uste du Mujikak. “Guztion ardura da horrelako praktikak transmititzea eta gauzatzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.