Lur astinduaren osteko giza mugimendua

Hilabete pasa igaro da Nepalgo lurrikaratik. Aste honetan itzuli dira haurrak eskolara. "Normaltasunera". Nerea Agirrek zuzeneko harremana du Nepalekin, Rokpa Euskadi gobernuz kanpoko erakundeko presidentea baita. Kideek ematen dioten informazioaz gain, Nepalgo egunkariak irakurrita jasotzen ari da gertatzen denaren berri: "Eskolako lehen egunetan klaserik ez ematea gomendatu du gobernuak, soilik hitz egin dezatela, lagunekin jolastu, trauma gainditzen joateko. Pixkanaka bada ere, eskolara bueltatzea ere nahi zuten, normaltasunera itzultzeko".

Zortzi mila hildakotik gora eragin zituen apirilaren 25eko lurrikarak herrialdean, eta beste dozenaka gehiago hamazazpi egun geroago izandako seismoak. Mendialdeko herrixka asko guztiz suntsituta geratu ziren; kalte handiak daude egun Katmandu hiriburuan. Zauriturik edo bizirik atera zirenek, beraz, egoera zaila dute aurrean. Horiei laguntzeko lanean ari dira gobernua eta askotariko gizarte erakundeak; tartean, Rokpa Euskadi.

"Hasieran ez genuen argi zer laguntza mota bidali. Harremanetan gaude laguntza banatzen ari direnekin, eta beharrak aldatuz doazen arren, kanpadendak dira gehien eskatzen dutena". Rokpa Euskadik 82.000 euro inguru bildu ditu, eta ia 700 kanpadenda bidaliko ditu Nepalera. Gehiago ere izango dira: "Dirua iristen doan heinean materiala bidaltzen goaz". Bide askotatik ari dira laguntza jasotzen: bazkideetatik, Gipuzkoa Solidariotik, enpresa pribatuetatik, norbanakoetatik, udaletatik... —besteak beste, Arrasate, Tolosa, Irun, Zarautz, Aretxabaleta, Errenteria eta Amurriokoek babestu dute—.

Egoera aldatu egin da lurrikararen osteko lehenengo egunetatik. Hasiera batean, "exodoa" egon zen Katmandutik herrixketara, baina alderantzizko bidea egiten ari dira herritar asko orain: "Herri ugari suntsituta geratu dira, eta luizi arriskua dago; beraz, gobernua jendea birkokatzen ari da, eta beste batzuk euren kasa doaz Katmandura". Landa eremutik "milaka eta milaka" lagun iristen ari dira hiriburura; han, ordea, zaila da guztiei behar bezalako zerbitzua ematea.

Rokpa Euskadi Tibeten aritzen da lanean, baina nazioarte mailako erakunde bat izaki, Nepalen jarduten dutenekin harremanetan jarri zen lurrikararen ondoren. Rokpak umezurztegia du Katmandun, eta hara bidaltzen ari dira laguntza, baita beste hainbat umezurtz etxetara ere —Indrenira, adibidez—: "Kalean ari ziren lo egiten, eta orain kanpadendak aprobetxatzen ari dira, bitartean eraikina sendotzeko". Kanpadenda handiak egiten dituen hornitzaile bat ere topatu du Rokpak, eta umezurztegietako batean jarri nahi duten gizarte jangelarako baliagarria izan daiteke: "Han dauden umeez gain, herrixketako jendea iristen ari zaie". Landa eremuetara ere eramaten dituzte kanpadendak, familietan banatzeko. "Materiala herrixketara iristen denean, laguntzaileek hango ordezkariekin hitz egiten dute, jakiteko zein familiak behar duten gehien. Okerren daudenei ematen diete".

Bestelako arazoak ere areagotu egin dira etxeak suntsitzearen ondorioz; pertsonen trafikoa, haurren kasuan, bereziki. Unicefek arriskuaz ohartarazi du: erakundearen arabera, haur esplotazioko indize altuak ditu Nepalek; azken datuen arabera, 12.000 ume dira urtean pertsona trafikoaren biktima. Agirrek azaldu duenez, gobernuak umezurztegi berriak irekitzea debekatu du, mafiek haurrak hartzeko arriskua ikusita: "Zin egiten diete Indian lana izango dutela, fabrika batean, etxeak garbitzen, haurrak zaintzen... Askok emagaldu etxeetan bukatzen dute". Prebentzio neurri gisa, 16 urtez azpikoek ezin dute bakarrik baimenik gabe bidaiatu, eta herrixketara gizarte langileak bidaltzen ari dira, familiei gertatzen ari denaz abisatzeko.

Osasun arloan ere, zailtasunak dituzte. Gobernuak martxan jarritako kanpaina batez mintzo da Agirre: "Jendeak aire zabalean kaka egin zezan saihesteko, oso lan ona egiten ari zen gobernua, Osasunaren Mundu Erakundearekin batera. Nahiko aurreratuta zegoen kontua, baina lurrikararekin jendeak ez du etxerik, eta kalean egiten du; askok ibai ondoetan, garbitzeko". Horren ondorioz, gaixotasunak agertzen ari dira; kolera da garrantzitsuenetako bat. "Eta espero da egoerak okerrera egitea montzoia iristen denean. Atzeratuta dator, baina ailegatzear da". Ura edangarri egiteko gailu bat ere bidali du Rokpa Euskadik Nepalera —egunean 4.000 litro ur hornitzeko ahalmena du—.

Laguntza bidaltzeko momentu zailak igaro dituzte, aduanetako trabak eta abarrak. Hala ere, han ordezkaritza izateak lana erraztu die: "Ziurta dezakegu laguntza guztia iristen dela".

@ Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:

www.rokpa.org/eu_EU/