“Artilleria garatzean, gotorlekuak desagertu ziren”

Gustura gelditu da Antton Arrieta Valverde (Lima, 1955) gotorlekuen gainean idatzitako liburuarekin. “Ausartak” izan direla gaineratu du, 1.500 aleko tirada merkaturatu dutelako. Liburuan aipatzen diren gotorleku guztietan egon da, behin baino gehiagotan; merezi duela dio.

Gotorlekuak. Gutxi jorratutako gaia dela diozu.

Bai, bai. Harro gaude, gainera; izan ere, gai honetan euskarak aurre hartu dio gaztelaniari, eta sakontasun handiarekin. Gutxi jorratutako gaia da, baina informazio asko dago. Ez genuen asko ezagutzen, eta, hurbildu ahala, gaiari buruz informazio gero eta gehiago topatu dugu. Horrek harritu egin gaitu. Xehetasun askorekin hitz egin behar da; adibidez, esaten baduzu Jaizkibelgo dorreak 1876ko abuztuan egin zituztela, hori hanka sartze galanta da, gerra bukatuta zegoelako.

Gure informazio iturriak artxiboak izan dira batik bat, udaletakoak, probintzialak eta militarrak.

Gotorlekuek nola islatzen dute Euskal Herriko historia?

Beti kanpotik idatzi izan digute historia. Herri txiki bat gara bi erresuma erasokor eta handiren artean, eta horiek nolabait markatu egin dute, azken mendeetan behintzat, gure historia. Gotorgintzan, garaiak eta gertaerak islatzen dira. Gotorlekuak aztertzean, hiru garai bereiz ditzakegu: artilleria sortzen denean, Erdi Aroaren bukaeran, Nafarroa Garaia Gaztelak okupatzen du, eta gotorlekuen lehenengo helburua da mugak markatzea, bai Pirinioetako mugak eta bai itsasertzekoak; bigarren aroa urrezko aroa da gotorlekuentzat, baina guretzat ez da hain erakargarria, 80 urtean bost gerra jasan baikenituen —Konbentzio Gerra, Espainiako Independentzia Gerra edo Napoleondarren Gerra, Errege Gerra eta bi karlistaldiak—, eta mila gotorleku baino gehiago eraiki ziren urte horietan guztietan; hirugarren garaia bukaera da, bigarren karlistadatik XIX. mendea bukatu artekoa, eta fuerte ikusgarrienak ordukoak dira, Gipuzkoan, esaterako, Txoritokieta, Guadalupe eta San Marko. Dena den, bukatzen zituztenerako, zaharkituta zeuden: artilleria askoz garatuago zegoen, handik gutxira hegazkingintza agertu zen… Artilleria garatzean, gotorlekuen eredua desagertu egin zen; lurpera joan ziren: bunkerrak, galeriak…

Lurpera joan, eta gero zer?

Azken gotorlekuak ez zeuden bakartuak: sareak osatzen zituzten. Esaterako, Gipuzkoan, mugak ixten saiatu ziren bederatzi gotorlekuren bidez, baina bakarrik Txoritokieta, San Marko eta Guadalupe ireki zituzten. Horiekin batera, lubakiak, gotorleku txikiak, ospitaleak, errepideak eta beste egin zituzten; horien artean sareak sortzen ari ziren. Fuerte eredua desagertu zenean, eskualdeko gotorlekuak sortu zituzten: eskualde oso bat gotortzen zuten, baina lurpetik, artilleriak horma irabazten baitu. Betiko binomioa da hori.

Zer-nolako garrantzia izan dute?

Gazteluen jarraipen bat ziren, toki bat babesteko, toki bat kontrolatzeko, eta, askotan, zitadelak gehienbat, konkistatu berri den lurralde batean hiri bat kontrolatzeko. Gazteluen egitekoak zituzten, baina, arkitekturaren ikuspuntutik, moldatuak zeuden, artilleriari aurre egin ahal izateko.

Euskal Herriko gotorlekuak bildu dituzu. Euren artean desberdintasunik topatu duzu?

Ez gehiegi; garaiak markatzen ditu. Araban, ez dago lehenengo garaiko gotorlekurik, adibidez, mugatik oso urruti zegoelako. Muga motaren arabera, ordea, aldeak daude: Bizkai, Gipuzkoa eta Lapurdin, itsasertzeko kanoitegiak dituzte, eta, itxita baldin badaude, fuerte gisa hartzen ditugu. Hori ez da ikusten Nafarroan edo Zuberoan. Iruñean, Donibane Garazin eta Baionan, zitadelak daude, eta hori fuerte mota bat da. Donostian, Urgul mendi osoa zitadela bihurtu zuten, baina beste hiru hiriburuetan izar motako eraikina propio eraiki zuten.

Hala eta guztiz ere, gauza politak topatu ditugu. Ipar Euskal Herriko mendi batean, arku batzuk ikusi genituen, eta ez zekiten zer ziren; orain jakin dugu Konbentzio Gerran egin zituztela: kuartel bat zen. Ipar Euskal Herriko erakundeetan-eta galdetu genuen, baina inork ez zekien ezer— Erromatar garaikoak ote ziren aipatu izan zuten, baina azkenean argituta gelditu da.

Euskal Herrian eraikitako lehen gotorlekua hemen gertu dago, Behobian.

Bai. 1812an, Fernando Katolikoak, edo faltsutzaileak, Nafarroa Garaia hartu zuen, eta Behobian gotorleku bat eraikiarazi zuen, mugak markatzen hasteko. Proba bat izan zen. Triangeluarra zen, erpinetan dorre biribilak zituen… Ordura arte ez zen horrelakorik ikusi. Gaizki atera zitzaien: lehen kanoikada leiho batetik sartu, eta arerioak sartu egin ziren.