Zerbitzu hobe baten esperantzan

Asteburua pasatzera doazen erretiratuak, eta astea pasatzetik datozen ikasleak. Multzo horietan banatzen dira ostiral eguerdian Pio XII.a plazako geltokian dauden gehienak. Ez dira multzotan banatzen, baina, laster inauguratuko den geltoki berriaren inguruan iritzia ematerakoan: “Bi urte daramatzat geltokia erabiltzen, eta kaosa da. Eskainitako zerbitzua eskasa da, eta oso leku gutxi dago. Begi onez ikusten dut aldaketa”, esan du Urtzi Bazterra ikasleak.

Antzeko ustea du Pesa etxeko autobus gidariak ere —ez du izenik eman nahi izan—. Bere arabera, asteburua gerturatu ahala “itogarria” bihurtzen da geltokiko giroa, eta geltoki berriak hori konponduko duela uste du. Autobusa uzteko lekurik ez du aurkitzen maiz, erabiltzaileen bila datozen autoak direla eta. Egoera hori Atotxako geltokian aldatzea espero du, leku gehiago egongo baita: “Hemen ez dago lekurik inoren zain geratzeko, eta denek bide erdian uzten dute autoa. Zain dagoena barruan baldin badago gaitz erdi, mugitu daitekeelako, baina batzuetan ordu erdi baino gehiago egon behar izan dut zain. Horrelakoetan, udaltzainei deitzea beste irtenbiderik ez da izaten, denboraz oso justu ibiltzen baikara”.

Autobus gidariak derrigortuta daude geldialdiak egitera, atseden hartzeko. Arazo bilakatzen zaie sarritan, non geraturik ez dutelako: “Alde horretatik, Gasteizko geltokia ondo prestatua dago, bakoitzak bere nasa baitu. Espero dut antzeko zerbait egin izana Atotxako geltokian”.Gidariak, baina, ez daki zer itxura daukan geltoki berriak.”Oraindik ez digute joaten utzi”, eta ez du uste puska batean joango direnik ere: “Esan didatenez, hilaren 17an inauguratuko dute, baina beste hilabete eta erdi baino gehiago igaroko da hara joan aurretik, lanak amaitzeke baitaude”.

Lanak amaitu aurretik inauguratzeak Donostia 2016 kultur hiriburutzarekin zerikusia duela uste du Virginia Alduntzin erabiltzaileak: “Urte garrantzitsua dator, eta hiriak bisitariak erakarri nahi baditu, beharrezkoak dira horrelako azpiegiturak. Hau txikiegia geratu da, eta Espainiako hirietara oso zerbitzu gutxi daude. Geltoki berriaren irekierak mesede egingo duela uste dut”. Egunerokotasunean ere hobekuntza nabarmenak izango diren esperantza du, geltoki berriaren zati bat lurpean eraiki izanak “hemengo anabasa baretzen” lagunduko baitu.

Aldarriak nonahi

Alduntzinekin ados dago Cristina Oses: bisitariak erakartzeko akuilu izan daiteke geltoki berria eta bertako zerbitzuen hobekuntza. Hala ere, ez du egunerokotasunean erabiltzen dutenekin ahaztu nahi: “Nire semeak dezente erabiltzen du geltokia, eta haiei eman behar zaie lehentasuna”. Ez hori bakarrik; Pasai Donibanekoa da Oses, eta probintziatik datozen autobusek geltoki berriarekin lotura onak izatea garrantzitsutzat du: “Askotan presaka ibiltzen da jendea autobusez aldatu behar duenean, eta zaindu beharreko alderdia da”. Elbarrituen elkarteak agertutako kexuarekin ere kezkatuta dago. Irratian entzun zituen haien kexuak. Haien arabera, 21 nasatik bederatzik soilik dute elbarrientzat irisgarritasuna, eta “derrigor konpondu beharreko gaia” dela uste du, elbarrien eskubideak defendatu aldera.

Xabier Lopezek, bere aldetik, egunerokotasunean duen inpaktua aztertu nahi du iritzia eman baino lehen. Egunero hartzen du Bilborako autobusa, eta ez daki geltoki berrira iristeko nola moldatuko den: “Eguraldi onarekin bizikletan ibiltzen naiz, baina txarra egiten duenean Dbuseko autobusa hartu ohi dut Amara Plazara etortzeko. Suposatzen dut autobusen ibilbideak aldatu beharko dituztela behar berrietara egokitzeko”.

Bakoitzak bere aldarriak eginagatik, bostak bat datoz berrikuntzaren beharrarekin. Hala laburbildu du egoera Osesek: “Herrialde azpigaratuetakoa dirudi Pio XII. plazako geltokiak”. Eraikinak “Donostiak merezi duen zerbitzua” eskainiko duen esperantzan, erabiltzaileei ere eskaera bat egin die izenik eman ez duen gidariak: “Ganorazko geltokia izatea lortzen badugu behingoz, jokatu dezagun guk ere ganoraz, erosotasunaren izenean inoren lana oztopatzen ibili gabe”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.