Irene Arrarats: “Sexismoaren aurka, konpromiso esplizitua hartu behar da prentsan”

Eider Goenaga

Feministaldia jardunaldietako azken hitzaldian Euskalgintza eta feminismoa gaia landuko dute, eta bertan hizlari izango da Irene Arrarats BERRIAko euskara arduraduna (Hernani, 1967), Lorea Agirre Jakin-eko zuzendariarekin eta Idurre Eskisabel EHUko irakaslearekin batera. Bihar 19:00etan izango da hitzaldia, Tabakaleran.

Euskara genero gramatikalik gabeko hizkuntza izanik, pentsa liteke berez saihesten dela hizkuntza sexista erabiltzea. Baina hori ez da horrela, ezta?

Ez, jakina. Hizkuntzan, berez ez da ezer gertatzen: hiztunarena da hitza, eta hiztunak moldatzen ditu bai diskurtsoak eta bai hizkera, bere pentsamoldearen eta mundu ikuskeraren arabera. Kontua da zer pasatzen den eduki sexistarik emateko asmorik izan gabe ere diskurtsoak sexismoa pegatsita ekartzen duenean, agerian nahiz disimuluan. Egia da genero gramatikalik ez izatea abantaila bat dela, baina ez du ezer bermatzen, eta horren adibideak eramango ditut Feministaldiko saiora.

Iritzi horrek nolabait oztopatu al du gaiari buruzko gogoeta egin eta aurrerapasoak ematea?

Badago, bai, horren arriskua. Dena dela, normalean halako gaiak taxuz tratatu nahi dituena segituan konturatzen da genero gramatikalik gabeko hizkuntza izatea, onuragarria izanagatik, parte bat baino ez dela. Gaiari erdizka helduz gero, erraz lerratzen gara anekdotara: axaleko zerbait moldatu, eta segi aurrera, gainerakoa lehen bezalaxe utzita.

BERRIAren estilo liburuan atal bat dago testuetan hizkuntza ez-sexista erabiltzeari begira. Besteak beste, estereotipoak saihestu behar direla esaten da. Zeintzuk dira estereotipo horiek?

Estilo liburuan bertan egina dugu zerrenda labur-labur bat: emakumeak emozioekin lotzen dira, etxe barneko munduarekin, familiarekin, edertasun eta arropa kontuekin, ahultasun eta mendekotasunarekin; gizonak, berriz, independenteak dira, profesionalak, plazagizonak, kirolariak eta kirolzaleak, eta, beste ezeren gainetik, arrazionalak. Estereotipo binarista horien atzean zera dago: batetik, natura, hau da, emakumeen gauzak omen diren horiek; bestetik, kultura, gizonen kontuak.

Kazetariak hizkuntza ez-sexista erabili arren, maiz elkarrizketatuek ez dute jarrera bera. Zer egin behar du kazetariak? Eta beste hizkuntzetatik itzuli behar denean?

Kazetariak ez du ibili behar elkarrizketatuen jarrera ezkutatzen edo leuntzen, edo bere errota ideologikora ekartzen: elkarrizketatuak zer esan duen, huraxe eman behar du kazetariak, eta sexista bada, halaxe. Irakurleari informazioa lapurtzea izango litzateke bestela egitea, eta paternalista jokatzea: irakurleak jakin egin behar du elkarrizketatuak zer dioen, onerako zein txarrerako. Beste kontu bat da, esaterako, elkarrizketatuak hijos, children edo enfants esatea, eta, egiaztatu gabe horiek zer diren, zuzenean semeak itzultzea. Hor, kazetariak sartu du sexismoa, bere kabuz, eta, gainera, baliteke horrela esanda egia ez izatea, seme-alabak izatea.

Ez da beti erraza urte luzetan patriarkatuak jarritako eredu horiek eta ia oharkabean erabiltzen diren estereotipo horiek saihestea.

Hori lantzeko, ezinbestekoa da hedabideak gai horretan konpromiso esplizitu bat izatea, bere balio editorialen partetzat jotzea. Bestela, nekez egingo da gogoeta kolektibo bat, eta, hori gabe, kazetari kontzientziatuenak saiatuko dira, bai, baina gaia ez da serio hartuko, eta lehendik datorren inertziak aginduko du berriz ere. BERRIAn, aspaldi hasi ginen gaia lantzen, eta, horri esker, 2006tik dauzkagu horri buruzko irizpide batzuk estilo liburuan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.